189 Zenbakia 2002-11-22 / 2002-11-29

Gaiak

Zer da Seaska?

IBARBOURE, Pantxika

Zer da Seaska? Zer da Seaska? Pantxika Ibarboure "Ikastolaren erakaskuntza hizkuntza euskara da. Ikastola euskal eskola da, bere berezitasun pedagogikoarekin ingurugiroari irekia. Ikastola euskararen berreskuratzerako proiektu orokorrean kokatua da. Euskararen ofizialtasuna Seaskaren helburuetariko bat da" (Seaskaren helburuak, 1995ko otsaila). Euskara desagertzeko zorian da eta biharko gizartea osatuko duten belaunaldi berrien mailan, joera hau baieztatzen da. Ikastolak parte har dezake egoera honi aurre egiteko behar diren aterabide eraginkorretan. 1969an, guraso multzo ttiki batek Iparraldeko lehenbiziko ikastola irekitzen du, Arrangoitzen. Elkarte berriak euskarazko erakaskuntza (D eredua) bultzatu nahi du, metodo pedagogiko aitzindarien bidez. Eginmolde honek jende guztia zur eta lur uzten du baina pixkanaka pixkanaka pentsamoldeak aldatzen dira. Idekitze hau eta 10 urte geroago, ikastola gizartean errotua da eta guraso, erakasle eta laguntzaileei esker, Seaskak urtero ikastola berriak irekitzen ditu. Lehen urratsak Ikastolen ezagutzarantz Ikastolak emeki eta nekez garatu dira erakaskuntza murgiltze sistema berri honen onuraz (D eredua) gurasoak konbentzitu behar zirelako, erakasleen formakuntza bermatu behar zelako eta eredu honen garapenaren aurkako politikari aurre egin behar zelako. Lehen urteetan Seaskak diru karguak segurtatzen bazituen ere, denbora joan ahala eta haur kopuruen emendatze etengabea dela medio gero eta zailago bilakatzen da. Egoera honen aitzinean, Seaskak frantses Hezkunde Ministeritza eta tokiko erakundeengana jotzen du diru karguak haien gain har ditzaten. Hezkunde Ministeritzarekin urte batzuk negoziatu ondoren, Seaskak 1994an adostasun hitzarmena izenpetzen du, ikastolari eskola pribatuko estatutua ematen diona. Protokolo honi esker ezagutza egituratua ematen zaio ikastolari eta "professeur des écoles" delako diploma gainditu dutenenen erakasleei hilabete saria Hezkunde Ministeritzak bere gain hartzen du. Bestalde, frantses eta matematikakoebaluaketak egiten dira bigarren mailan sartu aitzin. Izan ere, Hezkunde Ministeritzak Seaskari galdetzen diona zera da: 6.ean (D.B.H.) sartzeko, ikastoletan ibili diren ikasleek, frantses eskoletan ibili direnen maila izan behar dute frantses eta matematiketan. Gaur egun, 2000 ikasle inguru eskolaratuak dira ama ikastolatik batxilergoraino Seaskak dituen 23 ikastoletan (3 kolegioak eta lizeoa barne). SEASKAko PARTAIDEAK: HARREMANAK Seaska elkartean bilduak diren ikastolek harreman estuak dituzte elkar laguntza eta osagarritasun egituraketen bidez. Ikastolen elkarretaratze honi esker, Seaska indartua eta sendotua da bere desmartxa guztietan, ikastola bakoitza partaide eta erantzule sentitzen baita Seaska elkartean. Bere eredua indartzeko hizkuntz eta pedagogi mailetan eta euskararen normalizazioaren dinamikan, Seaskak partaide sare sendo eta iraunkorra atzeman eta eraiki du berarekin lan egiteko. Seaska Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko kide da. Euskal Herriko ikastolen elkarteekin batera, Seaskak amankomuneko euskal eskolaren proiektuan dihardu. Seaskari ezagutza juridiko berria ematen dion europar estatutu juridiko ofiziala izan da iazko berririk handiena. Ditugun amankomuneko helburu eta proiektuek bultzatzen gaituzte alde batetik gure sistemaren egituraketa eta antolaketa berria sustatzen eta bestetik gure eredua sendotzen duten proiektuak garatzen (Hizkuntz Proiektua, Euskaraz Bizi etab...). Seaska Iparraldean euskararen garapenaren alde diharduten erakundeetan kide da. Honela, federazioak parte hartzen du: Euskal Konfederazioan, Euskal Kultur Erakundean, Hizkuntza Kontseiluan. Hausnarketa eta ekintza gune hauei esker, euskararen aldeko euskal indar guztiak bilduak eta koordinatuak dira. Seaska ISLRF eko kide da. Egituraketa hau Frantzian murgiltze sistema erabiltzen duten beste federazioek osatzen dute: Bretoin eskolak (DIWAN), Okzitandarrak (CALENDRETAS), Katalanak (BRESSOLA) eta Alsaziarrak (ABCM). Erakunde honek: Federazio hauek erakasle postuakidekitzea erabakitzen dutelarik, administratiboki kudeatzen ditu. Seaskak erakasle postu bat idekitzea erabakitzen duelarik, ISLRF abisatzen du. Ondorioz, Seaskak izanen dituen bere erakasleentzat formakuntza eskaintzeko gai da. Akademiako Ikuskaritzak (frantses hezkuntza administrazioa) inposatzen dituen frantses eta matematikako ebaluaketen emaitzak koordinatzen ditu. Lan horri esker frantses Estatuak murgiltze sistemaren (D eredua) emaitza onen berri du gure ikasleen emaitzak frantses eskolako elebakarrenenak (A eredua) baino hobeagoak izan direlako betidanik. Seaskako ibilmoldea Seaska elkartean bilduak diren ikastolek harreman estuak dituzte elkar laguntza eta osagarritasun egituraketen bidez. Ikastolen elgarretaratze honi esker, Seaska indartua eta sendotua da bere desmartxa guztietan, ikastola bakoitza partaide eta erantzule sentitzen baita Seaska elkartean. Gurasoen lana ere garrantzitsua da ikastolaren jarduera, ibilmoldea eta kudeaketan. Ikastolek ahal bezain guraso biltzen dituzte erakasleekin batera ikastolaren bizian parte har dezaten. Horretarako, Seaskan bertan, konsultatzaile eta erabakitzaile taldeak badira: Ikastolen Kontseilua: Ikastolen Kontseilua Seaskako Biltzar Nagusia da. Eztabaidatzeko eta norabideak hartzeko gunea da. Ikastolen ordezkariek eta Seaskako Batzorde Eragileak osatzen dute. Ohizko bilkuretan biltzen da urtean bi aldiz federazioko norabide eta mugimenduak bozkatzeko: norabide txostenak, aurrekontuak, txosten morala... Seaskako Batzorde Eragilearen (junta) kideak izendatzen ditu Batzorde Eragilea: hautatutako 11 kidek (ikastolen ordezkariak eta langileak) osatzen dute. Elkartea kudeatzen du, Ikastolen Kontseiluan hartutako norabideak betetzeko medioak atzematen ditu. Bere eginbeharrak bideratzeko, Batzorde Eragileak profesionalengana jotzen du pedagogi, ekonomi, sozial eta harreman arloetan. Talde profesionala honen eginkizuna Seaskak eta ikastolek behar dituzten ekimenak koordinatzea, animatzea edota zuzentzea eta bultzatzeada. Zuzendari batek koordinaturik, 8 pertsonez osatua da. Kudeatzen eta animatzen ditu federazioari dagozkion eta talde pedagogikoari delegatuak diren zereginak. Xehetasunetan sartu gabe, hona hemen eginkizun guzti hauen ardatz nagusiak: Pedagogi arloan: Seaskak eredu pedagogikoa definitzen du, erakaskuntzaren kontrola segurtatzen du, ikastolek bururatzen dituzten esperientzia pedagogikoak koordinatzen eta ebaluatzen ditu. Seaskak akademietako erakundeekin erakasle postuak negoziatzen ditu ikastoletan banatu aitzin. Erakasleen eskaera eta behar guztiak kontutan hartuz, Seaskak hastapeneko formakuntza eta formakuntza jarraikia antolatzen ditu. Zailtasunak dituzten haurrei laguntza emateko, Seaskak langilego aditua du. Bestaldetik, laguntza horri esker haur "ezberdinak" (elbarrituak edo buruko zailtasunak dituzten haurrak) Seaska integratu dute. Ekonomi arloan, ikastola bakoitzak bere aurrekontua kudeatzen duen arren, Seaskak aholkularitza eta laguntza zerbitzuak proposatzen dizkie ikastoletako diruzainei. SEASKAko NORABIDE NAGUSIAK Garapena Ikastolen garapena da federazioaren ardatz nagusietariko bat (ikastola berrien ideki, eragile politiko eta administratiboak euskarazko erakaskuntza proposatzera bultzatu, langilegoa hautatu...) Seaskak, azken urte hauetan, bere komunikazio kanpaina jende multzo zehatz bati (0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten gurasoei) zuzendu du bereziki. Estrategi honen bidez saiatzen gara: Seaska eta ikastolak errotzen Iparraldeko gizartean saihestezineko eragile bilaka daitezen, Pertsonen ordezkapenak ebaluarazi euskararekiko, euskara gero eta gehiago erabiltzeko gizartean. Ikastolan haurra emateko gogoa piztu, frantses eskola sistemak betetzen ez dituen nahien erantzunak ekarriz: elebitasun goiztiarra, euskal balore kulturalak, pedagogi ezberdina, eleaniztasuna... Horretarako, urtero komunikazio kanpaina garrantzitsua antolatzen eta urtean zehar ikastolekin batera langilegoa hartzen dugu hautatu dugun multzoan hurbileko lanaeramanez. Ikastolen garapena Haurren matrikulazio kanpainaz gain, federazioak eraikuntzen politika eramaten du ikastolentzat. Arlo honetan trabak badira, Falloux frantses legeak ez baitu baimentzen diru iturri publikoak eraikuntza pribatuetan. Hala ere, erakunde publikoekiko harremanak federazioko lehentasunetariko bat da. Hizkuntza eta pedagogiko ereduaren sendotzea Lehentasuna E.H.I.K. an eramaten dugun lanari ematen diogu. Ikastola sendotu nahi dugu amankomuneko indarrak eta ahalak elkartzea posible dela erakusteko. Pantxika Ibarboure Seaska Euskonews & Media 189.zbk (2002 / 11 / 22 29) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria