Euskonews Gaztea
Gaiak: Azken bost hamarkadetan eman diren aldaketa sozioekonomikoak
FERNANDEZ, Melani PEREZ, Nerea
Lan arloan, industriaren ezarketak izugarrizko iraultza ekarri zuen laudiarrentzat: emakumeek etxeko lanak egiteaz gain, baserrian ere lan egin behar zuten, hau da, abere eta landareen ardura zuten gizonek lantegietan lan egiten zuten bitartean. Gizonak ziren dirua etxera eramaten zutenak. Irabazitako diru hori etxeko andreari eman behar zioten, etxeko diru sarrera eta gastuen kontua eramaten baitzuten hauek. Lehen aipatu bezala, emakumeek etxean gertatutako guztia bere gain hartzen zuten.
Urte batzuen buruan, emakumeek industria munduan sartzeko aukera izan zuten, baina emakumeek ezkondu arte soilik egiten zuten lan. Behin ezkonduta, lan egiteari eta ikasteari utzi, eta beraien betebeharrak umeak zaintzea (gaur egun ez bezala, ume ugari izaten zuten gure arbasoek) eta etxeko lanak egitea ziren. Emakumearen nahiek “ez zuten” garrantzirik, hots, bigarren maila batean geratzen ziren. Esan genezake emakumeak gizonen menpe bizi izan zirela? Baietz esango genuke baina garai hartan zegoen bizimodua zen, eta ez zuten besterik ezagutzen (baserria eta familia), eta ontzat ematen edo eman behar izaten zuten.
Gaur egun, ordea, emakumeok gure nahiak betetzeko aukera gehiago izateaz gainera, ez gara gizonen menpe bizi behar. Alde batetik, baserriko bizimodu haren ordez, lantegietan edo beste leku batzuetan lan egitea hobetsi delako. Bestetik, aurrekoarekin lotuta dagoena, ikasteko aukera gehiago daukagulako. Honek lan mundu zabalago bat ekartzearekin batera, emakumeen independentzia ekonomikoa ere ekarri du. Hala eta guztiz ere, egon badaude emakume batzuk gizonaren menpe edota aginduetara bizi direnak. Haiek nahi dutelako? Baliteke. Baina ez da hori beti horrela ematen. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei buruz ari gara. Emakumeok gure eskubideak aldarrikatzeko garaia heldu da.
Salatu, salatu behar baduzu, beldurrik gabe. Laguntza behar baduzu, eskatu baina ez zaitez isildu, ez du merezi eta.
Laudioko Udaleko Berdintasun zerbitzua