368 Zenbakia 2006-11-03 / 2006-11-10

Efemerideak

Efemeridea. Justo María Mokoroa Mujika idazlea 1991. urteko azaroaren 7an hil zen



Justo María Mokoroa. Gipuzkoar idazlea, Balerianoren semea (Tolosa, 1901 - Bilbo, 1991). Eskolapioa. Argia, Euskal Esnalea, Zeruko Argia eta La Voz de Navarra aldizkarietan hasi zen idazten. 1935ean Genio y Lengua, hizkuntza senari buruzko saiakera eman zuen argitara. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Aire-sur-Adour-era eta, gero, Txilera joan behar izan zuen. Mokoroak euskal literaturaren antologia bat, Gure baratzeko loreak izenekoa, argitaratu zuen Txilen egiten zen Euzkadi aldizkarian. 1955ean Euskal Herrira itzuli zen, eta Bilboko Eskolapioen Ikastetxeko erretore izan zen hiru urtez. 1925ean Campionen El último tamborilero de Erraondo (Erraondo’ko azken danbolinteroa) euskaratu zuen. Arantzazuko Biltzarraren ondoren, Euskara Batuaren auzia agertu zenean, gogor agertu zen batasunaren kontra. De vida o muerte. Operación salvamento (1956) eta Lengua vasca de hoy y de mañana (1971) liburuetan agertu zituen bere arrazoibideak. Baina, hala ere, Justo Mokoroaren lan garrantzitsuena hil aurreko urtean argitaratu zen: Repertorio de locuciones del habla popular vasca —Ortik eta emendik— (1990) izeneko esamoldeen bilduma erraldoia (bi liburukitan).