245 Zenbakia 2004-02-05 / 2004-03-12
2004/02/05-12 Gürs-eko jente zerrategia Jean-Louis Davant
Traduction au français
Gürs-eko jente zerrategiaren historia oritarazten deigü Mauleko libürütegi püblikoan antolatü den erakusketak. Horren hobeki ezagützeko, irakurri behar da hor ageri zen libürü bat, hura baita Claude LAHARIE jaunaren "Le Camp de Gurs, 1939-1945, un aspect méconnu de l'histoire du Béarn".
Jente zerrategi hori 1939ko bedatsean eraiki züan DALADIER jaunaren gobernüak. III. Errepüblikan ginen orano, doi-doia ürrentürik zen Espainiako gerla, ez zen orano hasten mündüko bigerren gerla. Eüskaldun güdariak aterbetü behar zütüan Gürs-eko zerrategiak. Milaka atetürik zaudean Argelès-eko ondartza edo plaja lüzean. Eüskal Herria galdürik 1937ko üdan, ahal zirenak joan ziren Kataluniaren defendatzera Franco-ren aitzi. Bena hau nausitü zen han ere 1939ko urtarilan, eta iparraldealat ihes jin ziren Errepüblikaren aldekoak saldoka, haien artean eüskaldün güdariak. Sei milako bat sartü zen Gürs-en. Gürs-en : nor eta nola
Beti Frantziako gobernüaren peko egon zen horko zerrategia, Vichy-ren denboran ere. Lehenik zaintü züen jendarma mobilek, gero 1940ko azarotik honat zibilek. Üsüan kartielekoak ziren zaintzale zibil horik. Presonerekin ez ziren gisala bortitz. Halere miseria bat zen hor egoitea, jente sobera beitzen eta berehala desgisatü beitziren etxola eta gainealako ekipamentü güziak. Hor nausi ziren arratuak, debeiüa, familiatik eta ofiziotik hürrün izatea, geroaren beldurra eta lotsa… Gürs-eko jente zerrategia.
1939ko apirilaren 5etik 1945eko abentüaren 31-la, 60 000 jente aterbetüko dütü Gürs-ek : horietan eüskaldünez beste 18 000 errepüblikatiar soldado, eta jüdio hanitx, bereziki aleman jüdio. Horietatik lau milako bat Alemaniari emanen dü Vichy-ko gobernüak, eta deportatü haboroxeak han hilen dira gerla denboran.
Gerla ürrentzean Gûrs-eko zerrategian sartüko dira 310 aleman presoner, horietarik 210 Xiberoko makiek atzamanak, 1500 frantzes, kolaboratzeaz aküsatürik, eta 1500 "espainiar iheslari". Horik üsü maki ohi elibat dira, Franco-ren ohiltü nahiz bortüa igaran düenak, eta güdüka galdürik gibel ützüli direnak. Gürsen egonaldi llabürra eginen düe. Halere ez zen eijer alemanen kantüan zerratzea ! Gürs-eko eüskaldünak
Claude Laharie-ren libürüan üsü agertzen da eüskaldün presoren aipamena, dokümentü ofizial elibaten kopiaz bermatürik. Adibidez 78. Ostoaldean ikus daite holako baten fotokopian xehetarzün hau : "Basques…3484". Alde gainetik Laharie-ren titülü hau : Basques, "Aviateurs", "Internationaux" et "Espanols". 1939ko agorrilaren 23koa da dokümentü hori. Sinazalea : "Le chef d'Escadron DAVERGNE, Commandant de camp".
363. ostoaldean berriz irakur daite : "Annexe I, effectifs internés au camp de Gurs. I Réfugiés venant d'Espagne (du 5 avril au 31 août 1939) - Basques… 6555". Bi kokümentü horien artean, Laharie-k noiz nahi aipatzen dütü les Basques, bereziki argazki edo foto elibaten pean, hola nola 85, 89 eta 99. ostoalde haietan.
Gero 800 zibil eüskaldün zerratü zütüen 1940ko maiatzean. Eüskal alderdietako kideak eta bürüzagiak ziren (E.A.J. , Eusko Ekintza alderdietakoak), eta E.LA. sindikatekoak. 1940ko arramaiatzaren 21etik aitzina libratüko dütüe, aleman armada jinen delako beldürrez eta lotsaz. Parte hon bat Ameriketarat joanen da, AZPIAZU apez omonieraren lagüngoari esker. GERO MAKIETARAT
1939-1940ko gerla bat hasi ondoan, lanealat joanen dira eüskaldün güdariak eta beste errepüblikatiar haboroxeak, soldado joan diren frantzesen ordari : arma eta hegazkin edo aireplan egingietan, Landetako eta bortüko oihanetan, harzilo, harrobi, hardoi eta bese gisako lantegietan.
1942ko azaroaren 11tik honat, aleman armada zona libroan sartüko delarik, makien antolatzen hasiko dira güdari horik eta espainolak. Frantziaren libratzean parte handia hartüren düe Akitanian eta "Midi-Pyrénées" eskualdean. Azkenekoz parte batek moldatüko dü ORDOKI komandantaren Euskal Brigada, eta Pointe de Grave-k güdükaren ondotik, horien ikurriña ohoratüren dü Bordeleko ibilbidian de Gaulle jeneral-presidentak.
Güdariak ofizialki "Basques" bezala ezagütü zütüan Frantziak, eüskal gobernü bat bazelakoz AGUIRRE lehendakariaren manupean. Autonomia bazüan ekisargiako Eüskal Herriak. Badakigü hori ez dela independentzia osoa; Bena Madril-etik Franco-ren armadez moztürik beitzen osoki beregain izan bazen bezala erauntsi züan Aguirrek, bere armada edo gudalostearekin. Beste hau ere aitortü behar da : 1944eko agorrilan, Gürseko zaindari zibil elibatek (hogeita zonbait ziren) Maule eta Atharratzeren libratzeko güdüketan parte hartü züen. Boutry tenientea bürü, Xiberoko makiekin.