Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Kontzeptu mapak matematikaren irakaskuntza hobetzeko

Edurne POZUETA MENDIA

Ikerketa lan honetan Ausubel/Novak/Gowin-en eredu kognitibo konstruktibistaren aplikazioa egiten da DBHko eskola matematikari dagokion gai baten irakaskuntza hobetzeko. Lan honetan DBH2ko ikasleek, ohizko eskolako testuinguru batetan, proportzionaltasunaren esanahia modu esanguratsuagoan ikasten dutela balioztatzen da, eta hori gertatzen da berriztatzailea den instrukzio modulu baten inplementazioaren eskutik, jarrera baikorren bultzadan, ikasleen aurretiko ideietan, eta kontzeptualki gardena den materialean oinarritutako modulua, hain zuzen ere.

Gainera, DBHri dagokion matematikaren eskolako gai baten irakaskuntza/ikaskuntza prozesuan kontzeptu mapak Ikaskuntza Esanguratsurako tresna baliagarriak direla eta ez hori bakarrik, baizik eta prozesu esperimentala ikusgarria egitea baimentzen dutela agerian jartzen da.

Diseinu esperimental hau DBH2ri dagokion mailan inplementatu zen 2006-2007 ikasturtean zehar Iruñerriko San Fermin Ikastola ikastetxean. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa dituen ikastetxea da.

Diseinuaren arabera, beharrezkoa zen kontrol talde bat eta talde esperimental bat izatea, hortaz, gela batetako 29 ikasleek (B) kontrol taldea osatu zuten eta beste bi gelek (A eta C), 55 ikasle osotara, talde esperimentala osatu zuten.

Argazkia: CC BY - emrank

Argazkia: CC BY - emrank.

Irakasleak proportzionaltasunaren inguruko teorikoki oinarrituta dagoen instrukzio modulu berriztatzailea diseinatu zuen, horretarako, 25 kontzeptuekin erreferentziazko kontzeptu mapa egin zuelarik, eta era berean, hiru fasetan antolatutako jarduera segida batez osatutako instrukzio diseinua prestatu zuen.

Instrukzioaren inplementazioa irakasle berberak egin zuen 2006-2007 ikasturtearen bigarren hiruhilabetean zehar eta modu ezberdinean DBH 2ko hiru geletan. Instrukzio modulu berriztatzailea talde esperimentala osatu zuten bi geletan inplementatu zen (55 ikasle osotara) eta metodologiari dagokionez, ikasleek bosteko talde txikietan lan egin zuten diseinuaren hiru fasetan zehar. Kontrol taldeak berriz (29 ikasleko gela bat), ikasleen testu liburuak aurkezten zuen segida jarraituz landu zuen proportzionaltasunaren topikoa, ikastolako matematikako mintegiak ohizkoa duen Anaya-Haritza editorialekoa, hain zuzen ere.

Kontzeptu mapak ikasleen gai baten inguruko aurrezagutzak ezagutzeko erabili daitezke, eta beraien ikaskuntzaren eboluzioa aztertzeko. Lan honetan, ikerketan parte hartu zuten ikasleek instrukzio aurretik eta ondoren egindako mapen analisi konparatiboa egin zen, mapetan agertzen diren hainbat alderdietan arreta jarriaz. Ikasle batek egindako kontzeptu mapa, ikasle horrek egindako ikaskuntza esanguratsuaren maila ikusteko tresna izango da, edo ordea, bere ikaskuntza ez hain esanguratsua eta memoristiko/mekanikoagoa izan den ikusteko.

Adierazleak operatiboak egiteko eta trataera estatistikoa erabiltzeko asmoz, bederatzi aldagai definitu ziren:

• V1 Kontzeptuen eta lotura hitzen arteko desberdintzapen argiaren agerpena eta kontzeptuen arteko erlazioetan norabide baten agerpena. Aldagai kualitatiboa, BAI edo EZ balioak hartzen dituena, agerpenaren edo ez agerpenaren arabera.

• V2 Erabilitako kontzeptu kopurua. Aldagai kuantitatiboa.

• V3 Inklusiboena den kontzeptuaren identifikazio argia. Aldagai kualitatiboa, BAI edo EZ balioak hartzen dituena, identifikazio zuzenaren edo okerraren arabera.

• V4 Ikasleak osotara definitutako proposizioekiko akatsak dituztenen portzentaia. Aldagai kuantitatiboa.

• V5 Kontzeptuen izaera inklusiboaren ikuspuntutik antolaketa hierarkiko koherente baten agerpena. Aldagai kualitatiboa, BAI edo EZ balioak hartzen dituena, antolaketa hierarkiko eta logiko baten agerpenaren edo ez agerpenaren arabera.

• V6 Izaera inklusiboa duen kontzepturen baten supraordenazioaren adibideren baten agerpena. Aldagai kualitatiboa, BAI edo EZ balioak hartzen dituena, arrazoia eta erlazio proportzionala kontzeptuen arteko erlazioaren agerpenaren edo ez agerpenaren arabera.

• V7 Kontzeptu inklusiboenetan desberdintzapen progresibo konplexu baten agerpena. Aldagai kualitatiboa, hiru kategoriekin: EZER, ez badago presentziarik, ZERBAIT, kontzeptu inklusibo bat desberdinduta badago, edo ALTUA, inklusiboak diren bi kontzeptu edo gehiagoren desberdintzapena badago.

• V8 Kontzeptuen arteko erlazio linealen agerpena. Aldagai kualitatiboa, BAI edo EZ balioak hartzen dituena, hiru edo gehiagoko kopuruan agertzen badira edo ez.

• V9 Kalitatezko zeharkako loturen kopurua. Aldagai kuantitatiboa.

Hauek izan ziren egindako erregistroak:

• Ikasle guztiek, 84 (talde esperimentala gehi kontrol taldea), erreferentziazko kontzeptu maparako aukeratutako 25 kontzeptu berdinekin bakoitzak bakarka bi kontzeptu mapa egin zituen: instrukzio aurretiko mapa eta instrukzio ondorengo mapa. Definitutako aldagaien arabera egindako mapa bakoitzetik datuak lortzen dira.

• Inplementazioaren ondorengo ikasturtean (07/08) ikasleek matematika arloan ateratako kalifikazioa. Arlo hori eman zuen irakaslea, ez zen izan ikerketa lan honetan aritutako irakaslea, baizik eta beste bat, eta 2008ko ekainean jartzen diren kalifikazioak hartzen dira kontutan, 1etik 9rainoko kalifikazio kuantitatiboak.

• BADyG (Batería de Aptitudes Diferenciales y Generales) testetik ateratako ikasleen datu psikologikoak: inteligentzia orokorra, arrazonamendu logikoa eta problema numerikoen ebazpena.

Argazkia: CC BY - emrank

Argazkia: CC BY - emrank.

Erregistroen transformazio garrantzitsuenak, instrukzio aurretik eta ondoren ikasleek egindako mapen konparaziotik lortutako datuen kudeaketaren bidez lortzen dira.

Gainera, ikasleek egindako mapen analisiak, mapa horietan ezaugarri eta joera berdintsuen agerpenaren arabera talde desberdinetan mapak taldekatzeko aukera antzemateko balio izan zuen.

Moduluaren inplementazioaren aurretik eta ondoren 84 ikasleek egindako kontzeptu mapen konparaketatik emaitzak lortzeko SPSS (Statistical Package for the Social Sciences) programa estatistikoa erabili zen. Talde esperimentalaren eta kontrol taldearen portaerak hasierako egoeran homogeneoak zirela aztertzeko, aldagai kuantitatiboen kasuan batezbestekoen berdintza kontrasteak egin ziren, eta aldagai kualitatiboen kasuan homogeneitate kontrasteak.

SPSS programaren eskutik Ikaskuntza Esanguratsuaren adierazleei aplikatutako trataera estatistikoaren bitartez lortutako emaitzek agerian jartzen dute, alde batetik, ikaslea kontrol taldekoa izan edo talde esperimentalekoa izan, estatistikoki esanguratsuak diren diferentziak existitzen direla ikaskuntza esanguratsuaren lorpenaren inguruan, eta bestalde, talde esperimentaleko ikasleen eboluzio baikorra antzeman daitekeela modu argi batetan, esanguratsuak diren desberdintasunak ikusten direlarik hasierako egoera eta bukaerako egoeraren artean hainbat aspektuen inguruan, hala nola: erabilitako kontzeptu kopuruaren igoera, akatsak dituzten proposizioen portzentajearen jaitsiera eta zeharkako loturen kopuruaren igoera, inklusiboena den kontzeptuaren identifikazioan emandako hobekuntza, kontzeptuen izaera inklusiboarekiko koherentzia eta horien hierarkizazio mailen klarifikazioan emandako hobekuntza, segida linealen jaitsiera eta modu integratzailean errekontziliaturiko desberdintzapen progresiboen igoera.

Aldagaien definizioak eta horien analisiak, talde esperimentaleko ikasleen bukaerako mapetan ezaugarri antzekoak dituzten sei joeren agerpena erakusten digu; kontrol taldeko ikasleetan berriz, ez da nabarmentzen halako aberastasunik joerari dagokionez, mapa horietan memoristikoagoa eta ez hain esanguratsua den ikaskuntza baten ezaugarriak ikusten direlarik.

Teorikoki oinarrituta dagoen instrukzio modulu bat inplementatzeak, San Fermin ikastolako DBH 2ko ikasle talde batek proportzionaltasunaren inguruan modu esanguratsuago batetan ikasteko aukera izatea suposatu du. Era berean, kontzeptu mapetan patroi ezberdinak antzeman dira, eta horiek ikaskuntzaren aurre adierazle baliagarri gisa hartu daitezke kontutan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media