388 Zenbakia 2007-03-30 / 2007-04-06

Efemerideak

Efemeridea. Julio de Urquijo Ybarra 1871ko apirilaren 3an jaio zen Deustuan

Julio de Urquijo Ybarra. Bizkaitar idazle eta euskaltzalea (Deustua, 1871 - Donostia, 1950). Deustuan, Jesusen Lagundiaren ikastetxean, eta Salamancan egin zituen Zuzenbide ikasketak. Donibane Lohizunen eta Donostian bizi izan zen batez ere. Familia karlista batean jaio zen, eta, gazte garaian, Karlos VII.aren laguntzaile ibili zen urte askoan. Bi aldiz izan zen diputatu Madrilgo Legebiltzarrean, 1903an eta 1931an. Azken aldi horretan Alderdi Tradizionalistaren ordezkari hautatua izan zen, eta «Minoria Vasca» izeneko taldean aritu zen lanean, EAJrekin batera. Baserriz baserri eta zokoz zoko ibili zen liburu zaharren bila eta bere bizitzaren bukaeran euskal liburutegi aberatsa izatera iritsi zen. Haren liburutegia Diputazioaren Mitxelena Kulturunean gordetzen da gaur egun. 1905ean, Zarauzko frantziskotarren komentuan aurkitu zituen Joanes Etxerri Sarakoaren eskuizkribuak, eta bi urteren buruan 1907an, argitaratu zituen. Urte hartan bertan Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkaria sortu zuen, ordu arte, nahasian, zehaztasunik eta metodo zientifikorik gabe ibili ziren euskal ikerketei oinarri sendoa jarri ziena. Aldizkari hartan idatzi zuten garai hartako euskal idazle eta ikerle nagusiek, frantsesez, gaztelaniaz, alemanez eta euskaraz. Urquijok berak argitaratu zituen euskal klasiko asko aldizkari hartan: Etxepare, Axular, Tartas, Sauguis, J.M. Zabala, Añibarro, Oihenart, etab. 1919an El refranero vasco. Los refranes de Garibay argitaratu zuen, eta 1925ean Un juicio sujeto a revisión. Menéndez Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia liburua. Bestalde, RIEV aldizkarian barrena, ezin konta ahala artikulu eta bibliografia oharrak argitaratu zituen.