bizkaiko_foru_aldundia

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Oria ibaiko ontzi tradizionalak, Aginagan

Ane IZARRA URIARTE

Lan honetan Usurbilgo Aginaga auzoko biztanleen bizimodua aztertuko da, Oria ibaia eta ibai ontzi tradizionalekin lotutakoa hain zuzen ere. Ikerketa hau aurrera eramateko 2009.urtean, Joxe Migel Bereziartuari (1950) hainbat elkarrizketa egin zitzaizkion. Aginagako Uriberri baserrian bizi izan da, txikia zenetik alekin Oria ibaian zehar lanean, txitxardina bila, animaliak eta pertsonak garraiatzen etab. Inguru hori primeran ezagutzen duen gizona da eta bere osaba eta aitak irakatsi zioten bezala bere ibai ontzia bere eskuekin eraiki zuen.

1. Sarrera

Gaur egun Euskal Herriko ibaietan naiz eta jarduera gehiegi ez ikusi, orain dela hamarkada batzuk gauzak oso ezberdinak ziren eta ibaietan gora behera ontzi mugimendu handia zebilen, ala, txanela eta gabarrena. Ibai ontzi hauek eginkizun ezberdinetarako erabili izan dira: materialak garraiatzeko, pertsonak eta animaliak ibaiaren alde batetik bestera eramateko, arrantzarako, etab. Azaldutako hau izan da Oria ibaiaren kasua, Aginaga auzoan.

Euskal Herriko ibai ontziak hiru motatakoak dira: alak, txanelak eta gabarrak. Antzinatik oso garrantzitsuak izan dira erabili diren jardueretan eduki duten garrantziarengatik eta orain dela berrogeitamar urterarte ibaiak hauez beteta zeuden. Baina merkataritza salerosketak errazteko, errepideak eta zubiak eraiki zirenetik, ibai zirkulazioa gutxitzen hasi zen, apurka apurka, oraingo egoerara iritsi arte. Portugalete, Pasaia, Hondarribia edo Zumaia bezalako herrietan, oraindik ere, ibaiaren alde batetik bestera dabiltzan ontziak ikusten ditugu, baina tamalez, alak, txanelak eta gabarrak desagertzeko arriskuan dauden ontzi motak dira.

Euskal erriberetako biztanleek era guztietako lanak egiteko egoki prestatutako tresna hauek erabili dituzte: ibai hondoko harea ateratzako (eraikuntza enpresei saltzeko edota ibaiaren sakoneko hondarra, ontzi haundiagoek nabigatu ahal izateko prestatzeko), egurra moztera ibaiaren bestaldeko basoetara joateko, burdinoletako metalak garraiatzeko, etab.

2. Aginaga eta Oria ibaia

Oria ibaia Gipuzkoako ibarik luzeena (66 Km) eta ur emari gehien duena da eta Tolosako eskualdea zeharkatzen du Lasarte eta Usurbiletik igaro ondoren Orion itsasoratu arte.

Aginaga industrializazioarekin hasitako baserri giroko herriaren prototipoa da, industriaren kokapenaren ondorioz aldaketa sozial sakonak jasandako herria. Aginaga mundo mailan zerbaitengatik ezaguna izan bada, txitxardinen arrantzagatik eta erriberako arotzeriarengaitik izan da, gehienbat.

Aginagan baserriak errioaren alde bietan kokatzen ziren, lantzeko lursail zabalenak aprobetxatuz. Oria Ibaiaren arroa burdinola eta ur-errotez beteta zegoen.

Aginagako auzoa (Usurbil)

Aginagako auzoa (Usurbil). Etxeak, baserriak eta bestelako eraikinak, Oria ibaiaren arroan zehar antolatzen dira.1

3. Txitxardinaren arrantza

Aginaga baserri giroko auzo bat izan da beti, ibaira oso lotuta egon dena. Bertan, familia gehienak baserrian bizi ziren bertako lanak eginez. Baserri batzuek lantzeko lursail aproposak zituzten, eta animaliak etab., ia ez zuten arrantzan egiten. Beste familia batzuek ordea, beren baserrietan ia ez zuten lurrik eta arrantzan aurkitu zuten familia aurrera ateratzeko bide bat: txitxardinaren arrantza.

Txitxardina (angula), ainguren arrainkumea da, heldutasunean itsasoratu ondoren ibaietan gora sartzen dena. Gauez harrapatu behar izaten dira, egunez eta argia dagoenean ezkutuan mantentzen direlako. Hau dela eta, hauek harrapatzea ez da erraza eta sakrifizio nahikoa eskatzen duen lan bat da, beti gaua, ura eta klima egoeren menpe. Anekdota modura Joxe Migel Bereziartuak bere aita eta osabari igande gau batean arrantzan zeuden bitartean gertatutakoa kontatzen du. Erriberatik Gaztelu bertsolaria pasatu zen eta honako bertsoa bota zien:

Jendiak badauka arriskatu nahia
txitxardinarengaitik uzten dute ohia
hola santifikatzen al dezute jaia
kalatzen dezute baina utzik dator baya.

Jatetxe ugari beraien kartetan txitxardinak eskaintzen hasi zirenez, produktu honen eskariak XIX. mende erdialdetik aurrera goraka egin zuen, Donostia eta Bilboko erdi maila berriko bezeroek demandatuta.

4. Ibai ontziak

Ibaiko arrantza eta bestelako lanak aurrera eramateko ibai ontziak erabili izan dira. Hauek modu tradizionalean eraikitzen ziren, inguruko basoetan moztutako egurra erabiliz eta mendeetan zehar garatutako erriberako arotzerietako teknikez baliatuz. Aurrerago aipatu den bezala hiru motatako ibai ontziak daude: alak, txanelak eta gabarrak. Naiz eta zenbait ezberdintasun eduki, aldiz, badituzte beste zenbait gauza amankomunean:

a) Ontzi hauek ondua laua dute.

b) Zama ontziak dira (persona, animalia edota merkantziak eramateko).

d) Polaina edo agia izeneko pertika luze batekin bultzatzen dira.

e) Ontzi hauek ez dute altuerarik (eskorarik), erabiltzen diren ibaietan urak ez duelako indar handiegirik edukitzen.

Joxe Migel Bereziartuaren aletako bat, polaina eta ura ateratzeko erabiltzen den belakiarekin barruan.

Joxe Migel Bereziartuaren aletako bat, polaina eta ura ateratzeko erabiltzen den belakiarekin barruan.
Argazkia: Ane Izarra Uriarte.

5. Industrializazioa Aginagan

Donostialdeko industrializazio prozesuak ondorio sakonak izan zituen Aginagako ohiko bizimoduan. Prozesu hau Gipuzkoa eta Bizkaiako beste zenbait tokikoen parekoa izan zen, baina Tolosa eta Usurbil inguruan berezko hainbat ezaugarri izan zituen. Bizkaian industria osoa metalurgiaren inguruan eta toki berean (Bilboaldean) bildu bazen, Gipuzkoako eredua guztiz ezberdina izan zen. Industria mota askotarikoak garatu ziren, armen ingurukoa Eibar eta Soraluze inguruan, Azkoitialdean ehunen industria, Tolosan paperaren industria, etab. Industria guzti hauek ezaugarri bat zuten amankomunean, denek uraren indarra erabiltzen zutela beren makinen funtzionamendurako. Hidroelektrizitatea indar eragile bezala erabiltzea izan zen Aginagan horrenbesteko aldaketa bultzatu zituena. Horrela, industriaren garapenak, ibaietako uraren degradazioa bultzatu zuen eta Aginagan kutsadura horrek bere biztanleen ohiko bizimoduan eragin zuzena izan zuen.

Ibaiaren kutsadurak arrantza kaltetu zuen, jada ez zen familia aurrera ateratzeko modu bat eta Aginagako biztanleak inguruko fabrika berrietan (Ingemar, Michelin, etab.) lanean hasi ziren. Txitxardinarik ez zegoenez arrantzale kopurua ere gutxitzen joan zen.

Gipuzkoako ibaien kalitatea garai hartan europako ibai guztietatik txarrenetakoa izatera pasatu zen. Garaiko aldizkari ezberdinek, Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe aldizkariak adibidez, ibaien egoera tamalgarri hura eztabaidara atera zuten “estolda-ibaia”, “lotsa publikoa”, eta antzeko definizioekin.2 Lantegiek beren hondakinak ibaira isurtzen zituzten, inolako tratamendurik erabili gabe, egoera kritikoa bilakatu arte. 1980. hamarkadan, egoera hobetuko zuten aldaketa batzuk gertatu ziren:

- Urak garbitzeko proiektuak martxan jarri ziren, araztatzaileak bezalakoak.

- 1980 eta 1990. hamarkadetan industriak jasandako krisiak, eragin haundia izan zuen zenbait esparrutan, paperaren industrian gehienbat.

- Enpresen barnean gertatutako aldaketak, hala nola, sortzen zituzten hondakinen gaineko erantzunkizunaren arduraz jabetzean, araztatzaileak ipintzen hasi ziren.

Uriberri baserriko alatokia eta bi ala.

Uriberri baserriko alatokia eta bi ala.
Argazkia: Ane Izarra Uriarte.

Jada ordutik gaur egunerarte bi hamarkada igaro dira eta Oria Ibaiaren egoera nahikoa hobetu den arren urteetako etenaldi hark bizimodu oso bat hutsi zuen eta ibai ontziak, euren eginkizuna galtzean, desagertzen joan ziren. Kutsadura gutxitu da baina orain, bere itzalpean ikusten ez ziren beste arazo batzuk azaleratu dira. Orioko portuan eraiki diren kai-muturrak direla eta ur korronteak ez dira ibaian gora sartzen eta ez dute bere indarraz ura garbitzen, honen eraginez, txitxardinak ez dira bertara iristen.

Aingurak desagertzeko arriskuan daude eta horrela katalogatu dira. Espeziearen garapena ikertzeko AZTI-Tecnaliak 2001. urtean INDICANG proiektua sortu zuen, Europa mailan ainguraren egoeraren jarraipen bat egiteko eta Euskal Herriko egoera ikertzeko Oria ibaiaren erroa aztertzen dihardute.

Bibliografia:

AGUIRRE SORONDO, A.: “Las embarcaciones fluviales en Gipuzkoa”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, nº 4, Untzi-Museoa-Museo Naval, Donostia-San Sebastián, 2003, 639-649. orrialdeak.

FERNÁNDEZ ROMAN, Emilio: La pesca en el río. De la A a la Z, Colección Biblioteca Tutor de Pesca, 1994.

ODRIOZOLA OYARBIDE, L.: “La construcción naval en Gipuzkoa. Siglos XVIXVIII”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, nº 2, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia-San Sebastián, 1998.

ODRIOZOLA OYARBIDE, L.; ARRIZABALAGA MARÍN, S.: Ur eta lur. El agua que nos une, Ed. Nerea, 2003, 112-120. orrialdeak.

PIKABEA AIZPURUA, J.: Aginaga. Errioko jarduerak eta bertako hiztegia, Colección Lankidetzan, nº37, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 2005, 38. orrialdea.

URRIZALKI, I.: El agua en Guipúzcoa. Directrices, Diputación Foral de Gipuzkoa, Departamento para el Desarrollo Sostenible, 2007.

ZAPIRAIN, D.: Usurbil. Iraganari Begiratuz. Ekoizpena, Usurbilgo Udala, 2001.

Egileak eskertzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari duen doktoratu aurreko dirulaguntza (EHAA 2010/01/08).

 

1 http://b5m.gipuzkoa.net/web5000 web orritik harturikoa.

2 URRIZALKI, I., 2007, 102. orria.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media