359 Zenbakia 2006-09-01 / 2006-09-08

Euskobooks

Aipamena. Atondu: XXI. menderako proposamena

Egilea: Ane Albisu Argitaletxea: Elkar Orrialde kopurua: 152 ISBN: 84-9783-345-7 Ezaugarriak: Liburu honetan jantziari berari baino ia garrantzi handiagoa eman zaio janzteari, prestatzeari edo atontzeari, tradiziozko euskal jantziak atontzeari, alegia. Aurreko belaunaldietako jantziak berreskuratzeko nahiz berriak egiteko garaian, oso kontuan hartzekoa baita zergatik, zer, nola, noiz eta zertarako janzten ditugun tradizioz jaso eta euskal jantzi bihurtu ditugun baserritar jantzia, poxpolin jantzia, arrantzale jantzia eta beste hainbat. Horrenbestez, azken ehun urteotan gure jantzi tradizionalek egin duten ibilbidearen historia laburra ere jaso du liburu honek; besteak beste, etorkizunerako proposamen berriak egiteko oinarri sendoa behar baita, gaurdaino iritsi den ondarea ezagutu eta birsortuz, kasu askotan tartean galdutakoaren arrastoa baino geratzen ez bazaigu ere. Liburu honek asko du, ordea, sormenetik ere, eta alde horretatik erakusleiho ere izan nahi du orain arte eginiko diseinuak eta aurrerantzean egingo direnak koloreko argazkitan ahalik eta modurik ikusgarri eta zehatzenean ezagutzera emanez. Ane Albisu Iriarte (Donostia, 1960). Euskal Filologian lizentziatua. 1976 urtean hasi zen euskal jantziak ikertzen. Argia Dantzari taldean, Eusko Ikaskuntzako Folklore sailean eta azken 21 urteotan Ikerfolk folklore ikerketa erakundean folkloreari eta modari loturiko hainbat ikerketa eta lan egin ditu. Diseinu munduan ere zenbait lan egina da. Ogibidez euskara irakasle bada ere, eta bere ama hizkuntzaren irakaskuntzari bizitzaren alderdi handi bat bihotzez eskainiagatik, sormenarekin loturiko jardunak dira bere izaera gehien markatu dutenak. Dantza, musika eta antzerki munduan aritua da, baina jantziaren inguruan eginiko ikasketek eta diseinuek, batez ere, definitzen dute hobekien bere nortasuna. Hamabost urte daramatza, ikerketa eta diseinua uztartuz, Atondu ekimena zuzentzen. Liburu honetan laburbildu ditu hainbat eta hainbat diseinu, artikulu, hitzaldi eta ikastarotan metatutako ezagutza eta eskarmentua.