Irakurzaletasunari eutsi nahian Irakurzaletasunari eutsi nahian * Erica Grandes Mateos Gipuzkoa eta Nafarroako irakasleen iritzian, irakurketa bultzatzea ez da eskolen zeregin esklusibo bat, eta irakurzaletasuna sustatzearen aldeko apustua egin dute Gero eta gazte gutxiago ikusten da liburu bat besapean duela. Ezer irakurtzekotan, etxeko lan gisa agindu dietelako egiten dute gehienetan. Ostera, Espainiako ia jende guztiak daki nola duten izena TVEko Operación Triunfo saio arrakastatsuko hiru irabazleek. Hori jakitea ez dago, inolaz ere, irakurketarekin kontrajarrita, baina egoera benetan kezkagarriak sortzen dira ohitura batzuk hainbeste goraipatu eta beste batzuk ahanzturan erortzean (irakurzaletasuna, esaterako). Edozein kasutan, ikastetxe eta liburutegi ugaritan irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen berritzaileak gauzatzen ari dira. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Espainiako Editoreen Gremioaren Federazioarekin batera egin duen 2001. urteko irakurtzeko ohiturari buruzko azterketatik ateratako datuek erakusten dutenaren arabera, espainiarren %58k bakarrik irakurtzen du libururen bat hiru hilero, eta %48k sekula ez duela irakurtzen aitortzen du. Zehatzago izateko, 14 urtetik gorako espainiarren %45ak ez du inoiz irakurtzen, edo ia inoiz. Kopuru hau, gainera, %3 jaitsi da 2001eko lehenengo hiruhilabetekoan, iazkoarekin alderatuz gero. Bertelsmann Fundazioak duela bi urte 8 eta 16 urte bitarteko 2.000 gazteren artean irakurtzeko ohituraren inguruan egindako azterketa batetik ondorioztatzen denez, irakurzaletasuna behera egiten ari da nerabeen artean. Inkestak erakusten duenez, Lehen mailako (6 urtetik 12ra) ikasleen %55ari "asko" gustatzen zaio irakurtzea, eta Bigarren mailakoen artean (13 urtetik 16ra), berriz, %8ari bakarrik. Txosten honek berak datu gehiago ere biltzen ditu: inkestari erantzun diotenen %64ak dio beren gurasoek oso liburu gutxi erosten dituztela, edo bat ere ez, %47ak hogei liburu baino gutxiago dituela etxean, %15ari bakarrik egiten diolailusioa oparitan liburu bat jasotzeak, %73ari ikasgelan irakurtzeko denbora gehiago izatea gustatuko litzaiokeela, eta %53ak sekula ez duela bere ikaskideekin irakurtzen dituen liburuei buruz hitz egiten. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Editoreen Gremioak eta Eusko Jaurlaritzak prestatu duten txostenak esaten duenez, azken bi urteotan Euskal Herrian bi puntu eta erdi jaitsi da liburuak irakurtzeko ohitura. Egun, herritarren %52´5 da ohiko irakurle. Datu ez oso pozgarri hauek kontuan izanik, inkesta bat egin zaie Gipuzkoa eta Nafarroako institutu batzuetako DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) lehen eta bigarren mailako ikasleei, eta baita lehen mailako ikasle gipuzkoar batzuei ere, Gipuzkoa eta Nafarroako haur eta gazteen artean irakurzaletasunaren egoera nolakoa den jakiteko asmoarekin. Datuak, irakasleak eta... dirua Inkesten emaitzek adierazten dutenaren arabera, Beasaingo (Gipuzkoa) Alkartasuna Lizeoa Eskola Publikoko DBHko lehen mailako ikasleek batez beste bederatzi liburu irakurtzen dituzte urtean, eskolarako irakurri beharrekoak kontatu gabe. Ez da hain datu txarra, inkestari erantzun dioten gehienek irakurtzea gustuko dutela kontuan hartzen badugu. Neskato baten hitzetan, "niri irakurtzea gustatzen zait polita delako, gauza asko ikasten direlako eta hunkigarria delako". Egunkari askoren arreta erakartzeko moduko erantzuna izan arren, komunikabideek ez diote aipurik egiten, gehiengo handi baten jarrera ez delako. Aldiz, datu hau benetan interesgarritzat jotzen dutenen artean, aurtengo apirila bitartean gazte hauen literatura irakaslea izan dena dugu, Leticia Grandes, Psikopedagogian lizentziatua, Lehen Hezkuntzan Diplomatua eta Galtzagorri Literatur Elkarteko kidea. Bera da ikasle gazte hauek beren aisialdia irakurtzeari eskaintzearen erantzulea. "Nahi dutena irakurtzen uzten diet, ez diet ezer inposatzen. Gainera, istorioak ozen irakurtzen dizkiet, entzun ditzaten, liburu bat irakurtzeak ez duelako esan nahi gero horri buruzko fitxa bat bete edo lanbat egin beharko dutenik", dio. Letrak hain maite dituen irakasle hau haratago doa irakurzaletasuna sustatzeko ahaleginean, izan ere "interesgarriak iruditzen zaizkidan liburuak kasualitatez bezala erakusten dizkiet, eta beren egileez, ilustratzaileez etab. hitz egiten diet. Gainera, beti eramaten dut liburu edo egunkariren bat besapean, eta, beraz, klasera sartzen direnean beti irakurtzen topatzen naute. Izan ere, garbi daukat adibidea emanez irakatsi behar diegula". Onena, ikasle gazte hauek hartu duten ohitura ez galtzea litzateke, edo, behintzat, erabat ez baztertzea, irakurzaletasunari buruz egin diren hainbat eta hainbat azterketa soziologikok aditzera ematen dutenez gazteak direlako gehien irakurtzen dutenak. Hamasei eta hogeita lau urte artekoek asko irakurtzen dute, baina berrogei urtetik aurrera irakurtzeko ohiturak nabarmen egiten du behera. Nolanahi ere, hezkuntza garaiak zeresan handia du ohitura horretan. Bai behintzat Larraintzargo (Nafarroa) Irurita Gotzaina Eskola Publikoko ikasleen kasuan. Inkesten erantzunak ikusirik, zera esan daiteke: DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleek batez beste hiruzpalau liburu irakurtzen dituztela urtean, Beasaingo Eskolako ikasleen erdia, baina Hernaniko (Gipuzkoa) Ereñozu auzoko Txirrita Eskola Publikokoek bezainbat, azken hauek Lehen mailakoak diren arren. Diego Tobar, Hezkuntza Berezian diplomatua, Psikopedagogian lizentziatzear, eta ikasle nafarren tutore denaren iritzian, "ikus entzunezkoen gizarteak eragin handia du honetan guztian. Gazteei kosta egiten zaie irakurtzen jartzea, badirelako hori baino askoz ere gehiago erakartzen dituzten beste gauza batzuk, telebista ikustea, esaterako". Nafarroako irakasle honek, dena den, "gauza guztiak irakurtzen ikasten direla" errepikatzen die ikasleei, motibatzeko. Edozein kasutan, irakurzaletasuna eskoletan askoz ere gehiago sustatu ahal izango litzatekeela dio, eta eskoletako liburutegiak hobetu egin beharko liratekeela, "kasu batzuetan, arduradunik ez egotean, maileguzerbitzua ez delako behar bezala antolatzen". Gai hori politikarien eskuetaraino iritsi da. Iazko urtearen amaieran, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Irakurzaletasuna bultzatzeko Plana aurkeztu zuen, 2004. urtea amaitu arte indarrean egongo dena. Plan honek 1.230 milioi pezeta (dauzkan 22.356etatik) bideratuko ditu hezkuntzaren esparrura. PSOE alderdiak, eskoletako liburutegiak finantzatzeko eta liburuzainak trebatzeko 10.000 milioi pezeta bidera zitezela eskatu zuen 2000. urtearen amaieran, baina eskariak ez zuen baiezkorik jaso. Nolanahi ere, alde handia dago Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak inbertituko dituen 1.230 milioien eta Gobernu britainiarrak iazko ikasturtean 7 eta 11 urte bitarteko ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko bideratu zituen 27.500 milioi pezeten artean. Liburuen altxorra Gauza jakina da irakurzaletasuna bultzatzeko orduan familiaz gain eskolak ere funtsezko papera jokatzen duela. Hori dela eta, adituen esanetan "lehentasunezkoa" da eskolek liburutegi onak izatea. "Hezkuntzaren maila guztietan egon beharko lukete presente liburutegiek, eta gainera ez lirateke Hizkuntzako irakaslearekin bakarrik lotu beharko". Izan ere, sarritan esan ohi den bezala, "hein handi batean liburuzainaren imajinazio eta prestaketaren araberakoa izatean da irakurleen kalitatea". Esther Iriondo, Hezkuntza Ingelesean diplomatua eta Hernaniko (Gipuzkoa) Ereñozu auzoko Txirrita Eskola Publikoko Haur Hezkuntzako eta Lehen Mailako zikloan irakasle denak dioenez, bere eskolako liburutegia "ez dago oso garatuta, eskolak, txikia izatean, ez daukalako bitarteko gehiegirik". Ba omen da liburutegi gela bat, "baina haurrentzako liburuak baino gehiago, entziklopediak, kontsultarako liburuak eta ezagutzak zabaltzekoak daude". Nolanahi ere, eta mugak dauzkaten arren, ikastetxe gipuzkoar honetako irakasleek "oso ekimen interesgarria" jarri dute abian, Esther Iriondoren esanetan. "Gainera, izugarrizko arrakasta izan du, gazteen artean batez ere". Liburuen Altxorraizenekoa dugu, eta ipuin kontalari bat eskolara pirataz mozorrotuta joan zenean hasi zen guztia. Hilabete batez zaindu egin beharko zuten altxor bat ekarri zuela esan zien haurrei. Ipuinak kontatzen hasten zen, baina ez zituen bukatzen, eta beraz bukaera altxorreko liburuetan bilatzeko esan zien haurrei. Esther Iriondo irakasleak dioenez, "haurrak jakin minak jota gelditzen ziren". Amaieran, zera esan zien piratak: "nola bukatzen den jakin nahi baduzue, irakurri liburua". Liburuez betetako kutxa eskolako gela batean ipini zuten, haurrek, liburutegietan bezala, liburuak hartu eta irakurtzeko maileguan eraman zitzaten, gero berriz itzultzeko. Hernaniko ikastetxetik jakinarazi digutenez, datorren urtean itzultzeko eskatuko diote ipuin kontalariari, esperientzia errepikatzeko asmoz, "balantzea guztiz positiboa izan baita". Esther Iriondo irakasleak adierazten duen moduan, "Haur Hezkuntzakoek eta guzti eraman dituzte liburuak, ondo irakurtzen jakin ez arren. Ziurrenik marrazkiak ikusteko hartuko zituzten, edota gurasoei ipuina irakurtzea eskatzeko". Baina ezin esan ikasle guztiek interes bera agertu dutenik, irakaslearen esanetan "zaharrenek askoz ere interes gutxiago azaldu dutelako". Horregatik, gisa honetako ekimenak burutzeko beharra ikusten da irakurzaletasuna bultzatzeko. Asmo horrekin, hain zuzen ere, Leticia Grandes, Beasaingo Alkartasuna Lizeoa eskola publikoko irakaslea eta Galtzagorri Literatur Elkarteko kide dena, Elkarte honetako beste hainbatekin batera, argitaratu berri diren liburuen artean euskal eskoletako lehen eta bigarren mailako ikasleentzat egoki eta gomendagarrienak izan daitezkeenak hautatzeaz arduratzen da, urtez urte. Irakasle honen ustez, hala ere, gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea "nahiko gauza zaila da, eta neurri handi batean Unibertsoaren jabe diren komunikabideek ez dutelako ezertan laguntzen". Diego Tobar, Larraintzargo (Nafarroa) Irureta Gotzaina Eskola Publikoko irakaslearen iritzian, "gizarte honetan ikus entzunezkoen eta teknologiaberrien esku dago agintea. Irudia da errege". Esther Iriondo, Hernaniko ikastetxeko irakasleak ere argi dauka "ikus entzunezkoen gizarteak oso eragin handia daukala gazteengan". Horixe bera ondorioztatzen da Bertelsmann Fundazioak irakurtzeko ohituraren gainean egin duen inkestaren datuetatik: ikasleek aisialdiko aukera gogokoenean artean bigarren lekuan kokatzen dute irakurtzea, musika entzutearen ondoren, eta telebista ikustearen aurretik. Zortzi urtekoen artean aisialdirako aukera gogokoena irakurtzea den bitartean, 16 urterekin, irakurri baino, nahiago dute musika entzun, telebista ikusi edota ordenagailuan jolastu. Ikus entzunezko gizartearen eragina Edozein kasutan, azkenaldian izan da salbuespenik. Ikus entzunezkoek egin duten marketing kanpainaren ondorioz, gaztetxoenak ia masiboki animatu dira J.K. Rowling idazlearen Harry Potter en abenturei buruzko liburua irakurtzera. Horixe ematen dute aditzera aipaturiko hiru ikastetxeetako ikasleen artean egindako inkesten emaitzek, ikasle gehienek irakurri duten azken liburua Harry Potter en abenturei buruzkoa baita. Batzuk bilduma osoa irakurtzen ari dira, gainera. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da eskola hauetako ikasleek zenbat ordu ematen dituzten telebistaren aurrean. Hernaniko ikastetxeko lehen mailako bigarren zikloko ikasleek astean bederatzi ordu ematen dituzte, Beasaingo eskolako DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleek adina; Nafarroako ikastetxeko DBHko lehen eta bigarren mailakoek, aldiz, astean hemezortzi ordu igarotzen dituzte batez beste telebista ikusten. Telebista ikustea berez ez da txarra, baina bere aurrean denbora gehiegi ematea bai ordea. García Lamas irakasleak 1992ko uztailaren 12an El País egunkarian argitaratutako artikulu batean dioen moduan, "ikasle askok zeinuen memoria bisuala galdu dutela dirudi, eta belarriz idazten dutela: beren idazkera, funtsean, fonetikoa da". Irakasle askok ikasleen esku liburu erakargarriak ipintzeko apustua egin dute, irakurtzea telebista ikustea bezain interesgarriaedo interesgarriagoa dela kontura daitezen. Azken batean, kontua ez baita gaitz guztien errua telebistari botatzea, zenbaitetan haur edo gazteen liburuetan oinarrituz pantailaratu diren istorioak liburuetan pantailan baino hobeto gelditzen direla adierazteko aprobetxatzen baitira. Asko eta asko dira irakurketa bultzatzeari garrantzi benetan handia ematen dioten hezitzaileak, ikasleek irakurtzea gehiegi atsegin ez dutela ikusita. Maisu maistra ugarik, irakurtzeko ohitura bultzatzeko ekimenean ikastetxeetako irakasle guztiek parte hartzearen onuragarritasuna azpimarratzen dute, kasu bakan batzuetan irakasle batzuk ikasgai desberdinak ematen dituztenak ekimen horretatik guztiz kanpo geratzen baitira, nahiz eta gero ikasleek deus irakurtzen ez dutela, laburpen bat egiteko gai ez direla eta hiztegi pobrea darabiltela leporatzen dieten. Hori dela eta, gurasoek eta hezitzaileek funtsezko ekarpena egin dezakete abentura honetan. Halaxe dio Mariasun Landa euskal idazle eta EHUko Donostiako Irakasle Eskolan Literaturaren Didaktikako irakasle denak. Bere iritzian, "haurrek gurasoak irakurtzen ikusten baldin badituzte, eguneroko jardun bat balitz bezala, azkenean haurrak ere, gurasoen irudiari jarraituz, irakurtzen jarriko dira. Eta, gainera, gauza atsegina irudituko zaie". Dena den, euskal idazleak dioenez, "guraso batzuk ez dira konturatzen zeinen garrantzitsua den liburuekiko maitasuna transmititzea". Funtsezkoa da gurasoek seme alabei istorioak kontatu eta irakurtzea, eta bakarrik irakurtzen ikasten dutenean irakurketak seme alabekin komentatzea. Zaila da oso haur bat irakurle bihurtzea bere gurasoek batere irakurtzen ez badute, eta etxean libururik ikusten ez badu. Gurasoek ikastetxean, liburutegietan nahiz liburu denda espezializatuetan seme alabentzako libururik egokienak zeintzuk diren galdetu beharko lukete. Haurtxoteka liburutegian Donostiako Haurren Udal Liburutegiko arduradunek eman diezagukete honen berri. Donostiako Alde Zaharreko Fermín Calbetón kalean kokatutadagoen liburutegi honetan, "haurtxoteka" izeneko gelatxo bat daukate, hilabete gutxi batzuk besterik ez dauzkaten bazkideak liburuekin harremanetan jar daitezen. Argi dago jaioberriak ez direla irakurtzeko gauza, baina gomazko liburuekin jolasten dira, ukitu egiten dituzte, eta, nahi izanez gero, miazkatu ere bai. Beste areto batean, haur eta gazteentzako liburuak daude, txukun sailkatuta, eta gela horretan bertan forma geometriko originaleko sofak eta etxolatxo bat daude, haurrek liburuak irakurtzeko erabil ditzaten. Liburutegi honek ikasleentzako bisita antolatuak prestatu ohi ditu, irakurzaletasuna pizteko. Aipatu, azkenik, liburutegi honek dokumentazio fondoa ere baduela. Ipuinaren ordua delakoa ere antolatzen dute. Ipuin kontalari batek, bere istorioen bidez, gazteenentzako giro berezia sortzen du, ipuina arretaz entzun dezaten. Izan ere, Daniel Penac idazle frantsesak Como una novela liburuan dioen bezala, "irakurketarekiko maitasuna ahozko tradizioaren menpe dago". Hortaz, liburutegi, eskola eta familian ipuinen kontakizuna bultzatzeak irakurtzeko zaletasuna pizten laguntzen du, guztiz frogatuta baitago ipuin edo istorioak kontatzean harreman afektibo bat sortzen dela narratzailearen eta entzulearen artean, lotuta mantentzen dituen hari ikusezin bat, epe ertain eta luzera ikaragarrizko abantailak ekartzen dituena. Elkarrekin irakurtzea, beraz, loturak sortzeko beste modu bat da, ikasleak irakurtzera ohitzeko estrategiarik onena irakurgaiarekiko grina piztea baita. Gaur egun irakasle ugari dabiltza zeregin horretan; besteak beste Leticia Grandes, Diego Tobar eta Esther Iriondo Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako eskola publikoetako irakasleak hirurak , jo eta ke ari baitira irakurzaletasuna gal ez dadin lanean. Mariasun Landa idazle errenteriarrak dioen bezala, "liburuek oso eduki aberats eta atseginak dauzkate, eta gazteei esperientzia berriak izateko bidea zabaltzen diete. Gainera, literatura esperimentatu egin behar da, liburu bat irakurri ondoren pertsonadesberdina zarela ikusten baduzu, gauza apartaren bat gertatu zaizunaren seinale delako". Galtzagorri Literatur Elkartea Ekimen mota hauen bultzatzaileak Galtzagorri izeneko Literatur Elkarteko kideak dira. 1990ean sortu zen Elkarte hau, eta bere helburuen artean Haur eta Gazte Literatura bultzatzea eta ezagutzera ematea daude. Literatura mota honekin lotuta dauden guztiek parte hartzen dute bertan: ilustratzaileek, irakasleek, liburuzainek, itzultzaileek, liburu saltzaileek nahiz literatura maite dutenek. Nolanahi ere, ez dira hor bukatzen Galtzagorri Elkartearen ekintzak. Izan ere, azken urteetan ohitura bihurtu den legez, Galtzagorri bera da IBBYko (International Boarding Book For Young People) OEPLIn (Organización Española para el libro infantil y juvenil) euskaldunak ordezkatzen dituena, eta eurak dira, halaber, Estatu mailan antolatzen diren lehiaketetarako hautagai euskaldunak proposatzen dituztenak, hala nola Premio Lazarillo edo Premio Nacional de Literatura Infantil en kasuan. Era berean, Galtzagorrik IBBYren Ohorezko Zerrenda rako eta Andersen Sari rako euskal idazle, ilustratzaile eta itzultzaileak proposatu ere egiten ditu. Hala ere, errotuen dauden ekintzen artean, euskal eskola publiko guztietako DBHko ikasleei zuzentzen zaien eta urtero ospatzen den Literatur Lehiaketa aipatu beharra dago, eta baita Haur Hezkuntzako eta Lehen Mailako ikasleentzako Liburuen Altxorra ekimena ere, "ezustean" liburuz betetako kutxa bat eramaten duen pirata baten bisita jasotzen baitute eskolan aldi baterako mailegu moduan utziko duen kutxa , horrela ikasleak irakurketaren mundura hurbiltzen direlarik. Bestetik, Euskaldunon Egunkaria ko langileek antolatzen dituzten Narrazio eta Olerki Lehiaketak ere sustatzen dituzte. Galtzagorri Elkarteak argitara ematen dituen liburuen artean, Euskal idazleen katalogoa eta urtean bitan kaleratzen den Behinola aldizkaria aipatu behar dira. Irakurzaletasuna bultzatzeko Plana 2001eko maiatzaren 7an, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroaden Pilar del Castillok Irakurzaletasuna Bultzatzeko Plana aurkeztu zuen 2001 2004 epealdirako, 22.356 milioi pezetako inbertsioa aurreikusiz. Planaren xede nagusia, batik bat haur eta gazteen artean irakurtzeko ohitura bultzatzea da. Nolanahi ere, planak honako beste puntu hauek ere zehazten ditu: eskoletako liburutegien eta liburutegi publikoen sarea hobetzea; irakurketa bultzatu eta dinamizatzeko kanpaina gehiago egitea; irakurketa promozionatzeko liburuaren sektoreko fundazio eta erakundeekin lankidetzan jardutea; ekimen berriak abian jartzea, eta beste administrazio publiko, instituzio publiko zein pribatu eta komunikabideekin batera jardutea. Era berean, Haur eta Gazte Literaturaren Sinposio Iberoamerikarra bultzatuko da, aurrez ospatzen diren beste jarduera tradizionalez gain, hala nola Liburuaren Eguna, Haur eta Gazte Liburuaren Aretoak, eta Espainiako Editoreen Gremioen Federazioarekin batera garraiobide publiko kolektiboetan antolatzen den "Liburuak kalera" kanpaina. Aipaturiko Federazio honetako presidenteak, Emiliano Martínezek, 1.200.000 euro baino pixka bat gehiagoko (ia 200 milioi pezeta) aurrekontua dauka sentsibilizazio kanpaina hau aurrera eramateko, bere helburua "irakurketaren bidez gizartea hobetzea" baita. Irakurketa sustatzeko Federazioaren plan hau lau urtez egongo da indarrean, Administrazioak abian jarri duena bezainbeste, eta hiru hilero jarraipenak egingo dira, Espainian zenbat irakurtzen den jakiteko. PLANAREN AURREKONTU PUBLIKO AURREKONTU PUBLIKOA 2001 2002 2003 2004 Guztira (milioika pta) Azterketarako 83 87 91 96 357 tresnak Eskoletako liburutegiak 257 300 323 350 1.230 eta hezkuntza esparrua Liburutegi 3.281 4.500 4.600 4.700 17.081 publikoak Komunikazio 520 800 850 900 3.070 ekintzak Beste 123 160 165 170 618 programak Guztira 4.264 5.847 6.029 6.216 22.356 Haurrak liburua ez amaitzeko duen eskubidea Leticia Grandes psikopedagogo eta irakasleak, irakurzaletasuna bultzatzekohelburuarekin, ikasleek irakurtzea ez gorrotatzeko klabe bat azaldu digu. "Ez dute beti liburu bat gustatu zaiela esaten aritu beharrik. Kritikoak izaten jakin behar dute. Ez dute pentsatu behar liburu bat gustatu ez bazaie gaia suspenditu egingo dutenik. Gainera, liburua ez amaitzeko eskubidea ematen diet". Iritzi berekoa da Mariasun Landa euskal idazle eta EHUko Literaturaren Didaktikako irakaslea. Bere esanetan, "haur batentzat, esnea bezain beharrezkoak dira ipuinak". Aipatu beharra dago idazle honen Elefante txori bihotza liburua Zozo Zurien zerrenda entzutetsuan sartu berri dutela liburu hau izango da, gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak haurren artean irakurketa bultzatzeko abian jarriko duen kanpainako protagonista . Erica Grandes Mateos, Lehen Hezkuntzan diplomatua eta Kazetaritzako ikaslea Argazkiak: Webgune hauetatik: programas/lectura.html Lectura y Biblioteca.jpg 00/6/lectura.jpg biblio1.jpg lecturarapida/gif/Dscn0397.gif Imagenes/Imagen 1.gif Euskonews & Media 167.zbk (2002 / 5 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.