
Gaiak
Garapen iraunkorrerako komunikazioa: hamaika galdera bideari ekiteko
Pertsonek milaka erabaki hartu behar izaten ditugu egunero eta horiek hartzeko zentzuzko eta emoziozko logikak aplikatzen ditugu nahi edo beharren arabera. Jendea ekintzara bultzatzeko ezinbestekoa da logika edo erabakitze prozesuak ondo ezagutzea eta prozesu horien muina ezagutzeko gure buruari galderak egitea oso eraginkorra izan ei da. Demagun gure udalerrian erabilitako olioaren birziklatzea, garraio publikoa edo partaidetza sustatzeko kanpaina bat egin behar dugula; ze galdera egingo genizkioke gure buruari kanpaina hau bideratzeko? Herritargoak zer informazio du? Duen informazioa ondo ulertzen al du? Ohiturak aldatzeko zein baliabide ditu? Baliabide horiek erabiltzeko zein erraztasun jartzen zaizkio? Jarrera horiek aldatzearekin zer irabazten du? Zer suposatzen dio aldaketa horrek? Bere jarrerak garapen iraunkorrarekin zerikusia duela sentitzen al du? Gizarteari begira, prestigio edo onurarik ateratzen al du aldaketa horrekin? Ereduzko jarrerarik al dago udalaren partetik? Gai hau jorratzen duen arautegirik al dago? Galdera hauei aldez aurretik erantzun gabe, oso zaila egingo zaigu komunikazio plan eraginkor bat egitea. Argazkia: Clara (clarita1000@gmail.com).
Tokiko Agenda 21, irisgarritasuna, diagnosia, iraunkortasuna, mugikortasun planak eta beste hainbat hitz potoloz josi ditugu azken urteotan gure udalerrietako kale, postontzi, irrati eta bestelakoak. Baina, berez, eraginkorrak izan al dira ekintza horiek? Herritargoarengana iristea lortu al dugu? Ezagutzen al ditugu gure herritarren lehentasunak? Eta garapen iraunkorreruntz jo nahi badugu, ba al dakigu zein den motibazio motorea? Errealistak al gara komunikazio estrategia bat planteatzen dugunean? Eta hori noski, estrategia dugunean.
Garbi dago garapen iraunkorra edo Tokiko Agenda 21 ez direla kontzeptu ulerterrezak, beren berritasun, sakontasun eta dinamismoagatik benetako hausnarketa behar dutela komunikazio eraginkor bat lortzeko. Garbi dago ere aurrerapausu handiak eman direla, ingurumenak gaurkotasuna duela eta nolabait “modan” dagoela. Baina garapen iraunkorraren kontzeptua bere osotasunean ulertzeko eta jendea martxan jartzeko oraindik ere bide luzea egitear dagoela ere garbi dugu eta udalerriek zeresan handia dute alor horretan.
Udala da berez herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, udalerriaren ezaugarri eta berezitasunak hobe ezagutzen dituena. Herritargoaren nahiak, beldurrak, ahalbideak mamitu eta bizi dituena eta, ondorioz, berau da ingurumen komunikazioaren eragilerik behar-beharrezkoena. Informazioa, baliabideak eta motibazioa
Komunikazioan asmatzeko hainbat faktore izan behar dira kontutan: lehenik eta behin, herritarrak informazioa eduki behar du. Orokorrean, hau da errazena bilakatzen zaigun helburua.
Bigarrenik, kontziente izan behar dugu, ezinezkoa dela herritarra ekintzara bultzatzea azpiegiturarik edo baliabiderik ez badu.
Eta azkenik, herritarrak motibaziorik ez badu, ez dugu behin ere lortuko aldaketarik. Honen barne, bai motibazio pribatuak bai ere publikoak sartzen ditugularik. Hau da, gure onura pertsonala ( dirua, denbora, osasuna...) eta onura soziala ( ospea, prestigioa...).
Alderdi hauek guztiak aztertzeko, lagunduko gaituzten zenbait adierazleei erreparatuko diegu. Noski, adierazle hauek ez dira zehatzak eta ñabardura asko uzten dituzte kanpoan baina gure kanpaina bideratzen hasteko eta betiko hanka-sartzeak saihesteko baliagarriak dira. Argazkia: Xenïa (xenia.br@gmail.com).
Gure hausnarketaren lehenengo pausuak informazioa du funtsean. Mezuaren hartzaileak gai honi buruz informaziorik al du? Eta are garrantzitsuagoa, informaturik egon behar al du? Adibidez, beharrezkoa al da berotegi-efektuaren zergatiak eta ondorioak ezagutaraztea Otxandioko garraioaren gehiegizko erabileraren kanpaina batetan? Jendeak benetan ulertzen al du ematen diogun informazioa? Lau urteren ondoren, Tokiko Agenda 21ak non banatzen diren bezalako galderak entzuten jarraitu behar al dugu?
Baina informazioa atal bat besterik ez da. Analisiarekin aurrera egiteko, gure buruari galdetu beharko diogu: jarrera aldaketa hori aurrera eramateko baliabideak jartzen al ditugu? Eta horiek erabiltzeko bidea errazten al dugu? Zentzurik al du autobus geltokira iristeko ordu bete oinez egin behar duen pertsona bati garraio publikoaren aldeko kanpaina zuzentzea? Edo eguzki-energiaren aldeko kanpainak egitea, erraztasunak jartzen ez direnean?
Informazioa eta baliabideak landu ondoren, kanpainaren arrakasta motibazioan oinarrituko da. Hortxe dago koska. Hiritarra mugi araziko duen lehenengo faktorea bere onura izango da. Azken finean, jarrera aldatzen badugu, zerbait irabazten dugulako da, ezta? Bai dirua edo osasuna – bizikletan ibiltzea merke eta osasuntsua delako- edo, adibidez, gure kontzientzia nolabait lasaitzea- hilabetean behin 15 euro gobernuz kanpoko erakunde bati ematea ondo sentiarazten gaituelako-. Gainera, esfortzu gutxirekin, gure eguneroko kontraesan deserosoak isilaraztea ez baita gutxi.
Konponketaren parte sentitzeko, arazoaren parte sentitu behar gara. Nola lor dezakegu hori? Erantzukizun hori kuantifikatzea izan daiteke bidea, gizartearen erantzukizun orokorrago batean galtzeko arriskua edo tentazioa ez izateko, “denok egiten dugu hori” bezalako aitzakien atzean babesa ez bilatzeko. Hori hala ez izateko, erantzukizunak izen-abizenak behar dute izan, norberak jarri beharrekoak noski, leporatze dinamikak normalean inplikazioa sortu baino, uxatzea lortzen du-eta.
Badaude bideak norberaren erantzukizuna ezagutzeko inor mindu gabe. Aztarna Ekologikoak, adibidez, norberak bere erantzukizuna neurtzeko aukera ematen du eta aldi berean jarrera aldaketak emaitzetan zuzenki islatzen ditu.
Baina motibazio guztiak ez dira esparru pribatura mugatzen. Jendeak nitaz zer pentsatuko duen, prestigioa emango didan, nire irudi soziala indartuko duen eta halakoak ere bultzatzen gaituzte ekintzara. Honakoa izango da komunikazio kanpaina bate arrakastarako bide zuzenetarikoa, animalia sozialak garen heinean, presio-soziala beste edozein akuilu baino sendo eta eraginkorragoa baita. Adibidez, birziklatzea modan dagoela ezin da ukatu, harro-harro botatzen ditugu egunkari zaharrak kontainer urdinera eta, aldi berean, lagunen aurrean kosta egiten zaigu zakar-ontzi bakarra dugula onartzea.
Birziklapenarena lorpen handia izan da baina onartu behar dugu “etxean jokatzea” bezala izan dela, birziklapenak ez baitu kontrako argudiorik. Eta hare garrantzitsuagoa dena, ez du kontrako interes ekonomikorik. Mugikortasun iraunkorraren aldeko kanpaina batek berriz, publizitatearen munstroaren aurka egin behar du borroka. Milaka marka, modelo eta esperientzia zoragarri biziaraziko dizun makina magikoaren publizitatearen aurka izango baita guda.
Adibidez, egun, zoritxarrez, arrakasta eta prestigio soziala kotxean bidaiatzen du, nekez ikusiko dugu autobusaren zai. Orduan, aldez aurretik galdutako borroka baten aurrean gaude? Ez horixe, buelta eman diezaiogun. Azken egunetan, Gizaker enpresak Radio Euskadirentzako argitaratu berri duen inkesta baten arabera, euskaldunek auto istripuei diegu bildur gehien. Beraz, zergatik ez dugu gure kanpaina garraio publikoak ematen duen segurtasunean oinarritzen? Erabil ditzagun herritargoa benetan motibatzen duen eragileak. Eta dugun bizimodu ero honetan, denbora galtzea ez al da luxu bat? Eta bolantearen aurrean beste zereginik gabe galtzen dugun denbora preziatu hori ere? Unibertsitateko karrera bat ikasteko adina ez al genuke izango? Argazkia: Donny Harder Jr (dh@dharder.com).
Informazioa, baliabideak, motibazioak, herritargoa ezagutzea, hori guztia oso ondo dago eta landu beharrekoa da baina sarritan, benetan udalaren eskuetan dagoena ez dugu behar bezala zaintzen. Mezuaren igorlea, udalak kasu, eredu izan behar du, komunikazioaren esanak jarraitu behar ditu, kontraesanek mezua asko ahultzen dute eta. “Gu autobusean bai baina ez ditut sekula alkate edo zinegotziak han ikusi...”, “ energia aurreztu bai baina begira gabonetako argiekin zenbat energia gastatzen duen udaletxeak”...halako kexak saihesteko eta komunikazioari oinarri sendo bat emateko, udala eredu izatea da komunikatzeko modu ezin hobea. Beraz galdera hauekin, zer da berez egiten ari garena? Herritarren larruan jartzea besterik ez, beraien jakin, nahi eta ahalak ondo aztertu benetan ekintzara bultzatuko duen komunikazioa lortzeko. Behingoz helburu zehatzekin aldaketara zuzendutako komunikazio baten aldeko apustua egiteko.