274 Zenbakia 2004-10-29 / 2004-11-05
Orreaga Nafarroako gune ezagunenetariko bat da. Gaur egun erromes ospitale modura ezagutzen bada ere, ez da zorizkoa izanen Orreagako kolejiata erdi aroan Europako kolejiatarik boteretsuenetariko bat izatea. Gune estrategiko batean kokaturiko kalonje komunitate honek Nafarroako errege ezberdinen mesedeetaz gozatu du historian zehar. Erreinu zaharraren muga naturalean kokatzen da Orreaga, Auñamendien oinetan, hortaz, Europako potentzia handien erasoetaz babesteko ezinbesteko puntua izango da, eta horrela ulertuko dute erregeek ere. Historiak ere hau erakutsiko digu errepasatzen badugu, anitzak baitira Orreagako inguruetan gertatutako gatazka ezberdinen berriak. 778 urtekoa izango da ezagunena guztiontzat, Karlo Magno enperadorearen porrota ospetsuena gertatu baitzen. Hala ere, ez da artikulu honen xedea gertaera polemiko honetan murgiltzea, gaiak liburuak idazteko adina ematen baitu. 778. urtea atzean utzirik, bost mende aurrera egingo ditugu historian, Antso VII. Azkarra Nafarroako erreinuko errege den momentura arte (1194-1234). Ordura arte Orreagak erregeen mesedea jaso bazuen ere, Antso Azkarrarekin gorengo momentua ezagutuko du Orreagak, hobe esanda, Orreagako ondare artistikoak.
Badirudi, XII. mendearen amaieran Orreagako eliza guztiz hondatua aurkitzen dela, zaharberritze sakon baten beharra duela. Garai honetan Nafarroan topatzen dugun adierazpide artistikoa erromanikoa da. Ile de France-n sortu den mugimendu artistiko berriaren uhinak iristen hasi badira ere, XIII. mendera arte ez ditugu benetako eraikuntza gotikoak ikusiko, ez Nafarroan ezta penintsulako beste erreinu kristauetan ere. Saint-Denis-en-France izango da gotiko estiloan eraikitako lehen eliza. Konponbide berriak emango dira behar berriak sortu direlako, eta hauen artean aipagarriena murruen desmaterializazioa izango da. Murruak desagertuko dira argia elementu arkitektoniko batean bihurtu baita: erromaniko garaiko murru lodiak desagertu beharko dira, beirate izugarriei lekua utzirik, eliza Jaungoikoaren graziaz betetzeko, hau da, argia eraikinaren jabe egiteko. Argiak zentzu mistiko nabaria hartuko du garai honetan, Jaungoikoaren islada lurtarra izango baita. Murruak desagertzeko gangen pisua nonbaitera bideratu behar zen, arkitekto gotikoek proposatutako konponbidea benetan argia izango zen: gangak nerbioz osatuko ziren eta nerbio hauek pisua kolometara bideratuko zuten, harrizko eskeleto bat balitz bezala. Horrela, tenpluek altueran ere irabaziko zuten, nerbioen sistema berri honekin altueran nahi adina igo ahal delako. XII. mendearen bukaeran Frantzian gotikoaren fase aurre-klasikoa amaitu egin da eta katedral handiak bukatuak daude: Paris-eko Notre Dame, Saint Denis, Noyon, Senlis... hala ere Auñamendietaz beste aldera elementuren bat edo beste ikusi da bakarrik.
Esan bezala XII. mendearen amaieran Orreagako elizak errestaurazio bat eskatzen du eta Nafarroan Antso VII. Azkarra dugu erregetzat. Antsok bere arbasoek bezala Orreagako kolejiatari laguntzeko emateko prest egongo da eta nola ez tenplu titularra berregiteko beharra dagoenean.
Bi dokumentutan oinarrituko gara Antso Azkarra Orriako Amaren elizaren sustatzailetzat hartzeko. Lehenengoa 1237. urteko bula bat da. Gregorio IX.ak erregearen erromes ospitalearen patronazgoa aipatzeaz gain elizaren lanetarako sustapena Antso Azkarraren esku jartzen du1. Bigarrena 1622. urteko harrizko lauza bat da. XVII. mendean suteak eta mendeen igarotzea dela eta, Orreagako eliza errestauratzea erabakitzen da. Antso Azkarra eta bere emaztea elizaren nabe nagusian lurperaturik zeuden eta XVII. mendean ertaroko eskulturak aldatzea erabakitzen dutenean lauza hau jarriko zuten. Lauzan datu garrantzitsu bat ematen digute: erregeak eliza berreraiki zuela, hortaz aurretik zerbait bazegoela argi geratzen da 2.
Azken finean gauza arrunta izango da hau, 1132. urtean izango da Orreagako kolejiataren fundazioa eta nonbaiten egingo zituzten kalonjeek elizkizunak Antso Azkarrak eliz berria eraikitzeko agindua eman arte. Orriako Amaren elizaz gain Orreagan ezagutzen diren gainontzeko tenpluak ezin dira eliza titularra bezala ikusi. Bata Done Jakueren kapera da, eta eliz txiki bati buruz hitz egiten hari naiz, gainera ez du Ama Birjinaren adbokazioa hartzen Done Jakuerena baizik. Bestetik Izpiritu Sainduaren kapera dugu, edo Karlo Magnoren “ziloa” deitu izan dena. Bigarren hau oinplanta zentralizatudun hilobi-kapera bat da, azpian erromesak lurperatzeko kripta duelarik.
Gauzak horrela, Antsok Orreagako elizaren sustapena onartzen du, baina ez du edozein eliza egingo, bere boterearen erakusle den eliza baizik, eta horretarako Ile de France-ko berrikuntzak erabiliko ditu.
Erabaki zuen lehenengo gauza zabaltzearena izan zen, elizak dimentsio izugarriak ezin bazituen hartu ere, zegoena baino handiagoa egitea erabaki zuen. Oinalderantz ezin zen handitu, erromes bidea atetik iragaten baitzen, beraz burualderantz egitea erabaki zen. Burualdean ere arazo batekin topo egin zuten: lurrean izugarrizko desnibela aurkitu zuten lan maisuek. Arazo bera izan zuten Leireko eliza handitzean eta ikusten zuten irtenbide bakarra han erabilitakoa izan zen: elizaren absidearen azpialdean kripta bat eraikitzea. Kriptaren funtzioa arkitektonikoa bazen ere, ertaroko eraikin guztiak bezala margotua egon behar zuen sakramentua posible izateko, hortaz Frantziatik ekarritako artisauek ere margotuko zuten kripta, estilo gotikoan margotua izan zelarik. Ezertarako erabiltzen ez zenez, margoak era bikainean kontserbatu dira historian zehar. Ezinezkoa badirudi ere, Orreagan dagoen hezetasunera ohitu egin dira. Gaur egun kontserbadoreek erabiltzen dituzten hezetasun balioak aplikatuko balitzaizkie margo hauei ez lukete gehiegi iraungo, izugarrizko hezetasun baliotara ohitu baitira. Ez dira margo figuratiboak, apaingarriak baizik, baina Nafarroan kontserbatzen diren margo gotiko zaharrenak dira Orreagakoak.
Bigarren urratsa tenpluaren gorputza altxatzea izan zen. Normalean, burualdetik hasten ziren eraikitzen, Orreagan ere horrela izango zela pentsatu dezakegu, baina ondoren azalduko dudan moduan, burualde eta fatxada originala galdu egin dira historian zehar. Hortaz, nabeak besterik ez dira kontserbatzen. Ez da gauza txikia mantentzen dena, nabeetan gotikoaren fase aurre-klasikoaren ezaugarriak argi eta garbi definitzen baitira. Hiru nabeetako eliza da, erdikoa altuagoa eta zabalagoa delarik eta oinplanta basilikala duena. Erdiko nabea estaltzeko ganga sexpartita ikusten da. Ganga mota hau adibidez Paris-eko Notre Dame-en ikus daiteke, oso berezia da eta gotikoak eraikinak altueran irabazteko ematen duen konponbide argiena da. Gurutze gangaren erditik eta zeharka nerbio berri bat sortuko da, gangaren tamaina handituz eta nabe nagusia altueran irabaziz. Nerbio berri honen euskarria tamaina txikiagoa duen pilarea izango da. Nabe nagusiko tramu bakoitzeko alboko nabeetan bi tramu eraikitzen dira, horrela gangak alboetara egiten duen bultzada eta indarra banatuz.
Altxaeran ere, fase aurre-klasikoaren ezaugarriak marrazten dira. Alboko nabeak eta nagusia banatzen dituzten euskarrien gainean, triforioa irekitzen da. Triforioa erromanikoaren tribunaren islada besterik ez da, galeria faltsu batzuk dira tribunak ez bezala. Egia da fase aurre-klasikoan tribunak ere oraindik ikusten direla baina Orreagako kasuan ez ditugu tribunak ikusten, agian desagerrarazi egin dituzte elizaren tamaina oso txikia delako Frantziako katedral handiekin konparatuz eta altueran ezin zuten gehiegi altxatu.
Historian zehar Antsok sustatutako eliza honek eraldaketa nabarmenak jasan ditu. Horrexegatik, oso zaila da jakitea erdi-aroan eraiki zen tenplua gaur egun ikusten duguna al den. Eraldaketa hauen artean aipagarrienak suteak eta XVII. mendeko errestaurazioak dira, eta bata bestearekin loturik daude. Suteak askotan zigortu izan du Orriako Amaren eliza, eta horrela izanik XVI. mendearen amaieran eliza errestauratzea planteatzen da. Gauza da ez zutela bakarrik hondatutakoa berregin, eliza osoa mozorrotu zuten. Garai berriak ziren eta gotiko aurre-klasikoa guztiz zahartua geratua zen. Mugimendu artistiko berria barrokoa da. Gaztelak Nafarroa konkistatu du eta Gaztelako arte korronteak jarraitzen hasiko da orain, artistikoki berezko ekoizpena izan duen erreinuak. Escorial-eko irudia jarraituz eta Gaztelako barrokoa jarraituz Orreagako eliza guztiz eraldatuko dute. Eskerrak mozorro bat besterik ez ziotela ipini, esan bezala ez baitzuten eliza bota, apaindu baizik. Apainketa hau XIII. mendeko itxura egurrez estaltzean zetzan. Aldare nagusian erretaula izugarria paratu zuten eta dirudienez suteek eta denborak izorratutakoa berregin baita, abside osoa berriz altxatu baitzuten. Fatxada nagusiarekin gauza bera egin zuten: berriz eraikitzea. Hortaz lehenago aipatu ditudan nabe horiek baino ez zituzten utzi.
Egondako beste aldaketa aipagarria mezenaren irudiaren ordezkapena izan zen. Antso VII. Azkarra Orreagan lurperatu zuten bere oinordekoek. Hau ez zen erraza izan, hiru eliz-erakunde boteretsuen arteko eztabaida piztu baitzen. Erregea 1234. urtean Tuteran hil zen, lurperatzeko tokirik aukeratu gabe, eta garaiko ohiturek agintzen zuten bezala hango elizan lurperatua izan zen San Nikolas-en kaperan. Tuterako kolejiatako kabildoak gorpua eskatzen zuen, San Nikolas-en kaperak sakratutako hilerririk ez zuela esanez. Era berean La Olivako monasterioak gorpua eskatzen zuen baita, baina azkenean Tuterak irabazi zuen. Erabakita zegoenean Orreagako Ospitaleko prioreak ere gorpuaren eskaera egin zuen, hango ospitaleko babesle eta eliza berriaren eraikuntzaren sustatzailea zela esanez. Teobaldo I.goak Orreaga babestea erabakitzen du, eta berriz ere erret babesa dela eta, irabazle atera zen Orreagako komunitatea. Hau lortuta, elizaren aldare nagusiaren aurrean lurperatzea erabakitzen dute Orreagan. Teobaldo I.goak, erregearen ilobak, enkargatu zuen gorpua estaliko zuen zizelkatutako harrizko lauza. Ondoan, bere emaztea lurperatu zuten, eta egurrez egindako eskultura jarri zioten gainean.
Gaur egun Antso Azkarraren eskultura klaustroan dagoen areto kapitularrean ikus daiteke, nola iritsi zen honaino? Galdera hau erantzuteko 1600. urtearen inguruan Orreagako sub-priore zen Huarte Lizentziatuaren eskuizkribua irakurri beharko genuke. Argi dago XVII. mendea aldaketa garaia izan zela Orreagan, eskerrak Huarte Lizentziatuak lehen eskuko lekuko izan zenaren eskuizkribua idatzi zuela, horrela gaur egun jakin dezakegu Antso Azkarra eta bere emaztearen irudiak XVII. mendeko irudi berriekin ordezkatu zirela. Irudi berriek erregeak belaunika irudikatzen dituzte, otoitzean daude eta abside barruan kokatu ziren 1622. urtean. Barrokoan egiten ziren eskultura guztiak bezalakoak dira. Erdi aroko eskultura biak desagerrarazi zituzten: Antsorena elizaren oinaldetan lurperatu zuten eta Clementziarena egurrez egina izateagatik usteldua zegoen. Huarte Lizentziatuak hau guztia idatzi zuen eta XIX. mendearen amaieran (1890 urtean), eskuizkribua aurkitzerakoan eta ikertzerakoan, Antsoren eskultura lurretik ateratzea erabaki zen. Atearen ondoan aurkitu zuten, gaur egun areto kapitularraren erdian ikus dezakegun eskultura, zatiturik. 1912. urtean Navas de Tolosako gudaldiaren VII. urtemuga zela ospatuz, Antsoren mausoleo bihurtu zuten areto kapitularra edo San Agustin-en kapera. Bertan erregearen eskultura, Jaendik ekarritako ustezko kateak eta gudaldia irudikatzen zuen beirate berria jarri zuten.
Izugarria da eskultura hau, 2’25 neurtzen du eta betidanik erregearen neurri berak irudikatzen direla esan da, baina gotikoan hildakoen altuera irudikatzerakoan gehiegitu egiten zen. Huarte Lizentziatuak erregearen femurra neurtu zuen eta hortik gaur egun egin den ikerketen arabera erregearen altuera 1’95 eta 2’25 artean egongo zen. Ikusten dugu beraz Antsok bere goitizenari ohore egiten ziola: “El Fuerte”. Honi lotuta erregearen erdi aroko eskulturak aurkezten digun berezitasun bat aipatu behar da. Erregearen oinaldetatik begiratzen badugu, eskulturak dotoretasun osoa galtzen du, oinak keinu arraro bat eginez, bata bestearen gainean gurutzatzen baititu. Asko eta asko idatzi izan da honi buruz eta halako keinu arraroari erantzuna emateko. Esan bezala oso altua zen Antso, gigantismoa zuela esan ohi da, eta gigantismoa dela eta zangoak deformaturik zituela. Bestetik minbizi bat zuela hanketan, horregatik gurutzatzen dituela zangoak, jarrera erosoena zela beretzat. Beste azalpen bat gota gaixotasuna zuela, azido urikoa, eta kasu honetan ere jarrera erosoena zela. Hala ere jakin behar da hildako errege edo zaldunen irudikapenak egiterakoan altuera gehiegitzen bazen, dotoretasunean ez zela alderantziz gertatzen eta geroz eta boteretsu eta dotoreago irudikatu hobe zela. Hortaz teoria hauek guztiak baztertu egin behar ditugu, erregearen akats fisiko bat irudikatuko luketelako.
Ingalaterraraino joan beharko dugu jarrera edo keinu honen jatorria ezagutzeko. Penintsulan beste 9 baino ez diren aurkitzen bitartean, Ingalaterran garaiko halako hamaika eskultura aurkitu daitezke, adibide modura honako hauek jarriko ditut: Dorchester-eko abatetxea. (XIII.mendeko erdialdekoa) Salisbury. William Lonspee “the young”. Inglaterrako Enrike IIaren 3. ezkontzaren fruitu sortu zen semearen semea, hau da Enrike IIaren biloba. Abernon. Surrey. Sir John d´Abernoun (1290-1300) Trumpington, Cambs. Sir Roger Trumpington (1290-1300) Acton, Suffolk. Sir Robert de Bures (1295-1305) Chartman, Kent. Sir Robert de Stephans (1305-1315) Westmister Abbey, Londres. John of Eltham (1340) Gloucester, katedralean Robert Curthose. (XIII.mendearen bukaera)
Jakina da Antso Azkarrak Inglaterrarekin zuen lotura estua: bere arreba, Berengela, Inglaterrako Rikardo Leoi Bihotzarekin ezkonduta zegoen. Halako harreman diplomatiko onak izanda pentsa dezakegu artista edo korronteen hartu-emana ezin hobea izango zela.
Ez dira bakarrak, asko eta asko aurkitu dira Inglaterran baina ez oraindik aurkitu ez dena zentzua da, zergatik dituzte errege edo zaldun hauek zangoak gurutzaturik? Erret zeinua dela ere esan da eta badago protokolo arau batek zera diona: Aita Saindua eta epaileen aurrean ezin direla zangoak gurutzatu. Badirudi teoria berri hauek gehiago hurbiltzen direla benetako interpretaziora.
Ikusten dugu beraz Orreagak Antso Azkarrari buruzko gauza asko eta asko kontatu ditzakeela eta benetan opari ederrak egin zizkiola kolejiatari: arkitektonikoki zein piktorikoki. Bestalde, Nafarroako erreinuaren datu anitz jaso ditugu artikulu honetan, alde batetik punta puntako arte korronteen berri zutela erreinuan, eta hauek aplikatzeko hainbateko indarra baita. Gainera aipagarria da Antso Azkarraren eskultura bezalako artelan originala Nafarroan izatea, eta ez da ingeles eragina izango duen artelan bakarra, ezta pentsatu ere, gotiko ingelesak izugarrizko eragina izango baitu Nafarroan. Azkenik, elizan gaur egun ikusten dugunaren zilegitasuna zalantzan jartzea erabaki dute gaur egungo zenbait ikerlarik, zuhurtasunagatik. Esan bezala, horrenbeste eraldaketa jasan ondoren eta dagoen dokumentuen falta dela eta, zaila da ikusten dugunak Antsoren elizaren antzarik al duen jakitea. Hala edo nola, argi utzi behar da Nafarroako lehen eraikin gotikoa dela eliz hau eta Nafarroako gotikorako suposatu zuena ukaezina da. 1“idem rex construxit suis sumptibus” 2“año de 1622, siendo Sumo Pontifice Gregorio XV, Rey de Castilla y de Navarra Don Felipe IV, Patron desta Real Casa y Prior en ella Don Juan Manrique de la Mariano; a instancias deste reino se hicieron estos bultos y sepulcro, a donde se trasladaron los cuerpos de los Serenísimos Reyes de Navarra Don Sancho VIII deste nombre, llamado el fuerte, y Doña Clemencia, su mujer: q. estaban enterrados en el cuerpo desta Iglesia dedel año 1234 en q. murieron , por estar los bultos antiguos quebrados, y el enrexado deshecho y no parecer q. tenian, según el tiempo presente, el lugar debido a tan grandes Reyes. “Este valeroso Rey reedifico esta iglesia, q. por su mucha antigüedad, estaba malparada: y la dotó y a su hospital de lagunas rentas y edifico otras iglesias y monasterios en este Reyno y le gobernó en mucha cristiandad y justicia”