metro_bilbao

Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, 1963)

Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedakuntzarako zuzendaria da. Kargua 2010eko azaroaz gero dauka. Euskal Filologian doktore da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Titularra (Letren Fakultatea, Vitoria-Gasteiz). Gainera, irakasle laguntzaile izana da Nevadako Unibertsitatean, Reno (AEB, 2007-2010), eta Irakasle Gonbidatu Konstantzako Unibertsitatean (Alemania, 2010). Bi master ere eginak ditu, bata Ramon Llull Unibertsitatean (Bartzelona, 1998) eta bestea East Angliako Unibertsitatean (Erresuma Batua, 2007). Gainera, Euskaltzaindiko kide urgazle da, L.A.F. (Literature Across Frontiers) europar erakundeko Committee to Promote Basque Literature batzordeko koordinatzaile, www.basqueliterature.com, Euskal Literaturako Atari Eleanitzaren zuzendari eta sortzailea, eta, 2004 urteaz gero, Euskal Literatura Itzulia bildumaren zuzendaria: ‘Basque Literature Series’, Center for Basque Studies (University of Nevada, Reno).

Bere argitalpen ugarien artean, aipagarrienak bakarrik gogoraraziko ditugu: ‘Euskal eleberriaren historia’, Bilbo, Labayru, 2002, eta ‘Waking the Hedhegog: The Literary Universe of Bernardo Atxaga’. (Center for Basque Studies-University of Nevada, 2004), eta bere antologiak: ‘An Anthology of Basque Short Stories’ (Center for Basque Studies, 2004), gaztelerara, italierara eta errusierara itzulia; ‘Six Basque Poets’ (Arc Publications, UK, 2007) edo ‘History of Basque Literature’ (Reno, Center for Basque Studies, 2011).

Iturria: Etxepare Euskal Institutua

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Mari Jose Olaziregi / Etxepare Euskal Institutua. Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria

"Memoria kolektiboa astindu behar da, aztertu behar da dolu kolektibo horrek lagun diezagun"

Maider SILLERO ALFARO

“Gerra Zibila eta Memoria Historikoa iberiar penintsulako literaturan” izenburua daraman mintegia ospatuko da hilaren 13an eta horretarako gaian adituak diren hainbat ikerlari eta irakasle bilduko dira Donostiako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Mari Jose Olaziregi, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria izateaz gain, mintegi honetako zuzendaria ere bada. Tartetxoa egin digu eta luzez mintzatu gara literaturaz, euskararen egoeraz, Etxepare Euskal Institutuaz eta abarrez.

Datorren uztailaren 13an ospatuko den mintegiko zuzendaria zara: Gerra Zibila eta memoria historikoa iberiar penintsulako literaturan.

90eko hamarkadaz geroztik asko hitz egiten da memoria historikoaz, bereziki Gerra Zibilaren osteko memoria historikoaz. Hausnarketa hau arlo guztietara hedatu da, adibidez Historian hitz egiten da oroimen lekuei buruz, memoria kolektiboari buruz, memoria komunikatiboaz, kulturalaz... badaude etengabe aipatzen diren kontzeptu batzuk. Literaturari begira eta mintegi honi begira helburua izango litzateke hausnartzea zer memoria konpartitzen dugun Iberiar penintsulako literatura desberdinen artean. Ba al dugu memoria komunik Gerra Zibila tratatzen duten testuen artean? ze motatakoa da? zein gaien inguruan hedatzen da? zeintzuk dira ardatz formalak? zein helburu dute?

Bistakoa da memoria historikoari buruzko bibliografia izugarria dela; ez bakarrik Espainia barruan, baita Hispanismoa deitzen zaion arlo horretan ere. Batez ere azken 15 urtetan tituluan memoria hitza azaltzen duten ikerlan akademiko asko publikatu dira.

Joan Ramon Resina Standford Unibertsitateko Iberian Studies-eko burua, Ulrich Winter irakasle alemanarekin batera Casa encantada. Lugares de memoria en la España Constitucional argitaratu dute eta Resinak berak badu beste liburu bat Disremembering the dictatorship. The politics of Spanish Transition to Democracy. Pentsatu genuen Resina eta Winter aditu inportanteak zirela mintegian egin nahi dugun hausnarketa bideratzeko. Helburua da ikustea literaturak nola errepresentatu duen memoria historiko hori, ze helbururekin eta ze lotura dauden hausnartzea.

Mari Jose Olaziregi Alustiza

“90eko hamarkadaz geroztik asko hitz egiten da memoria historikoaz, bereziki Gerra Zibilaren osteko memoria historikoaz”.

Lourdes Otaegirekin batera Guerra Civil y literatura vasca. Una memoria tardia izena daraman ponentzia aurkeztuko duzu. Zergatik diozue “memoria tardía”?

Inportantea da zehaztea euskal literaturan, eta bereziki narratiban, noiz azaltzen den Gerra Zibilaren gaia. 1950an badaukagu Irazustaren Bizia garratza da izeneko nobela non gerra zeharka aipatzen den, edo beranduago Eizagirreren Ekaitzpean edo 60ko hamarkadan Salaberriaren Neronek tirako nizkin. Gerra Zibila ez da asko azaltzen hamarkada horietan eta kuriosoa da garai hartako erbesteratuek idatzitako testuetan, Irazusta bera adibidez, Gerra Zibilak eta erbesteak ekarri zuen drama oso gutxi ukitzen dela, seguru aski denboran oso gertu zegoelako. Duela gutxi jakin dugu 1936an ibilitakoek 9 autobiografia idatzi zituztela gutxienez, eta horiexek aztertzen dihardutela EHUko Pio Perez eta Ignazio Aiestaran irakasleak (http://www.ehu.es/p200-content/eu/contenidos/noticia/20110608_guerra_civil/eu_info/info.html). Edonola ere, gai honen inguruan boom izugarria azkeneko hamarkadetan eman da gure literaturan. Beraz, aztertu nahi duguna da zergatik eman den hain berandu eta zergatik errepikatzen diren etengabe gai eta oroimen gune batzuk; Gernika, Intxorta Mendiak... eta ze helburu duten nobela hauek.

Adibidez, kasu enblematiko batzuk aipatzearren; Saizabitoriaren Gorde nazazu lurpean liburuko lehenengo narrazioa edo Gudari zaharraren gerra galdua, Intxorta mendian oina galtzen duen gudari zaharrari buruzkoa. Hor azaltzen dira, esate baterako, gaur egun teoria eta kritika mailan azpimarratzen diren gauza asko, hala nola, memoria sortu, eraiki egiten dela, gaurtik sortzen dugula eta atzeranzko jauzia dela beti, iragana berreskuratzea ezinezkoa dela iragana bera sorkuntza bat delako... baina, orduan, zertarako oroitu? Hori da galdera. Ba seguraski sarraski horiek berriro gerta ez daitezen.

Azkeneko boladan memoria historikoaren inguruan asko hitz egiten da. Iragana zergatik astindu? hori da, hain zuzen, askok planteatu duten galdera...

Bai, bistan da. Estatu espainiarrean izan dugun trantsizioan isiltasun ituna egon dela salatzen da. Trantsizioa pasa genuela gertatutako sarraski horien dolua pasa gabe, eta dolu hori literaturak bereziki egin du bere. Gaur egunean, gainera, sinesten da fikzioak historiaren aurrean egiatiago izateko gaitasuna duela, historia ez ofiziala kontatzeko gaitasuna. Bistan da Gerra Zibila izan dela hegoaldekoontzat gertaera beliko inportanteenetakoa. Gertakari hori aztertzeko, biolentzia, gerra eta memoria kontuak ondo aztertu eta astindu dituzten herrialdeak, demagun, Alemania, erreferentzia gune zaizkigu eta teoria mailan egin diren ekarpen batzuk mintegi honetan egongo diren adituek ere bere egin dituzte. Nietzschek esan bezala, historia monumentala baztertu eta biktimen historia kontatu behar dugu. Maiuskulaz idazten den Historia batetik, minuskulaz idazten den historiara pasa gara, mikrohistoriara, eta idazketa horrek, gainera, funtzio etikoa du. Zertarako oroitu? Ba Aleida Asmannek esaten duen bezala, iraganeko basakeria horiek berriro gerta ez daitezen.

Euskal Herrian, gainera, kontu honek badauka beste alderdi oso inportante bat. Askotan Gerra Zibila, eta bereziki Gernikaren bonbardaketa eta frankismoaren diktadura urteak, euskal gatazka politikoaren, biolentzia terroristaren sorrera eta garapena hausnartzeko bide gisara baliatzen dira. Alde horretatik, bistan da azken urteetako nobelagintzak, hala nola, Soinujolearen semeak (Bernardo Atxaga), kasu, baduela helburu bat: gatazka horren sorreraren azterketa, hau da, Francoren diktadurapean sortutako errepresioak zer eragin eduki zuen euskal gizartean biolentzia hori sortzeko. Eta beste nobela batzuk haratago doaz, Muñozen Antzararen bidea, kasu, esaterako, biolentzia horren perpetuazioaz mintzatzen direlako, desmitifikatu egiten dutelako terrorista, iraganeko Gerra Zibileko tiroak buruan, gaur egungo ETAk egindako atentatuekin konparatzen direlako... Ikusten dugunez, Euskal literaturak, eta bereziki, fikzioak, erronka oso handiak hartu ditu bere gain, dela biolentzia terroristaren jatorria aztertzeko, dela terroristaren beraren mitifikazioa saihesteko. Min eta sufrikario kolektiboaren erroak ere aztertzen direla esan genezake.

Mari Jose Olaziregi Alustiza

Estatu espainiarrean izan dugun trantsizioan isiltasun ituna egon dela salatzen da. Trantsizioa pasa genuela gertatutako sarraski horien dolua pasa gabe, eta dolu hori literaturak bereziki egin du bere”.

Euskal Herriaren kasuaz ari gara baina uztailaren 13an izango den mintegira iberiar penintsulako beste aditu asko gonbidatu dituzue.

Bai, halaxe da. Begiratu besterik ez dago gonbidatuen zerrenda. Dolores Vilavedra, irakaslea, esaterako Filologia Galegoko irakaslea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta Gerra Zibilari buruzko narratiba galegoa oso ongi aztertua du. Bestalde, Xavier Pla Gironako Unibertsitatekoak gauza bera egin du kataluniar literaturarekin eta Joan Oleza, Valentziako Unibertsitatekoak, Gerra Zibilari buruzko hainbat lan eginak ditu eta hainbat tesi eta doktoregai ditu horren inguruan martxan. Gainera, Lourdes Otaegik, Eusko Ikaskuntzako kidea eta nirekin batera Gasteizko Letren Fakultateko irakasle dena, oso ondo ezagutzen ditu Pizkunde garaiko literatura eta bere ingurumaria. Testuinguru horretan berak eman diezaguke perspektiba zabalago bat gaur egunekotik ordurainoko aldaketak zehazteko. Aipatutako irakasleok guztiok, lehenago aipatutako Resina eta Winter irakasleei gehitu behar dizkiegu, kritikari eta irakasle ospetsuak guztiak ere. Maila handiko mintegia izango da eta trinkoa, egun bakarrean egingo delako. Gainera, arratsaldean, saio itxi batean, gai hau jorratzen ari diren ikerlari gazteen arteko mintegia antolatu dugu, haien artean informazioa truka dezaten. 7k eman dute izena: Valentziatik datoz, Alemaniatik, euskaldun bat, galego bat, katalan bat... ez du itxura txarra.

Aurten Aitzol hil zeneko 75 urte betetzen da eta hori aitzakiatzat hartuta Euskal Pizkundearen inguruko gaia jorratzen ari da hainbat tokitan, beraz euskal literatura hizpide da...

Pizkunde garaian, hau da, 1930 hamarkadan, bazegoen proiektu nazional bat, bistan da. Euskal literaturan pizkundean parte hartu zutenek, besteak beste, Lizardi, Lauaxeta... Aitzol bera zer esanik ez... konpromiso bat hartu zuten literaturaren bidez eta sorkuntzaren bidez nazio bat eraikitzeko. Literaturak bazuen hor funtzio bat, proiektu bat, eta nolabait bilatzen zen literatura horrek eragin sozial bat eduki zezan, literatura horrek euskara susta zezan nazioaren ohoretan. Jakina denez, aipatutako egileok EAJko kide oso aktiboak ziren. Nik uste dut momentu ezin hobea dela ospakizun hau ere mintegi honetan sartzeko eta hortik, Lourdes Otaegiren ekarpenak eduki dezakeen garrantzia. Eta ez ahaztu mintegia Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean egingo dugula eta sinbolikoki garrantzitsua dela kontua; Francok udak pasatzen zituen eta ministro bilerak egiten zituen leku hori, gaur bake-gune bezala berreskuratu da eta bertan hasiko gara, hain zuzen, kontu honetaz hausnartzen.

Etxepare Euskal Institutuko zure kargu berritik nola ikusten duzu euskara eta euskal kulturaren egoera? Orain arte ere oso gertutik bizi izan duzu ikerlari eta irakasle lanak egin dituzunean, baina orain ikuspegi desberdin bat duzu...

Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura nazioartean proiektatzea da. Koldo Mitxelenak zioen “Kultur alorrean zerbait sortzen duen herriak beretzat eta besterentzat sortzen du, eta, orobat, besterentzat sortzen ez duenak ez du beretzat ere sortzen”. Bestalde, kontu egizu euskarazko lehenengo liburua argitaratzen denean, “Linguae Vasconum Primitiae”, Etxeparek latinez jartzen diola izenburua, garai hartan lingua franca zena darabil munduari bere ekarpenaren garrantzia azpimarratzeko. Zergatik erakutsi? Ba, besteekin neurtzeko, solaskideak topatzeko, hainbat arlotan profesionalizatzeko eta parekoekin harremanak izateko. Gaur egunean globalki hain berdina den mundu honetan, euskal kulturak kokatu egiten gaitu munduan, gure espezifikotasuna azpimarratzen du. Eta bistan da kultura mailan eta euskalaritzan kalitate izugarrizko jendea dugula. Etxepare Euskal Institutuaren zeregina zubi-lana egitea da, bidea erraztu gure kultura kanpoan ezagunagoa izan dadin, jakin-mina sor dezan. “Jalgi hadi”, hori da gure lema. Alde horretatik erronka handiko proiektua da.

Mari Jose Olaziregi Alustiza

“Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura nazioartean proiektatzea da”.

Erakunde moduan bide txikia egin duzue oraindik...

Oso denbora gutxi daramagu baina erritmo frenetikoan. Hilabete gutxi hauetan 8 unibertsitateko irakurle (lectorado) lanpostu berri ireki ditugu, 2 katedra Estatu Batuetan... Ilusio izugarriz ari gara, estrategien gainean hausnarketa eginez, lehentasunak markatuz, ezagutuz bertako jendeak zer behar duen, egiten duguna baloratuz... Institutua bera martxan jartzen ari da. Batzuetan espektatibak oso handiak dira eta erantzun ditzakegun baino eskaera gehiago jasotzen ditugu. Kontua ez da kanpora ateratzea bakarrik, duin ateratzea baizik, helburu batekin, eta ematen diren pausoen ebaluazioa burutuz.

Kanpora ateratzeko anbizioa kultura orok du, kultura orok duelako berdinekin neurtzeko gogoa: besteak laguntzen digu geure burua bermatzen, definitzen, besteekin alderatzeak on egiten digu zer izan nahi digun erabakitzeko garaian.

Nonbaiten irakurri nuen Etxepare Euskal Institutuak pauso gutxi emango zituela, baina horiek tinkoak izango zirela. Horrela al da?

Beno, hitz egiteko modu bat da. Gure baliabideen araberako pausoak emango ditugu, ezin bestela izan. Baina hain institutu gazte eta txikia izateak, hain baliabide mugatuak izateak, eman beharreko pausoak ongi pentsatzea eskatzen digu. 7 pertsona ari gara lanean, institutu txikia da, baina gogoz ari gara. Joan den udazkenetik elkarte eta erakunde ugarirekin bildu gara euren beharrak ezagutzeko asmoz, unibertsitate-irakurle sarearen diagnostikoa ere burutu dugu, hitzarmenak sinatu ditugu, kultura erakudeen sareak aztertu ditugu, plan estrategikoa findu dugu, dirulaguntza deialdiak bideratu... poliki poliki pauso batzuk ematen hasiak gara. Egindakoa baloratu eta aurrera jarraituko dugu, ilusioz.

Amerika eta Europako 25 unibertsitateetan euskara eta euskal kulturaren inguruko lektoradoak daude martxan... ez da gutxi.

Unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleei “irakurle” deitzen diegu (“lecturer” ingelesez). 2004. urtean jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta guk programa horretatik jaso ditugu eurak sortu zituzten 25 irakurle edo irakasle lan-postu. Egoera aztertu dugu eta beharren artean koordinazio eta formazioa eskatzen ziguten. Horregatik antolatu dugu Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barnean ikastaro espezifiko bat irakasle hauen formaziorako. Dagoeneko 90 matrikulatu dira.

25 hauetaz gain, beste 8 irakurle-lanpostu sortu ditugu. Mapa bat egin genuen hutsuneak non zeuden detektatzeko eta programa hori kudeatzen dudanez gero, argi neukan Estatu Batuetan, esaterako, gehiago ireki behar genituela. Hain zuzen hiru plaza berri ditugu eta unibertsitate prestigiosoetan gainera: Stanford, Chicago eta Santa Barbaran (University of California). Horretaz gain bi katedra ere sortu ditugu Estatu Batuetan: Euskal literatura eta Hizkuntza Bernardo Atxaga katedra New York-en (CUNYren Graduate Centerren) eta Chicago Unibertsitatean Koldo Mitxelena Katedra. Sortu ditugun beste lektoradoak: Sorbonne III- Parisen (Frantzia), Kostantzan (Alemania), Liverpool-en (Erresuma Batua) eta Budapesten (Hungaria). Postdam-en (Polonia) lektoradoa bazegoen, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatuta, baina gure eskutara pasako da. Espainiari dagokionez, Madrilen, Alcalá Uniberstitatean dagoen Espacio de las Lenguas Ibéricas-en ere euskara eskolak eskainiko ditugu udazkenetik aurrera.

Azpimarratzekoa da irakurle lanpostu horiek deialdi publikoz bete ditugula. Irakurle hauek euskal kulturaren transmisoreak dira, ordezkariak. Lan akademikoa egiten dute baina sustapen eta promozioari dagokionez ere asko baloratzen dugu pertsona hauen lana eta Etxepare Euskal Institutuan dagoen programarik inportanteenetako da.

Mari Jose Olaziregi Alustiza

“Ni bokazioz naiz irakaslea eta ikerlaria eta literatura disfrutatu egiten dut benetan”.

2007-2008 ikasturtean Nevadako Unibertsitatean irakasle eta ikerlari moduan egoteko aukera izan zenuen. Nola ikusten da talaia horretatik euskara eta euskal kultura?

Gustatzen zait galdera hau egitea... Bi urtez izan nintzen Assistant Professor Center for Basque Studies-en. Familiarekin joan nintzen eta niretzako esperientzia erabakigarria izan zen, ez bakarrik euskal diasporaren zati bat ezagutu nuelako, Nevadakoa, euskaldun izateko moduez hausnarketa egitera ere bultzatu ninduelako ere bai. Gainera, irakasle batentzat izugarrizko erronka da kultura background desberdina duten ikasleei euskal literatura irakastea. Nevadako paisaia idorrak, bertako zeru urdinak, arrantxoetako jende atseginak... nire familiak betiko gogoan izango dituen paisaiak eta jendeak dira. Identitate hibridoez mintzo gintezke, euskal erroez eta amerikar izateaz harri dauden diasporako kideez. Oso osasungarria da kanpoan denboraldi bat egitea etxean daukaguna erlatibizatzeko, eta beste modu batez ikusi eta baloratzeko.

Etxepare Euskal Institutuan egoteko Unibertsitateko eskolak alde batera utzi dituzu. Horiek ere faltan antzematen dituzu?

Terribleki. Ni bokazioz naiz irakaslea eta ikerlaria eta literatura disfrutatu egiten dut benetan. Unibertsitatea ez dut erabat utzia, izan ere, Masterreko eta Doktoregoko ikasleekin jarraitzen dut ikerlanak zuzentzen, baina Etxepare Euskal Institutua erabat absorbentea da, arimez eta gorputzez dedikatzen natzaio eta ez daukat beste ezertarako astirik. Oso argi daukat garai baterako lana dela, nire buruari ezarri diodan epe bat daukala honek, iraungitze epe oso argi bat eta oso esperientzia interesgarria den arren, faltan botatzen dut irakurketa lasaierako sosegu eta denbora.

Behar bada epe laburra pasa da oraindik balantzea egiteko, ezta?

Aurrrera egin nahi baduzu, egindakoa baloratu egin behar duzu. Chicagoko Unibertsitatean ikustea ikasleak euskara ikasten eta euskal kultura ikertzen etorkizuneko ikerlariak sortzen, edo Manhattan-en klaseak ematea, edo Postdam-en irakurleak antolatutako jaialdira joan eta zer nolako maila daukaten ikustea, edo Bruselara literatur festibal batetara joatea eta ikustea ze jakin-mina eragiten duen literaturak... horrek guztiak poza ematen du.

Nire harremanak eta unibertsitate sareak baliatu ditut hitzarmen berriak lortzeko, urteetan kongresu eta ikastaroetan ezagututako kolega eta sail interesgarriak. Hitzarmen gehienak geuk bilatu ditugu, lekuak hautatu egin ditugu. Ongi erantzun behar diogu orain gugan jarri duten konfiantza horri.

Eta non egon behar du euskarak?

Gune inportanteenetan egon behar du, unibertsitate onenetan, jaialdi eta biltzar ezagunetan, azoka entzutetsuetan... nik ez dut dudarik hor. Maila ona badugu, euskalaritzan, hizkuntzalaritzan, literaturan, zinean, artean... eta orain aukerak behar ditugu. Oso baliabide gutxirekin ari gara, izugarri optimizatzen ditugu gastuak, ez baitira garai errazak. Bidaia bakoitzari, jarduera bakoitzari... ahalik eta etekin handiena ateratzen ahalegintzen gara. Emaitzak hemendik urte batzuetara ikusiko dira eta urtero ebaluatu, baloratu eta norabidea zuzendu beharko da.

Institutu txikia izateak badu abantaila: malgua izatearena. Horretaz gain, zerotik abiatu gara eta horrek askatasun handiagoa ematen dizu zeure beharretara antolatutako institutua egituratzeko. Etorkizunak esango du antolaketa hori den eraginkorrena ala ez.

Mari Jose Olaziregi Alustiza

“Euskara gune inportanteenetan egon behar du, unibertsitate onenetan, jaialdi eta biltzar ezagunetan, azoka entzutetsuetan... nik ez dut dudarik hor”.

Ez da Euskonewsen elkarrizketatzen zaitugun lehendabiziko aldia. 2000. urtean zure ikerketa Intimismoaz harandi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura kaleratu eta gero egindako elkarrizketa hartan esaten zenuen “emakumezkoek idatzitako literatura bada, baina literatura hori ez da aztertua izan. Hala, aipatzen eta promozionatzen ez den literatura ez da irakurtzen, eta ez da existitzen”. 11 urte pasa dira, aztertu gabe jarraitzen al du?

Uste dut aurrerapauso interesgarriak eman direla euskal genero ikasketetan. Gema Lasartek oraintxe irakurri berri du tesia, emakumezkoek idatzitako literaturan pertsonaia femeninoek izandako garapenari buruzkoa. Bestalde, Amaia Alvarez-ek laster irakurriko du tesia Katatalina Eleizegiren antzezlanei buruz. Beraz, ari gara lanean, ez gara gelditu. Nolabait emakumeek sortutako ikerketak instituzionalizatzen ari dira, diskurtso kritiko bat garatzen. Aurrera goaz, emakume idazleak aurrera doazen bezala.

Eta elkarrizketa horretan bertan faltan antzematen zenituen euskarazko argitalpen luze eta sakonak, beharbada unibertsitateko irakasleek egindako ekarpenekin. Gaur egungo euskarazko hedabideen egoera, “krisia” aitzaki dela, ez da ona. Jarraitzen al duzu faltan hutsunea nabatitzen...

Beno, tesiak hori dira, ikerlan serio eta luzeak, hausnartuak. Beraz, alde horretatik ari gara hutsuneak betetzen. Komunikabideetan literaturak, batez ere Interneten, presentzia gehixeago du eta bistan da jakin-mina eragiten duten blog-ak badaudela etab. Ez dakidana da irakurzaletasunak gora egin duen editoreak kexu baitira liburu gutxiago saltzen direla esanez. Ez dakit euskal literatura euskal gizartearen parteago den, zalantzak ditut. Nik uste dut gutxi irakurtzen dela eta askotan dut sentsazioa betiko mundu itxian jarraitzen dugula literaturzaleok, gutxi batzuen kontua dela, ez dakit gauzak hobetu diren... Literatura eta irakurketa azken batean jarduera elitistak dira aisialdian. Kultura kontsumoan eskurago dago musika entzutea edo pelikula bat ikustea. Liburuak sosegua eskatzen du. Badirudi liburu elektronikoek ari direla irakurlego zabalago bat erakartzen, bereziki gazteak, ba ongi etorria! Liburu elektroniko horiei esker nobela gehiago irakurriko badituzte... zoragarri.

3 aldiz baino gehiago irakurri duzun nobelarik ba al dago?

Asko! Ene Jesus, Ramon Saizarbitoriaren, kasu, urtebetez aztertu nuen karrera amaitu nuenean; Obabakoak ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan... lotsa ere ematen dit esateak! Badira, bai, asko, euskal literaturan irakurri eta aztertu ditudanak... Lertxundiren Azkenaz beste nahiko irakurria daukat, Epaltzaren Tigre ehizan, Rock'n'Roll, Harkaitz Canoren lehenengo bi nobelak, Urretabizkairen Koaderno gorria ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan! Zergatik panpox zer esanik ez... Oñederraren nobela, Mariasun Landaren ipuin asko, ... Gainera, askotan gertatzen zaizu euskaraz irakurri dituzula 2 aldiz eta gero itzulpena ere irakurtzen duzu.

Normalean nire liburu kuttunen 2 edo 3 kopia izaten ditut. Bat, lanerako, bestea “garbi”. Roland Barthesek irakurle tipologia interesgarria proposatu zuen. Horietako bat irakurle fetitxistarena zen, bestea, “liburuak irensten dituen” irakurlearena.... Neuk liburuak “neureganatu” egiten ditut hainbat ohar eta azpimarra eginez.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media