159 Zenbakia 2002-03-15 / 2002-03-22

Gaiak

Dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak

ARAOLAZA ARRIETA, Oier

Dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak Dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak * Oier Araolaza Eliteetako musika eta dantza adierazpenek behin eta berriz bilatu dute inspirazioa herri dantzetan, eta horietatik edanez sortu dituzte maiz eredu berriak. Halaber, erritmo mantsoagoz baina eraginkortasunez, dantzatzeko modu eta joera berriak eliteengandik herri xehearen moldeetara iragazi ohi dira. Izan ere, herri dantzen eta antzokietako dantza ikuskizunen arteko eduki eta ezagutzen fluxua eta elkar elikatzea soka luzeko jokabidea da. Juan Antonio Urbeltz en Balleta ren "Kondharian" ikuskizuna. XVII. mendean, Luis XIV Frantziako erregeak bultzatutako baletetan euskal dantzari eta euskal dantzetako urratsen erabilerak sarri aipatu izan dira, eta zenbait autorek eliteen eta folklore dantzen arteko elkareragintzak azaleratzeko hainbat saio egin dituzte. Esate baterako, oso adierazgarria da Juan Antonio Urbeltzek dantzari buruzko idazle klasikoen lanen eta Iztuetaren lanen artean egindako konparaketa lana (URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio, Bailar el caos. La danza de la osa y el soldado cojo, Pamiela, Iruñea, 1994). Bestalde, Carlos Sanchez Equizak ilustrazioak euskal dantza tradizionalean, eta batik bat Iztuetaren lanean, izandako eragina aztertu du (SANCHEZ EQUIZA, Carlos, Del danbolín al sílbo. Txistu, tamboril y danza vasca en la época de la Ilustración, Iruñea, 1999). XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan, euskal dantza tradizionaletan oinarritutako ikuskizunak iritsi ziren antzokietara garaiko intelektual talde baten eskutik. 1920an Jesus Guridiren "Amaya" opera estreinatu zen eta bertan euskal dantza antzokietako arauetara moldatuz egindako koreografia erakutsi zen, Navarro Villosladak irudikatutako VIII. mendeko euskaldunen ezpata dantza. Arana Martijak seinalatzen duenez, 20ko hamarkadan Europan barrena eta baita Euskal Herrian ere emanaldiak eskaini zituzten errusiar baletek eragin handia izan zuten euskal dantzetatik abiatutako pareko ikuskizunaktaularatzeko. Ekimen horien artean aipagarria da Segundo Olaetak 1927an, Gernikan, ume eta gaztetxo talde batekin sortu zuen Elai Alai taldea. 1928an Saski Naski aurkeztu zen Donostian. Euskal Folklorea eszenaratzeko sortu zen Saski Naski abesbatza, orkestra eta dantzariz osatuta. Atharratze, Berriz Izpurako eta Donostiako dantzariek taularatu zituzten ohiko euskal dantzak. Beren herrietan egin ohi zituzten moduan dantzatu zuten batik bat, baina eszenara begira egindako moldaketa eta sormen lanak ere tartean txertatuz. Sagardotegian, Iruleak, edo Kaxarranka bezalako estanpak prestatu ziren Saski Naskirako. Donostiako Victoria Eugenian eta Principe antzokian eta Baionako Udalaren Antzokian aurkeztu ondoren, Parisera iritsi zen Saski Naski eta 1929ko otsailaren 8an 2.000 lagunek ikusi zuten euskal dantza eta musika ikuskizuna Frantziako hiriburuko Champs Élysées antzokian. Eredu horrekin jarraituz Oldargi sortu zen 1930ean Bilbon, eta dinamika bizia izan zen gerra iritsi bitartean. 1937 eta 1939 bitartean, Espainiako Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzak sortutako kultur ordezkaritzaren puntu garrantzitsuenetakoa izan zen Eresoinka abesbatza eta dantza elkartea. Besteak beste Paris, Brusela, La Haya, Amsterdam, Rotterdam eta Londres en dantzatu zuen Eresoinkak. Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Zuberoako tradiziozko dantzak erakusteaz gain, Kaxarranka, Sirimiri edo Aker landa moduko izenekin koreografiak eta estanpak aurkezten zituen Eresoinkak. Antzokietara begira ohiko dantzetan oinarritutako ikuskizun horiek sorburu zuten tradiziozko dantzetan ere izan zuten eragina. Adibidez, Saski Naski ikuskizunerako prestatu ziren zenbait dantza, tradiziozko dantzak egiten zituzten taldeek beren errepertorioetan integratu zituzten. Ondorioz, dantza batzuekin joan etorriko ibilbidea jarrai dezakegu. Arizkungo sagar dantza inspirazio iturri izan zen Saski Naskiko sortzaileentzat eta Baztango dantza horretan oinarrituta sagar dantza berri bat sortu zuten. Euskal Herri osoko hainbatdantza taldek bere errepertorioan integratu zuten antzokirako "berregindako" dantza hori eta 70 urteren buruan dantza errotua da tradiziozko euskal dantza egitarauetan. Olaetak Lapurdin ereindako hazitik iritsiko da XX. mendearen bigarren zatian, euskal dantzarekin antzokietarako ikuskizunak egiteko saio adierazgarrienetako bat. 1954an, Paris eko Champs Élysées antzokian estreinatu baitzen Philippe Oihanburu ren Etorki Dantza eta Kantu Batasuna. Hiru hamarkadatan munduko 30 estatutan aurkeztu zuen Etorkik euskal dantza, kanta eta ohituretan oinarritutako ikuskizuna. Gerra aurreko ikuskizunen ereduaren oinordeko ziren hein baten Etorkiren ikuskizunak eta koadro kostunbristak eta estanpak aurkezten zituen, baina eszenaratzea dinamikoagoa zen eta estetika garaikideko proposamenak ere biltzen zituzten. Besteak beste genero ohitura hertsiak irekitzeko saioak egin zituen Etorkik, tradizioz gizonezkoek egin izan dituzten Gipuzkoako zenbait dantza emakumeek eman araziz eta auziari ausardiaz erantzunez. Maskarada, ihauteri eta Lantzeko zortzikoan oinarritutako konposizioekin batera, Eresoinkak egin bezala, Akelarrearen irudikapena erabiltzen du Oihanburuk. Etorki Taldearen ikuskizuna Parisen (Argazkia: Markina Markulegui). Auñamendi Entziklopedia. Antzokietatik plazarako bideak ere ez du etenik izan, eta adibidez, XX. mendearen bukaeran Juan Antonio Urbeltz ek Argia dantza taldearen emanaldietarako egindako zenbait errekreazio naturaltasunez txertatu dira ohiko dantza taldeetan. Adibidez, Baztango mutil dantzetako urratsetan oinarrituta, eta Nafarroako Jaurrieta herrian bildutako doinuarekin Juan Antonio Urbeltzek osatu zuen emakumeen dantza Euskal Herriko ehunka dantza taldek dantzatzeaz gain, Jaurrieta herrian bertan dantzatzen dute gaur egun herriko neskek. Antzeko bidea darama Nafarroa Behereko dantzekin batera emateko Marian Arregik konposatutako musikaren gain Urbeltz berak koreografiatutako kadrilea. Munduko musikak, folk musika eta kultura anitzen erakusketa ugari antolatzenda Europan azken urteotan. Nazioarteko folklore jaialdiak erruz ugaldu dira. Euskal Herrian bertan, 25 urte bete ditu aurten mota horretako jaialdien aitzindariak, Portugaletekoak, eta heldutasun horretan eskuratu du zabalkunde handiena. 2001. urtean, Portugaletera etorritako 10 folklore taldeek 50 herritan erakutsi dituzte beren dantzak. Jaialdi horietan parte hartzen duten folklore talde gehienetan, dagoeneko nabaria da eszenaratze hutsaz gain koreografoen lana, baina erakusten dituzten dantza, kanta, arropa eta ohiturak tradizionalak diren irudia ematen saiatzen dira. Tradiziozko dantzetatik abiatu eta ageriko moldaketak egin eta "ikuskizun garaikideak" egiten dituzten taldeak urriagoak dira. Hala ere bakar batzuk ikuskizun erraldoi bihurtuta munduan barrena dabiltza jiratan. Horien artean "Riverdance" aipatu daiteke. Estatu Batuetako superprodukzio ereduari jarraituz munduko hainbat lurraldetako dantzak baliatuz, munduko birak egiten dituen ikuskizun erraldoia da. 2001ean egiten ari den munduko jiran Madrilen izan zen Riverdance, baina emanaldia hartuko zuen kiroldegiaren suteak bertan behera utzi zuen ikuskizuna. Riverdance ren tamainako beste ekoizpen handi bat Michael Flatley dantzariaren Lord of the Dance da, Irlandako musika doinuek egun duten presentzia mediatikoak lagunduta. Espainian, Iberica izeneko ikuskizunak eskualde desberdinetako dantzak estetika garaikidez aurkezten ditu. Egungo joerak Euskal Herrian Azken 4 5 urteotan Euskal Herrian plazaratu diren ikuskizuneei erreparatuz, oro har, badirudi kreaziorako bidea 80ko hamarkadan baino askatasun handiagoarekin jorratzen ari dela. Gainera, erakunde publiko, kultura programatzaile eta komunikabideen aldetik, tradizioan oinarrituta "berrikuntza" eta "berritzaile" izan daitezkeen ikuskizunak bultzatzeko gogoa sumatzen da. Juan Antonio Urbeltz en Balleta ren "Kondharian" ikuskizuna. Plazaratutako ikuskizun berrietan bi eredu nagusi aurki daitezke. Batetik, Saski Naski rekin hasi eta gailurra Eresoinka edoEtorki bezala taldeekin aurkitu zuen moldeak, hainbat dantza taldetan du jarraipena gaur, eta eredu horietatik abiatuta sortu dira ikuskizun "berritzaileak" egin nahi dituzten talde txikiago batzuk. "Euskal ohituren" ikuspegi kostunbrista batetik abiatuta, euskal iruditeriaren eskena topikoak dituzten abiapuntuan. Dantzakera estilizatua darabilte eta ikuskizunean estetika modernoago baten ezaugarriak txertatzeko saioa egiten dute. Eredu hau oso emakorra gertatzen ari da ekoizpen kopuruari dagokionez, eta esaguratsuenak aipatzearren, eredu honen barruan koka ditzakegu Aukeran konpainiaren Sutargi ikuskizuna edo Laxok taldearen Upeletan Erronka. Bigarren eredua Argia dantzari taldea eta talde horretako zuzendari den Juan Antonio Urbeltz en bilakaeraren emaitza da. Folklorea eta dantza tradizionalen ondarearen ikerketen ondorioz erdietsitako interpretazioetatik abiatuta bideratzen ditu Urbeltzek dantzen eszenaratzea eta irakurketa berriak. Dantzakera tradizionalean oinarrituta, tradiziozko dantzen lojika aurkitu eta lojika hori errespetatuz saiatzen da errepertorioa osatzen. Lojika hori identifikatu eta aplikatu ahal izateko, beharrezkoa da bai euskal folkloreko eta baita Europako dantza tradizionalen mugimenduen eta koreografien ezagutza zehatza izatea, eta beraz, urte askotako ikasketa, dokumentazio, ezagutza bilketa eskatzen du. Ondorioz, oso zaila gertatzen da dantzari gaztez osatutako taldeek eredu hori baliatzea. Claude Iruretagoiena bakarrik hurbildu da eredu horretara Maritzuli konpainiaren bidez. Beraz, eredu honetatik azken aldiko bi ikuskizun aipa ditzakegu adibide gisa: Argia eta Juan Antonio Urbeltz beraren Kondharian, eta Claude Iruretagoiena eta Maritzuli taldearen Ingura Mingura Ikuskizun berrietan nabarmentzen den ezaugarrietako bat parte hartzaileen kopuruari dagokiona da. Dantza tradizionalean ohitura zenaren aurka, badirudi tendentzia talde txikietara jotzea dela. Batez ere dantzari kopuruari dagokionez, musikari taldeak ahalik eta osatuenak izatenjarraitzen baitituzte, eta gainontzeko arduretan ere taldeak sendotu baitira eszena zuzendariak, argi eta soinu teknikariak, eta arropa zein atrezzo arduradunak gero eta arruntagoak baitira. Aukeran Taldea. Argazkiak: Jose I. Hernandez. Dantzari talde txikietan funtzionatzeko joera indartzen ari dela dirudi ordea. Adibidez, Aukeran taldean 7 dantzarik dantzatzen dute eta Laxok 4 dantzariz osatuta dago. Juan Antonio Urbeltzek plazaratu duen azken ikuskizunean, Kondharian en, 40 dantzari inguruko taldeak dantzatzen du, baina Urbeltz ek gidatutako aurreko ikuskizunetan (Zortziko eta Alakiketan), 150 dantzari inguruk parte hartzen zutela kontuan hartuz, joera berean koka dezakegu. Maritzuli konpainiak ere 50 dantzarirekin aurkeztu zuen Ingura Mingura, Ixtorio Mixtorion baino zerbait gutxiago. Dantzari kopuruaren murrizketak ikuskizunaren hainbat alderditan eragiten du. Teknika maila altua duten dantzariek bakarrik parte hartzen dute ikuskizunean eta horrek saio osoaren kalitatean eragiten du. Dantzariei ardura handiagoa eskaintzen die baina prestaketa erritmoa azkartu egiten da, ohiko talde handietan "motelenaren" erritmoan egiten baitu aurrera taldeak. Bestalde, talde txikiagoak osatzea eta ikuskizunak hartuko dituzten aretoen tamaina ere elkarlotuta daude. Formato txikiagoko ikuskizunak izanik tamaina ertaineko hainbat antzokitan erakutsi ahal izaten dira. Oier Araolaza, dantzaria eta antropologoa Euskonews & Media 159.zbk (2002 / 3 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria