Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Asier ASTIGARRAGA
Barandiaranen lana kokatzean ikuspegi eta izenburu asko erabil daiteke: folklorea, etnografia, antropologia, aho-historia, e. a. Ahozkotasunak bete zuen bere tokia haren lan eta ikerketetan.
XIX. mendearen tradizio folkloriko eta erromantikoarekin etena izan zen Barandiaranen egitasmoa. Argigarria da beti bere hasierako Eusko-Folklore orritxoak irakurtzea. Lehen zenbakian, labur eta zehatz, orriotan argitaratu beharreko testuen transkribapenerako arauak eman zituen. Tokian tokiko hizkeraren bereizitasunak eman eta errespetatu behar ziren, lekukoak emanikoari ezertxo ere gehitu edo kendu barik.
Honi esker, garaiko irakurketa eta interpretazioen gainetik, osteko irakurle, zaletu eta ikerlariek jatorrizko testigantzak eta aho-testuak berreraikitzeko aukera izan dute.
Eusko-Folklore. Argitaratu beharreko testuen transkribapenerako tokian tokiko hizkeraren bereizitasunak errespetatu behar ziren, lekukoak emanikoari ezertxo ere gehitu edo kendu barik.
Beste alde batetik ipuinetan, bertsoetan, kantuetan... zein ahozko narrazio eta deskribapen arruntetan (eguneroko bizimoduaren azalpenak, tresna edo prozedurak, e. a.) Barandiaranen eta bere jarraitzaileen lanetan guztiz zuzena eta arteza da lehen testigantzaren indarra.
Eta hauxe, euskal kulturaren deskribapenen historian, berritasuna izan dela esan daiteke. Gaur egun ere R. M. Azkue baten lanetan agertzen diren aho-testuak “irakurtzen” ikasi egin behar da. Nabarmena izan ohi da autore honen emaitzetan transkribatzailearen eskua eta (han-hemenka dauden “pistei” jarraituz), oinarrizko testuak berreraikitzea posible den arren, ikerlariaren hizkuntzaren edo musikaren idealak gainditu egiten du beti iturria.
Ba hemen ebaki zen bidean barrena abiatu zen Barandianen beste garaikide bat: M. Lekuona. Eusko-Folkloreren lehen orrietan ere agertu zitzaigun haren izena. Baina honek izan zuen bere aparteko ibilbidea eta ezin daiteke ahaztu bai bertsogintza bilduz eta bultzatuz, bai aho-literaturaren lehen egituraketa eraikiz egin zuen bidea.
Lekuonarengan ere nabarmen-nabarmena izan zen ikerlariak lekukoarekiko eta lekukoaren esanekiko zuen errespetu eta argitasun handia. Esanen ezagutza sakonetik eginiko transkribapenak ziren eta bereak. Nola izango zen posible, bestela, baserritar apal batek kantaturiko eske-kopla soil batzuetatik erretaula gotikoen irakurketara heltzea?
Ba, argi dago, hizkuntza eta hizkuntza baliatuz esanikoak ondo entzunez, zuzen ulertuz eta guztiz errespetatuz.
Eta hauxe azpimarratu egin beharreko bigarren ezaugarria: euskal aho-kultura ondo errepresentatzeko derrigorrezkoa da lekukoaren hizkuntza (hau da euskara bera) eta beronen hizkeraren xehetasunak ondo ezagutzea. Beti horretara izan ez den arren, Barandiaranek eta Lekuonak erakutsi ziguten euskal kultura euskaraz eta euskaratik abiatuta aztertu behar dugula. Oso zaila da (eta... zientifikoa ote da?) erdaraturiko testuekin maila bateko eta sakontasun bateko azterketetara heltzea.
Jose Migel Barandiaran, Edorta Kortadi eta Manuel Lekuona 1983ko Manuel Lekuona Sarian.
XX. mendearen azken aldera narratiban ere eman berezia izan du Barandiaren osteko eskolaren ibilbideak. Hemen aipatzekoa da J. M. Satrustegik egindako lana. Honek, behar bada, aldez aurretik eraturiko hipotesien pisu handiagoa izan du, eta antropologia kulturalaren ildotik bilketa mugatuagoa baina trinkoagoa egin izan du.
Bide honetatik ere, eta dibulgazio helburua nagusi dela, M. Etxebarriak ohikoa ez den argitarapen sorta zabala osatu du.
Ahozkotasunaren mundu honek beste hainbat produktu egokitu ekarri ditu berarekin nahaste. Borondate handiarekin eta irizpide laburrekin egokitzapen asko ikusi izan dugu argitarapenen munduan. Badira lan txukunak ere. On litzateke ezer plazaratu baino lehen hasierako biltzaileen iturrietatik edatea eta hasierako lekukotasunaren errespetu hori berregitea, posible den neurrian.
Eta azken urteotan informazio eta komunikazio bide berriak aipatu behar genituzke. Talde askok eman dute lehen urratsa baina azken aldion ahotsak.com da ezinbestean aipatu beharreko egitasmoa. Eibarko Badiharduguren hasierako bultzatzaile lana izango ote da XXI. mendeko Eusko-Folkloreren pareko?
Hemen labur-labur aztertu den ibilbidea mugatua da eta izen asko eta ekintza asko geratu da aipatu gabe. Dena dela garrantzitsua izan daiteke ahozkotasunaren tratamenduan Barandiaranek eta bere jarraitzaileek agertu zituzten errespetu oinarrietara eta jakinduria-izpiritura bueltatzea.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus