Itzultzailea "Itzultzailea sortzaile bat da; eskuetan duen obra berriro sortu egiten du" Estibalitz Ezkerra
Traducción al español Trena hartuz gero, Londrestik bi ordutara dago Norwich. Azken urte hauetan hantxe bizi da Amaia Gabantxo, Erdi Aroaren lekukotasuna Aro Garaikideraino luzatu duten eraikin gotikoez inguraturik. Herriko unibertsitatean lan egin ez ezik, itzulpengintzan dihardu Gabantxok. Hain zuzen, bere doktorego tesiak itzulpenaren eta literaturaren arteko harremana du hizpide. Zenbat itzulpen ez ote diren irakurtzen, eta zeinen gutxi erreparatzen den itzultzailean. Askotan gertatzen da, bai. Ni neu gazteagoa nintzenean Oscar Wilde edo Nabokoven lanak irakurtzen nituenean ez nuen pentsatzen itzulpenak zirenik. Baina zu zeu itzultzaile lanetan hasten zarenean, orduan jabetzen zara jatorrizko obraren eta itzulpenaren artean dagoen pertsonaz. Eta zertaz jabetu zara zehazki? Bada ez dut itzultzaileen umiltasunean sinisten. Itzultzailea sortzaile bat da; eskuetan duen obra berriro sortu egiten du. Testu originaletik abiatzen da, jakina, baina irakurri duen guztia ere, bere esperientzia, hortxe dago. Izan ere, testu bat itzultzen jartzen zarenean “irakurle ber bi” bihurtzen zara. Ez zara irakurle arrunta; testuaren barrenean sartu behar zara, eta irakurketa arrunt batean azalduko ez liratekeen hainbat kontu azaleratu ahal zaizkizu, idazleak egindako okerrak adibidez, idazleak zein editoreak antzeman ez dituzten desorekak… Beti ari zara irtenbide kreatiboen bila. Hitzetik hortzera itzultzen baduzu ez da itzulpen literarioa izango. Gramatikalki perfektua izango da, baina kutsu literarioa galdu egiten da. Itzultzaile batek onartu egiten duenean berea behar sortzailea dela, bere itzulpenak hobeak izango dira. Azken batean, ariketa kreatiboak izango dira eta ez hizkuntza batetik bestera egindako itzulpen hutsak. Nik neuk idatzi egiten dut, eta badakit zer den idaztea eta zer itzultzea. Baina ez pentsa hainbesteko aldea dagoenik. Idazterakoan, airean dagoena paperera eraman behar duzu, eta itzultzerakoan kontrakoa gertatzen da: paperean dagoena berriro airera bota behar duzu, eta ondoren paperean jaso. Azken batean, mugimendu bera da. Horretaz idazten nabil doktorego tesian, non biltzen diren itzulpen literarioa eta idazketa eta non banatu. Gaur egun itzulpen literarioan dabilen jendeak horrela ikusten du lanbidea, baina itzultzaile nagusiagoek ez dute berdin pentsatzen. Haiek asko baloratzen dute umiltasuna eta ikustezintasuna. Errespetatu egiten dut euren iritzia, baina ez nago ados. Ikustezintasuna aipatu duzula, hain zuzen horixe eskatzen zaio itzultzaileari, gehiegi ez nabarmentzea. Suposatzen da itzultzaile baten ezaugarririk onena ikustezina izatea dela, bere presentzia ez nabaritzea. Italieraz bada esaldi ezagun bat, “tradutore traditore”, hau da, itzultzaileak traizionatu egiten duela idazlearen testua. Ez dut uste hori horrela denik. Itzultzailea behar bat egiten ari da, eta idazlea bezala bakarrik dago horretan. Barruan hainbat esperientzia eta irakurketa ditu, eta itzulpena egiterakoan haiek azaldu egiten dira, nahitaez. Traizioarenaren harira, Saramagoren Lisboako setioaren historia liburuko protagonista itzultzen ari den nobelan aldaketa batzuk egiten dizkio. Bere kasuan, traizioa bete egiten da. Duela bi urte, Italian antolatu zuten itzulpenari buruzko hitzaldi batean, Lorence Benutik kontatu zuen nola Derrida-ren itzultzaileetako batek idazlearen saio batean “zentzu honetan itzulpena ezinezkoa da” idatzita aurkitu eta aldatu egin zuen. Noraino iristen da itzultzailearen askatasuna? Hori bakoitzaren esku dago. Beti egongo da itzultzaileak halakorik ezin duela egin esango duenik, baina nik itzultzailea aktore baten moduan ikusten dut. Aktore batek gidoi bat hartzen duenean, irakurri eta interpretatu egiten du pertsonaia. Itzultzaile batek gauza bera egiten du liburuekin. Zuk hartzen duzun testua lehengaia da. Horrek ez du esan nahi testuarekin nahi dudana egiten dudanik, baina nire askatasun artistikoaren barruan batzuetan gauzak aldatu beharrean nago, jatorrizko hizkuntzan ondo ematen duenak itzulitako hizkuntzan funtzionatzen ez duelako. Itzultzailearen presentzia beste historia bat da. Tarteetan gertatzen diren historiak oso interesgarriak dira, itzultzaileek eta idazleek duten harremana. Nire doktorego zuzendaria, Peter Bush, Juan Goytisoloren ingelesezko itzultzailea da. Berak esaten duenez, itzulpen bakoitzean erabilitako guztia gordetzen du: gutunak, oharrak… Goytisolok Ingalaterran atera duen azken nobela, argitaletxeak presa sartu ziola-eta, nahiko arin idatzi zuen. Peter Bushek itzulpenari ekin zionean hainbat zalantza sortu zitzaizkion, liburuko pasarte batzuk ez baitzeuden behar bezala idatzita. Eta Goytisolorengana jo zuen. Idazleak gertaturikoa azaldu zion, eta ingelesezko itzulpena obrari zenbait aldaketa egiteko aprobetxatu zuen. Beraz, ingelesezko argitalpena bertsio berrian oinarriturik zegoen, eta gaztelaniazkoan hirugarren argitaraldia arte ez zen obra zuzendua kaleratu. Kontua da Times Literary Supplement-en Goytisoloren nobelari buruzko kritika idatzi zuenak jatorrizko obra irakurri zuela, hau da, zuzendu barik zegoena, eta Bushen itzulpena gogor kritikatu zuen, originala goitik behera aldatu zuela esanez. Jakina, berak ez zekien idazlearen eta itzultzailearen artean gertaturikoa, eta gertaera honetatik horixe iruditzen zait interesgarriena: nola itzultzailearen galderek idazlea bere obra berriro planteatzera eraman zuten. Itzulpen objektiborik ez dago, beraz. Zuzen erantzungo dizut: ez dut uste itzulpen objektiborik dagoenik. Ez dago. Lehen esan dudan moduan, itzultzailea den pertsona da. Horrek eragin handia edukiko du idazteko eran, hitzen aukearketan. Interpretatzeko modua pertsonala da. Bernardo Atxagaren Zeru horiek-en aurrean, nik egin dezakedan interpretazioa edo Ingalaterrako irakurle batek egin dezakeena erabat ezberdina da. Azken batean, nik ezagutu egiten ditut liburuan agertzen diren tokiak (Bilbo, Arriaga), eta Ingalaterrako irakurle askok ez. Margaret Jull Costak itzultzen du Atxaga gaztelaniatik ingelesera. Oso itzultzaile ona da, eta nik Atxagari itzulita nizkion poema batzuk berriro itzuli ditu. Bata bestearen ondoan jarriko bazenitu, arras ezberdinak direla konturatuko zinateke. Lerro bat bera ere ez da berdina. Berak bestelako estiloa dauka, hitz gehiago erabiltzen ditu. Itzultzaile bakoitza mundu bat da, idazle bakoitza mundu bat den moduan. Itzultzaileen inguruan badira gertakari bitxiak. Marguerite Yourcenarren nobelak, esate baterako, Julio Cortazarrek itzuli zituen gaztelaniara. Yourcenarrek berak frantsesera itzuli zuen Virginia Woolf, eta esaten zuenez itzulpenak bere sormen literarioaren parte ziren. Erabat ados nago. Askotan esaten da itzultzailea idazle frustratua dela. Agian egia izango da. Cambridge Udako Itzulpen Eskolan Susanna Bassok esan zigun itzultzailea itzultzaile dela hala erabaki duelako. Idazleak gara, baina guk erabaki dugu geure idazteko modua itzulpena izatea. Arrazoia zuela pentsatu nuen. Ezagutzen ditudan itzultzaile askok ez dute idazten. Nik bai, idatzi egiten dut, baina txikitatik halaxe egin dudalako. Dena den, kasu batean zein bestean denak idazleak dira / gara. Itzultzaileak adierazteko artea du. Ezin zaio hori kendu. Itzulpena literatur genero moduan kontsideratzen hasi naiz. Zergatik ez? Susannarekin ados nago; itzultzea aukeraketa literarioa da. Ingalaterran poeta askok klasikoen itzulpenak egiten dituzte. Don Pattersonek, adibidez, Machadoren poema batzuen itzulpena egin du, baina azalean bera agertzen da egile moduan. Barruan, liburua Machadoren poemetan oinarriturik dagoela azaldu du. Batzuentzat harrokeria handia izan daiteke, baina itzulpen huts gisa agertzea lana gutxiestea zela uste du berak. Horregatik, bertsioak bailiran aurkeztu ditu. Baina azken batean itzultzaile on batek, poesian batez ere, bertsioak egingo ditu, ezin baita poema bat lerroz lerro itzuli, hortik aterako dena ez delako poesia izango, zentzua duten hitz elkarketak baizik. Poema baten barruan hizkuntzaz gainera badaude beste hainbat kontu: soinua, erritmoa, irudiak… Horrelako kasuetan ezin da itzulpen literala egin. Nire ustez ez litzateke inoiz itzulpen literalik egin behar. Hizkuntza bakoitzak bere errealitatea duela kontuan harturik, zer moduz daramazu euskaratik ingelesera itzulpenak egitearena? Ondo. Ziur aski, jende asko ez da nirekin ados egongo, baina nire ustez ingelesak eta euskarak gauza asko dituzte komunean. Nahiko hizkuntza konprimituak dira biak, eta natura munduari begira hiztegi aberatsa daukate. Alde horretatik, niretzat konbinazio perfektua osatzen dute. Zeregin erraza da euskal literatura mundu anglosaxoniarrean sartzea? Ez da batere erraza, batez ere oso gutxi itzultzen delako. Europan liburuen %15-25 itzulpenak dira, eta Ingalaterran zein Estatu Batuetan %3-4. Alde handia dago. Ez da batere erraza itzulpena egiteko kontratua lortzea, baina azkenaldian badirudi gauzak aldatzen doazela. Dena den, Euskal Herrian, geure literatura kanpoan ezagutzera emateko azpiegiturak behar ditugu. Zertarako balio du etxean idazle onak edukitzea ez badira kanpoan bultzatzen? Katalunian badute institutu bat tokiko idazleak atzerrian ezagutzera emateaz arduratzen dena. Horrelako zer edo zer behar dugu Euskal Herrian. Atxagak duela bost urte, hemen, Norwicheko unibertsitatean eman zuen hitzaldi batean intramuros eta extramuros egoerak aipatu zituen. Euskal Herrian intramuros bizi gara, barrura begira. Ez dugu kanpora begiratzen. Eta nire ustez hori horrela da oraindik, baina bada garaia kanpora begiratzen hasteko. Tamalez, Europan Euskal Herriaz oso gutxi dakite, eta dakiten apurra ez da baikorregia. Guk bakarrik alda dezakegu hori, inork ez du aldatuko geure ordez. Amaia Gabantxo
Bermeotarra jaiotzez, Literatura Itzulpengintzan lizentziatu zen Norwicheko East Angliako unibertsitatean. Gaur egun, Norwichen bizi da, eta euskaratik ingeleserako itzulpenak egin ez ezik literatura klaseak ematen ditu East Angliako unibertsitatean. Era berean, literatur kritikak idazten ditu Times Literary Supplement-en.
Besteak beste, Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundiren lanak itzuli ditu. Renoko Unibertsitateko Euskal sailaren gidaritzapean, ingelesez argitaratuko den euskal ipuinen antologian parte hartu du. Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 247 > Elkarrizketa -->
2004/03/18-26