Egileak: Hainbat Argitaletxea: Jakin Orrialde kopurua: 103 ISSN: 0211/495X Ezaugarriak: Eskuetan duzun hau bigarren aldiko 143.zenbakia da eta 2004. urteko laugarrena. Zenbaki honek ez du gai nagusirik jorratzen. Horren ordez, Gaiak eta Historia Bizia sailek osatzen dute zenbakia. Gaiak sailean Manex Erdozaintzi-Etxerti buruzko Agurtzane Ortizen artikulua dator, eta Historia Bizia sailean Iñaki Beobideri egindako elkarrizketa. Lehenengo artikuluan, beraz, Agurtzane Ortizek Manex Erdozaintzi-Etxart fraide frantziskotar, euskaltzale eta poetarengana hurbiltzen gaitu. Alde batetik, Erdozaintziren pentsamenduaren oinarriak aurkezten dizkigu: kristautasun frantziskotarra, euskaltasuna eta abertzaletasuna, kultur eta literatur zaletasuna, Mounier-en pertsonalismoa (besteak beste, indibidualismo, kapitalismo eta kolonialismoaren aurkako jarrera, eta internazionalismoaren eta gizaki guztien berdintasunaren aldekoa)... Beste aldetik, Erdozaintziren literaturgintza taxutzen duen imajinario poetikoaren gakoak aztertzen ditu. Historia Bizia sailean Iñaki Beobide elkarrizketatu du Patxi Sariiegi irakasleak. Kultur eragile eta sustatzaile honen bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: haurtzaroa Zumaian, soldadutzaren ondoren Donostian finkatua, Jarrai antzerki taldean izandako esperientzia, prentsan eta irratian egindako kazetaritza lanak, disko eta liburu argitalgintzan burututako ekimenak, euskal telebistaren sorrerari egindako ekarpena, euskal kulturaren esparruan azken hamarkadetan izan diren aldaketa eta aurreerapenei buruzko bere ikuspegia... Azken batean, bere bizitza eta lanari buruzko testigantza jasotzen du Historia Bizia sailaren zortzigarren emanaldi honek, aurrekoetan Piarres Xarriton, Federiko Krutwig, Juan San Martin, Jesus Atxa, Antonio Zavala, Jean Louis Davant eta Xabier Gereñorenak ekarri ondoren. Egunen gurpilean saileko idazlanak datoz azken orrialdeetan. Azken hilabeteotako berrien iruzkin labur eta biziak egin dituzte Laura Mintegik Literaturan, Juan Inazio Hartsuagak Soziolinguistikan eta Patxi Gaztelumendik Telepolis atalean.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.