247 Zenbakia 2004-03-19 / 2004-03-26
Traducción al español Juliana eta Kataolatzari, bihotz bihotzez,
94 eta 83 urteaz trikitixaren zirrara
helarazten dakitelako.
Trikitixa krisian dago. Musika krisian dagoen moduan, trikitixak ere pairatzen du honen eragina. Salmentak ez dira lehen bezalakoak, plazetako giroa ez da, inolaz ere, lehengoa, eta gazteen gustu musikalak beste alde batera begira daude. Trikitixa “arranke” pixka baten premian dago, odol berria, bide berriak eta trikitilari gazte eta ausarten bultzadaz, lozorroan dagoen mundutxo baten iraultzeko. Trikitixa. Azkoitiko Laia-Iturbiden emanaldia Zarautzen (1980) Basarriren homenez.
Trikitixaren mundu honetan trikitilari gazte eta iraultzaile batzuen eskutik murgildu nintzen ni, eta ni bezala beste gazte euskaldun despistatu asko, laurogeiko hamarkadaren erdialdera. Txapelketen gurdian eta odol berrien bultzadaz, soinu txikia herrietatik hirietarako jauzia egiten ari zen, edo hobe esanda, herritarren gustukoa izatetik hiritarren gustukoa izatera pasatzen ari zen. Honek ahalbideratu zuen jende multzo handiak trikitixaren berri izatea, eta horrela etorri ziren zenbait urte eta une gozo, tartean Donostiako Belodromora zortzi mila pertsona bildu zituen 1988ko Trikitixa txapelketa nagusia. Herri txikietako erromeriak ere berpiztu ziren, entzule berrien uholdeak bultzatuta, eta dantzarako zaletasuna mantendu egin zen, nekez bada ere.
Esan bezala, trikitilari ausart zenbaitek erakarri ninduten erromerien bueltara. Pieza berriak egiten hasi ziren, ezberdinak, propioak, eta gaiez ere ezberdinak, baserri giroaz eta maitasunez at besterik ere bazegoela erakutsiz. Atrebentziaz beteriko erritmoak sortu ziren, batzuen haserrerako, eta laister hasi ziren dinosaurioak orroaka. Hura rock-a zela eta ez trikitixa... Baina horrek irauli zuen soinu txikiaren mundua, eta horri esker hurbildu ginen hauspoaren epelera gazte andana eder bat. Gero bateria, baxua eta beste zenbait tresnek jantzi zuten soinua, itxura modernoagoa emanez berez modernoa baina errepertorio tradizionaletik hornitzen zen instrumentuari. Erromeriaz
Baina euri dexente egin du ordutik hona, eta erromerien beherakada izugarria izan da. Gaur egun edozein herriko jaietan ikusi ditzakegun “triki pop” taldeak eta erakartzen duten jendeak ez dute zerikusi handirik duela bi hamarkada edozein berbena taldek izaten zuen arrakastarekin. Urrun daude berbena taldeek herri oro lepo beteta jartzen zuten egunak, baina beste garai batzuk ziren eta gustu musikalak ere bestelakoak ziren. Garai hartan, baina, zenbait trikitixa bikote beste zenbait instrumentuz taldeak osatu eta merkatu horretan sartzen ahalegindu ziren, prezioa merketuz eta antzeko errepertorioa eginez, baina soinu txikiarentzako moldatuz. Kasu batzuetan, trikitixa taldeak merkatu honetan igeri egitea lortu zuten, eta korronte horrek gaur arte ekarri ditu. Erromeria Ernion.
Dantzarako zaletasuna ere, garai batean erromerietara joateko aitzakirik nagusiena zena, gainbeheran etorria da, eta horri buelta emateko asko aldatu beharko lirateke gauzak.
Baina bidean, dantzarako zaletasunaz gain, gauza asko galdu dira, garaiak hala agintzen dutelako edo akaso, nork daki, transmisio akats batengatik. Gaurko musika, orohar, musika “hotza” da, afizoa ofizio bihurtzearen ordaina agian, eta kasu askotan ordenadoreen bidez egina edo gutxienez landua da. Perfekzio tekniko izugarria lortu bada ere, gutxitan lortzen du entzuleari kantuak duen sentimentua transmititzea. Gaur egun garrantzitsuagoa da musika ondo egitea, zergatik eta zertarako egiten dugun adieraztea baino. Ikasle eta irakasleaz
Non daude azken bi hamarkadatan soinu txikia ikasten jardun diren ehundaka gazte horiek? Gutxi batzuk ezagutu ditugu, plazetan eta, beraien trikitixa taldeak osatuta, eta beste batzuk orain soinu irakasleak dira. Eta horien artean bakarren bat ezagutu dut nortasun artistiko propioarekin. Baino jauzi egiteko kondiziorik edo atrebentziarik ez, ordea. Soinu txikiaren irakaskuntza indartsu dirau, antza denez, eta soinu eskolak ugariak dira, zenbait kasutan ikasle aurreratuenek sortuta. Baina gaurko ikasleen belaunaldiak “idoloak” eta entzulegoa ditu faltan, eta zaila egingo zaie mundutxo honetara jauzi profesionala egiten ausartzea. Gehienentzako, soinu txikia txikitatik ikasitako instrumentu bat besterik ez da izango, seguruena. Eta gainera, ez dute gogoratuko zergatik ikasi zuten.
Ez dut uste, panorama musikala horrela egonda, gazteen motibazio eta ilusio falta honen errudunak irakasleak direnik. Baina, akaso, irakaskuntza hobeto antolatu eta irakasteko modu berriak asmatu behar dira, kantutegi tradizionaletara mugatu gabe, edota ikasleari bere kantutxoak sortzeko aukera eta bultzada emanez. Ikaslea interprete soila izatetik egile izatera pasa behar du, poliki poliki. Biharko trikitilari berriak sortu behar ditugu. Urteaga-Oria anaiak Zumarragan, 1987.
Bestalde, ezin ahaztu irakaslerik hoberenak hor ditugula oraindik. Trikitilari zaharrez ari naiz, trikitixaren bihotza oraindik gordeta dutenak. Teknikaz akaso ez, baina beste gauza askotaz gustura hitzegingo ligukete: nola ikasten zuten, orduko erromeri giroa eta beste zenbait pasadizo. Ikasle zein irakasleen bisitaren zain daude oraindik, seguru. Trikitixa Elkarteaz: Trikitizaleak batu
Eta trikitilari berriak sortzeko, zerbait berria egin beharra dago. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak zeresan handia izango du honetan datozen urteetan. Trikitilari elkartearen errautsetatik sortutako Trikitixa elkarte gazteak hartu behar ditu gurdi honen uhalak, eta bideak egin. Ondo abiatu dira, eta azken bi urtetan egin diren nazioarteko trikitixa jaialdiak abiapuntu interesgarria dira, Euskal Herritik kanpora soinu txikiari zein erabilera ematen zaion erakusteko.
Baina horrekin batera, Elkarteak beste lan garrantzitsu bat du: trikitilariak batu. Oraindik orain, neu gipuzkoarra izanik eta Bizkaiko nere oraingo begiratokitik, distantzia handi xamarra somatzen dut herrialde bien arteko zaleen nahiz profesionalen artean. Bizkaitarrentzat, antza, oraindik aurreko Trikitilari elkarteak zuen gipuzkoar kutsua somatzen omen zaio oraingo Trikitixa Elkarteari. Eta konponbidea bilatu beharrean, nahiago bakarrik. Pasa den mendeko herrialde biren arteko konpetentzia edo lehiaren aztarnak besterik ez lirateke izan behar baina, harrigarria, bizirik jarraizen dutenak. Horrela ulertu daiteke, adibidez, Trikitixa Elkarteak pasa den Azaroan Donostian antolatutako Trikitixa Jardunaldien Bizkaiko txandan gertatutakoa, entzulego falta zela eta suspenditu behar izan zena. Antolakuntza akatsak izan ziren, dudarik ez da, baina hauen atzean aspaldiko mamuak zebiltzala uste dut.
Baina arazoa ez da bakarrik herrialdeen artekoa.Trikitilarien mundutxo honetara hurbildu nintzenetik, beti ezagutu ditut gaizki esanak, bakoitza bestearenari begira. Txakur gutxi eta zaunka gehiegi. Eta beti esaten dut “mundutxoa”, hala delako, denak elkar ezagutzen dutelako, baina beti izaten nuen parada marmar eta albiste berriak entzuteko, bataren zein bestearen ahotik, “honek zera esan duela” edo “beste horrek zera egin duela”. Ez dut uste komentario horiek fede txarrez egin izan direnik, batzutan dibertigarri ere izan da, baina denboraren poderioz trikitilarien arteko distantzia areagotzen du, eta uste dut trikitilari foroak ileapaindegi bihurtze horrek ez dakarrela ezer onik. Eta barka nazatela ileapaintzaileek... Lin Ton Taun, 1987. Etorkizunaz
Musika mundua norabidea galduta dabil: Denok gara, nahi ala ez, musika kontsumitzaileak, baina aukera handiegia da eta musika dohan eskuratzeko moduak ere asko dira: komunikabideetan, herrietako jaietan, tabernetan, kopia ilegalak...Musikaz inguratuta bizi gara, goizetik gauera arte, nonahi, mota eta estilo guztietakoa, eta horrek xarma galdu arazten dio. Urrunak dira, erromeri batera joateko oinez eta mendiz ordu batzuetako bidea egiten zuten gazteen garaiak, pandero soil baten hotsaz dantzan eta lagunartean egoteko egiten zirenak. Orain musikak ez du merezi hainbeste esfortzu. Musika gauza arrunta bihurtu da gure bizitzan, eta bakarrik berezia edo berritzailea bada lor dezake musikak gure arreta. Gauzak horrela, eta aldez aurretik barkamenak eskatuz panorama beltzegia marraztu badut, trikitixa mundua bigarren iraulialdiaren premian dagoela uste dut. Nondik jo beharko genukeen ezin esan, baina lerrotxo hauek argi izpiren bat egingo balute, zorionekoa nintzateke. Menu GAIAK Inicio > EM 247 > Gaiak -->
2004/03/18-26