Portada

Euskarabildua: Gobernu Irekietarako teknologiak

iametza

Gardentasuna, parte hartzea eta lankidetza dira Gobernu Ireki baten oinarria, eta bide horretan, teknologiak —nahikoak ez diren arren— ezinbesteko tresnak dira. Erakunde publikoen, herritarren eta eragileon ardura da erakundeak irekitzeko tresna berritzaileak garatzea, bestelako gobernantza ereduak sortzeko.

Egun, inoiz baino informazio gehiago zabaltzen dute erakunde publikoek gardentasun atarietan eta bestelako politiken bitartez. Baina nahikoa al dira gardentasun ariketa hauek “gobernu irekia” izateko? Zein da gobernantza eredu berria batean herritarron erantzukizuna?

2009ean Amerikar Estatu Batuetako presidente zen Barack Obamak ‘Transparency and Open Government’ memoranduma aurkeztu zuen. Honekin gardentasuna, parte hartzea eta elkarlana sustatuko zuen gobernu baten alde egin zuen, eta neurri zehatzak hartu ere bai.

Ordutik bereziki, mundu osoko erakunde publikoen gardentasun neurriek jauzia eman zuten orduan. Bereziki komunikazio eta informaziorako teknologien hedapenak eta herri mugimendu berrien sorrerak ekarri zuen jauzi hau —2011ko plazen mugimendua bereziki—.

Baina inoiz baino informazio gehiago egon arren, badirudi, inoiz baina lotura txikiagoa dagoela erakunde publikoekin. Horregatik, gardentasunetik harago joan behar gara eta demokrazia sakon bat garatu ahal izateko, aipatu hiru eremu ahalik eta gehien garatu behar dira.

Iametzak eta Ametzagaiñak antolatutako Euskarabildua jardunaldietan, Gobernu Irekietarako behar diren teknologien gainean hausnartuko dugu, baita horri lotutako erronken aurrean, herritarrok ditugun aukerez eta erantzukizunez. Urriaren 25ean izango da San Telmo museoan, eta izena emateko www.euskarabildua.eus atarira sartu besterik ez dago.

Xabier Barandiaran filosofo ezaguna izango da jardunaldiak irekiko dituen lehen ponentea. Flok society-ren sortzaile eta zuzendari izandakoak, jakintza eta ezagutza librearen aldeko langile aktiboa izan da. Azken urteetan burujabetza teknologikoa izan du ardatz eta Bartzelonako Udalean aritu da lanean, besteak beste, decidim.org plataforma sortuz.

Aragoiko gobernuko gardentasun eta parte hartze saileko zuzendari nagusia den Raúl Oliván (PSOE) ere gurekin izango da, Aragoin sortutako LAAAB-en (Aragoiko Gobernu Irekirako Laborategia) gainean bere ikuspegia emateko. ‘Hacking inside’ liburua editzen ari da, erakundeetan ‘Troiatar Birus’ bezala sartzearen beharraz, eta ‘hacker etika’ baliatzeaz ondasun komunak komunean partekatzeko.

Gurera etorrita, Errenteriako Udaleko Eñaut Gracia izango da ere Euskarabildua jardunaldietan, Udal Gobernu batek herritarrentzako proposatzen dituen kanal zuzenek zenbateko erraztasun eta erresistentziak topatzen dituzten kontatzeko. Herritarren arreta zerbitzu bateratu garatu dute Errenterian, eta esperientzia hori izango du hizpide.

Gobernu Irekia osatzerako orduan, herritarrek ere berebiziko pisua daukagu, eta Euskarabilduan arreta jarriko diogu atal honi. Datu Irekien kasuan adibidez, ez da nahikoa izango hauek publikatzearekin, gero ezin bada datu horietatik informazioa modu ordenatuan lortu. Irekia.eus-eko Javier Bikandi, Deustuko unibertsitateko Miren Gutierrez eta HirikiLabs-eko Ibai Zabaleta izango dira gurean. Nork bere eremutik, datu irekien erabilera ezberdinak izango ditu hizpide.

Euskarabilduan informazio eta komunikazio teknologietan euskarak duen presentziaz eta dauden aukerez hausnartzen dugu eta horretarako iametzako Eli Pombo eta Marko Txopitea arituko dira, euskarak teknologia libreekin duen harremanaz zehazki.

Jardunaldiak bukatzeko egun bogan den pribatutasun legearen gainean arituko da Biantik kooperatibako Ion Turrilas. Datuak Babesteko Europar Batasuneko gakoak azalduko dira, aktibitate ez berdinetan jarduneko kasu praktikoak aztertuko dira.

Erakunde publikoen, herritarren eta eragileon ardura da lankidetza bidez erakundeak irekitzeko tresnak berritzaileak garatzea, gobernantza eredu berriak garatu ahal izateko. Euskarabilduan elkarrekin hausnartzeko aukera izango dugu, ez galdu aukera.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Egilea

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia