Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Xabier MENDIGUREN BEREZIARTU, Kontseiluko idazkari nagusi ohia
Hamabi urte Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusi bezala egin dudan ibilbidea eten, eta neure bizialdian beste aro bati hasiera ematea dagokidan une honetan zaila gertatzen zait bizi izandako guztia lerro gutxi batzuetan laburbiltzea.
Alde batetik, Kontseiluaren sorrera eta bertan lanean aritzeko eman zidaten aukera aurretik euskalgintzan egindako urratsen jarraipen bezala bizi izan dudalako, eta bestetik, azken urteok bereziki egitekotsuak, trinkoak eta biziak izan direlako.
Lehenik ‘Euskararen Unibertso’n eta ondoren Kontseiluan neure ibilbidea hasi nuenerako 50 urteak ongi beteak nituen eta ordurako euskalgintzan hainbat urrats eginda nengoen: euskararen irakaskuntzako lehen barnetegia, Anaitasuna, Jakin, Argian lankidetza, Algorta, Leioa eta Bizkaiko ikastoletan teknikari-lana, euskaltzain urgazletza, UEU, Saioka ikasliburuak, A,B,D irakastereduak Arrasate eta Eskoriatzan euskara eta euskal literaturaren irakaskuntza, askotariko itzulpengintza eta itzulpen-irakaskuntza (Martuteneko Itzultzaile Eskola, EITB eskola, EIZIE, Senez, Deustuko eta Gasteizko graduondoak) ‘Literatura Unibertsala’ eta ‘Pentsamenduaren Klasikoak’ bildumak, Itzulidatz taldea, EIMArekiko lankidetza... Hogeita bost urteko ibilbide horrek eraman ninduen euskalgintza eta euskararen mundua hurbiletik ezagutzera eta gerora Kontseilua sortuko zuen ‘Euskararen Unibertsoa’ (1996) mugimenduan abiatzea.
Hurrengo urtean euskalgintzako 400 partaiderekin egindako jardunaldietan erabaki zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzea eta, 1998an, jendarteratu zen ‘Bai Euskarari’ kanpainarekin egitura sortu berria: 5 estadiotan 120.000 pertsona euskararen alde biltzea, Ordubete euskararen alde, Gizarte-eragile nagusien jendaurreko sinaketak, Plan Estrategikoa... izan ziren jardunaren gailurretako batzuk.
Kontseiluaren baitan bildu ziren 50 elkarteek euskararen garapen osoa lortzea jarri zuten misiotzat, horretarako normalizazio-prozesua etengabe aztertuz, gizarte-eragileak aktibatuz, euskararen egoera hobetzeko era askotako ekarpenak eginez eta alor politikoan eta sozialean eraginez.
Argazkia: Horia Varlan.
Hasieran hiruzpalau pertsona eta aurrekontu aski mugatua zuen erakunde jaio berria, urteak igaro ahala sendotuz eta hedatuz joan da Andoaingo egoitza nagusitik Euskal Herri osoan (Iruñea, Gasteiz, Baiona, Lesaka, Bilbo) bulegoak izateraino eta 32ko lantaldea osatzeraino. 11 kideko zuzendaritzaren gidaritzapean, idazkari nagusiak bere lantaldearekin (ildoen koordinatzailea, komunikazioburua, finantzaburua, ildo politiko-instituzionaleko burua, ildo sozialeko burua, Behatokiko eta Ziurtagiriko zuzendariak eta idazkaria) Kudeaketa Planean onartuaren arabera, honako ildoetako jarduna bideratzen du: kohesioa, komunikazioa, ildo soziala, politiko-instituzionala eta funtzionamendua/azpiegitura.
Kohesioaren ildoan bazkideekiko harreman iraunkorra zaindu, idazkaritzak egiten dituen lanen berri eman, gogoeta estrategikoak sustatu, egungotasunezko gaietan iritziak trukatu eta lantalde sektorialak (hezkuntza, sozio-ekonomia...) sortzen dira.
Komunikazioaren ildoan normalizazioari buruzko diskurtsoa aztertu, Kontseiluaren diskurtsoa zehaztu, hedabideekiko harremanak bideratu, gaurkotasunezko gaiak gizarteratu, komunikazio-planak eta euskarri komunikatiboak sortu eta webguneak kudeatzen dira.
Ildo sozialean duela hiru urte arte Bai euskarari Ziurtagiria izan da ardatz nagusia baina elkarte propioa eratu eta ibilbide autonomoari ekin dionetik ildo hau bilakaera-fasean sartuta dago Euskaraz Bai Herrietako Dinamika (EBHD) bihurtu delarik ardatz nagusi euskalgintza herrietan dinamizatzeko, esperientzia arrakastatsuak trukatzeko, euskalgintzako langileekin eztabaida estrategikoak burutzeko, ekintzak koordinatzeko eta toki-administrazioa euskararen normalizazioan inplikarazteko.
Ildo politiko-instituzionalean alderdi politiko, instituzio, sindikatu eta beste erakunde batzuekiko harremanak bideratzen dira, hizkuntza-politikaren azterketa bere alor guztietan (orokorra, tokikoa, sektoriala, Legebiltzarreko aurrekontuen azterketa...), hizkuntza-eskubideen egoera aztertzen da Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren bitartez, hizkuntza-politikarekiko proposamenak aurkeztu, Hezkuntza Sailarekin hitzarmenak sinatu, euskararen normalizazio-egoera jendarteratu eta abar egiten da.
1998an sinatu zen I. Akordio Politikoaren, euskalgintzaren aurrekontuak nabarmen hobetzea eragin zuenaren ondoren, 2004aren bukaeran sinatu zen II. Akordio Soziopolitikoa, alderdi gutxiagorekin baina gehiengo sindikalarekin, eduki sendoak dituena eta Ordenantza (Delibero) eredugarriak testua adostea lortu duena.
Funtzionamendua/Azpiegituraren ildoa barne-antolakuntza zaindu, finantzak sustatu, sailak koordinatu; instituzio, enpresa babesle eta norbanako laguntzaileekin harremanak sustatu eta proiektuak aurkezteaz ardurazten da.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia dira Kontseiluak bere jardunean sortu dituen bi tresna nagusiak euskararen normalizazioan eragiteko.
Lehena 2007tik elkarte propioa duen proiektu estrategikoa da, alor sozio-ekonomikoan euskara hedatzeko bitarteko eraginkorra; hori maila ditu: bidean, zerbitzua euskaraz eta zerbitzua eta lana euskaraz. Dagoeneko 1.500 ziurtagiri baino gehiago ditu Euskal Herrian zehar.
Bigarrenak, berriz, herritarren kexak jasotzen ditu, 1.500 inguru urtean batezkoz beste, txosten orokorrak eta sektorialak sortzen ditu hizkuntza-eskubideen egoerari buruz, instituzioekin eta gizarte-eragileekin harremanak ditu herritarren kexak bideratzeko, hizkuntza-eskubideen eta urraketen berri ematen du eta nazioartean ere lan egiten du gure egoeraren berri emanez antzeko erakundeei.
Hogei urte lehenago sortutako ‘Bai euskarari’ lelo emankorrarekin abiatu zuen bere ibilbidea Kontseiluak, eta 10 urteko ibiliaren ondoren beharrezko ikusi dut hura baztertu gabe ‘Euskaraz bai’ leloa sortzea, zeren euskarak aldekotasuna eta atxikimendua beharrezko dituelarik ere, batez ere, ezinbestekoa duen bakarra hizkuntza jakitea eta erabiltzea baita. Hori izango da etorkizunean Kontseiluak bereziki landu eta sustatuko duen ideia bere jardunean eta ‘hizkuntza-politika berri eraginkor’ bat lortzera zuzenduko ditu bere ahaleginak.
Azkenik, adierazi nahi dut gauza pozgarri askorekin batera une larriak ere ezagutu ditugula, “Euskaldunon Egunkaria” itxi zutenekoa 2003an. Kontseilua han egon zen jendartea manifestaziora deitzen eta elkartasun-uholdea bideratzen, eta ondoren ‘Berria’ egunkaria argitaratzeko giroa sortzen. Zorionez, zazpi urteko itxaronaldi neketsuaren ondoren inputatuak absolbituak izan dira, eta hori ezagutu izana oso pozgarri zait neure lanaldiaren amaieran. Aurrerantzean, Paul Bilbaoren gidaritzapean Kontseiluari beste ibilbide luze eta emankor bat egitea opa diot eta ziur nago hala izango dela. Izan ere, asko egin du hamabi urte honetan, baina oraindik asko geratzen zaio euskarari bere normalizazioa Euskal Herri osoan lortzeko.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus