364 Zenbakia 2006-10-06 / 2006-10-13

Gaiak

Leonardo da Vinci lanbide heziketako programa europarra

HEZKUNTZA UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



E uropar Batasuneko Kontseiluak 1999ko apirilaren 26an hartutako erabakiaren arabera (1999/382/EE), LEONARDO DA VINCI lanbide-heziketako ekintza-programa komunitarioaren bigarren fasearen nondik norakoak finkatu ziren. Aipatutako programa 2000ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitartean izango da aplikagarria.

Hizpide dugun programaren helburua ezagutzaren Europa sustatzea da. Horretarako, lankidetza-esparru europarra sortu nahi du hezkuntzaren eta lanbide-heziketaren alorrean. Era berean, bizitza osoko ikaskuntza-politiken alde egingo du: hiritarrak aktiboak eta lan-munduan sartzeko ahalmendunak izatea da helburua, horretarako beharrezkoak diren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak indartuz. Programaren helburuak

1.- Maila guztietako hasierako lanbide-heziketan banakako gaitasun eta trebetasunak hobetzea, batik bat gazteei dagokienez. Hori lortzeko modurik egokiena lanbide-heziketa eta ikaskuntza lanarekin bateratzea da, lana lortzeko eta lan-munduan sartzeko edo birlaneratzeko aukerak ugariagoak izan daitezen.

2.- Etengabeko lanbide-heziketaren kalitatea eta eskuragarritasuna areagotzea, eta bizitzan zehar gaitasunak eta trebetasunak lortzeko bideak erraztea, egokitzeko ahalmena indartu eta garatu dadin. Horretan guztian teknologia-trukea eta antolamenduaren alorra indartzeko aukerei erreparatuko zaie bereziki.

3.- Lanbide-heziketak berrikuntza-prozesuari egindako ekarpenak sustatzea eta indartzea, lehiakortasuna eta enpresa-espiritua hobetzeko, eta horrela, enplegu berriak sortzeko aukerak ugaritzeko. Ildo horretan, lanbide-heziketako ikastetxeen (unibertsitateak barne) eta enpresen (batik bat txiki eta ertainen) arteko lankidetza bultzatzeko ahalegin berezia egingo da.

Aipatutako programa europarraren esparruan, beste hainbat neurri hartzeaz gain, mugikortasun-proiektuak garatuko dira Hasierako Lanbide Heziketako ikasle, unibertsitateko ikasle, gazte langile, irakasle eta giza baliabideen arduradunentzat. Mugikortasun-proiektuetako parte hartzaileek prestakuntza-egonaldiak egingo dituzte Europar Batasuneko beste herrialde kide bateko enpresetan, eta prestakuntzak, gainera, jatorrizko herrialdean egin dituzten edo egiten ari diren ikasketekin zerikusia izango du.

Mugikortasun-proiektuetako parte-hartzaileen egonaldien iraupena 3 aste eta 12 hilabete bitartekoa izango da.

Leonardo da Vinci programak ez du finantzatzen mugikortasun-proiektuen kostuaren % 100, eta beraz, beste finantzaketa-iturri bat ere behar izaten da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak 600.000,00 ¤ inguru emango ditu programa horri lotutako proiektuak finantzatzen laguntzeko. Ildo horretan, mugikortasun-proiektuek lehentasuna izango dute. 2005eko ekitaldian, 792 lagunek hartu zuten parte mugikortasun-proiekturen batean, eta horietako 676 Hasierako Lanbide Heziketako gazteak ziren.