Momentu honetan, zer dauka Hezkuntza Sailak esku artean?
Niretzat erronka nagusiak lehengoa izaten jarraitzen du: hezkuntzak berriz mahaigaineratu du pertsonak osatzen daukan zeregina. Zertarako? Gizarteak dauzkan erronkei aurre egiteko. Gure gizartea eta aurreko urteetakoa desberdinak dira, oso azkar aldatzen da dena, eta umeek eta gazteek denbora luzea ematen dute hezkuntza-sistema barruan, baina agian sistema hori ez zaio testuinguruari egokitzen hura aldatzen den abiadura berean. Hori da niretzat erronka nagusia. Gero, beste garaietan gertatzen den moduan, hainbat nabardura daude, garrantzitsuak izanda ere nabardura besterik ez direnak. Ez naute hainbeste kezkatzen horiek. Orain, iruditu egiten zait oso ondo finkatu behar dugula hezkuntzaren betebeharra gure gizartean, bestela gizarteak ez ditu behar dituen pertsonak izango.
Aurreko sailburuaz asko hitz egin da, alde edo kontra. Haren lerro beretik zoaz zu?
Hainbat gaitan bai, baina jakina, gure gizarteak eta gure denborak inongo ezaugarririk badute, hain zuzen, zera da: aurreko urtetan egindakoak, nahiz eta ondo egindakoa izan, ez digula bermatzen oraingo arrakasta. Uste dut legegintzaldi honetan, ahal badugu behintzat, gure hezkuntza-sistema berriztatu egin beharko genukeela. 25 urte hauetan eraiki dugu euskal hezkuntza-sistema, nola edo hala, eta orain dagokigu, hain zuzen ere, hori berriztatzea.
Zaharkituta dagoela esan daiteke orduan?
Bueno, bai, gauza batzutan, eta lortu ditugun emaitzak aintzat hartuta ere… Etorkinak nola integratu, esaterako; ez da izan orain dela hamabost urteko kontu bat, azken urteotakoa baizik. Nola jokatu hezkuntza premia bereziekin? Orain gehiago dakigu lehen baino. Hizkuntz-ereduak beren emaitzak eman dituzte, eta uste dut horiek hobetu egin behar ditugula derrigorrez. Europa eraikitzen ari gara, gure gazteek gero eta hobeto ezagutu behar dute Europa, eta prestatu egin behar dira Europa benetan era eraginkorrean eraikitzeko, eleaniztasunez: lehen nahikoa ziren bi hizkuntza eta hirugarrena kili-kolo jakitea, baina orain hirugarren hizkuntza batean gaitasuna beharrezkoa da oso, globalizazioa dela-eta. Ea legegintzaldiaren bukaerarako gure sistemaren gaitasuna aztertzen dugun laugarren hizkuntza bat era sendoan eskaintzeko. Orduan, ez dakit zaharkituta den hitzik egokiena; hainbat teknologia eta ezagupide zaharkituta gelditzen dira, eta ildo horretatik bai, berriztatu egin behar ditugu edukiak, eta baita gure ikasleak hezitzeko modua ere. Kontua ez da eduki batzuk transmititzea buruz ikas ditzaten, baizik eta trebezia batzuk jorra ditzaten, hain zuzen ere beren bizitzan zehar ikasten jarraitu ahal izateko.
Balore batzuk emateko ardura ere badu eskolak, ezta?
Ziuraski, baloreen, jarreren, jokabideen… eremua ia osorik beteta genuen lehen familia eta eskola artean. Momentu honetan, aldiz, komunikabide, komiki, bideojoko eta abarretatik hainbat pertsona edo talde hartzen ditugu eredu, eta horiek dauzkaten baloreak ez dira, beharbada, gazteentzako egokienak, nahi dugun gizarte aurreratu eta solidarioa, eraikitzera.
Bestela ere, igarri egiten da eskolak hartu duela hein handi batean familiaren lekua balore-heziketari dagokionez…
Bai. Gaur egun ez dugu gure seme-alabekin behar beste denbora pasatzen, batzutan ezin dugulako. Zaila da etxeko bizitza eta lana ezkontzea. Jakina, baloreak, jarrerak… eraikitzeko familia ezinbestekoa da. Batzutan esan izan dut eskolaren eta familiaren artean desadostasuna badago eskolak ez duela irabaziko. Eta desadotasun hori, normalean, gabezia baten ondorioa da, seme-alabei eskaintzeko denbora falta alegia.
Lehentxoago esan duzunez, hizkuntza bi nahiko ziren lehen, eta orain hiru behar dira. Baina askotan bi horiek menperatzea ere ez da lortu…
Egin diren azterketen arabera, badirudi nahiko frogatuta dagoela gaztelaniaren ezagutza, komunikazio gaitasun aldetik, bermatuta dagoela eredua edozein dela ere. Euskaraz aritzeko gaitasuna derrigorrezko hezkuntza amaitu ondoren, First Certificate-en antzeko test batez neurtu da, eta datuek diote alde batetik A ereduan ez dagoela bermatuta euskaraz aritzeko gaitasuna, B ereduan %33k lortuko lukeela gautasun hori, eta D ereduan %68k. Horiek dira datuak, eta uste dut benetan sakon aztertu behar ditugula datu horien zergatiak. Nik somatu egiten dut inguruak izugarri baldintzatzen duela gaitasuna. Eta zaila izango da hezkuntza-sistemak ingurua aldatzea. Hezkuntza-sistemari gizartea ez euskalduntzea leporatzen zaio batzutan, eta hezkuntza-sistemak ezin euskaldundu dezake gizartea. Gehienez hiztunak lortuko ditu, baina hiztun horiek ere, beraien inguruaren arabera, errazago edo zailago izango dute hizkuntz-gaitasun horiek lortzea.
Izan ere, ikaragarria da D ereduak %68an baino ez duela euskararen ezagutza ziurtatzen entzutea!
Hara, datu hori Ingalaterrako edo AEBtako ikasleek ingelesez lortzen dutenarekin alderatu beharko genuke. Testuinguru sakonago batean aztertu behar genituzke gure emaitzak. Baina garbi dago egoera gainditu behar dugula. Ezin dugu jarraitu A eta B ereduetan dagoen gaitasun ezarekin…
Zertaz ari gara gaitasuna diogunean?
Bada, horregatik esan dut lehen nazioarteko azterketa bat jartzen dugula eredu. Eta horren arabera jokatzen dugu. Galdera honakoa izango litzateke: guk egin dugun azterketa First Certifcate-en antzekoa bada, zenbat ikasle ingelesek lotuko lukete First Certificate hori?
Eta jendeak gehien ezagutzen duenarekin konparatzearren, EGA baino errazagoa ala zailagoa da azterketa hori?
Errazagoa.
Iragar daiteke hizkuntz-eredu antolamenduan aldaketarik?
Nik uste dut behartuta gaudela egitera baina, askotan errepikatu dudan moduan, ikuspuntu profesional batetik. Ez daukat dudarik ez mutur bateko ez besteko alderdi politikoek- ez dutela oztopazten hemen ofizialak diren bi hizkuntzetan gaitasuna lortzea. Uste dut denok gaudela ados konpromiso horrekin. Eta halaxe ezartzen du euskararen normalizaziorako legeak ere. Aztertu egin behar dugu hori nola lortu. Europako toki askotan hiru hizkuntza daude; hara, ikus dezagun bada zer nolako emaitzak dauden hor, ea gurea baino hobeak diren, eta nola lortzen den hori. Baina berriro diot: behartuta gaude aldaketa egitera, bestela gure gizarteak ez ditu lortuko komunikazio aldetik denok jarritako helburua. Hala egiten ez badugu, eztabaida politikoa besterik ez badugu egiten, lehen bezala edo okerrago jarraituko dugu seguraski.
Hala ere, ez dago hautsak harrotzeko arriskurik? Euskal Herrian pisu handia duten alderdi politiko batzuk sarritan atera dira A ereduaren defentsa egitera…
Bai, baina gure zeregina ez da eredu bat edo bestea bermatzea, baizik eta eredu batek edo besteak bi hizkuntzetan komunikazio-gaitasuna lortzeko nola jokatu beharko lukeen ezartzea. Horrek esan nahiko luke hiru ereduetatik bakarrera pasatu behar dugula? Edo bira? Edo 900era, hau da, eta Eskola Kontseiluak zioen moduan, ikastetxe bakoitzak bere inguruneko ezaugarriak kontuan hartuz saiatuko da bere ikasleengan gaitasun hori bermatzen? Uste dut goizegi dela oraindik azkenengo eskenatoki hori diseinatzeko. Lehenbizi jar gaitezen ados diagnosian, onar dezagun azterketek esaten dutena -ziuraski azterketa gehiago egin beharko da zergatiak ulertzeko- eta gero lan egin dezagun profesionalekin, pedagogoekin, irakasleekin, ea nola antolatu behar ditugun gauzak helburuok lortzeko. Bestela, gai hau politikotzat hartzen badugu, eztabaidak ez du emaitza onik izango.
Hezkuntza munduan zeresan handia edukitzen dute Madriletik datozen haizeak, eta gainera haize aldakorrak dira oso. Hurakanen antzera, aldiro-aldiro, izen desberdin bat etortzen zaigu: LOGSE LOE… Nola konpontzen zarete horren aurrean?
Oraingo gobernuarekin, “talantea” dela-eta, aurrekoarekin baino hobeto, baina Hezkuntzarako Lege Organikoaren bidez gure ahalmenak urratzen dituzte. Izan ere, arautzea derrigorrezkoa ez den zikloetan arautu egingo dutela diote: hastapen profesionalean, langileen trebakuntzan… Oinarrizkoak ez diren gaietan ere sartzen dira, eta gainera mehatxatu egiten gaituzte, gauza guzti horiek dekretu edo araubidetan garatuko direla esanez. Hori ez da bidea, jakina. Joan den urteko abenduan onartu zen Euskadirako estatutu politiko berria indarrean balitz, hezkuntzan ahalmen osoa onartuko litzaiguke, eta gintuzke baldintzatuko Eusko Legebiltzarrean onartu ez den lege batek.
Eskuak lotuegi dauzkazue, orduan?
Egia da lege honekin lehen baino hobeto egongo ginatekeela hainbat gaitan, curriculum diseinuan esaterako. Lege proiektu honek dio gurea bezalako autonomia erkidegoetan, gehienez ere, Espainiako estatuko oinarrizko curriculuma %55era iritsi daitekeela. Eta ez du esaten gutxienez non gelditu daitekeen. Aurreko legeak zioen portzentaje hori derrigorrez izan behar zela %65, edo %55 hizkuntza bi dauden erkidegoetan. Orain “gehienez” esaten da, baina ikusi beharko genuke zertan gauzatzen den hori dekretu batean. Eta legez ez ginateke hain lotuta egongo, Estatuak gure ahalmenak errespetatuko balitu behintzat. Kontua da lege organikoak guri erabakitzeko gaitasuna kentzeko erabiltzen direla.
%45 horrek zeozer egiteko aukera ematen du?
Bai. Hara, ni ministroarekin egon nintzenean, euskal curriculuma prestatzeko jorratu diren materialak eman nizkion, esanez: begira, honetan ari gara lanean, ikuspegi unibertsal batetik, hemendik eginda eta gure ikasle eta irakasleentzat, baina ikuspegi unibertsal batetik. Eman egiten dizuegu zuek ere balia dezazuen, Espainako Gobernuak seguraski ez duelako honelako materialik landu. Niri gustatuko litzaidake gehienez %55 baldin bada, gutxienez %0 izatea. Geuk pagatzen dugu, geure diruz, hezkuntza, eta orain arte nahikoa gaitasun erakutsi dugula uste dut, ez bakarrik politikariek edo administrazioak, sistemak berak baizik. Gauzak ondo egiteko gai gara. Orduan, euskal curriculuma mahaigaineratzen denean, galdera hau datorkit: zergatik ezin dugu %100 guk ezarri? Lege batengatik? Txorakeria bat iruditzen zait hori.
Eta zer egingo zenukete %100 horrekin?
Gure nortasuna adierazten duten ezaugarriak jarri curriculumean, baina ez bakarrik horiek. Egiten dugun hausnarketan, geure burueie galdetzen diegu ea nolako gazteak edo nolako pertsonak beharko genituzkeen mundu globalizatu honetan, eta helburu hori lortzeko nolako ezagutza eta abileziak jorratu beharko genituzkeen.
Euskal curriculuma sortzeko prozesua, hain zuzen, ikastolek abiatu zuten, eta beste zenbait elkarterekin batera ari dira garatzen orain. Zein da zuen zeregina hor?
Batetik, talde eragile bat dago, Jaurlaritzak babestua: ikastolak, Kristau Eskola eta Sortzen-Ikasbatuaz. Bestetik, talde tekniko bat dago; materialak prestatu dira, eta orain momentu egokian gaude material horietaz eztabaidatzeko eragile guztiekin, guri gustatuko litzaigukeen moduan. Irakasleekin, gurasoekin, eta hainbat ikaslerekin ere bai, adin aldetik posible den heinean; eta baita ere unibertsatearekin ere, eta magisteritza eskolekin… Horiekin hausnarketa prozesu bat hasi beharko genuke orain, eta ekarpen horiekin gai izango ginateke euskal curriculum ofiziala gauzatzeko. Uste dut orain arte lan sakona egin dela, ikuspegi integrala eta zabala duena.
Gure irakasleak ondo prestatuta daude?
Esango nuke administrazioaren aldetik ahalegin garrantzitsu batzuk egiten ari garela, eta horretan jarraitu beharko dugula. Uste dut momentu honetan zientziaren bilakaera oso azkarra dela, eta hainbat ezaguera eta teknologia zaharkituta geratzen direla. Gure ikasleak aurreko urteetako testuinguruetan hezituta daude, eta oraingo testuinguruetara -eta datozenetara- egokitu beharko ditugu. Bestalde, onartuta genuen gauzak buruz ikasten direla: ni irakaslea naiz, esplikatu eta errepikatu egingo dizut eta zuk buruz ikasi beharko duzu. Orain askoz kezkatuago gaude discutioaz lectioaz baino. Hau da, askoz egokiago iruditzen zaigu ikasleek beraiek ikasten jakitea. Gainera, lehen ezaguera baino ez genuen azpimarratzen, baina orain uste dugu oinarrizko ezaguera irakatsi ondoren, abileziak jorratu behar diela, ikasleak trebatu.
Igaro da denbora apur bat unibertsitate legea indarrean jarri zenetik…
Bai, 2004ko otsaila bukaeratik…
Zer balorazio egin daiteke?
Hain zuzen ere, lege horren garapena da gure zereginik garrantzitsuena legealdi honetan. Sailburu modura hartu nuen lehendabiziko erabakietako bat Gizarte Kontseiluko kideak izendatzea izan zen, eta orain gaude ebaluazio agentziarekin gabiltza buru-belarri; ziuraski Uniqual izena ipiniko diogu. Horrez gain, lege horretatik irteten diren erakundeak, batzordeak… garatu beharko genituzke.
Orduan, goizegi da beharbada zerbait esateko?
Bai, momentu honetan askoz gehiago ari gara hori garatzen, emaitzak neurtzen baino.
Amaitzeko: behin baino gehiagotan entzun edo irakurri ahal izan dugu EAEko ikasleen emaitzak estatuko gainerakoenak baino hobeak direla, oro har. Zergatik? Nik esaten dudanean gure hezkuntza-sistemak osasun ona duela, datuengatik esaten dut hain zuzen ere. Eta gaineratu egingo nuke arlo hau kudeatzeko ahalmen handia eduki izanari zor zaiola hori, Madrilgo hainbat oinarrizko legeek baldintzatu gaituzten arren. Batetik hori, eta bestetik irakasle eta familien konpromisoa handia izan da, nahiz eta denok –administrazioa, familiak eta irakaslegoa- hobetu behar dugun. Jose Antonio Campos Granados (Barakaldo, 1962) Tontxu Campos Ekonomia eta Enpresa-Zientzietan doktorea da (Deustuko unibertsitatea), eta eskarmentu handia dauka hezkuntzan, 1990etik hainbat gai (marketing-informazio sistemak; merkatu-ikerkuntza; enpresa antolakuntza eta administrazioa…) irakatsi izan baititu bai Deustuko unibertsatean bertan bai beste zenbait unibertsitate eskolatan ere. Politika arloan, Barakaldoko Udaletxeko zinegotzia izan zen 1990 eta 1991 urteetan, eta ondoren hainbat kargu eduki ditu Bizkaiko Foru Aldundian nahiz Eusko Jaurlaritzan: -Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Alduna (Bizkaiko Foru Aldundia, 2003-2005) -Ekonomi Sustapen Alduna (Bizkaiko Foru Aldundia, 1999-2003) -Lurrale Antolamendu, Etxebizitza eta Igurumen Saileko Zerbitzu. Zuzendaria (Eusko Jaurlaritza, 1995-1999). 2005eko ekainean izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburu.