432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28

Gaiak

Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala Zaharberritzeko Proiektu Integrala

ARABAKO FORU ALDUNDIA

Euskara, Kultura eta Kirol saila BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Santa Maria katedrala XIII. mendeko tenplu gotikoa da. Hirigune Historikoan dago kokatuta eta ezaugarri bereziak ditu, izan ere, harreman estua izan du hiriarekin eta bertako biztanleekin hasiera-hasieratik: horren oinetan dago Gasteizko herrixka zaharraren jatorria.

1994ko urtean, katedral zaharrak (horrela esaten diote gasteiztarrek) ateak itxi behar izan zituen. Erabaki mingarria izan zen, baina hartu beharrekoa, jatorritik egitura-arazo larriak zituela eta erabateko hondamendi-arriskua zuela kontuan hartuta. Baina tenpluaren egitura ez zen gaixorik zegoen bakarra. Gasteizko hiriak bizkarra eman zion katedral berria eraiki zutenean: hiria handitu egin zen eta Hirigune Historikoa abandonatuta geratu zen. Horren guztiaren ondorioz, monumentuak galdu egin zuen ordura arte izandako eduki sinboliko gehiena.

Dena den, egoera beltz horrek argia ikusi du azken urteetan, Europar Batasunak, Vatikanoak, Espainiako Kultura Ministerioak eta nazioarteko arkitekto eta arkeologo ospetsuek aitortutako zaharberritze-proiektu handiguratsuari esker. “Eraikin historiko bat zaharberritzeko Europan egiten ari den proiekturik onena” da horien hitzetan. Proiektuak Europa Nostra 2002 Sari Berezia ere jaso zuen, Europar Batasunak Espainiako Kultura-ondoreari inoiz emandako zaharberritze eta kontserbatze arloko saririk handiena.

Santa Maria katedrala zaharberritzeko proiektua berezia da oso, proiektu integrala baita, eta horretan datza arrakasta, tenplu gotiko baten berreskuratze arkitektoniko soila ez izatean, hain zuzen ere. Helburua, erlijio-funtzioa emateaz gain, kultura-, museo- eta turismo-erabilerak ematea da, espazio berriez hornituta. Helburu bikoitz hori eragin handia sortzen ari da kulturan, turismoan, zientziaren zabalkuntzan, ekonomian, inguruaren hirigintzan... Zaharberritze Integralerako Plan Zuzentzailea

Tenpluaren arazoak zuzentzeko aukera eman du Zaharberritze Integralerako Plan Zuzentzaileak hasiera-hasieratik. Agiri hori aditurik onenek goraipatu izan dute, izan ere eraikinaren patologien arrazoiak zehazten ditu, eta eraikuntza-prozesu osoa eta izan dituen esku-hartzeen bilakaera aztertzen. Azken finean, jasaten dituen kalteen diagnostiko osoa egiteaz gain, berreskuratzeko bitartekoak eta horien kostua zehazten ditu.

1998an bukatu zen Plan Zuzentzailea, urteetako lan gogorraren ondoren, eta 25 lan-taldek baino gehiagok hartu dute parte. Emaitza erakinaren erakuntza-historiaren erradiografia bat da, edozein parte-hartzeri ekiteko funtsezkoa dena. Edukietan eta proiektu esanguratsu hau osatzen duten elementuetan, zorrotz jokatu da eta kalitatea dute ezaugarri. Horrela, emaitza egokiak bermatzeko, tresna tekniko eta zientifikorik onenak erabili dira arkitekturaren, arkeologiaren eta zaharberritzearen alorretan.

Plan irekia da, garatu ahala etengabe proposamen eta ekimen berriak eransteko aukera ematen baitu, duen ahalmen handiaren ondorioz. Azken finean, proiektu bizia da.

Jendeari zabaldutako zaharberritzea

Santa Maria katedralaren berreskuratzea jendaurreko zaharberritze gisa planteatuta dago. Herritarrek prozesuan parte hartzeko aukera dute gidatutako bisita-programa berritzaileari esker: “Obretan eta irekita”. Arkitektoak, arkeologoak, harginak, aldamioak eta errefortzuek kultura-turismoan berritzailea den proiektuaren ikuspegia osatzen dute.

Santa Maria katedralera sartzen diren bisitariek ibilaldi zirraragarria egiten dute Gasteizen iraganean eta historian zehar, hiriaren ikur den monumentua bitarteko. Sei urteotan 500.000 lagun baino gehiagok esperientzia paregabeaz gozatu ahal izan dute: sostengu-arazo kronikoak dituen eraikinean egiten ari diren zaharberritze- eta indusketa-lanak bertatik bertara ikustea. Osagai horiek guztiekin, Vital Kutxak babestu eta finantzatzen dituen Santa Maria katedralaren zaharberritzea ikusteko bisita gidatuak Gasteizko eta Euskal Herriko erreferente turistiko nagusietakoa dira. Horregatik ekimenak hainbat sari eskuratu ditu, hala nola 2000. urteko Euskal Turismo Saria edota CIVITAS 2005, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak (FEMP) eta Europar Batasunak ematen duten saria, emakumea azpiegitura turistikoetan integratzea saritzen duena. Gainera, estatu eta nazioarte mailako hainbat errekonozimendu ere jaso ditu. Ikerkuntza eta garapeneko eredu

Santa Maria katedrala zaharberritzeko lanak erreferente dira hainbat arlotan. Ildo horretan bere kudeaketa eta zaharberritze eredua jarraitzen dute espainiar eta europar kultur ondareko monumentu eta eraikin askok. Gainera, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Katedral Zaharraren zaharberritzea hautatu du Latinoamerikako ikerkuntza eta garapen proiektuetarako eredu izateko. Iberoamerikako XV. Konferentziaren ondorioekin bat, Ministerioak kanpo-zorra zientzia eta kultura arloetako inbertsioekin trukatzeko asmoa du. 2007. urtea funtsezkoa izan da zaharberritzeari begira

Arkitektura-errehabilitazioaren alorrean aurrerapauso garrantzitsuak eman dira eraikinari eta bere inguruari dagokienez. Tenpluaren barrualdean egindako indusketa arkeologikoen ondoren egitura sendotzeko lanei ekin zaie. Era berean, aldarearen eta gurutzaduraren zonaldeetan indusketa-lanak hasi dituzte.

Polikromiak berreskuratzeko azterlanak burutu ondoren, dorre osoa hartzen duten sendotze-lanekin jarraitzen dute arkupean. Gainera, gune arkeologikoa zabaldu egin da monumentuaren inguruetan. Esku-hartze horiei esker antzinako Gasteiz herrixkaren gaineko ezagutza sakonagoa da eta uste baino 400 urte lehenago sortu zela ondorioztatu da –VIII. eta IX. mendeak–. Era berean, tenplua eraikitzeko prozesua eta hiriaren garapen urbanistikoan izan duen eragina ezagutzeko aukera eskaini dute lanek. Ikerketa-lanekin jarraitzea oinarrizkoa da Gasteizen jatorri aspaldikoenak zehaztu eta ezagutzeko, eta horrekin batera Euskal Herriaren hiri-antolaketaren berri zehatza izateko.

2008an obrak aurrera doaz

2008an zaharberritze prozesuaren aldi ikusgarriena izango dugu. Atariaren zaharberritzea bukatuko da; hau atentzio berezia jaso duen garrantzizko elementua izan da. Gainera, egindako ikerketa baten ondorioz jakin da ataria polikromatua izan dela historian zehar eta orain, argi proiekzioen bidezko sistema berritzaile bati esker, bisitariek koloreaz gozatu ahal izango dute berriro.

Dorreari dagokionez, kapitalaren eta gorputz oktogonalaren zaharberritzea planteatzen da lehentasunezko ekintza. 12 hilabeteko epe batean dorrearen goialdea amaitu nahi da aldamioak kendu ahal izateko. Dorrearen ikusgarritasunaz gain, bertan, proiektuaren filosofiaren manifestazio hoberena ematen da hesi arkitektonikoak gainditu direlako, erakustokiak gehitu direlako, bere erabilera turistikoagatik, kulturalagatik, historikoagatik, eta orokorrean, gune erlijioso bati erabilera zibila emateagatik. Lan hauek zutabeen indartzearekin, lurraren forjaketa ipintzearekin, XVIII. mendeko sakristia barrokoaren berreskuratzearekin eta kriptaren bukaerarekin batera burutuko dira. Europar Batasunaren sari berezia - World Monuments Fund

Europar Batasunak kultur ondarea gorde eta hobetzeko lanei ematen dien sari gorena jaso du Santa Maria katedralaren zaharberritzeak, beste sari eta errekonozimendu askoren artean. Europa Nostra 2002 Sari Berezia gaurdaino Espainiako proiektu batek jaso duen saririk garrantzitsuena da. Era berean, World Monuments Fund mezenas pribatuak bere monumentu babestuen katalogoan sartu du Santa Maria katedrala, zaharberritzearen eta kultur ondare-kudeaketaren eredu berezia delako. Emaitzak

Urteetako ibilbide mardularen ondoren, gaur egun egiaztatu dezakegu Santa Maria katedralaren Zaharberritze Integralaren Proiektuak eta berau kudeatzen duen Fundazioak berebiziko garrantzia dutela Vitoria-Gasteiz hirian. Hori bera berresten du K Consulting aholkularitza-enpresak landutako eragin ekonomikoari buruzko azterlanak. Eta ez bakarrik ekimenak probintzian aberastasuna eta enplegua sortze aldera egin duen ekarpenagatik, baita ere proiektua Gasteizentzat benetako motorra izan delako kulturaren, turismoaren, prestakuntzaren, urbanismoaren, gizartearen eta ekonomiaren alorretan. Hiriaren dinamizazio-tresna esanguratsua bilakatu da.

Ikuspegi estrategikotik azpimarragarriak dira honako alderdi hauek: - Zaharberritzean eta ondare turistiko eta kulturala berreskuratzean erreferente:

Zientzia eta ikerkuntzaren alorrean, Plan Zuzentzailearen kalitateak izan duen onespenak mugak gainditu ditu eta ezinbesteko erreferente bilakatu da monumentuen zaharberritzeaz eta ondare historiko eta kulturala berreskuratzeaz arduratzen diren sektoreetan. Horren guztiaren adierazle da kultur ondarearen inguruan Europan ematen den sari garrantzitsuena jaso izana, Europa Nostra 2002 Sari Berezia, alegia. - Herritarren harrotasuna:

Santa Maria katedralaren zaharberritzeak harrotasun eta gogobetetasun-efektua sorrarazi du gasteiztarren artean. Ahaztuta zegoen monumentua gaur egun hiriaren ikur bilakatu dela ikusi dute herritarrek, gizarte osoa lotzen duela.

Ildo horretan, bai monumentua berreskuratzeko proiektuak eta baita berau kudeatzen duen fundazioak ere ospe-irudi sendoa dute. Bestalde, proiektuari esker lankidetzarako bide iraunkorrak finkatu dira batetik erakundeekin eta bestetik arlo urbanistikoarekin, soziokulturalarekin eta turistikoarekin lotura duten agenteekin, ekimen bateratuak garatu eta bultzatzeko xedearekin. - Hirigune historikoa berreskuratzen eta biziberritzen laguntzen du:

Plan Zuzentzaileak ez du bakarrik Santa Maria katedralaren zaharberritzea zehazten, oso kontuan hartzen du bere inguru urbanoa ere. Eraikinetan eta Katedralaren inguruko guneetan burututako eguneratze-lanei esker Hirigune Historikoa hein handi batean berreskuratu egin da hirigintza, turismo eta gizarte-ikuspuntuetatik begiratuta. - Kultur ondarearen kudeaketaren eredu:

Proiektua medio, Gasteiz erreferente bilakatu da kultur ondarearen kudeaketaren alorrean, eta horren eraginez sektoreko adituak etengabe erakartzen ditu. Errekonozimendu horrek hiru oinarri ditu: lehena ondare-baliabide pasiboak aktibo bilakatu izana, bigarrena proiektuaren zientzia eta teknika-osagaien eta ekimena gizartean hedatzearen arteko oreka lortu izana, eta hirugarrena zaharberritze irekiaren bidez herritarrekiko lortutako lotura, eta hori onartutako erreferentzia da turismo-baliabideen kudeaketan.

Era berean, azpimarragarria da Santa Maria Katedrala Fundazioaren prestakuntza-eginkizuna. Ildo horretan hainbat ikastaro antolatu ditu ia galduta zeuden teknikak eta ogibideak berreskuratzeko (karea, hargintza, forja, egurra...) eta nazioarteko biltzar eta mintegiak prestatu ditu kultur ondarearen kudeaketa eta monumentuen zaharberritzea aztertzeko. - Vitoria-Gasteizen eta Arabaren baliabide turistikoa:

Santa Maria katedraleko zaharberritze-lanak ikusteko bisita gidatuak hiriko jarduera turistiko erakargarrienetakoak dira, sei urtetan milioi erdi bisitari baino gehiago hartu dituela kontuan hartuta. Proposamena berezia da eta kultur turismoan izandako ekimen berritzaileenetakoa dela nabarmendu dute, arreta pertsonalizatuagatik, azalpen historikoagatik, eraikinak zituen patologien eta horien konponbideen xehetasunei buruzko azalpenagatik, arkeologia zuzenean ikusteko aukeragatik eta bereziki modu horretan Katedral Zaharraren eta Vitoria-Gasteizen benetako zutabeak erakusteagatik. - Kultur dinamizazioa:

Santa Maria Katedrala Fundazioak sustatutako kultura hedatzeko lanak lehen mailako kultur eskaintza jartzen du herritarren eskura, hala nola, biltzarrak, mintegiak, nazioarteko ospea duten intelektual eta idazleen hitzaldiak, ogibide tradizionalei buruzko lantegi praktikoak, antzerkia, musika, erakusketak... - Nazioartera begira:

Idazle entzutetsuek hartu dute parte “Katedrala Ezagutzen” egitarauan, eta ildo horretan ekimenak Gasteiz kultur eta literatur mailako erreferente izatea sustatzen du. Gainera, Gasteizko tenpluaren zaharberritze berezia dela eta, hainbat idazlek Santa Maria katedrala nabarmen aipatu dute euren lanetan, besteak beste, Ken Follett-ek, Paulo Coelhok, Arturo Pérez-Revertek, Toti Martínez de Lezeak edota Julio Llamazaresek. - Komunikabideetan islatua: Azpimarragarria da Santa Maria katedralaren zaharberritze-lanek eta horren inguruko jarduera turistiko eta kulturalek tokiko, estatuko eta nazioarteko komunikabideetan izaten ari diren oihartzuna.