1969ko uztailaren 10ean Rikardo Arregi auto-istripuz hil zen Mendaron

Rikardo Arregi

Rikardo Arregi.

Aldrinek eta Amstrongek ilargia zapaldu zuten egunean hil zen Rikardo Arregi, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala, auto istripuz. 27 urte besterik ez zituen. Proposamen bat eramanen zuen, agian, berak sutsu bultzatutako alfabetatzearen ildoan. Kazetari eta idazlea, kultur eragile ere izan zela esan ohi dugu.

1942an sortu zen Andoainen. Filosofia ikasketak egin eta berehala hasi zen idazten, Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan laguntzen. Nazioarteko politikaz ere kezkatua, artikulu paregabe eta eredugarriak idatzi zituen, batik bat Zeruko Argia-ko “Herriak eta Gizonak” sailean. Saiakera ezagunez gain (“Sozialismoa modan dago”, “Ezkertiar berriak”, “Euskaltzaleen jainkoa hil behar dugu”), euskalgintza eta euskara batua izan zituen ardura. 1960ko hamarkadan proposamena egin zion Euskaltzaindiari alfabetatze saila sor zezan, jendeak euskaraz irakurri eta idazten ikastea xede nagusi baitzituen. Alfabetatze kanpainaren bultzatzaile nagusi, alor horren egituraketan jardun zuen buru-belarri. Zalantzarik gabe gero AEK izango zenaren aitetariko bat, lehen bi Korriketan oso gogoan izan zuten Rikardo Arregi.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media