Artisaua | |
Produktuak | |
Prezioak |
ARTISAUA
Bi artisau hauek Tolosako Paper Eskolan aritu ziren ikasten, eta ondoren bakoitza paper fabrika desberdin batean hasi zen lanean. Juanek, Bartzelonan zegoenean, egun bere emaztea dena ezagutu zuen, Arte Ederrak ikasten ari zena. Bere lanerako paper egokiak aurkitu ezinik zebilela azaldu zion Juani, Madrilen eskuz egiten zen paper mota bat erabiltzen baitzuen, baina busti orduko desegin egiten zen ordea. Juanek, orduan, bustitakoan desegingo ez zen paper mota bat sortzeko erronka finkatu zion bere buruari. 1980an Javier ezagutu zuen, eta bien artean eskuz egindako paperaren tailer bat irekitzea proposatu zion.
Lan handia izan zuten tailerra zabaltzen, garai hartan ez baitzegoen gai horren inguruan idatziriko ezer. Beraz, arte honen oinarriak ezagutzeko, Capellades-ko (Katalunia) paper errotak ikustera joan ziren. Han, pila holandarrak egiten zituen enpresa bat ezagutu zuten, eta bat egiteko eskatu zioten. Beraz, pila eta lokala bazeuzkatenez, prentsa bat erosi, eta probak egiten hasi ziren. Urte bete igaro zuten tailerra montatu zutenetik kalitate pixka bateko papera egin arte. 1983an izan zen hori. Kontuan izan behar da sistema teorikoki sinplea den arren (papera egin, prentsatu eta lehortzen uztea), unean uneko beharren arabera egitea ez dela hain erraza. Antzina batean, papera 30 x 40koa izaten zen, 12 gr/cm2-ko paper fina, baina beraiek formatu handiko eta 300 gramoko orriak lortu nahi zituzten, eta lehortzeko zintzilikatzen zituztenean, beren zamaren ondorioz hautsi egiten ziren. Azkenean, euskarri lanak egingo zituen beste elementu bati pegatuta lehortzea erabaki zuten.
Beste arazo bat, papera kolatzearena izan zen, kola neutroak bilatu behar zituztelako. Izan ere, inguruko paper fabrikek kola azidoak erabiltzen zituzten (albuminoak, kolofoniaren erretxina), baina hauek denborarekin horitu egiten dira, eta ez dute arterako erabiliko diren paperetarako balio. Oztopoz beteta zeukaten bidea.
Lan honetan ziharduten bitartean, larunbatetan eta jaiegunetan paper fabrikan lanean aritzen ziren. Asteko gainerako egunetan, proiektuan murgiltzen ziren.
Javierrek 1990ean utzi zuen fabrika, eta Juanek 1993an. Geroztik, bete-betean artisautza lanetan dihardute.
Teknika ondo ikasitakoan, bezeria bilatzeko xedearekin artisautza azoka guztietan parte hartzeari ekin zioten, Granadan, Madrilen (Estampa), Valentzian, Salamancan, etab. Pixkanaka, Espainia guztiko bezeroak izaten hasi ziren.
Uneotan mota honetako lau tailer daude Espainia guztian, eta gutxiago ekoizten duten artisau bakar batekoak, sei. Pila txikiak eta ekoizpen txikia duten lokala izaten dira. Guztira, ez dira dozenara iritsiko papera eskuz egiten duten artisauak.
1990az geroztik, Juanek paperari buruzko oinarrizko ezagutzak irakasteko ikastaroak ere ematen ditu, artista gazteei zuzenduta (orokorrean, Arte Ederretan lizentziadunak eta grabatuan espezializatuak direnei). Fuendetodosen (Zaragoza), Zaragozako Unibertsitatean, Granadako Unibertsitatean, Alcalá la Realen (Jaén) eta beste hainbat lekutan egiten du hori, 15 bat ikasleko taldeetan, bost egunez, eguneko 8 orduz. Horretarako, kilo bateko pila holandar bat eramaten du, ikasleek paper mota guztiekin esperimentatu eta bakoitzak bere papera egin dezan.
Azpimarratzeko modukoa da bi artisau hauek Filipinetan gisa honetako tailer bat abian jartzeko orduan eman duten laguntza. Duela bi urte, beren web orria bisitatu zuen baten mezu elektroniko bat jaso zuten Filipinetatik Internet bidez (gaztelaniaz). Nahiko deprimituta zegoen leku batean papera egiteko tailer bat zabaldu nahi zuen eta aurrez beste hainbat tailer zabaldu zituen GKE batek bidalia zen (bata saskiak egiteko, beste bat zura lantzeko, eta abar), eta laguntza eskatzera zetorren. Handik hilabete gutxi batzutara, mezuaren igorlea, Agustín Maíz misiolari ondarrutarra (Bizkaia), misioetara itzuli baino lehen etxean opor batzuk igarotzen ari zela, berriz ere harremanetan jarri zen hauekin. Elkarrekin egon ziren aldietan datuak biltzen aritu ziren, eta ondoren Internet bidez jarraitu zuten hori egiten.
Filipinetako tailerra martxan da jada, eta gampi izeneko landare bat erabiliz, hamar kolore desberdinetan ekoizten dute papera. Tailerra gaur egun bertako langileena denez, bertan diharduten 3 langileek eta zuzendariak soldata duin bat irabazten dute.
Aipatu beharra dago Juanek eta Javierrek, tailerra eraikitzeko laguntza eman izateaz gain, aipaturiko GKEaren ordezkari lanetan ere badihardutela, bezero guztiei paper mota hau beraiek ekoiztutakoaren kalitate eta berme berarekin eskainiz. Hori dela-eta, paper kopuru handi bat eskatu diete filipinarrei (dagoeneko ordaindu ere egin diete), inolako zailtasunik gabe saltzeko esperantzarekin.