Indalezio Bizkarrondo Ureña, Bilintx, Donostian jaio zen 1831ko apirilaren 30ean

Indalezio Bizkarrondo Ure?a, Bilintx

Indalezio Bizkarrondo Ureña, Bilintx. Argazkia: armiarma.com

Indalezio Bizkarrondo Ureña, edo Bilintx goitizenez ezaguna, (Donostia, 1831ko apirilaren 30a - Donostia, 1876ko uztailaren 21a) euskal bertsolari eta poeta erromantikoa izan zen, ideia progresista eta liberalistengatik ezaguna.

Gaztetan eskaileretatik behera erori eta aurpegia desitxuratuta utzi zion. Hortik zetorkion nonbait Indalezio Moko beste goitizena.

Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak eragin zizkion; handik aitzina, errenka ibili zen betirako.

Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen Donostian, 1869ko apirilaren 5ean. Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito, Pio Francisco eta Maria Ana.

Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian borrokatu zuen Hirugarren Gerra Karlistan, karlistek hiria inguratuta zutelarik. 1876ko San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zelarik, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak jasanda hil zen, uztailaren 21ean, euskal foruak deuseztatu zituzten egun berean.

Hirugarren Gerra Karlista zela eta, Madrilgo egunkari nagusi baten berriemaile izan zen Donostian Manuel Curros Enríquez galiziar idazlea, Rosalia de Castrorekin batera Galiziako literaturaren berpiztea ekarriko zuena. Curros Enríquezek 1876ko urtarrilaren 21ean El Imparcial egunkarian kronika lazgarri bat argitaratu zuen, Bilintxen heriotzaz. Euskal poetaren gorazarrea egiteaz gain, azaltzen du Bilintxen etxera joan zela ikustera, zangoetan zauri izugarriak eragin zizkion leherketaren berri jakin orduko.

Baserri munduko idealizaziotik urrunduta, amodiozko poesia landu zuen batez ere Bilintxek. Koldo Mitxelenaren iritzian, bera da euskal literaturan ahots benetan erromantikoena.

Alabaina, ez da poeta erromantiko klasikoen gisara izakion zorigaiztoa txarrestera emana, baizik umore gazi-gozoko idazlea; umore itxuraz azalekoa edo mamirik gabea, baina munduaren garratzetik babesteko gotorlekutzat hartu zuena.

Sentimendu handiko idazlea zen, amodioaren aurrean biluzik agertzeko lotsarik ez zuena, hain zuzen ere literaturan barne-aitorpen oro bazter uztea agintzen zuen joera nagusi zen garaian. Horretan, Bilintx poeta bakartia izan zen bere garaian. Bilintxen begi zorrotza eta luma zorrotzagoa oso agerian gelditzen dira bere poema satirikoetan. Satiraren zertzelada nagusiak ongi marrazten zituen beti, baina gordinkeriarik gabe, mendekurik gabeko irribarre errukibera gordeta beti.

Literatura kritikariek hizkera arruntegi edo pobrea leporatu izan dioten arren, esan daiteke Bilintxen bertsoetan Donostiako euskara urbano zaharra mintzo dela garbi.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media