Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Igor PEÑALVA BENGOA
Martxoaren 11n Japonian izandako lurrikararik bortitzenak eta ondorengo tsunamiak bertoko ekialdeko kostaldea jo zuen. Hilabete pasa da ordutik hona, eta Naturaren kolpe ikaragarri horren erruz dagoeneko 14000 lagun baino gehiago hil dira eta beste horrenbestek desagertuta jarraitzen dute. Kostalde osoa erabat suntsituta geratu da ezbeharraren ondorioz eta japoniarrek lan handia dute lurrikararen aurreko bizimodua berrezartzeko. Hori gutxi balitz, kostaldean kokatutako Fukushimako zentral nuklearrak tsunamiaren kolpeari ezin izan dio ganoraz eutsi, eta dituen sei unitateetatik 4k arazo larriak izan dituzte. Ondorioz, ingurugirora erradioaktibitate kantitate altuak isuri dira. Horrela, erradioaktibitatearen erruz momentuz inor hil ez bada ere, aldez aurretik kezkagarria zen Japoniako egoerak txarrera egin du istripu nuklearra dela eta.
Fukushimako istripua baino lehen, energia nuklearraren berpizkundea nabarmena zirudien. 2009. urtean munduan zehar sakabanaturik 436 erreaktore nuklear ibili ziren martxan 31 herrialdetan elektrizitatearen produkzioan. 2010.eko otsaileko datuen arabera, 53 erreaktore berri eraikitzen ari ziren eta 142 planifikatuta zeuden. Herrialde garatuetan energia nuklearraren garrantzia nabarmena da gaur egun. Kopuruari dagokionez Amerikako Estatu Batuak du lehentasuna, eta 104 erreaktore nuklearren bidez bere elektrizitate-eskaeraren % 20a hornitzen du. Portzentajeari dagokionez, Frantziak du lidergoa, eta elektrizitatearen % 75 inguru lortzen du 58 erreaktore nuklearren bidez. Japoniak berak, lurrikara baino lehen 54 erreaktore nuklear zituen martxan, eta elektrizitatearen % 30 inguru lortzen zuen horien bitartez. Momentu honetan horietako 40k martxan jarraitzen dute. Garapen-lanetan murgilduta dauden herrialdeen artean ere energia nuklearraren aldeko apustua zabaldu da. Horren lekuko Txina eta India ditugu, etorkizunean munduko potentzia handiak izateko deituak. Txinak 11 erreaktore nuklear ditu martxan, beste 20 eraikitze-fasean eta 37 planifikatuta. Indiak ere antzeko ibilbidea jarraitzeko asmoa du: 18 martxan, 5 eraikitzen eta 23 planifikatuta. Herrialde horien hazkundean energia nuklearraren aldeko apustua nabarmena zen Fukushimako istripua baino lehen. Istripua eta gero, ordea, gizartean eztabaida energetikoa berriro ere zabaldu da eta industria nuklearraren etorkizunean Fukushiman inflexio-puntu bat ikusten dute askok.
Japonian gertatutakoak agerian utzi ditu zentral nuklearren puntu ahulenetako bat, istripu-arriskua, hain zuzen ere. Demagogiaren joko arriskutsuan jausi gabe, ikuspegi teknikotik aztertuz gero, energia nuklearrak abantailak eta desabantailak aurkezten ditu, gainontzeko energia-iturriekin gertatzen den bezalaxe. Abantailen artean hauek dira azpimarratzekoak: eguraldiaren mendekotasunik eza, epe luzean elektrizitate-horniketa handi eta jarraitua, produzitutako elektrizitatearen prezio merkea eta klima-aldaketari eragiten ez dion teknologia, atmosfera ez baitu kutsatzen. Onura horiek guztiak energia nuklearraren aldeko argudio sendoak dira. Hala ere, nuklearra ez da energia-saskiaren panazea unibertsala. Alde negatiboak ditu, jakina. Objektibotasunez (berriz ere demagogiaren amildegian erori gabe eta zentzugabeko mezu apokaliptikoak alde batera utziz), funtsean hiru desabantaila ditu: agorkorra da, hondakin erradioaktiboak sortzen ditu eta istripu-arriskua ezin du guztiz deuseztatu. Uranioa, erregai fosilekin gertatzen den bezala, ez da betirako, eta noizbait agortuko zaio gizakiari. Hondakin erradiaktiboen kudeaketa, gaur egun, epe luzerako zeregina da. Sortutako hondakinak milaka urtez zaindu beharko dira kaltegarri suerta ez daitezen. Zorionez kantitate oso txikiak dira zaindu beharrekoak. Gainera, teknologia garatu ahala hondakin horien kudeaketa oso bestelakoa izan daiteke eta ikerketa-lerroak dagoeneko martxan daude, bereizketa eta transmutazio prozesuak garatuz. Istripu-arriskua, ordea, beti egongo da zentral nuklearren itzalean ezkutatuta. Minimizatu daiteke arrisku hori baina “zero arriskua” ezingo da inoiz lortu. Oraingoan Richter eskalan 9.0 mailako lurrikarak eta ondorengo 15 m-ko olatuek bertan behera utzi dute Fukushimako zentralaren segurtasun-neurrien fidagarritasuna. Inork ez zuen espero horrelako ezbehar natural baten zaplastakoa... baina gertatu da.
Gauzak horrela, oraindik goiz da Fukushimako istripuak industria nuklearrarengan izango duen eragina aurresateko. Izatez, arriskua oraindik ez da bukatu. Kaltetutako erreaktore eta hondakin agortuen piszinak oraindik ez daude guztiz kontrolpean. Egoera oraindik kezkagarria bada ere, hilabete pasa eta gero egonkortu egin dela dirudi. Istripu nuklearra azaletik honela laburbildu daiteke. Lurrikara martxoaren 11n izan zen eta horren ondorioz Japonia iparraldeko sare elektrikoa erraustua gertatu zen. Edonola, erreaktoreek ondo erantzun zioten lurrikarari eta fisio-erreakzioa automatikoki eten egin zen, konfinamendua guztiz isolatu zen eta emergentziazko diesel sorgailuak martxan jarri ziren nukleoaren hozketa bermatuz. Fukushimako zentralak ondo erantzun zion lurrikarari, baina ordu bat beranduago tsunamiak jo zuen bere kontra. 6 m-ko olatuak jasateko diseinatuta zegoen zentralak 15 m-ko olatuen talka jasan zuen. Eta hor hasi zen istripua bera. Uholdeak diesel sorgailuen deposituak suntsitu zituen eta diesel sorgailuak urperatu. Nukleoaren hozketa egiteko bateriak soilik geratu ziren eta bateriak agortzerakoan nukleoa berotu egiten da. Fisio-erreakziorik ez badago ere, erregai nuklearrak beroa askatzen du eta hozketarik ezean, erregai nuklearren hagaxkak apurtu egiten dira fisio-produktuak askatuz. Bide batez, hidrogenoa sortzen da erreakzio kimikoen ondorioz eta oxigenoarekin kontaktuan jartzean eztanda bortitzak suertatzen dira, eraikinen babesa galduz eta gas-egoeran dauden fisio-produktuak atmosferara askatuz. Horrez gain, eraikin bakoitzaren barruan erregai agortuaren piszinak daude eta ura erabiltzen da hozketa egiteko. Ur-maila jaitsiz gero, nukleoan izandako arazo berbera agertzen da. Egoera larri honetan, hozketa ziurtatzeko itsasoko ura erabiltzea erabaki zen, horretarako suteak itzaltzeko motoponpak erabiliz. Egun batzuk igaro eta gero, ur geza sartu zuten itsasoko uraren ordez, korrosioak ekiditeko. Gaur egun hozketa-sistema egonkor bat finkatzea premiazkoa da. Hori lortzen denean egoera kontrolpean egongo da.
Bitartean, horrelako gertakizun baten aurrean hartu beharreko neurriak hasiera hasieratik hartu dira babes erradiologikoaren ikuspegitik. Neurri horiei esker, gorago aipatu denez, zorionez oraindik ez da hildakorik izan istripu nuklearraren erruz. Martxoaren 11an bertan prebentzio-neurri bezala 3 km-ko itzulinguruan ebakuazioa erabaki zen. Martxoaren 12an 20 km-ko itzulingurura hedatu zen neurri hori. Martxoaren 13an ebakuatutako jendearen azterketa erradiologikoak hasten dira (122000 azterketa baino gehiago egin dira dagoeneko). Bitartean iodo-banaketa egiten da tiroide guruina asetzeko eta eskualdeko umeen tiroideen azterketa hasten da (1000 ume inguru). Martxoaren 15ean 20 km eta 30 km-ko tartean etxe barruan geratzea aholkatzen da. Azken egunotan zentraletik 20 km baino urrunago kokatutako zenbait herri ebakuatu dira. Neurri hauek guztiak etengabe egindako erradioaktibitatearen neurketei esker hartzen dira. Bestalde, kontrol erradiologikoak ez du etenik. Itsasoko ura, edateko ura, lurrak, elikagaiak eta abar etengabe kontrolatzen dira. Kudeaketa horri esker, biztanleriaren artean ez da espero inolako osasun-arazorik agertzea. Zentralean lanean dabiltzan langileek, ordea, erradioaktibitate-dosi altuagoak jasaten ari dira. Edozein kasutan, 250 mSv-eko limitea ez du inork gainditu. Horrelako baliotan berehalako osasun-arazorik ez da antzematen. Epe luzean ager litezke, agertzekotan, osasun-arazoak.
Hilabete batzuk pasatzen direnean Fukushimako istripuaren inguruan analisi sakonagoa egin ahal izango da. Babes erradiologikoaren ikuspegitik istripuaren kudeaketa egokia izaten ari da baina, aipatu den bezala, kaltetutako erreaktoreen eta erregai agortuen egoera oraindik ez dago kontrolpean. Egoera bere onera bueltatzen denean, balorazioak egin ahalko dira eta Fukushimako istripuak eragindako kalte erradiologikoak eta ekonomikoak kuantifikatu. Momentu honetan industria nuklearraren etorkizuna zein izango den aurresatea zaila da. Istripuak konnotazio negatiboak dakartza epe laburrean, jakina. Epe luzera, ordea, beste ikuspegi batzuk gara daitezke, batez ere istripuaren kudeaketa orokorra ona izan dela egiaztatzen bada, eta baliteke industria nuklearra Fukushima eta gero berrindartuta agertzea. Hala ere, oraindik goiz da horrelako balorazio bat egiteko. Gaur egun, industria nuklearraren berpizkundea balaztatu egin da Japoniako istripua eta gero. Momentuz, martxan dauden zentral nuklearretan segurtasun-neurriak zorroztuko dira horrelako ezbeharren aurrean erantzun ahal izateko. Edozein kasutan, istripu-arriskuak hortxe jarraituko du, ñimiñoa bada ere. Kotxea edo hegazkina erabiltzen ditugunean ere istripu-arriskua egon badago, baina lortutako mugikortasunak arrisku hori konpentsatzen omen du eta egunero erabiltzen ditugu garraiobide horiek. Era berean, gizarteak erabaki beharko du zentral nuklearren arriskua hartzeko prest dagoen ala ez eskaintzen dituen abantailen truke.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus