269 Zenbakia 2004-09-24 / 2004-10-01

Gaiak

Testuen genetika. Lau dosier genetikoren azterketa, Eñaut Etxamendi-ren testu argitaratugabe batzuen trapuetan oinarriturik

POCHELU, Joana



“Testuen genetika” edo “kritika genetikoa” deitzen da azken hogeita hamar urte hauetan, trapu edo prestakuntza dokumentuetatik goiti egiten den obraren interpretazioa.

Testuaren plazerra gero eta abstraktuago bilakatzen zen mundu estrukturalistan, hau, formara mugatua baitzen. Giro intelektual horretan, estrukturalista gazte batzuek, eskuizkribuaren berriz deskubritzea beharrezkoa senditu dute literaturaren mamiaren hunkitzeko. Sortzen ari den idazketa baten estruktura bizia, garapena, aldaketak, obraren formazio progresiboa segitu behar zituzten. Zientzia gazte hori, literaturako obren ezagutza zabalduz eta berrituz, azken hogeita hamar urte hauetako berrikuntza bakarretakoa da metodo kritikoari begira. Eñaut Etxamendi. Año 1992.

Genetikaren printzipioa, idazlearen lana, haren jestuak, emozioak eta dudak ahal bezain hurbiletik segitzea da : zirrimarra eta idazketa fase desberdinei esker obraren berrezagutzea proposatzen du. Hots, helburua, obraren hobeki ulertzea da idazlearen lana barnetik argituz, ikusiz zer kentzen edo atxikitzen duen, bere geldiuneak, lapsusak begiratuz, lanean aritzeko bere metodoa asmatuz, jakinez plano bat egiten duen, edo zuzenki idazketan sartzen den ; hori, bukaerako testuari, lehentasun berezirik eman gabe.

Kritika genetikoak beraz, eskuizkribuen bidez, testuen ezagutza arraberritzen du kritikaren problematika, autoretik idazlera, idatzitik idazketara, egituratik prozesuetara, obratik bere genesira aldaratuz.

Genetika testuala ez da soilik analisia metodo bat beste anitzen artean. Gure aroko historiarekin lotua da. Izan ere, 80. urteen hastapenean idazketa usaiak aldatu dira testuen tratamendua dela eta. Laster, papera eta numerikoaren arteko eztabaida, kontzientzia hartze mundial batera zabaldu da. Ohituraz jakintsuei eta unibertsitarioei erreserbatua zen artxiboen mundua, eremu publiko bilakatu da, papera, hizkuntzaren kontzientzia, kreazio intelektualaren euskarria, kulturaren mamia bera bilakatu denean.

Kritika genetikoa, iraganera egin itzultze horri ezin bereixia da. Idazleek utzi lan artxiboekin egin behar denaren erantzun posible bat da. Baina esplorazio hori hastapenean baizik ez da. Hogeita hamar urtez, ehun bat obra genetikoki aztertuak izan dira, baina sartaldeko artxiboak oraindik sekulako dosier genetikoz josiak dira. Gainera geroari begira, ordinagailua dela eta, lan-eskuizkribuak desagertzera kondenatuak direla pentsatzea faltsua da : izan ere, idazketaren etapa guziak disko gogorrean grabatuz gero, genesia osoa kronologikoki berriz heda daiteke kreazioaren prozesu guziaren ikusteko. Eta gaur egun, idazle batzu jadanik hasiak dira Liburutegi nazionalari haien disko gogorraren uzten.

Eskuizkribu eta disko gogor horiek beraz, ikerle belaunaldi berri baten beha dira haien sekretuen salatzeko : geroaldiko testuaren genetikariak.

Euskal idazle eta kantari baxe-nafartarra (Ezterenzubi 1935), Eñaut Etxamendik laborari munduko eta mendiko haurtzaroari buruzko historiak kondatzen ditu, bere Garaziko euskaran : Elurra zikindurik (Nafarroako Ilunberrin 1968an moldatu sariketaren lehen saria), Azken elurra (1975), Laminak, Urtzoak, Aurora (1985), Gilentegiko Gilen, Gipuzkoako kutxa, 1988, Orbaizetako neskatxa. Hainbat kantuen hitzak eta musikak ere idatzi ditu, Eñaut Larralderekin bikotea osatu eta Euskal Herri osoan gaindi herriz herri ibili dira euskal kantuak plazaratzen. Euskaltzain urgazle ere da.

Etxamendiren ustez, bizian zehar bizi izan diren gauza guzien bidez, “Sinfonia bat da naski literatura, eta emeki-emeki arrabitak, abotsak, sabelminak, argi eta itzalak, aurpegiak eta behakoak lore bakar batean, eta beraren usainean mintzairak bethikotasunean jartzen ditu”. Idazlearen hiru olerki eta ipuin baten lan-trapuen azterketak, erakusten du preseski, mintzaira hori nola finkatzen duen.

Ikertu ditudan dosier genetikoak Eiherzaintsaren auhena, Gudarien eguna, Izaiak eta Orbaizetako neskatxa-ren lan-eskuizkribuenak dira. Bakotxa linearki transkribatu ondoren, piezen inbentarioa eta deskribapena egin dut, azkenik, hauen genesiaren aztertzeko.

Zer erran lau dosier genetiko hauetan ikasten denaz Eñaut Etxamendiren idazketa moldeari buruz ? Adibidez, olerkiak idazten dituenean, jaurtikitze bakar batez idazten dituela eta berrirakurketa baten bidez egiten dituela aldaketa gehienak. Lehen jaurtikitze batez idazten ahal du olerkiaren egitura, segurrenik sorkuntza lan garrantzitsuena buruan egin baitu. Bestalde, musika beraurek konposatzen duenean kantu batentzat, testua baino lehenago egiten du, hitzak doinuaren gainean pausatzen ditu.

Baina idazteko manera hori sistematikotasun bat dela baieztatzeko, Etxamendiren beste lan frango ere aztertu behar lirateke, baita beste euskal idazleren lanarekin konparatu ere.

Azterketa honen interesa, testuen genetikarekin ezagutzaren egitea da, idazleak, ikerleak eta publiko zabala, lan eskuizkribuen garrantziaz ohar daitezen. Egia da azterketa anitz eginak izan badira literatura guzietako hainbat obrari buruz, hauen genesiaz guttiago egina izan dela, garai honetan halere lanak baldin badira ere genetika esparruan, Frantzian ez ezik, Ameriketan ere. Helburua beraz, duela hogeita hamar urte sortu metodo kritiko hau, Euskal Herrian (bai Iparraldean, bai Hegoaldean) gaurdanik sakonki aplikatzen hastea da. Euskarazko literatura genetikari idekitzeko prozedura jadanik martxan ezarria da, Baionako fakultateko Euskal Ikasketetako sailean, Aurelia Arcocha Scarcia, “Maîtrise”-an eta “DEA”-n genetikari buruz ari baita bere literatur teoria kurtsoetan.

Ikerle genetikariak Frantzian agertu badira lehen aldikoz, orai beraz, baitezpadakoa da ezagutza horiek Euskal Herriko literaturari aplikatzea. Izan ere Frantziako Liburutegi nazionalak baita artxibo literario zentroek eskuizkribuen eskuratze politika aktibo bat eraman dute azken urte hauetan. Besteak beste, 1989an IMEC elkartea sortu zen. Hau, eskuizkribu garaikideen bilketari, tratamenduari, eta publikoari idekitzeari dedikatzen da. Hastapenean argitaletxeetako funtsak bildu dituzte eta emeki-emeki, idazleen funtsak ukaiten hasi dira. Ibilmolde berezia da : idazleek eskuizkribuak IMEC-en esku uzten dituzte, baina jaun eta jabe gelditzen dira, noiz nahi berreskuratzeko posibilitatearekin. Eskuizkribuak funtsean sartu orduko, ikerketari idekiak dira, Liburutegi nazionalean berriz hamar urtez beha egon behar delarik.

Gaurko egunean, Euskal Herrian Liburutegi nazionalik ezin denez existitu, beharrezkoa litzateke IMEC gisako instituzio baten idekitzea, edo departamendu berri batean sortzea liburutegi handi batean euskal idazle garaikideek haien eskuizkribuak gordetzeko eta ondorioz euskal testuaren genetika errexkiago bultzatzeko. Euskaltzaindiko Azkue Liburutegian, Koldo Mitxelenan, Diputazioetako funtsetan edo funtsa pribatuetan, eta Iparraldean, Baionako Liburutegi munizipalean eta Euskal erakustokiko artxibo-funtsetan eskuizkribuak aurkitzen badira, erran bezala, gaurko idazleek haien lan-eskuizkribuak uzteko leku berezi bat behar liteke.

Hala ere, lan zonbait eginak izan dira alde horretatik : Aurelia Arcocha Scarciak, Goyhetche-ren (XIX. mende erdia) eskuizkribu guziak deskubritu ditu (denak ezezagunak zirelarik) 2000ean Frantziako Liburutegi nazionalean eta kopiak IKER zentroan ezarriak ditu, aztertzeko gisan. Bestalde, literatura garaikideari doakionez, Jon Mari Lekuonaren azken liburuaren trapuak A. Arcocharen artxibategi pribatuan berak dauzka gordetuak Lekuonak galdegin bezala. Idazleak gero eta gehiago ildo horretatik joaiten balira, ondoko urteetan ikerle eta ikasleak ez ote lirateke gehiago izango ere bai genetikari interesatzen ? Eta nork daki euskarazko testuaren kreatzeko prozesuaz zer aurkikuntza eginen den ?...