Saioa LARRAZA ARNANZ, Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU
Munduratzen den haurrari hasieratik bertatik bi hizkuntza eskaintzeak dituen onurez arituko gara gaurkoan. Azken urteotan egindako ikerketek erakusten baitute aldea dagoela hizkuntza bat jaiotzetik ikasi eta beranduago ikastearen artean. Horretarako, zenbait hizkuntza-atal bisitatzeko bidaia-proposamena dakargu, hizkuntza-atal horietako bakoitzean ikerketak jasotakoa ezagutzeko asmoz. Esan dezagun argi; euskara sortzetik ikasteak merezi du, eta horren aldeko ebidentziak bildu dira hemen. Has dadila, bada, bidaia!
Lehen geldialdia burmuinean bertan egingo dugu. Hizkuntza burmuinak gidatzen duen gaitasuna den aldetik, interesgarria da aztertzea hizkuntzaz jabetzeko prozesuak nola alda dezakeen burmuinaren egitura. García-Pentón eta bestek (2014) aditzera ematen duten moduan, sortzez elebakarrak edo elebidunak diren hiztunen burmuinek ezberdintasunak agertzen dituzte neurona-sareei dagokienez. Zehazki, eraginkorragoak eta konektibitate altuagoa duten sareak garatzen dituzte sortzezko hiztun elebidunek. Eta neurona-sare horien zeregina hizkuntza-kontrola dela kontuan hartzen badugu —alegia, hizkuntzen arteko interferentzia sahiestea eta hizkuntza bakoitzean prozesamendua erraztea—, agerikoa da eragin nabarmena duela horrek hizkuntza-jardunean. Era berean, egia da ere ez dagoela argi elebidunek garatuagoak dituzten sare horiek desabantailak eragin ditzaketen bestelako gaitasun kognitiboetan. Dena dela, bi hizkuntzaz goiz jabetzeak burmuinaren plastizitatea areagotzen du, eta ondorioz, horrek neurona sareen egitura ere aldaraz dezake.
Gure bidaiaren bigarren geltokia hizkuntza-jabekuntzaren alorra da. 3 hilabete eta erdiko haurrek erritmo linguistiko antzekoa duten hizkuntzak bereizteko gai diren aztertu zuten Molnar, Gervain & Carreiras-ek (2014). Izan ere, euskara eta gaztelaniaz jabetzen ari den haur bat nola da gai bi hizkuntza horiek bereizteko? Biek erritmo linguistiko bera dute, silaban oinarritutakoa. Bokal tarteak, ordea, ezberdin banatuta ageri dira, eta hori lagungarria izan daiteke haurrarentzat. Lan horretan euskara-gaztelania entzuten zuten haurrak batu zituzten, soilik euskara eta soilik gaztelania entzuten zuten haurrekin alderatzeko. Begirada zuzentzearen prozedura izeneko teknikarekin aztertu zituzten hiru taldeak. Haurren begirada eta arretaren bitartez, diskriminazioa ote dagoen neurtzen du zeharkako metodo horrek funtsean; alegia, haurra gai den input ezberdinak bereizteko. Emaitzek erakusten dute aztertutako haur guztiek ezberdintzen zituztela bi hizkuntzak, baina modu ezberdinean egiten zuten hori. Zehazki, gaztelaniadun elebakarrak bi hizkuntzak bereizteko gai ziren, baina aurretik euskararekiko espozioa jasotzen zutenean soilik. Euskaldun elebakar eta elebidunek, berriz, bi hizkuntzak bereizteko gaitasun erabatekoa zuten, inongo aurre-baldintzarik gabe. Gainera, haur elebidunek elebakarrek baino begiratze-denbora luzeagoak zituzten, iradokiz euren sortzezko hizkuntzak elebakarrek ez bezala hautematen dituztela. Ikerketa horretatik ateratzen dugun ondorioa da haur elebidunek oso goiz —bizitzako 4.hilabetea baino lehen— garatzen dutela inguruan dituzten (erritmo bereko) hizkuntzak bereizteko gaitasuna. Eta horixe da, hain zuzen ere, aldibereko jabekuntza elebidunaren oinarria; garapenaren hastapenean, haurrak entzuten duen guztiaren baitan bi hizkuntza ezberdin daudela ohartzea.
Bi hizkuntzaz goiz jabetzeak burmuinaren plastizitatea areagotzen du, eta ondorioz, horrek neurona sareen egitura ere aldaraz dezake.
Hizkuntza-oharmenaren eremuan egingo dugu gure hurrengo geldialdia. Haurra behin konturatu denean entzuten duen input anitz eta aberats horretan hizkuntza ezberdinak daudela, hizkuntza bakoitzaren hotsak bereiztea izango da hurrengo zeregin garrantzitsua. Ildo horretan, euskarazko s-z txistukari frikariak bereizteko gaitasunean euskara adin ezberdinetan ikasteak eragina duen aztertu nahi izan genuen. Hots kontraste hori gaztelaniaz ez da emankorra. Larraza, Samuel eta Oñederrak (2016) jasotako emaitzek erakusten dute euskara eta gaztelania sortzez eta aldi berean jaso zituzten hiztunak hobeak direla s-z hotsak bereizten. Euskara 3 urtekin ikasten hasi zirenak, jada, motelagoak dira zeregin horretan. Eta euskara 7 urtekin ikasten hasi zirenak are motelagoak dira, eta gainera, akats gehiago egiten dituzte. Horrela, agerian geratu zen euskara zenbat eta beranduago ikasi, orduan eta zailtasun handiagoak daudela euskal txistukariak bereizteko.
Hotsak diskriminatzeko gaitasunak hitzen prozesamenduan eragin dezakeela jakina da. Ildo horretan, berriki egindako beste ikerketa batean (Samuel & Larraza, 2015) neurtu nahi izan genuen euskaldun berrien tx-tz hotsen ahoskatzeek eragina ote duten sortzezko euskaldunen oharmenean. Bi elebidun talde aztertu genituen: sortzezko euskaldunak (gaztelania 3 urtekin ikasitakoak) eta sortzezko gaztelaniadunak (euskara 3 urtekin ikasitakoak). Ariketa esperimentala sinplea zen; hiztunak objektu baten argazkia ikusi eta horren izena entzuten zuen, eta izena ongi ahoskatua zegoen erabaki behar zuen. Ahoskatzea zuzena zen erabakitzeko sasi-hitzak erabili genituen, jatorrizko txistukariak aldatuta: *intzaurra, *kotzea, *hondartxa, *bihotxa, etab. Proban parte hartu zuten hiztun guztiek euskara maila oso altua eduki arren, sortzezko gaztelaniadunek maizago onartu zituzten ahoskatze okerrak. Zehazki, kasuen %50 inguru ahoskapen txarrak euskarazko hitz zuzen gisa hartu zituzten, sasi-hitzen aktibazioari leku eginez. Bigarren hizkuntzan hotsen hautemate okerra eta hitzen aktibazio faltsua ohikoagoa da, eta gure emaitzek ere horixe berresten dute. Sasi-hitzen aktibazioak, besteak beste, zailtasunak eragin ditzake hazi-hasi, hezi-hesi, etzi-etsi, atzo-atso, utz-huts moduko pare minimoekin, eta oro har, hizkuntza-prozesamenduaren eraginkortasuna mugatu egiten du.
Elebidun ezberdinek hainbat hizkuntza-ataletan erakusten dituzten berezitasunak jaso ditugu lerro hauetan. Bidaia askoz ere luze eta sakonagoa egin zitekeen, argi dago. Hala ere, laburbildutako emaitzek aditzera ematen dute jaiotzetik aldi berean bi hizkuntza jasotzeak abantailak dakartzala hizkuntza-prozesamenduan. Aldibereko elebidunek modu automatikoagoan (azkarragoan, nahi bada) eta eraginkorragoan prozesatu ohi dute hizkuntza. Horixe erakusten dute neurona sareen funtzionamenduak, erritmo linguistiko bereko hizkuntzen diskriminazioak, euskarazko txistukariak bereizteko abantailak eta sasi-hitzak direnak hautemateko gaitasunak. Hortaz, aldibereko elebitasunak linguistikoki ageriko onurak dakartza. Orain, bestelako gaitasun kognitiboei (memoria, arreta, etab.) dagokienez, etorkizuneko ikerketak erakutsi beharko du baliabide mentalak bi hizkuntzaren mesedetan erabiltzeak abantailak ote dituen.
García-Pentón, L., Pérez Fernández, A., Iturria-Medina, Y., Gillon-Dowens, M., & Carreiras, M. (2014). Anatomical connectivity changes in the bilingual brain. Neuroimage 84, 495-504.
Molnar, M., Gervain, J., & Carreiras, M. (2014). Within‐rhythm Class Native Language Discrimination Abilities of Basque‐Spanish Monolingual and Bilingual Infants at 3.5 Months of Age. Infancy, 19(3), 326-337.
Larraza, S., Samuel, A. G., & Oñederra, M. L. (2016). Listening to accented speech in a second language: First language and age of acquisition effects. Journal of Experimental Psychology: Learning, Memory, and Cognition, 42(11), 1774-1797.
Samuel, A. G., & Larraza, S. (2015). Does listening to non-native speech impair speech perception? Journal of Memory and Language, 81, 51-71.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria