372 Zenbakia 2006-12-01 / 2006-12-08

Efemerideak

Efemeridea. Juan Mari Lekuona Berasategi olerkaria 2005 urteko abenduaren 5ean zendu zen Donostian



Gipuzkoako olerkaria, Manuel Lekuonaren iloba (Oiartzun, 1927). Gasteizko apaizgaitegian eta Erromako Unibertsitate Gregorianoan egin zituen apaiz-ikasketak. Zeruko Argia, Olerti, Egan eta El Bidasoa aldizkarietan hasi zen idazten. 1968an bere doktoretza tesia argitaratu zuen: Ideario ascético-pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires, O.P., 1514-1590. Baina olerkigintzan nabarmendu da, batez ere. Lehenbiziko poema liburua 1966an argitaratu zuen, eta 1972an Muga beroak izeneko bilduman sartu zuen beste bi libururekin batera. Lehena 1966 arteko antologia bat da, Lizardi, Lauaxeta eta gerraurreko olerkarien eraginez ondua; bigarrena lehen aipatutako Mindura gaur, gizarte gaiekin lotuagoa; eta, azkenik, Hondarrean idatzia, gerora hartu duen bidearen erakusgarri. Handik zazpi urtera Ilargiaren eskolan (1979) argitaratu zuen. Bertan, Viskningar och rop (Garrasi eta xuxurlak), Ingmar Bergmanen filmean oinarri hartuta hango pertsonaien birsortze poetikoa egin zuen. Eta azkenik, 1990ean Mimodramak eta ikonoak bilduma kaleratu du, euskal arimaren interpretazio estetiko-poetikoa. Gaur egungo olerkarien artean ahots propioa du Lekuonak, eta oso bide pertsonalari jarraitu zaio. Bestalde, ahozko literaturari buruzko hainbat artikulu, eta saiakera argitaratu ditu. Aipagarria da Ahozko euskal literatura (1982) liburua. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartearen sortzaileetakoa eta lehen lehendakaria izan zen. Euskaltzain oso da.