1869ko maiatzaren 7an jaio zen Donostian Rosario Artola

Rosario Artola

Rosario Artola.

Rosario Teodora Artola Elizetxea Donostian sortu zen 1869ko maiatzaren 7an. Seme-alabetan gazteena izan zen. Ramon olerkari ospetsuaren alaba eta Pepe Artola famatua anaia zuen. Hogei urterekin, 1889an, idatzi zuen Euskal-Erria aldizkarian Nere gitarchoari poema. Geroztik etengabe argitaratu zituen bere olerkiak eta bertsoak, 1918ra bitartean bederen. Saririk ere irabazi zuen: Oñatin, 1902an, Arantzazuko Ama Birjiñari izenekoarekin; Irunen, 1903an, Zerutako erregiña izenekoarekin; Ordizian, 1904an, Umezurtza olerkiarekin; baita Hernanin ere, 1909an; 1918an, berriz, Donostian, Aitona eta illoba izenekoarekin.

Goxo eta bizi adierazten ditu bere bizipenak. Eguneroko bizitzako gaiak ditu kantagai: jainkoa, Amabirjiña, gitarra, loreak, txoriak, udaberria, urtemugak, nahigabeak eta pozak, saguak, katuak, azeriak, bere senideak eta euskaldun ospetsuak: Antonio Arzak, Joxe Zapirain, Migel Salaberri, Martzelino Soroa, Raimundo Sarriegi eta abar. Laurogei urte ondo beteak zituela hil zen, 1950eko urtarrilaren 5ean.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media