462 Zenbakia 2008-11-21 / 2008-11-28
Ezjakintasunaren ilunpean ezkutaturik dagoena arakatu nahi izatea, beti izaten da motibo bikaina ikerketa bat aurrera eramateko. Ikertzeko beharrezkoa den argiaren indarra, areagotu egiten da gure sinismen eta bizipenetan murgiltzen garenean: txiki txikitatik, jarduera fisikoak gure bizitzaren osagai izan dira, plazer eta oroimen bikainak dastatzeko aukera emanez. Adar horietan sortutako printzipioetan oinarritu zen ikerketa zientifikoaren arra. Gure harreman sozio afektiboak, kirol ezberdinetan arituz nola eraiki zireneko kezka, izan zen abiapuntua; eta helmuga berriz, jarduera fisiko desberdinei euskal gizarteak ematen dien esanahia agerian uztea.
Horretarako, hiru jarduera fisiko konparatu ditugu: mendi zeharkaldiak, aerobica eta futbola. Aukeraketa hau bi irizpideetan oinarritu da; batetik gertutasun afektiboa eta bestetik arrazoi zientifikoa. Aukeraketa horretan aktibitate bakoitzak barne eta kanpo logika desberdina dauka; hau da, arauen eraikuntza soziala eta hauen gauzatze materiala desberdinak dira, adibidez jardueren generoa: mistoa mendi zeharkaldietan, emakumezkoena aerobicean eta gizonezkoena futbolean.
Ikerketa, behaketa partehartzailearen bidez eginiko hiru etnografiaz osatzen da; horretarako jarduera bakoitzaren ingurura egokituz, egunerokoa behatu eta datuak hartuz, eta azkenik, jasotako guztia interpretatu eta esanahi bat emanez. Azterketaren garapena joko eta jolas guztien errealitate soziala osatzen duten lau zentzuak aztertuz aurkezten da: jarduera egiten den ingurune espaziala, denbora, partaideen arteko elkarrekintza eta materialaren erabilpena. Pirinioetan barrena mendi zeharkaldiak
Mendi zeharkaldietan ez dago partehartzaileen eskubide eta betebeharrak zehazten diren arau idatzirik. Baina horrek ez du esan nahi, mendizaleek arau batzuk jarraitzen ez dituztenik: goizean goiz irtetea, ilundu baino lehen babesa aurkitzea edo eguraldi txarrak harrapatzean buelta ematea betebeharreko baldintzak dira ibilaldia arrakastaz burutu ahal izateko. Horiek ez betetzeak arriskua ekarri dakioke mendizaleari, segurtasun mailako konpromisoagatik eta egoeraren arlo guztiak ez menperatzeak sortzen dion ziurgabetasunagatik.
Argazkia: RastaChango.
http://www.flickr.com/photos/rastachango/1602012968/
Ziurgabetasun hau ingurune naturalak sortzen du. Mendian ingurunea etengabe aldatzen ari da, ezegonkorra da eta mendizaleak ahal duen informazio gehiena bildu beharko du. Inguruneak ez dauka intentziorik oinezkoarekin elkarrekintzan aritzeko; ez du informazioa ezkutatzen edo azaltzen, bertan dago. Mendizaleak zeinuak irakurri beharko ditu, ondoren interpretatu eta esanahi bat emanez jokabide egokia egin. Geroz eta informazio gehiago eskuratu, orduan eta aukera handiagoak oinezko ibilia egoki egiteko; eta era berean, mendizalearen esperientzia handiagoa denean, areagotu egiten da zeinuak irakurri eta egoki interpretatzeko gaitasuna.
Mendizalearentzako ez dago sari hobeagorik lepo edo tontor batetik ikusi daiteken paisaiaz gozatzea baino. Gune horietan, taldea elkartu eta gelditu egiten da eta une hori elkarrekin partekatuz gozatzen dute. Ibilaldi hauetan ez dago irabazlerik; ez da sailkapenik egiten; Lehenengo nor iritsi denaren konturik ez da gordetzen, ez dago memoriarik. Mendizaleek ibiliaren egoeraz disfrutatzen dute eta ez dira kausa eta efektua lotzen dituen lasterketa batean murgiltzen. Zeharkaldia burutzea ospatzen da, denbora gelditu egiten da zentzu ziklikoa hartuz.
Mendian oinez doazela, ibiltariak beraien artean funtsezkoa den kooperaziozko komunikazio motorra mantentzen dute. Komunikazio hau begiradaren bidez egituratzen da. Taldea ikusmenez osatutako irudizko soka batekin lotua doa. Aurreko kidea bistaz galtzean soka hau hautsi egingo da kooperazioa desagertuz eta ondorioz taldea banatu eta zeharkaldiak porrot egingo du.
Komunikazio motor hau mantentzen duten bitartean mendizaleek hainbat objektu erabiltzen dituzte: botak, kantinplora, motxila, kapusai.... Material guzti hauek zeharkaldia erosoagoa eta seguruagoa egiteko erabiltzen dira. Aerobica
Musikaren erritmora dantza pauso batzuk konbinatzean datza aerobica. Figura batzuk burutzen dira melodiak dituen “beats” edo pultsuen erritmora. Aerobica burutzen den sala beti berdin mantentzen da, ez da aldatzen, aretoa estalia eta itxia baita. Jarduleak nahikoa du lehenengo aldiz gelara sartzean, bertan aurkitzen den informazioaz jabetzea, hurrengo saioetan gela berdin egongo baita.
Argazkia: HAMED MASOUMI.
http://www.flickr.com/photos/hamedmasoumi/869597756/
Estalpean eta argiztapen artifiziala duten areto hauetan, aerobic jarduleek praktikaz gozatzen dute. Sailkapenik eta ranking gabeko jarduera batean murgiltzen dira. Egunerokoan nagusi den kausa efektu denbora batez babesturik, aerobic jarduleek denbora zikliko batetaz gozatzen dute, beraien bizitzan etenaldi horretaz disfrutatuz. Sesio hauetan ez dira sariak banatzen eta ez da aurpegiratzen saioetara huts egitea. Begiraleak diseinatutako koreografia errepikatzearen plazerean murgiltzen dira aerobic egiten dutenak.
Errepikapen hauek irakasleak zuzendu eta gidatzen ditu. Ikasle jarduleak begiralearen atzean eta ispiluaren parean kokatuta, honek osatutako pausoak aldi berean egiten saiatzen dira. Begiralea taldearen mailara egokituko da eta horretarako koreografia “bloke” eta “frase”tan zatituko du, taldeak konposizio osoa menperatu duela ohartu arte. Elkarrekintza honetan behatu daiteke begirale eta ikasle-jardule arteko kooperazioa. Irakaslea ez da jarduleak engainatu nahian aritzen, baizik eta musika, pausoak eta bere jokabidea taldearen mailara egokituko ditu.
Koreografiaren abiadura abestien “beats”ak markatzen dute eta erritmo hau hedatzeko beharrezkoa egiten da musika aparatu bat. Aerobic jarduleak pultsu horien erritmora, aretoko fisonomiaren parte diren ispiluen aurrean dantzatzen dute. Futbola
Futbolaren azterketan talde berean elkarrekin bizi diren bi errealitate sozial antzematen dira: entrenamenduak eta partidak. Gipuzkoako gorengo txapelketan parte hartzen duten taldeek, partida bat etxean eta hurrengoa kanpoan jokatzen dute. Kanpoan, zelaiak sortutako ziurgabetasuna handitu egiten da eta emaitzarako ez da mespretxagarria; etxean aldiz, jokalariek ezaguna dute dena: belarra, neurriak, koskak... Partidak ez bezala, entrenamendu guztiak norberaren zelaian egiten dira. Jokalariek memoriaz dakizkite ariketak eta jarduerak burutuko dituzten eremuen ezaugarriak.
Argazkia: myspace.com/lucheli.
http://www.flickr.com/photos/luchozanfini/386737390/
Etxean eta kanpoan jokatzen diren partidetan, irabazleak hiru puntu jasotzen ditu, galtzaileak zero eta berdinketarekin bi taldeek puntu bana hartzen dute. Emaitzak gorde eta puntu hauek sailkapenean gehitzen dira. Txapelketaren amaieran, sailkapenean gelditutako hurrenkeraren arabera, sariak eta zigorrak banatzen dira: aurrenekoa hirugarren mailara igoko da eta azken lauak lehen erregionalera jaitsiko dira. Partida irabazteak berehalako eragina du sailkapenean; denbora linealaren kausa eta efektua lotuak agertzen dira. Entrenamenduetan nahiz eta batzutan partidatxoak jokatu ez da emaitzarik gordetzen eta sailkapenik ere ez da egiten. Astegunez egiten diren entrenamenduak aste bukaeratako partidetarako prestaketa saioak dira.
Igande edo larunbatean bi taldeek elkarren aurka talde duelu bat jokatzen dute. Partidetan, gu arerioen kontrako egitura nagusitzen da. Jokalariek arerioei irabaztean bideratzen dituzte indarrak eta partida hasi aurretik beraien lotura afektiboak sendotzen dituzte taldearen izena oihukatuz. Entrenamenduetan egiten diren jarduerak, egitura desberdina agertzen dute eta talde dueluarekin batera, denak denen kontrako, kooperaziozko edo banakako ariketak ere egiten dira. Prestatze saio berdinean, ariketa batean Asier Iñakiren kidea da eta hurrengo jardueran, biak oposizioan aritzen dira. Entrenamenduetan, talde on bat lortzeko jarduerak errepikatuz jokalariak hobetzea bilatzen da.
Txapelketako partidetan, etxean jokatzen duen taldeak jartzen ditu partida jokatzeko baloiak. Taldeek txandaka jokatzen dute beraien eta arerioen baloiekin. Partidekin konparatuz, prestatze saioetan erabiltzen diren baloiak taldearen jabetzakoak dira, honen eraginez, jokalariek baloia kolpatu ondoren badakite nolako punpa, abiadura edo norabidea hartuko duen. Mendiko zeharkaldiak, aerobica eta futbola: jokora jolas-jokora eta jolasera arituz
Jarduera ludikoen errealitate soziala osatzen duten espazio, denbora, harreman eta objektuak aztertuz, praktika bakoitzaren ezaugarriak azaleratu ditugu. Orain, bakoitzak jasotzen duen zentzua topatuko dugu, jakinik euskal kulturan jarduera fisiko guztiek jokoa, jolasa eta jolas-joko esanahia hartzen dutela.
Mendi zeharkaldiak ziurgabetasuna sortzen duen ingurune fisiko batean egiten dira, taldekide guztien artean kooperatuz, irabazle eta sailkapenik gabe eta ibilaldia erosoagoa eta seguruagoa gertatzeko objektuak erabiliz. Horrelako egiturei euskal kulturan jolasa deitzen diegu eta etxekoen arteko erlazioak islatzen dituzte; talde anitza, komuna den helburu bat aurrera eramateko. Jolasaren praktikak partekatzeko plazera bultzatzen du: pozak partekatu, miseriak partekatu, beldurrak partekatu...
Itxita eta estaliak dauden aerobiceko aretoetan, partehartzaileak kooperatu egiten dute irabazle eta emaitzen memoriarik gabe eta jarduera egiteko beharrezkoa diren objektuekin. Ezaugarri hauek euskal kulturako jolas jokoarenak dira eta eguneroko zereginak islatzen dituzte: etxearen mantenua, taldearena, gizartearena.... Praktikatzeak errepikatzeko plazerean hezten du: zereginak errepikatu, jokabideak errepikatu...
Futboleko azterketak batera bizi diren bi errealitate sozial erakutsi dizkigu: partidak eta entrenamenduak. Partidak, etxeko eta kanpoko zelaietan jokatzen dira, kooperazio-oposiziozko duelu batean, irabazleekin eta emaitzak gordez, etxean jokatzen duen taldearen baloiak erabiliz. Ezaugarri hauek jokoarenak dira eta etxekoak kanpokoen aurrean duten erlazioa islatzen dute. Bere praktikak irabaztean sozializatzen du: partida irabazi, dirua irabazi, lan postua irabazi... Entrenamenduak ezaugarri horietatik urrundu eta jolas-jokorantz bideratzen dira, partidetarako egoki prestatzeko jarduerak errepikatu eta taldea batuz.
Mendi zeharkaldiak, aerobicak eta futbolak erakutsi diguten bezala, pertsona helduak, hiritar izateko estimuluak, jokoan, jolasean eta jolas-jokoan arituz jasotzen dituzte. Beraien jokabide eta erlazioak partekatzeko errepikatzeko eta irabazteko plazeraren bidez bideratuz.