Jean-Louis Harguindeguy, duela 50 urte Québec-en! [1] Jean-Louis Harguindeguy, duela 50 urte Québec-en! * Traduction au français de l'original en basque Xabier Harluxet Pertsona batzuren historiak bizi izan diren herriari buruz zernhai datu ekartzen dizkigute. Hain xuxen ere horietako bat dugu Jean-Louis Harguindeguy-rena! Euskal Herritar honen bizia, Québec herriaren azken 50 urteen historiari lotua da. Azken mende erdian, gainera, Québec herriak berezitasun bat bizi izan du: delako "iraultza lasaia". Garai hartakoak dira gehien bat Harguindeguy jaunaren historiako gertakariak edo parte hartzaileak. Irakurleak hobekio ulert dezan Québec-eko giroa 1960 eta 1980 urteen artean, delako "iraultzaren" garaian, definizio baten aurkeztera goaz. Hara nola, erraiten ahal da momento haietan "Québec-tar" naziotasuna aldarrikatu dela "Canadiar-frantsesdun" izenaren ordez. Ber denboran, Québec-tar frantses hizdunak modernitatean sartu dira: naziotasunaren, ekonomiaren eta ber-antolaketen edo erroformen giderrak Estatu Québec-tarraren bidez kudeatuz. Hori guzia, denen arteko oniritziari esker. Jean-Louis Harguindeguy-ren esperientzia pertsonalaren bidez, murgil gaitezen beraz Québec-en azken bost hamarkadetako historian. Harriduraz konturako gira Euskal Herriko etorkin baten biziak nola hurbilduko gaituen "iraultza lasaiaren" jokalari eta ezaugarri batzutaz. Euskal Herritar Gazte baten heltzea Québec-era! 1952ko otsailaren 15an, Maite arrebataz lagundua, lehen aldikotz Canadara heldu zen Jean-Louis Harguindeguy. Garai hartan, zazpi eguneko bidaia egin zuen Cunard konpainiako itsasontzian. Sortzez, Donapaleukoa da eta ikasketak Uztaritzeko Seminario Ttipian eta St-Louis-de-Gonzague Baionako Kolegioan eginak ditu. Gazte eta laster ezagutu zituen beraz ingurumen aldaketaren sentipenak. Canada ekialdean den Halifax-eko portura lurreratu ziren eta handik treina hartu zuten Montréal-i buruz. Horrela, hamabost orduko bidaia egin zuten, negu giro hotz batean, aitaren gana heltzeko. Burasoen erabakia baitzen familia etorkin gisa Québec-era etortzea. Horiek izan ziren, doi doia hamabost urte zituen euskal herritar gaztearen lehen harremanak Ipar Amerikarekin. Lan Munduan lehen pausuak Ukan zuen lehen lana, kontu eramailearen laguntzaile izan zen "Crédit Foncier Franco-Canadien" empresan, Montréalen. Buruzagitzarekin iritzi ezberdintasunak zirela medio lanez aldatzera erabaki zuen. Halabaina, astero 5 $ kanadiar-eko emendioa nahi zuen, horiek 1954an, eta lan emaileak aldiz, kontu eramaile diploma unibertsitatean lortzeko behar zituen gastu guziak bere gain hartu nahi zituen. Gaur egun, gaztaroko tema aldi baten oroitzapena bezala berriz gogoratzen zaio gertakari hori Harguindeguy-ri. Gero, Montréal-go burdin denda haundi batean segitu zuen bere lan munduko esperientzia. Han, berriki empresan sartzen diren gazte ainitz bezala, arlo guzietan lanean arizan zen delako "sky hook" (edo zeruko kakoa) bilatuz. 1955-an Canadiar Armadan sartu zen. Québec hiriko Valcartier auzoan den "Royal 22e Régiment"-ean treinua egin zuen. Ondorioz, Alemaniara joan , Werl-era, garai hartan okupazio armada bezala kontsideratua zen gudarostera. Europaruntz egin zuen bidaia, Canadara eraman zuen ber itsasontzian izan zen: giro eta serbitsuak kaxkarragoak izan ziren aldi hontan... Bi urte berantago, berriz Québec-era itzuli zen, ber garraio medioarekin eta Valcartier-en soldadu gazteen irakasle jarraitu. Laster lortu zuen administrazio serbitsuetara transferentzia. Hara nola, kontabilitateaz arduratzen zen departamendu batean lan egiten hasi zen. Bitarte hortan, Normandiako emazte batekin ezkondu zen. Hura Alemaniatik, Frantzia aldean hartzen zituen oporretan ezagutu zuen. Ondorioz Canada-ra joan zen eta hiru haur ukan zituzten: Rose-Marie, Catherine eta Pierre-Louis. Armadatik sindikatura 1964-an, berriz ere iritzi ezberdintasunak ukan zituen bere lan emailearekin: armadarekin. Kingston hiriko Eskola Militarrean inglesez segitu zuen formakuntzan lehen atera zen. Hango sailkapena, Québec-eko militarrek ez zuten behar zen heinean ezagutu. Hara nola ez zioten eskaini formakuntzaren arabera behar zuen postu eta diru saria. Orduan, erabakia hartu zuen bere ofizio aitzinamenduaren geroa bere gain hartzea!Harek dion bezala, Euskal Herritar zintzo baten modura, iraupenari eta justiziaren ardurari eutsi zion: zuzenean Defentsa Ministeritzara jo zuen eta harek onartu zuen formakuntzaren arabera merezi zuen soldata "akats administratiboa" zuzenduz. Ber urtearen hasieran, udaberrian sartzean, lan eskaintza bati erantzun zion. Québec-eko Jaurlaritzarentzat kontabilitate arloan begiratzaile edo egiaztatzaile gisa. Agorrilean baiezkoa lortu zuen eta kargua onartu. Garai artan, Québec-eko Jaurlaritzak sindikalizazio kanpaña haundi bat ezagutzen zuen. Harrigarria zen zeren orduko Lehen Ministroak zion: "Erreginak ez du bere mendekoekin negoziatzen". Biziko esperientziak Jean-Louis Harguindeguy-ri asko arlotan esaldi hori oraino egia dela erran arazten dio gaur egun. Nola asko elkartetan implikatua zen ordu arte, ez zuen oportunitate hori huts eginen. Hara nun, lanpostua asumitu zuen ber egunean erabaki zuen sindikatuko kide txartela izenpetzea eta antolakuntza mailan arduratzea. Gutti barne, 1965-ko udaberrian, onartzen zuen, lehen aldikotz, sindikatuko buruzagi kargu baten hartzea. Hori Québec-eko funtzionarioen sindikatuan izan zen. Sindikatu hortan berean jarraitu zuen 1993 urtea arte. Lehen bi urteetan, sindikatuko egin beharrak haren ministeritzara mugatzen ziren: hirietako gaieri lotuak ziren lanak. Jean-Louis Harguindeguy, Québec osoko eskolentzat ziren epe luzerako diru maileguetaz arduratzen zen. Horrez gain lortu zuen Guy St-Cyr-ekin Québec hiri eta eskualdeko Soccer-Football kirolaren promozioa egitea. St-Cyr jauna, jatorriz Haiti-koa, Harguindeguy-rekin Québec-eko Jaurlaritzan ari zen lanean. Bien artean lortu zuten bi ligen antolatzea (senior et junior mailakoak), formakuntzen eskaintzea, arbitro eta irakasle bezala aritzea Québec eskualdeko gazteentzat. Ikusiz gaur egun duen garra kirol horrek, lur onetan hazia erein dutela dio Harguindeguy-k! Garai hartan ere erabaki zuen Québec hiriko Laval Uniberstitatean, 1954-an baztertu zituen kurtsoen amaitzea! 1967-ko udazkenean, sindikatuko lehendakari-orde hautatua izan zen "Syndicat des Fonctionnaires Provinciaux du Québec (SFPQ)"-ean. Sindikatu horrek 40 000 pertsona biltzen zituen. Québec herri osoan funtzionario publiko zirenak: bulegoetan, arlo tekniko eta eskulanetan, etab... Horotara 300 bat lan arlo diferenteetan ziren langileak: Jaurlaritzako hegazkin gidaritik, bideetako langileetara, bulegoetako idazkarietarik pasatuz... 1969-ko udazkenetik 1973-ko udaberria arte sindikatuko idazkari orokorra izan zen. Hortik landa, 1973-ko maiatzaren 19tik, 1993-ko maiatzaren 19a arte, beraz 20 urtez, berriz bozken bidez hautatua izan zen SFPQ-ko Lehendakari gisa. Kargu horren medioz, Jaurlaritzako enplegatuen komentzio edo hitzarmen kolektiboen negoziazoaren arduradun izan zen 6 aldiz. Horren lortzeko medio diferenteak behar ukan zituen erabili: galde edo presio sinpleak, greba partzialak edo orokorrak. Kasik pertsonalitate publiko bilaka arazi zuen egin behar horrek. Gainera harreman asko har arazi zizkion pertsona politiko ospetsu frangorekin. Hara nola hurbiletik ezagutzeko parada ukan zituen garai haietan Québec-eko Lehen Ministro izan ziren asko pertsonalitate: Daniel Johnson, aita, eta Pierre-Marc Johnson, semea, Robert Bourassa, René Lévesque eta Jacques Parizeau besteak beste. Ohartaraztekoa da Robert Bourassa-k ohoratu zuela Harguindeguy, FranÇois Mitterand-en bisita ofizialearen karietara egin zuen afarira gomitatuz: sindikal ordezkari bakarra izan zen. Laneko egin beharrek ere Jean-Roch Boivin, Lucien Bouchard eta Bernard Landry ezagutzeko parada eman dizkiote hauek Lehen Ministro bilakatu aintzin. Sindikatuko Lehendakari gisa, 15 milio $ kanadiar-eko aurrekontua behar zuen urtero barne serbitsuentzat kudeatu. Sindikatuak berak, 100 enplegatu lan eginarazten zituen administrazio eta tekniko arloetan. Arlo pertsonalean, ezkontza berri batek Herguindeguy bere andreari lotu du kasik 30 urtez, haren heriotza arte. Bateratze hortarik Esteben semea sortu zen. Gaur egun, 1993-ko maiatzetik geroz, "erretretan" bada ere, zer nahi aktibitatek Jean-Louis Harguindeguy-ren bizia animatzen dute. Sindikatuko Burutzagitzati Euskaldunak-eko buruzagitzara 1995-ko udaberrian, Office Franco-Québécois de la Jeunesse elkarteak eta Musée de la Civilisation de Québec-ekoek galdegin zioten haren laguntza. Euskal Dantzari talde baten etorrera behar zuen antolatu euskal kozina eta pilotaren promozioa egiteko Québec-eko hirian. Ekitaldi horren karietara, Québec-en gaindi ziren euskal herritarrei gomitak igorriak izan ziren prentsaren bidez Musée de la Civilisation de Québec-en lehen elgar etaratzean parte hartzeko. Errezebitu zituzten erantzunak baikorrak eta animatuak zirenez, urrats gehiago eginak izan ziren "Euskaldunak" l'Association des Basques du Québec sortzeko. Mapa politikoak laguntzeko: Interaktiboa [2] eta normala [3] Iturria: Ressources naturelles Canada-Natural Resources Canada 1995-ko urtea ere Parc de l'Aventure Basque en Amérique-en idekitzearena izan zen Trois-Pistoles-en. Haren kudeaketan parte hartu zuen Harguindeguy jaunak 5 urtez. Honela Euskal Herritarrek eta baita Qubéc-tarrek parada ezin hobea dute Saint-Laurent ibai hertzean Euskal arrantzale eta herriari buruzko museo bat eta pilotaleku bat aurkitzeko! Azkenik, 1997an, berriz hurbildu da sindikatuen mundurat. Jean-Louis Harguindeguy-k onartu zuen zuzendari administratibo kargua Fédération Indépendante des Syndicats Autonomes (FISA)-ean. Lan hori urtebatekoa izan behar zen, baina azken urteetako egoerak (hirien arteko fusioak, etab.) egundaino kargu hori bete arazten diote. Hala ere, egiazko erretreta etorriko zaiolakoan da Jean-Louis Harguindeguy. Horren karietara ez du dudarik Euskaldunak Elkartearen ekitaldiei bultzada berri bat emaiteko nahiko denbora ukanen duela Québec-hirian bai eta ere Québec herrian! Oharra - Azken hitza Irakurleak konturatuko dira testo hau esperientzia pertsonal baten narrazioa bada ere erreferentzia historiko edo izen ospetsuz betea dela. Hortarako, gonbidatua da Québec-eko historioa eta egoera hurbiltzeko edo ezagutzeko beherean lotzen ditugun helbideen erabiltzea. Ber moldean, Euskaldunak elkartearen bidez, Jean-Louis Harguindeguy eta beste Euskal Herritar batzu ezagutzeko parada duzue heien esperientziari esker Québec-en historioa eta egoera hobekio ulertzeko. Ea ba ondorengo testu batean Québec-eko Euskal Herritarren munduari buruz zehaztasun gehiago hel arazten dizkizuegun. Hauen aurkezpenaren bidez, Québec herriaren historian eta gaur egungo bizian dudarik gabe molde onean murgiltzeko aukera izanen dugu eta. ----------- Xabier Harluxet
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.