36 Zenbakia 1999-06-04 / 1999-06-11

Gaiak

Euskal itzulpengintzaren lan merkatua

LÓPEZ DE ARANA, Inaxio

Euskal itzulpengintzaren lan merkatua Euskal itzulpengintzaren lan merkatua * Iñaxio López de Arana Askotan galdetu izan zaigu administrazioan lan egiten ez dugun itzultzaileoi nola moldatzen ote garen geure bizibidea aurrera ateratzeko, hots, itzulpengintza lanbidetzat hartuta eta geure kontura lan eginda duintasunez bizitzeko lain irabazten ote dugun. Erantzunak, noski, askotarikoak izango dira, zein itzultzailek erantzuten duen eta itzultzaile horrek bere lana nola antolatzen duen kontuan izanda. Artikulu honen asmoa ez da horrelako galderen aurrean zer jarrera hartu behar den edo zer erantzun behar den inori azaltzea, euskal itzultzaile hasberriei eta lanik gabekoei eta horretan jakinmina duen orori datu xume batzuk ematea baizik, euskal itzulpengintzaren lan merkatuari buruz zenbait zalantza uxatu eta argibideren batzuk zabaldu nahirik. Era berean, artikulu honen bidez itzulpengintzaren munduko arrisku batez ohartarazi nahi zaituztet, gure lanbide honetan behar baino amarru eta azpijoko gehiago erabiltzen baitira ezein helburu erdiesteko. Zoritxarrez, gainerako lanbideetan ere txakurrak ortozik dabiltza, esaera zaharrak dioen bezala. Itzulpengintza ez da, beraz, lan munduko ardi beltza. Kontuak kontu, jo dezagun harira. Itzultzaileen artean bi talde nagusi ditugu: Norbere kontura lan egiten dutenak: a) Itzultzaile autonomo gisa. Hauxek ditu diru iturri: Instituzioak. Argitaletxeak. Itzulpen enpresak. Beste enpresa pribatu batzuk (banketxeak, denda handiak, bikoizketa enpresak). Lehiaketak (Literatura Unibertsala, Euskadi Saria, Jokin Zaitegi eta Felix Ugarte sariak). b) Nork bere itzulpen enpresa irekiz. Besteren kontura lan egiten dutenak: a) Administrazioko langile gisa. Hiru bide daude administrazioan itzultzaile lan egiteko: Oposizioak (gero eta urriagoak). Lan poltsak (adi IVAPeko eskaintzei). Bekak (IZOkoak, besteak beste). b) Itzulpen enpresen soldatapeko langile izanda: Instituzioetan lan eginez: KONTUZ ibili, abusuak oso maizgertatzen dira eta! Horrelako egoera batean dagoen inork EIZIEra jotzea du onena, bertan nahi adina aholku eta laguntza emango baitiote. Beherago duzue gai honi buruzko informazio xehatuagoa. d) Euskalgintzan diharduten elkarte edo erakundeetan: UZEI, ELHUYAR, Labayru eta abar. . Nola kobratu itzulpenak: Honakoa da EIZIEk bere kideei 1998ko abenduan egindako proposamena: xede hizkuntzako testuaren arabera, hitz bakoitzeko gutxienez 7 pta. kobratzea, erabiltzen diren hizkuntzak eta testuen ezaugarriak kontuan hartu gabe. . Nola eskuratu lan eskaintzei buruzko informazioa: Internet dugu biderik erosoena, hain zuzen ere, IVAPeko web orria irakurrita: . ETTak euskal itzulpengintzan ere bai. Administrazioko zenbait zerbitzuren pribatizazioarekin batera, azken boladan itzulpen enpresa batzuk sartu dira instituzioetan (esaterako, GDS itzulpen enpresa 1998ko ekainean sartu zen Arabako Foru Aldundian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala BOTHA euskaratzeko), bertako itzulpen lanak egiteko azpikontrata lortu eta gero. Enpresa horien funtzionamendua ETTen modukoa da (gainera, azpikontrata horren bidez lanean ari diren itzultzaileen lan baldintzak arautu gabe daude, alegia, ez dira inongo legean jasotzen edo arautzen): soilik instituzioen eta itzultzaileen arteko bitartekari lana egiten dute eta horren truke izugarrizko dirutza poltsikoratzen dute itzultzaile gizagaixoen kontura. Auzi honetan bi izaten dira beti irabazleak: a) Itzulpen enpresa horiek: zubi lana egite hutsagatik diru irteera ederrak izaten dituztelako batzuetan itzultzaileen lanagatik instituzioek ordaintzen dutenaren %50a baino gehiago eskuratzen dute. Plusbalio ederra, alajaina! . b) Instituzioak: oposiziorik deitu beharrik ez dutelako beraz, ez dago funtzionario kopurua handitu beharrik , iltzultzaile horiekiko lan loturarik ez dutelako, itzultzaile enpresekin sinatutako hitzarmenek denbora muga jakina dutelako ez dira, beraz, bizitza osorako kontratuak . Galtzailea, berriz, beti berberaizaten da: itzultzailea, batetik, instituzioetan lan eginagatik ez baita sekula funtzionario izango oposizioak gainditu ezean, behintzat eta bestetik, itzulpen enpresak ezarritako lan baldintza eskasak pairatu behar izaten dituelako. Hori dela eta, sasiETT hauek gero eta itzultzaile gehiagoren lan duintasuna kolokan jartzen ari dira. Artikulu honi garraztasun pitin bat kendu eta gozotasuna eranste aldera, aipa dezagun euskal itzulpengintzan otsoak dauden bezala aingeru jabolerik ere badugula: horra hor EIZIE elkartea, beti euskal itzultzaile guztion hobe beharrez lanean. Ekimen goraipagarria, benetan. Iñaxio López de Arana Arrieta, Euskal Filologian lizentziatua eta itzultzailea. Copyright © Eusko Ikaskuntza