PROZESUAK
Larru naturala erabiltzen duten artisauekin topo egiteko, Iruñeara
jo behar dugu. Hantxe daukate oinetakoen tailerra Xabier Iturriotzek eta
Mari Carmen del Ríok.

Kalerako bota pare on bat egiteko eskatu diegu.
Gure lagunak lanean hasi dira:
Mari Carmen hasi da lehenengo. Abarken kasuan bezala, lehenik eta behin
piezak marraztu eta moztu behar dira, begetalki ondutako larrua erabiliz.
Ondoren, ondo inbrikatu ahal izateko, berehala hasi da ertzak jaisten.
Une horretantxe hainbat gauza egin behar izaten dira: alderdiak elkarri itsatsi,
lokarria pasatzeko zuloak ireki, barruko forroa ipini eta guztia ondo-ondo
josi.
Hein handi batean, lanaren fase honetan -eta baita larruaren hautaketan
ere- datza azken emaitzaren gakoa. Izan ere, oinetakoa ondo moztuta eta
josita baldin badago, oso denbora luzean iraungo du.
Botaren larrua moztuta daukala, Xabierrek oinetakoari egokitzen zaion zola
aukeratu du. Jarraian, barruko plantila itsatsi eta iltzeztatu du.
Josi baino lehen, botaren ertza moldatu du, kanpoaldea laua izan dadin.
Lan bat zein bestea egiteko, makinak erabili ditu.
Oinetakoa nola den, forrua ipiniko zaio (zerri larrua) edo ez. Zola mota
desberdinen artean bat aukeratu beharko da: fina izango da egun beroetarako,
eta pneumatiko berziklatuz egindako goma lodi eta itsaskorrekoa egun euritsuetarako.
Zola moztu eta orkoiak ateratzea besterik ez da falta. Oso kalitate eta
prezio oneko oinetakoa dugu aurrean, eta ekologikoa gainera, larrua begetalki
ondua baita. Josteko erabilitako materialak naturalak dira.
Gutxi dira oinetakoak horrelako materialekin egiten dituzten artisauak.
Baina, hala eta guztiz ere, oso zaila da oinetakoak seriean ekoizten dituzten
industria handiekin lehiatzea. Alde ekonomikoa handiegia izan ez arren,
artikulu hauek erosten dituena harro asko ibil daiteke, oinetan "gauza desberdin
eta guztiz artesanala" eramateagatik.
LARRU EKOLOGIKOA
Jantziak, forruak eta gehigarriak egin ahal izateko, aurrez larrua ondu beharra
dago, bai biguntzeko, bai hain berezkoa duen leuntasuna lortzeko. Horretarako,
larrua tratatu egin behar da, lehortzerakoan oinetakoek konsistentzia kornearik
har ez dezaten, eta ez daitezen hartzitzeagatik puskatu edo usteldu. Egipziarrek,
duela bi mila urte, jada ezagutzen zuten laban, arraspa, ezten eta errematxeez
baliatuz landare eta fruituen zukuen bidez begetalki ontzeko sistema. Gainera,
hainbat olio eta grasa erabiltzen zituzten larrua edertzeko. Baina XIX. mendean,
metodo industrialen etorrerarekin, zapatagintza izugarri garatu zen. Ordukoa
da kromozko gatzen bidezko ontzea, adibidez.
| |
 |
Teknika hau larruari erabilera militar zein zibila emateko, eta gero eta handiagoa
zen eskariari erantzuteko sortu zen, artisauek, beren ohiko prozeduren bidez,
ezin zutelako behar adina ekoiztu. Horrela, ontzaile kimikoak sortzeari ekin
zitzaion, larruak modu masibo batean tratatu ahal izateko. Ontzaile begetalekin
tratatutako larruek zuhaitzen azalak bezalako tonu marroixka hartzen dute,
eta eguzki izpien ondorioz garatu egiten dira, lodi eta sendoak dira, eta
edertasun natural handiagoa dute beren berezko olio naturalak azaleratzeagatik.
Kromoz ondutako larruak, aldiz, meheagoak izaten dira, eta beren kolorea hasieran
zuria izaten da; gero, nahi den tonua ematen zaie. Horregatik, lehenengo prozeduraren
bidez landutako larruak, sendoagoak izatean, burdinoletako mantalak, hauspoak,
abarkak, sandaliak, zolak, korreak, bridak, maletak, poltsak eta erabilera
industriala dutenak egiteko erabiltzen dira, eta kromoz ondutakoak, berriz,
janzteko, eskularru meheak, tapizeriak etab. egiteko.
