385 Zenbakia 2007-03-09 / 2007-03-16

Euskobooks

Aipamena. EiTB 1982-2007: Hegaldi-kronika

Egileak: Jose Mari Otermin eta Jose Ramon Diez Unzueta Argitaratzailea: EiTB Orrialde kopurua: 260 ISBN: 84-934412-7-9 Ezaugarriak: Soinua eta irudia mokoan zituelarik, baina batez ere mezu jakin batekin ailegatu zen 1982ko abenduaren 31n txoria euskal etxeetara. Adi-adi zegoena bakarrik ohartu zen sasoi berriak zetozela ikus-entzunezko hedabideentzat, eta deus ez zela ordurarte bezala izango. Alternatiba izateko borondatez zetorrela ere aitortu zuen txoriak. Ongi benetakoak gertatu ziren bere igarkizun haiek. Azken hogeita bost urteotan ikus-entzunezko eskaintza lehertu egin da, eragin eta tamaina askotako hedabideak plazaratu dira. Txori koloretsu hura logotzat zuen eta duen EiTB komunikazio taldea eszenatoki berri horretan lehiatu da 25 urtez istorioak kontatzen. Urte horietan emandako gertaera sorta dago orrialde hauetan bildurik. Txoriak airetik ikusten du sarritan lurra. Jokabide berbera hartu dute egileek Hegaldi-Kronika hau burutzeko. Egun batez, Oiz mendian ipini zuten begia, Euskal Herriak ezagutu duen tragediarik bortitzena kontazteko. Arratsalde batez, Markinako harrobira abiatu ziren, Euskal Herria Lau Haizetara egiten ziharduen taldea nola galdu zen irudikatzeko. Beste batean, Zabalagara jo zuten, Txillidaren eta Oteizaren arteko besarkadaren lekuko izateko. Eta goiz eder batean Goenkalera abiatu ziren, Lasatarren gorabeherak ikusteko. Eta Miramoneko eta lurretako bulegoetan, platoetan eta erredakzioetan sartu ziren, eta pilotalekuetan, eta Everesten barrena ibili, kontakizun bila.