250 Zenbakia 2004-04-16 / 2004-04-23

KOSMOpolita

Québec-eko Euskal Astea 2004 !

ARIZTI, Maitane USEREAU, Michel AZURMENDI, Naroa BASURKO PÉREZ DE ARENAZA, Adur GARAT, Etor HARLOUCHET, Xabier MAZIZIOR, Haritz RODRÍGUEZ, Urko

Québec-eko Euskal Astea 2004 ! Maitane Arizti, Naroa Azurmendi, Adur Basurko P?rez de Arenaza, Etor Garat, Xabier Harlouchet, Haritz Mazizior, Urko Rodriguez, Michel Usereau

Traduction au français Hasiera batean… Euskara Ikastaldiak sortu eta sendotu ziren :

Euskaldunak (www.euskaldunakquebec.com), Québec-eko euskaldunen elkarteak duela 2 urte antolatzen du euskara ikastaldi bat. Urtero, iraletik maiatza arte ia ostiralero 20 bat ikasle elgarretaratzen dira euskara ezagutzeko, ikasteko eta erabiltzeko ! Euskara ikasgaiak, Euskal Herriko beste metodo batzuz inspiratzen badira ere Québec-tar ikaslegoari egokituak dira. Egokitze lan hori Michel Usereau, Québec-tar gazteak du egiten. Harek, euskara Québec-en bakarrik ikasi ondoren, Euskal Herrian sakondu du. 2003-2004ko euskara klaseko besta.

2002ko otsailaz geroztik, astean behin, euskara irakasleen bilkura antolatua da. Horrela, euskara irakasleek, gehienak Euskal Herritik etortzen diren euskal ikasleak dira, Michel-ek preparatutako ikasgaiak saiatzen dituzte !

Ostiraleko Euskara Ikastaldiek bi ordu irauten dute, gaueko 7etarik 9ak arte: Ordu erdi batez Euskara eta euskal kulturari lotua den gai bat aurkeztua da frantsesez ikasleei. Ordu bat eta erdiz ikasleek beren mailako ikasgaia jarraitzen dute.

Lehen urtearen bukaeran, ikusiz gero eta gehiago jende agertzen zela euskara Ikastaldietara, parte hartzaileek pentsatu zuten Euskara eta Euskal Kultura… eta azken finean Euskal Herria, publiko zabalago bati aurkeztea ideia ona izanen zela ! Beste molde batez erraiteko 20-30 pertsonen artean egiten ziren elgarretaratzeak, eta ikastaldi bukaeretako festak, zergatik ez jende askoz gehiagorekin partekatu !? Erakusketa gune bat erabiliz bisitariei euskararen aurkezpenaren bidez Euskal Herriaren ezagutza egiteko medioak eskaintzen ahalko ziren. Ez duela belaunaldi bateko herria edo eta informazio iturri nagusiek mundu osoan aurkezten dutena. Baizik eta orain aurrera doan herri bizia ! Ondorioz… Québec-eko Euskal Astea 2003 sortu zen : Helburuak eta Medioak :

Euskal Herriak mila aurpegi dituenez, eta kanpora batzuetan haietako gutxi erakutsiak direnez, ahal bezain bat informazio eskaintzea izan da helburua. Elkartaren ahalak urriak direnez, irudimenaren erabiltzea izan da desafiorik haundiena Euskal Herriari buruz orokorreko begirada bat emaitea lortzeko ! Horrela bertsolariak, dantzariak, antropologo eta hizkuntzalariaren azalpenak eta beste askorenak entzun dituzte parte hartzaileek ; geografia, hizkuntza, mendia, musika, historia, industriari buruz irakurri edo entzun dute 20 bat oholen bidez. Norberak bere interes zentroen arabera aurkitu du euskara eta Euskal Herriari buruz informazioa. 2003ko Euskal Astearen antolatzaileak. Antolaketa :

Ainitz jendek beren trebetasunaren arabera parte hartu dute: bat medio informatikoez arduratu da ; beste batzu sukaldaritzaz, talde bat diruzaingoaz, etab... Lan izugarri handia eta ederra egin da. Batzuk txartelak saldu dituzte, beste batzuk abesbatzan parte hartu, eta talde batek oholak egin ditu. Antolakuntzaren giroa pesta giroaren parekoa izan da.... bikaina ! Ondorioak :

Euskal Elkarteko kide eta laguntzaile askok ikusi du ekitaldia, Euskal Herria ezagutzeko eta ezagutarazteko aukera ezin hobea dela.

Ekitaldi ezberdinez betetako arratsek liluratu dituzte antolatzaile eta ikusleak. Momentu hauetan sortzen den giroa oso alai, bizi eta dinamikoa da. Adibidez, bi ordutako tarte batean, txalaparta, hitzaldi eta bertsolariak entzunez gero, jendeek benetan sentitu dute Euskal Herrian aurkitzen den aniztasuna. Eta aniztasun hau jendeari gustatzen zaio !

Azkenik, Euskal Astea ikusi duten bisitari askok galdatu dute : “Zergatik ez dugu sekulan entzuten gauza horiei guztiei buruz?“. Eta horrek gogoa eman zuen antolatzaileei ondoko urteetan ekitaldia jarraitzea ! 2003an izandako ekitaldi bat. Euskal Aste baten Helburuak gaur egun :

2003ko Euskal Astearen arrakasta ikusi ondoren elkarteko kide eta laguntzaileek ondoko helburuak finkatu dituzte geroan eginen diren Euskal Asteentzat : Euskara eta Euskal Herria molde diferente batean aurkeztea publiko zabal bati. Errex erabiltzen ahal den erakusketa baten antolatzea elkartearen beste aktibitateetan baliatzeko. Euskara eta Euskal Herriaz interesa duten pertsonen datu base baten antolatzea, publiko hori Euskaldunak-en beste jardueretan gomitatzeko edo/eta inplikatzeko. Euskara Ikastaldientzat diru iturri baten sortzea. Euskal Astearen antolakuntza eta animazioaren Gida Liburua egitea. Euskal Astearen antolakuntza elkarteko beste jardueretan eredu gisa erabiltzea. Euskaldunak elkartearen kide kopurua haunditzea ! Azken berriak : Ongi Etorri Euskal Astea 2004-ra !

Bukatzeko, hara hemen aurtengo Euskal Asteko egitaraua !

Oharra : Euskal Astea 2004-aren egitaraua eta afitxa helbide hontan aurkitzen ahalko dituzue :

http://www.euskaldunakquebec.com/euskalastea_eus.htm 2004ko Euskal Astearen antolatzaileak. Larunbata, apirilaren 3a : 12:00 – 20:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 15:30 : Ordu bateko ikuskizuna : Euskal dantzak eta musika zuzenean, bertsolariak, abesbatza, zozketak, etab… 18:00 : Mintzaldia : - Euskal Diaspora (Stéphane Rivail, Université de Perpignan-eko soziologoa)

Igandea, apirilaren 4a : 14:00 – 20:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 15:30 : Ordu bateko ikuskizuna : Euskal dantzak eta musika zuzenean, bertsolariak, abesbatza, zozketak, etab… 18:00 : Mintzaldia : Euskara eta Euskal Herria (Michel Usereau eta Nicole Lefebvre)

Astelehena, apirilaren 5a : 17:00 – 22:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 19:00 : Mintzaldia - Le Parc de l'Aventure Basque en Amérique (Laurier Turgeon, Université Laval-eko historia eta etnologia erakaslea) 20:00 : Bideo emanaldia eta animazio ezberdinak (kantaldi, kontu kontari, etab...) Asteartea, apirilaren 6a : 17:00 – 22:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 19:00 : Mintzaldia – Euskal Media (David Lannes) 20:00 : Bideo emanaldia eta animazio ezberdinak (kantaldi, kontu kontari, etab...) Asteazkena, apirilaren 7a : 17:00 – 22:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 19:00 : Mintzaldia – Euskal Musika (Michel Usereau eta Charles Martin) 20:00 : Bideo emanaldia eta animazio ezberdinak (kantaldi, kontu kontari, etab...) Osteguna, apirilaren 8a : 17:00 – 22:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 19:00 : Mintzaldia – 2001-ko inkesta soziolinguistikoa Euskal Herrian – Esperientzia pertsonala (Richard Bourhis, Directeur à l'UQAM de la Chaire Concordia-UQAM en études ethniques, Professeur titulaire, Département de Psychologie, UQAM Membre du Centre d'Études Ethniques des Universités Montréalaises). 20:00 : Bideo emanaldia eta animazio ezberdinak (kantaldi, kontu kontari, etab...) Ostirala, apirilaren 9a : 17:00 – 22:00 Erakusketa, animazioak eta euskal taberna denbora osoan. 19:00 : Mintzaldia – Euskal Herriaren geroa Europan – Esperientzia pertsonala (Daniel Turp, Université de Montréal-eko Zuzenbide fakultateko erakasle titularra) 20:00 : Bideo emanaldia eta animazio ezberdinak (kantaldi, kontu kontari, etab...)

Gaurdanik ongi etorria duzue ! Geroa :

Ea ba, munduan zehar diren beste Euskal Etxe eta elkarteen artean, Euskal Herriaren laguntzarekin, lortzen dugun gure herriaren aurkezteko formula gero eta hobeagoak lantzen eta erabiltzen.

Teknologia berriak erabiliz (internet, bideokonferentziak...) euskal etxeen arteko harremanak indartzen ahalko dira. Ber moduan, elkarlana bultzatuz, bakoitzaren lana denentzat erabilgarri izaiten ahalko da !

Segi dezagun beraz, 8. probintzia gisa, munduko eskualde bakotxetik Euskal Herria erakusten duten leihoak eraikitzen eta idekirik atxikitzen !

Euskaldunak-en site-an (www.euskaldunakquebec.com) ikusiko duzuen bezala lehioak bi munduren arteko komunikazioa egiten dute : Euskal Herria eta Québec-en artekoa. Ez dugu dudarik beraz, Euskal Herriak ere irabaziko duela munduaren hobeki ezagutzeko beste molde bat ! Menu KOSMOPOLITA Aurreko Aleetan Inicio > EM 250 > Kosmopolita -->

2004/04/16-23