434 Zenbakia 2008-04-04 / 2008-04-11

Efemerideak

Efemeridea. Emeterio Arrese idazlea 1954. urteko apirilaren 7an hil zen Tolosan



Emeterio Arrese. Euskal idazlea. Tolosan jaio zen 1869. urteko martxoaren 3an eta 1954ko apirilaren 7an zendu zen Tolosan bertan. Hil baino pare bat urte lehenago, lagun batzuen bultzadaren ondorioz, Emeterio Arresek bere olerkien nolabaiteko antologia osatu behar izan zuen eta hala kaleratu zen, “Olerki Berrizte” izenaz. Liburu horretan biltzen da, beraz, Arreseren “summa poetica”. Berrogeita bat poema dira guztira, lehendabizikoa kritiko eta adituek hainbeste famatu duten “Ama!” ezagun horrekin hasten delarik.

Emeterio Arrese mutilzahar hil zen 85 urte zituela, eta beti izan zuen ama bere bizitzaren ardatz. Tolosako Eskolapioetan ikasi zuen eta bertan apaizekin izandako esperientzia penagarriak zirela kausa oso gizon anti-elizkoia izan zen beti... azken ordura arte.

Bere poesia oso tradizionala da, post-erromantizismoan bete-beterik sar daitekeena, nahiko lotuta, alde batetik, bertsolaritzaren ohiko kanonera eta, bestetik, mota horretako poesigintzan erabili izandako gaietara: naturarekiko debozioa, denboraren ihes egitea, gauzen eta bizitzaren egonkortasun edo oreka, sorterriaren maitatzea urruntasunetik...