Ekonomiaren nazioartekotasuna eta Nafarroako industriaren alde teknologikoa Ekonomiaren nazioartekotasuna eta Nafarroako industriaren alde teknologikoa * Amaia Pérez Ezkurdia Gaur egungo gure zibilizazioaren ezaugarri nagusienetariko bat globalizazioa da. Globalizazioak herrialdetako bizitzaren aspektu guztietan du eragin nabarmena, batez ere ekonomikoan. Mundu osoko lehiakortasunak herrialdetako ekonomia baldintzatzen du, eta bereziki ondasun eta zerbitzuen produkzioa. Dagoeneko, merkatuan lekua izateko zentzu zabaleko berrikuntzarako joera premiazkoa dela onartzen dugu. Industri enpresek berrikuntzaren aldeko apustua egin behar dute, hau da, merkatuan berritasunak sartu. Inguru fisiko, soziala eta ekonomikoak, bere ezaugarri nabari eta baita ez nabariekin ere, badu zer ikusirik berrikuntzaren sorkuntza eta zabalkuntzarekin. Orduan, ezaugarri geografikoek berrikuntza prozesuak martxan jartzeko beharrezko baliabide guztiak bereganatzen lagundu behar dute, batez ere enpresa txikien kasuan. Horiek, euren baitan ez dituzten baliabide eta gaitasunak inguruan aurkitu behar dituzte (Méndezek, 2000). Gainera, errekurtso horiek enpresa ekimen berrien iturri izan daitezke. Orokorrean industri sektorea oso indartsua da Nafarroan, BPGren (Barne Produkto Gordina) herena baino gehiago suposatzen baitu. Bertako industri enpresak txikiak izaten dira, eremuaren hego mendebaldeko koadrantean kokatuz gehien bat. Sektore nagusiak ondorengo hauek ditugu: Automobilgintza, Elikadura eta edariak, Metalurgia eta metalezko produktuak, Makinerigintza, Papera eta arte grafikoak, eta Materiala eta ekipamendu elektrikoa. Transformazio industria da nagusiki, esportazio kopuru altuarekin, sektore gutxitan biltzen bada ere. Ditugun datuak kontutan hartuz, Nafarroako Foru Erkidegoaren industri enpresen artean bi kasu mota nabarmentzen dira, bai egitura aldetik, baita problematika aldetik ere: enpresa handienak eta bestelakoak. Enpresa handienek (Nafarroan gehienak Automobilgintza eta Elikaduraeta edarien sektoreetan) atzerritarren eskutan dute kapitala, eta produktua eta puntako teknologia ekarri dituzte. Berrikuntzaren inguruan multinazionalek ondorengo ezaugarriak dauzkate (Molerok, 2000): Ama enpresek produktu teknologia hornitu egiten dute orokorrean. Prozesu teknologiaren aldetik berriz oreka handiagoa dago ama enpresa eta bere filialen artean. Enpresa filial gehienek ez dute I+G (ikerketa + garapena) jarduerarik egiten, nahiz eta proportzioan I+G egiten duten bertako enpresak baino gehiago izan. Enpresa multinazionalen filialak oso gogatsuak dira, produktu eta prozesu berriak sortzen. Hala ere, enpresa horiek eta berrikuntza sistemaren partaideen arteko harremanak eta loturak ez dira behar bezain onak. Industri horiek berrikuntzarako egiten dituzten ahaleginak oso ezberdinak dira. Zenbat eta ahalegin gehiago egin, eta zenbat eta teknologia aurreratuagoa lortu, orduan eta gehiago hartzen dute parte bai multinazionalean baita bertako merkatuan ere. Bestalde, Nafarroako enpresa txiki eta ertainak bere kapitalaren jabeak dira eta orokorrean merkatuaren eskakizunei erantzuten aritzen dira, ia aurrea hartzeko gaitasunik gabe. Enpresa horiek bi motatakoak dira: enpresa laguntzaileak eta enpresa tradizionalak. Laguntzaileek bezero industrialak dituzte eta produktuaren eta zerbitzuaren kalitatea dira erronka nagusiak. Enpresa tradizionalek, teknologia maila txikiko produktuekin, lehian segitzeko egiten dute lan, eta desberdintzea da estrategia nagusienetako bat. Orokorrean, eta haien tamaina dela eta, berrikuntza teknologiko jardueretan kanpoko erakundeen laguntzaren premian daude. Zentro teknologikoak eta enpresen arteko lankidetza, oso baliabide interesgarriak dira. Nafarroako enpresen produktuen ehuneko haundi bat ez da haiena, bezeroena edo ama enpresena baizik. Horrek abantailaren bat badu, baina eragozpen serio bat ere: kanpoko menpekotasuna. Langile kopuruaren arabera, 150 langile baino gehiagoko industrietan bereak ez diren produktuak (ama enpresenakdira) dituztenak gehienak dira. 51 eta 150 langile arteko gehienak berriz beren produktuaren jabeak dira, eta enpresa txikienetan produktuak haienak edo bezeroarenak dira gehien bat. Jardueraren arabera, Elikadura eta edariak eta Metalurgia eta metalezko produktuen sektoreetan enpresa gehienak beren produktuaren jabeak dira. Automobilgintza eta Makinerigintza sektoreetan berriz bezeroenak izaten dira produktuak eta azkenik Materiala eta ekipamendu elektriko eta elektroniko sektorean ama enpresarenak. Dena den, ekimen berritzaileak egiteko orduan (I+G, produktu diseinu eta garapena, etab.) produktuaren jabetza, zer ikusirik baldin badu ere, ez da guztiz erabakigarria. Orokorrean, Nafarroako produktuak ez dira oso teknologikoak. Hamar enpresen artetik zazpik nolabaiteko produktu garapena egiten badute ere, kasu gehienetan xehetasunak edo zati txikiak dira. Langile kopuruaren arabera, enpresa haundienak (>150 langile) dira produktu garapena gehien egiten duten enpresak, eta jarraian txikienak (<50 langile). 51 eta 150 langile arteko enpresen erdia baino zertxobait gehiagok nolabaiteko produktu garapena egiten du. Jardueraren arabera, Makinerigintza eta Automobilgintza sektoreetako enpresek egiten dute produktu garapen jarduera gehien. Estatu mailan, I+Geko batez besteko inbertsioa ona da, Madril, Katalunia eta Euskadiren atzetik, baina Europako batez bestekoa baino dezente gutxiago gastatzen dugu. Jabetza intelektualen erregistro kopurua eta zentro teknologiko edota beste enpresekiko, ahaleginak banatzeko eta proiektu berritzaileak egiteko, kolaborazio kopurua txikia da oso. Nafarroako 2000 2003rako Teknologia plana da teknologia politikaren eskualdeko oinarria, eta ondorengo proiektu sektorialetan gauzatzen da: * Berrikuntza hiria. * Estatuko energia iturri berriztagarrietarako zentro teknologikoa. * Nekazaritza, bioteknologia eta baliabide naturalen institutua. * Nafarroako automobilgintzako zentroa. * Medikuntza ikerketa aplikatuko zentroa. Horietaz gain, hainbat programenbarnean jarduerak ere baditu: enpresa txikien banan banako analisiak, enpresetan goi mailako teknikariak lanean hastea, berrikuntzaren antolaketari buruzko ikastaroak, multinazionalei zuzendutako programa berezia, unibertsitate eta zentro teknologikoen sustapena, lan mahai sektorialak, I+G+B proiektuak (bakarka edota lankidetzan), APT APYME izeneko programa, teknologia zainketa, enpresa berrien sorkuntza eta azkenik lan heziketaren zentruen hornikuntza. Diru hornidura zabala duen plan honek, berrikuntzaren aspektu ia guztiak hartzen ditu bere baitan, baina desorekaturik egon daitezke. Zorroztasunaz eta objetibitate osoz egindako planaren aplikazioak Foru erkidegoaren berrikuntza gaitasuna indartu eta handitu beharko luke. Nafarroako industria, transformazio industria denez, produktuen berrikuntzak Erkidegoaren berrikuntza sistemaren estrategia izan behar du. Balio erantsia duten produktuak salduko dira, eta horregatik, desberdintzea eta fabrikazio merkea lortzea erabakigarriak izango dira. Estrategia horiek kontutan hartu badituzte ere, ez dugu produktuaren aldeko apustu kementsua ikusten. Produktuen berrikuntzak, enpresek merkatuan duten postua hobetu eta Nafarroako industri sarearen dibertsifikazioa eta sendotasuna ekarriko ditu. Gainera, produktuen diseinu eta garapenean espezializatutako profesionalen izugarrizko urritasuna dago. Berrikuntza sistemaren partaideen arteko harremanak ugaritzea eta hobetzea garrantzitsua da, elkar aberasteko. Bestalde, gaitasun teknologiko oneko bertako enpresek teknologia bereganatzeko gaitasuna handitzeko aukera gehiago izan beharko lituzkete. Enpresa laguntzaileen kasua berezia da. Bezero desberdinekin lan egiten dutenez, teknologia bereganatzeko aparteko aukera dute, eta gainera, beren ezaugarriak direla eta, inbertsio berriak ekartzen dituzte, industri sarea indartuz. Horregatik arreta berezia merezi dute. Azkenik, inguruan (berrikuntza sisteman) dituzten baliabideen onura hartzeko gaitasunik ez duten enpresek erakunde publikoetakolaguntza aurkitu beharko lukete. Nafarroako ekonomian industri guztiak beharrezkoak dira. Handienek bizitasuna eta txikienek egonkortasuna ematen digute. Enpresa bat bera ere ez da modernizazio prozesuaren (besteak beste berrikuntza teknologiko eta merkatuaren irekieran datzana) kanpoan gelditu behar. Amaia Pérez Ezkurdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoa Egilearen tesi doktorala dela eta, 1999. urtean egindako inkestaren emaitzak. Argazkiak: "export.navarra.net" eta "plan tecnológico de navarra" webguneetatik Euskonews & Media 147.zbk (2001/12/14 21) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.