187 Zenbakia 2002-11-08 / 2002-11-15

Gaiak

Adimena berezko duten gizakiak

ETXEBARRIA, Izaskun

Adimena berezko duten gizakiak Adimena berezko duten gizakiak * Izaskun Etxeberria Ba dago uste okerrik edo estereotipo faltsurik? Guztiok inoiz zerbait entzun dugu adimena berezko duten gizakiei buruz edo adimen gaitasun handia dutenen gainean, baina gaiaren inguruan uste oker eta aurreiritzi ugari daudela onartu beharrean gaude. Egunkarietan edo telebista saio batzuetan noizbehinka berri harrigarriak kaleratzen dira gizaki hauei buruz: jeinuak direla, supergizon edo superemakume direla, eroak direla eta abar eta talentu, jeinu edo aurretiar kontzeptuak ondo bereiztu barik erabiltzen dira. Gaiaren trataera hau dela eta, eta beste arrazoi batzuengatik, gizartean oro har eta hezkuntza munduan baita ere, irudikapen ez egokiak edota okerrak behar baino gehiagotan topo egiten ditugu. Gai honetaz lan egiten edo ikertzen ari diren adituek jendearengan hedatuen dauden estereotipoak eta aurreiritziak plazaratu dituzte. Uste hauek bai adimenaz, bai nortasunaz, zein ikasteko eraz zein erlazio sozial edo gorputzaren ezaugarriez argibideak ematen dizkigute. Hauetariko batzuk aipatzearren, eskolan oso ondo dabiltzanak beti uste izan da emaitza akademikoak ezin hobeak izango dituztela, dena bikain egiten dutela okerrik edo akatsik gabe. Maizegi entzuten da asko ikasten duten ikasleak direla eta irakurtzen denborarik gehiena ematen dutela . Hauek irakasgai guztietan eta bizitzako arlo gehienetan goi maila lortzen dutela. Hau ez da egia biribila. Kasu batzuetan eskolan oso ondo egokiturik eta arrakasta izaten duten arren beste batzuetan arazoak izaten dituzte, gehienetan motibazio eza eta hainbat kasutan baita eskola porrota ere. Beste uste oker bat da haur hauen garapena ezin hobea dela; ez bakarrik adimenaren aldetik, emozioen arloan ere bai, baina batzuetan haurra ez da oso heldua izaten eta bere egokitze ibilbidean laguntza beharrizanean egon daiteke. Kontuan izan behar dugu bere adinekoek baino garapen aurreratuago dutela adimen aldetik baina gorputzaren garapenean edo nortasuneanbere adinekoak bezalakoak direla. Oso iritzi zabaldua da gizaki hauek sufritzen duten pertsonak direla eta beren nortasun eta osasuna egongaitza eta ahulak direla. Batzuetan egia izan arren beste askotan pertsona zoriontsu eta egoki gizarteratuak izaten dira gainontzekoen moduan. Pertsona hauei eransten zaizkien ezaugarri fisikoen artean potoloak direla, betaurrekoak dituztela, intelektual itxuradunak, ahulak eta sarri gaixotzen direnak... Adimen gaitasuna berez mantendu eta garatzen delaren ustea ere hor dago, baina guztizko iritzi okerra da. Gure hazkuntza eta osasunerako elikagai desberdinen beharra dugun bezala, adimena ere zaindu, elikatu eta sendotu beharra dago. Askok uste dute, profesional batzuek barne, ez dutela laguntza beharrik. Adimen gaitasun handia izatean, euren kabuz eta bakar bakarrik aterako direla aurrera inolako laguntzarik gabe. Esperientziak aurkakoa aditzera ematen digu eta gaur egun Hezkuntza Lege desberdinek Hezkuntza Premia Bereziak dituzten haurrak direla onartzen dute eta hezkuntza aldetik eman beharreko erantzun batzuk legeztaturik daude: egokitzapen curricularra, taldekatze bereziak edo azelerazioa besteak beste. Zalantza barik laguntza behar duten gizakiak dira beren motibazioan, ikaskuntzan, besteekiko harremanetan, hala familia harremanetan nola irakasleekiko hartu emanetan. Zeintzuk dira euren ezaugarriak? Estereotipoetatik alde egiteko argi izan behar da pertsona hauek oso ezberdinak direla euren artean. Ezaugarri batzuek berberak izan daitezke baina ez dago eredu bat bakarra euren ezaugarriak definitze orduan. Beste pertsonen artean gertatzen den bezala, ezintasunen bat dutenak barne, beti ematen da aniztasuna. Txiki txikitatik garapen aurreratua edo goiztiarra eduki dezakete. Bere adinari dagokiona baino lehenago garatzen dira hainbat arlotan: begiak zabal zabalik edukitzea jaio eta denbora gutxira, gauzak behatzea eta manipulatzea, arreta mantentzea .. Hitz egiten laster ikasten dute, batzuetan oinez ikasi baino lehenago. Hizkuntzahasieratik ondo erabiltzen dute: hiztegi zabala eta zehatza, hizkuntz egitura zuzenak, hitz abstraktuak erabili, hitz berrien esanahiaz galdetu, ... Jakin min handia: galdera asko egiten dituzte, batzuetan etengabe, ezagutzearen beharra agertzen dute, behatzaile zorrotzak dira, interes ugariak dituzte, sarri askotan beren adinekoek baino nagusiagokoenak direnak eta informazio zabala dutela erakusten dute. Haurtzarotik ikusten da esploratzeko duten joera. Irakurtzen arin ikasi dezakete, inoiz eskolara joan aurretik baina ez halabeharrez. Gurasoek esaten dute bakarrik ikasi dutela, inoren irakaspenik gabe. Modu induktiboan ikasi dute, galderak eginaz eta ondorioak atereaz. Irakurketa funtzionala ikasten dute: Zer jartzen du hemen? Zer zenbaki da hori? Zeren ikurra da hori? Operazio eta jolas matematikoak egiteko trebetasuna arin ager dezakete, ikurrak manipulatzeko erraztasun handia dutelarik. Denborarekiko interesa txiki txikitatik. Orduaz, iraganaz, jatorriaz asko galdetzen dute, baita ere ezezagunak diren gauzei buruz: etorkizuna, espazioa, zulo beltzak... Jolas arautuak oso gustuko dituzte eta betetzen ez direnean oso haserre jartzen dira. Ikasteko erraztasuna: oso abiadura bizian eta erraz ikasten dute, azalpen bakarrarekin nahiko izaten dute gehienetan, oroimen itzela, iraunkorra eta zehatza, ulermen gaitasun handia. Erabiltzen dituzten prozesu mentalak eta estrategiak ezagutzen dituzte eta ikasitakoa testuinguru ezberdinetan erabiltzeko gai dira, ezagupenak erlazionatzeko izugarrizko erraztasuna agertzen dutelarik. Sormen handia batez ere gogoko duten jardueretan. Bizitzako arlo guztietan erabiltzen dute sormena. Arrazonatzeko bide berriak bilatzen dituzte. Ohikoa, errepikapena, errutina ez dute batere maite izaten. Arazoak era orokorrean aztertzen dituzte, aspektu ezberdinak kontutan hartuaz eta konplexutasuna oso gustuko dute. Gauzak modu ezberdinean ikusteko gaitasuna ere badute. Ideiak arakatzeko joera naturala. Sormeneko eginkizunetan behineta berriro murgiltzen dira, ikasteko premia behin eta berriro agertzen dutelarik. Arazo edo buruketa baten aurrean erantzun posible ezberdinak eta zehatzak ematen dituzte. Umore zentzua ona eta fina izaten da . Jolasa biziki maite dute, jolas ekintzetan energia handia kanporatuaz. Independenteak: luzaroan egon daitezke bakarrik jolasean, telebistaren aurrean, jostailuen artean... Sarritan bakarrik lan egitea gurago dutelarik. Sentsibleak: munduko arazoen aurrean, sufrimenduaren aurrean. Justiziaren zentzua oso garatua dute. Bidegabekeriak jasan ezinak egiten zaizkie. Hitza eman eta ez betetzea nekez barkatzen dute. Balio unibertsaletarako joera goiz agertzen dute. Batzuetan perfekzionistak izaten dira neurri handian. Ekimenak bikain egiteko premia dute. Beren giza arlo ezberdinak garapen erritmo ezberdina darama. Batetik adimena garatzen da baina gorputzak, sozial eta emozional arloek beste garapen erritmo bat dute. Beraiek baino helduagoak direnekin egotea dute gogoko eta euren mailako lagunak aurkitzeko zailtasunak izan ditzakete. Lidergorako trebetasunak maiz ematen dira pertsona hauengan. Betetzen dira pertsona hauek dituzten premiak? Zoritxarrez gure gizartean normalizaturik gabeko gaia da. Aniztasuna eta pertsona ezberdinak onartzea lortzeke dugun helburua da. Hezkuntza sistema osoan oraindik ere ahaztuenak dira ikasle hauek. Irakasleek ez dute prestakuntza berezirik haur edo gazte hauekin lan egiteko eta nora ezean ibiltzen dira eta Hezkuntza Administrazioak ez ditu beharrezkoak diren arau eta baliabideak eskaintzen. Gurasoentzat ostera, kezkagarri izan daiteke adimen handiko seme edo alabarik izatea, pozgarri izan beharrean, beraz eta guztion artean, ahaleginak egin beharko ditugu gizaki hauen beharrak bermatzeko eta euren garapen egokia eta zoriontasuna lortzeko. Izaskun Etxeberria, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea Fotografías: http://lcm.ucsd.edu / http://tcdsb.on.ca / http://west.com Euskonews & Media 187.zbk (2002 / 11 / 8 15) Euskomedia:Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria