467 Zenbakia 2009-01-02 / 2009-01-09

Gaiak

Gizarte lana ospitalean

VALOIS, Carmen

Gizarte langilea

Ospitalean

Gizarte lanak esparru anitzetara zabaltzen du bere eguneroko eginkizuna; horietako batean kokatzen da gure lana, hain zuzen ere, ospitale batean.

Gure ospitalea handia da. Bertan lan egiten dugun langileon kopurua 3000koa baino gehiagokoa da eta bitarteko teknologiko aurreratuenak dauzkagu. Jakina denez, lanbide desberdinak gaude bertan: batzuek kontaktu zuzena dute gaixoarekin, horra hor, medikuek, erizainek, erizain laguntzailek, zeladoreek eta abarrek. Beste batzuk ordea ikerketa, kudeaketa zein administrazio lanetan aritzen dira. Guztiak beharrezkoak eta erakunde horren partaide, guztiok helburu komun batekin: gaixoei kalitatezko osasun-asistentzia ematea, eta honekin batera, arreta eta tratu egokiena. Hortaz, testuinguru honetan kokatzen da gure eguneroko jarduna.

Gizarte lana da ospitaleak duen errekurtsoetariko bat; ondorioz, arlo soziala da guri dagokigun esparrua eta horra hor gure lanaren funtsa. Gure lana ezagutzen ez dutenek maiz galdetzen digute ea zertan aritzen garen, eta askotan ez da erraza izaten norberaren lanaren inguruko azalpenak ematea, are gutxiago, lanbidea eremu zabal batetara zuzentzen denean eta, oro har, jarduna oso ezaguna ez denean. Eta guri maiz gertatzen zaigu hori, azalpen dezente eman behar ditugula zertan aritzen garen esplikatzeko.

Oro har, ospitalera datozen pertsonak osasun-arazoak izaten dituzte. Batzuk kontsultetara etortzen dira, beste batzuk ordea ospitaleratu egiten dituzte; gu ospitaleratutako pertsonekin aritzen gara. Aise imajina dezakegu horrelako egoera batean egoteak zer suposatzen duen: gutxienez, eramandako bizimoduan aldaketa bat dakar, eta zer esanik ez, osasun-arazoa larria bada, hor: oinazea, kezkak, nahiak, aukerak, beldurrak, itxaropenak eta abar biltzen baitira. Orobat, osasunez ongi ez gaudenean menpeko bilakatzen gara nolabait, beste batzuen esanetara gaudelako, beste batzuen eskuetan dagoelako zure sendatze-prozesua; prozesu horretan batzuek aurrera egiten dute, beste batzuek ordea, ez. Sendatzea posible ez denean ere, aukerak badaude ahalik eta hobekien zaintzeko. Horretarako, ospitaleko lantaldeak eta tresneriak bat etorri behar du gaixoa artatzerakoan; eta bide batez, funtsezkoa izaten da gaixoa entzutea eta aintzat hartzea. Gizarte lana

Bestalde, gizarteak badu antolatua ongizate sistema bat hiritarrok izaten ditugun behar desberdinak artatzeko: hezkuntza, osasun eta zerbitzu sozialen arloak dira, besteak beste.

Ospitaleko gizarte lana sistema horien tartean kokatzen da; izan ere, osasun arloan aritzen gara baina gure lana ongi bideratzeko zerbitzu sozialak behar- beharrezkoak ditugu, eta alderantziz ere. Guk, osasun-arazoak direla medio, zirkunstantzia ezberdinak topatzen ditugu gure jardunean baina ospitaleko egonaldiak behin-behinekoak dira, batzuek behin-betiko ondorioak izan arren. Gainerakoan, kontuan hartu behar dugu, OMS-ek1 bere definizioan dioen bezala, osasunaz hitz egiten dugunean, osasuna bere osotasunean ulertu behar dugula, bai fisikoa, zein mentala eta soziala ere.

Argazkia: la_cola_de_mi_perro.

http://www.flickr.com/photos/rodrigobasaure/510359360/

Beste alde batetik, ospitalean guk parte hartzeko prozesua abian jartzeko nahikoa da mediku, erizain edo erizain laguntzaile batek deitzea kasu baten berri emateko, eta badira ere zuzenean etortzen diren familiak edo gaixoak. Kasu guztietan gaixoa dagoen tokira hurbiltzen gara, berarekin elkarrizketatu, baita familiarekin ere. Aldi berean, parte hartzea eskatu digun medikuarekin edo erizainarekin biltzen gara, interesatzen zaigun informazioa eskuratzeko: zein da gaixotasuna, zeintzuk dira diagnostiko eta pronostikoa, eta batez ere, zenbat denbora egongo da ospitalean; guretzat hori jakitea oso inportantea da, kontuan hartzen badugu horrek markatzen duela guk daukagun lan egiteko denbora; gure lana ospitaleko altarekin batera bukatzen baita.

Hortaz, gure lana oso lotura estua du ospitaleko altarekin; finean esango genuke hori dela helmuga eta ordurako behar diren tramite eta baliabide posible guztiak prest izan beharko ditugula. Ospitalean ohikoa da “kontrako zirkunstantzia sozialen” aurrean, medikuek zein erizainek gu deitzea “arazo soziala” izendatzen duten egoera hori bideratzeko. Esan bezala, kasu bakoitzean balorazio eta diagnostiko soziala egin beharko ditugu, planteatzen diren gabeziak eta beharrak aztertu, eta egin beharreko ekintzak definitu. Normalean burututako lanaren ondoren badakigu gaixo horrek zer behar duen; badakigu bere familiak zer nahi duen, eta badakigu, jakin ere, zer dagoen egitea, zer eskaintzea.

Honekin batera, topatzen ditugun zirkunstantziak anitzak dira, batzuk berriak, hau da, gaixotasunak ekarri dituen ondorioak; kasu horretan planteamendua izaten da horien aurrean nola kokatu geroari begira, nola aurre egin egoera berriari, zer nolako baliabide eta bitartekariekin; izan ere, gehienetan, aurreko funtzionamendu-eredua aldatu beharra dago zirkunstantzia berrietara egokitzeko. Beste batzuetan ordea, zirkunstantziak ez dira berriak, baina ordura arte baliagarriak izan dira, eta horrela moldatu izan dira beren bizitza aurrera eramateko; kasu horietan baina, osasun ezak, areagotu eta nabarmendu egiten ditu lehenagotik zeuden gabeziak, eta berrantolaketa berria egitera behartzen dute.

Eta berrantolaketa hori gauzatzeko ezinbestekoa dugu zerbitzu sozialekin egiten dugu lana: ospitalean balorazio eta diagnostiko soziala egin ondoren guk bideratzen baititugu beste zerbitzu zein baliabideetara. Gaur egun, osasun sisteman eta gizarte-zerbitzuetakoan ditugu baliabideak, eta horiek antolatuak dauden modura, esan dezakegu hiru “baliabide mota” ditugula:

· Osasun arlokoak: ospitaleak, egonaldi ertaineko zentroak eta lehen mailako osasun-zentroak.

· Arlo soziosanitarioko zentroak.

· Gizarte-zerbitzuetako baliabideak: etxez-etxeko laguntza zerbitzua, aldi-bateko egonaldiak eta egoitzak, besteak beste.

Beraz, ospitaleko gizarte lanak badu zerikusia baliabide horien antolaketarekin, eta horretarako gizarte-zerbitzuetako lankideekin koordinatzea oso garrantzitsua da. Baina horrez gain, ospitaleratze-egonaldiaren zehar erakusle eta erreferente izan nahi dugu gaixo zein familientzat; gaixotasunak maiz aldatu egiten du gure ohiko ikuspuntua eta baita egoera zailei aurre egiteko ditugun gaitasunak ere; horregatik, gaixotasun prozesuaren zehar ikuspuntu eragile eta objektiboa eman dezakeen lanbideetako bat gara, osasun profesionalei, gaixo zein familiei eskaintzeko; ahaztu gabe, eguneroko jardunean lotura elementu eraginkorra bilakatzen garela osasun eta arlo sozialaren artean.

Arestian aipatu dugunez, kontuan hartu behar dugu osasun-arazoak dituen pertsonaren egoera ez dela beraientzat ohikoa, ezta beren familiakoentzat ere; gehienetan, ustekabean harrapatzen gaitu gaixotasun baten berri izateak, eta oro har, bere ondorioak ditu inguruan, familian, lanean eta abarrean. Nire esperientziak erakutsitakoaren harira pentsatu izan dut gaixotzen den pertsonak galdu egiten duela nolabait gizartean duen eginkizuna, gizarteak eta osasun sistemak barne, beste maila batean kokatzen dugulako, beste estatus bat ematen diogulako, gaixoarena alegia, non pertsona eta gaixoa izatea ez daude maila berean lerrokaturik.

Eta pertsona bada gure ongizate sistemen ardatz eta helburu, arlo horietan gabiltzanok bat egin beharko dugu sistemen arteko ibilbidearen zehar bidea eginez, osasun arlokoak ala gizarte-zerbitzuetakoak izanda ere. Batera egin beharko dugu lan pertsona horren beharrak bere osotasunean artatzeko, eta era berean, gizarteak behar duen kudeaketa eraginkorra bultzatuz.

Halaber, ezinbestekoa da adostasunean oinarritutako politika eraginkorrak sustatzea. Eta horrekin batera, espazio komunak sortzea behar-beharrezkoa da: erakunde, sistema eta arloen artekoak. Bata zein bestea saihestezinak dira gaur egun ditugun erroken aurrean erantzun egokiak emateko. Bazterrezinak, gaur egun beharrak dituztenei gure sistemetako onena eskaintzeko.

1es.wikipedia.org/wiki/Salud