179 Zenbakia 2002-09-13 / 2002-09-20

Gaiak

1932: Arkitektura Arrazionalista eta Etxebizitza Bilbon

MUÑOZ FERNÁNDEZ, Francisco Javier

1932: Arkitektura Arrazionalista eta Etxebizitza Bilbon 1932: Arkitektura Arrazionalista eta Etxebizitza Bilbon Fco. Javier Muñoz Theo Van Doesburg ek, Walter Gropius ek, Le Corbusier ek, hogeigarren, hogeita hamargarren hamarkadetan Europan arkitektura modu diferentean erabiltzeari ekin zioten. Gure artean arrazionalismotzat ezagutzen dugun arkitektura honen garapena beranduago gertatu zen, eskuarki hogeita hamar eta berrogeigarren hamarkadetan, Luis Vallejo, Juan Madariaga, Joaquin Zarranz, Jose Manuel Aizpurua, Tomas Bilbao, edo Pedro Guimonen eskutik. Arrazionalismoaren hasikinak, arkitektura tradizionalaren nagusigoarekin egin zuen topo bai eraikuntzan eta bai irakaskuntzan. Hala ere eta pixkanaka pixkanaka, arkitektura berria garaiko arkitektoen artean zabaltzen joan zen arrazionalismoarekin bat egiten zuten eraikin, arkitektura berri honen aldeko hitzaldi eta garaiko Arquitectura, A.C., La Gaceta Literaria eta estatuko zein atzerriko beste zenbait aldizkarien lanari esker. 1928. urteko apirilean Fernando García Mercadalek, Arkitektura Berriaren defendatzaile eta hedatzaile garrantzitsuenetarikoa Espainian, arkitektura berri honen inguruko inkesta bat egin zuen La Gaceta Literaria Madrilgo aldizkarian. Bertan Secundino Zuazok, Bilboko arkitektoak, arrazionalismoa eta etxebizitzaren arteko erlazioan ikusten zuen arkitektura honen arrakasta, bereziki planteatzen zituen ekonomia eta higienea zirela eta. Estetikari dagokionez, arkitektura berri honek dekoraziorik gabeko artikulazio plastikoa proposatzen zuen. Egia da, `estetika ekonomiko' honek batzutan berebiziko garrantzia edo garrantzi bakarra zuela, eta maiz arrazionalismoa masa eta bolumenen joko hutsa zela. Alabaina, arkitektura berriak bazituen helburu ideologikoak, agian inozo eta irrigarriak, baina garaiko beste arkitektura ideia ez bezala gizadiaren egoeraz arduratu zen, eta gizakiak hobeto bizi zedin nahi zuen. Eta hala, etxeen aireztapenaz, eguzkitapenaz eta espazioaren erabileraz arduratu zen, alegia,espazioaren erabilera ekonomiko eta higienikoaz. Bizi baldintza hauek zabaltzeko arrazionalismoak, etxebizitza minimo edo masiboarekin erlazio zuten masa produkzio, eta estandarizazioa gogoan hartu zituen. Beti ere, hiri antolaketa berri baten baitan. Bilbon 1932. urtean arrazionalismoaren artikulazio plastikoa eta espazioaren erabilera ekonomiko eta higienikoa jarraitzen dituzten zenbait etxebizitza ekimen garatu ziren. Primo de Riveraren diktaduraren bukaeratik eta II. Errepublikako hasierako urteetan etxebizitzen eraikuntza, jabego pribatuaren esku jarraitzen du. Urte hauetan, 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioak nabariak dira: langabezia izugarria da eta eraikuntza zeharo geldituta dago. Horretaz gain, 1931ko erregimen politiko berriarekiko mesfidantzak hainbat inbertsio gelditu zituen. Etxeak onura bat ateratzeko eraikitzen dira eta, garaiko egoera ekonomikoaren aurrean, jabeak etekin handiena lortzeko zein etxe mota eraikitzea komeni zaion galdetzen dio bere buruari. Burgesiak bere behar higieniko eta ekonomikoak asetzeko behiala eraiki zuen, eta oraindik bete gabe dagoen, Abandoko zabalgunea utzi du eta komunikabideen garapenari esker, itsasoaren ondoan eta Bilbotik hurbil dauden Areeta, Neguri eta Algortara joan da bizitzera. Burgesiak utzi duen zabalgunean, etxebizitzak eraikitzen hasten dituzte klase ertainentzat. Modu honetan, aurreko urteetan Espainiako Estatuak eraikin merkeak bermatu nahian, Etxe Merkeen Legeen bitartez eman zituen dirulaguntzen babesean eraiki ziren familiabakarreko etxebizitza eredua eta erregionalismoaren inguruko estetika arkitektonikoa zokoratu; eta kasu batzutan, estetikoki arrazionalismoarekin bat egiten duten altuerazko etxebizitzak eraikitzen hasten dira. Alabaina, langile gutxi eta kualifikatu batzuek, etxe merkeen legeen onuretaz baliatuz, erregionalismoaren ildoa darraien familiabakarreko etxebizitzak eraikitzen jarraitzen dituzte Bilboren inguruetan. Klase sozialen baxuen etxe gabezia konpontzeko ekimenak ordea, aurreko urteetanbezain gaitzesgarriak dira. Langile bakan batzuek bere etxe propioa eraikitzen ausartzen badira ere, askotan etxea besteei berriz alokatu eta etxe berean pilaturik bizi ziren. Gainera, zenbait pertsona teilape, txabola edota estalpeetan bizi zen. Jose Manuel Aizpuruak Donostiako arkitektoak La Gaceta Literarian idatzi zuen moduan: el obrero español tiene derecho a vivir como viven los obreros alemanes, franceses, americanos, etc. 1. irudia Bilboko Udalak, indarrean zegoen etxe merkeen politikatik aldenduz, 1932. urtean Deustuko etxe desmuntagarriak eta Solokoetxeko udal etxebizitzak eraiki zituenean, Aizpuruaren aldarrikapena eta Europako beste herrialdeetan garatzen ari ziren ekimenak bereak egin zituen. 2. irudia 1932ko martxoan, Luis Briñasek Bilboko Udalari ehun mila pezeta eman zizkion udalak aterpea behar zutenentzako eraiki zezan. Udalak dirua etxe desmuntagarrietan erabiltzea erabaki zuen, martxorako Pedro Ispizuak udal arkitektoak, egin zuen etxeen diseinua. Enseñanza Católica elkarte anonimoak urte betez utzi zituen Deustuko geltokitik hurbil zituen lur sail batzuk etxeak bertan kokatzeko. Nahiz eta proiektua kontserbatu ez, estandarizazio eta serieko fabrikazioa praxian jartzen duen Ispizuaren ideiak, Walter Gropius ek berak 1932an arrazoi berdinengatik egin zituen etxe desmuntagarrien proiektua ekar dezake gogora. Udal arkitektoak egin zuen proiektuak G.A.T.E.P.A.C. eko (Grupo de Arquitectos y Técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea) Ekialdeko Taldeak hondartzarako egin zituen zurezko etxe desmuntagarrien antza izan zatekeen . Etxe desmuntagarriak egiten ziren bitartean, 1932ko urtarrilean Bilboko Udalak antolatu zuen Solokoetxeko udal etxebizitzen lehiaketa martxan zegoen. Lehiaketaren helburua sostengua behar zuten klase sozialak pairatzen ari zuen lan, eta etxebizitza ekonomikoen gabezia ahal zen neurrian arintzea zen. Horretarako, Udaleko Etxebizitzen Juntak etxebizitza arrazional bat eraiki nahi zuen, joera modernoenaraberakoa: al objeto que cumpla una finalidad esencialmente social en su doble aspecto técnico y sanitario, ya que en el mismo no se persigue como principal objetivo un beneficio material o afán de lucro, sino de dotar a Bilbao de viviendas de tipo económico que reúnan las mayores condiciones de higiene o comodidad. Etxebizitzen kokapena, udalak Solokoetxen zituen lursailetan zen, 1918an Ricardo Bastidak, Casas Baratas de Bilbao udal enpresaren bitartez eraikitako etxe multzoen ondoan. Solokoetxeko eta 1919. urtean Ricardo Bastidak berak Torreurizarren egin zituen udal etxebizitzen proiektuetan bezala, eraiki behar zen etxebizitza eraikinak bost pisuetako altuera izan behar zuen. Gainera, eta ahal zen neurrian, etxadian zona libreak uztea aholkatzen zen, lorategi gisa edo haurren aisialdirako erabiltzeko. Modu honetan, Bilbon aurretik garatu ziren ekimenak aparte, Arkitektura Modernoaren aldeko Kongresuetan Walter Gropius ek edota Le Corbusier ek etxebizitza minimoaren inguruan plazaratu zituzten altuerazko eta patiorik gabeko etxeen inguruko ideiak hartu ziren kontuan. Horretaz gain, Alemania eta Holandako hainbat etxebizitzetan ez ezik, Secundino Zuazok Madrilen egin zituen hainbat proiektuetan patiorik gabeko etxadiak arruntak ziren. Patiorik gabeko etxadi irekiak ahalbideratzen duen lursailaren erabilera ekonomikoa eta higienikoaz gain, Solokoetxen ere norbanakoaren higieneaz arduratu ziren. Eta hala lehiaketako oinarriek, bainu eta dutxa publikoak eta guztiek erabil zezaketen garbitokia egitea proposatzen zuten. Alabaina proiektura egin orduko ez ziren egin, izan ere etxe bakoitzak dutxa eta komun ontzi propioa zeukan. Harrigarria bada ere, klase baxuentzako eraikinetan dutxak ez ziren batere arruntak, eta Ricardo Bastidak esaterako ez zituen kontuan hartu 1918ko Solokoetxe eta 1919ko Torreurizareko etxebizitzetan. 3. irudia 1932ko Solokoetxeko lehiaketara aurkeztu ziren 29 proiektuen artean, besteak beste Tomas Bilbao, Ricardo Bastida, Manuel I. Galindez, RafaelGaramendi eta Joaquin Zarranz osatzen zuen epaimahaiak, bere erabakian bi ardatz izan zituen nagusi: etxadiaren planteamendu orokorraeta etxebizitza proposamena. Eraikuntza mota, kanpoaldeko itxura eta bestelako ezaugarriak nahiz eta interesa izan, bigarren mailakoak ziren. Halaber, epaimahaiak kontuan izan zuen orientazioa, aireen norabidea, eta eguzkiaren aprobetxamendua. Epaimahaiak etxadi irekiaz gain, etxebizitza bakoitzak orientazio kontrajarriak izan zitzan nahi zuen. Horrela, sukaldea, komunak eta eskailerak orientazio txarrenean kokatu behar ziren, egutera, egongela eta logelen gehiengoa orientazio egokiena behar zuten, ordea. Epaimahaiaren ustez, lehiaketako baldintzetara hobekien moldatzen zen proiektua Casto Emiliano Amann bilbotarrarena zen. Amannen proiektua 1932ko maiatzean hasi zen eraikitzen eta 1933ko abendurako bukatuta zegoen . 4. irudia Ricardo Bastidak 1919an Torreurizaren egindakoa eredutzat hartuz, Amannek hego ekialdera zabalik dagoen "U" egitura proposatzen du . Haatik, Amannek estetika arrazionalista bereganatzen du eta bere etxe banaketa ez dator Bastidarenarekin bat. Amannek korridorea erabili beharrean, etxearen ardatza den jangelaren inguruan egiten du antolaketa. Jangela, sukaldearekin eta eguterarekin egiten du bat, eta jangelatik gainerako logeletara sartzen da . Espazioaren banaketa honekin argiztapen, eguzkitapen eta aireztapen egokia lortzeaz gain, espazioa zeharo aprobetxatzen da. Hortaz, arrazionalismoak proposatzen zuen oinplano ekonomia eta higienea etxadi baten baitan jartzen dira praxian, baina ez honen inguruan. 5. eta 6. irudiak Izan ere, Solokoetxen hirigintza beharrean, etxadia da hiria eraikitzeko erabiltzen den antolaketa unitate bakarra. Horrela, lehenik errebal zikina bezala deskribatzen zen eta zabortegi gisa erabiltzen zen zonaldean etxe multzoa eraiki, eta gero bertara heltzeko bidea konpondu nahi izan zen, 1933an Amannek berak proiektatu eta 1935. urtean zabaldu zen Solokoetxeko igogailuaren bitartez . Hortaz, Bilbon ez zen hiri eredu berri bat eraiki. Hiri antolamenduari muzin egin, edota aurreko urteetan egin ziren zabalgune proiektuak garatzeari eta antigoaleko eredu bera hiriaren beste guneetan aplikatzeari mugatu ziren. 7. irudia 1876ko zabalgune proiektuan, nahiz 1907ko handitzean, nahiz 1929ko zabalgune berriko planoetan, eta indarrean zeuden eraikuntza ordenantzetan, etxadi itxien inguruko etxe blokeen eraikuntza bermatzen zen. Modu honetan, eraikinen oinplanoa zein izango zen aurreikus zatekeen: korridoreen inguruko oinplano zaharkituak errepikatzen zituen altuerako alokairuzko etxeak, askotan estetikoki arrazionalismoarekin bat egiten zutenak. Hortaz, egitura urbano honek arrazionalismoak proposatzen zuen barne tipologia ezberdin bat garatzeko eskaintzen zituen posibilitateak oso eskasak ziren, eta Amannen kasua salbuespena baino ez da, Solokoetxeko eraikina zabalguneko etxadi itxietatik kanpo gelditzen baita. Nahiz eta arkitektura berriaren neurriko hiri egitura garatu ez, bai Solokoetxeko etxadian, bai Deustuko etxe desmuntagarrietan Bilboko udala, arrazionalismoaren ildoa jarraituz, etxebizitzen gabezia konpontzen saiatu zen. Alabaina, etxe desmuntagarriak behin behineko irtenbide kaskarra baino ez ziren izan, eta Solokoetxen errenta baxuko 70 etxebizitza baino ez ziren eraiki izugarri larria zen etxebizitzen faltari aurre egiteko. Egia da eraikuntzan zegoen krisialdiak, 1932 biziki gogorra, etxeen gabezia erabat areagotu zuela, eta agian baliabide ekonomiko publiko ezak ez zuen ahalbideratu Solokoetxerekin hasi zen udal etxebizitza politika. Hortaz, egoera ekonomiko politikoa eta hirigintza eta arkitektura ohiturak zirela eta, Secundino Zuazok 1928an arkitektura berri oni iragarri zion arrakasta ez zen bete, nahiz eta Bilbon eraiki ziren Ispizua eta Amannen adibideak arrazionalismoak proposatzen zituen ekonomia eta higiene ideiekin bat egin. Fco. Javier Muñoz, Artearen Historian lizentziatua Artikulu hau egitean Eusko Jaurlaritzaren finantziazioaizan dugu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikertzaileak prestatzeko daukan programako beka baten bidez. Euskonews & Media 179.zbk (2002 / 9 / 13 20) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria