Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Arrasate eta Mondragón toponimoen etimologiaren inguruan

Patxi SALABERRI, Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Euskaltzaindia

Lan txiki honetan ohar batzuk egin gogo ditut Gipuzkoako udalaren bi izen ofizialen (Arrasate / Mondragón) etimologiaren gainean. Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dut Gaztelako Alfontso X. Jakitunak eman ziola hiri-gutuna 1260an, eta horren bidez izena aldatu ziola: «Por saber que avemos de fazer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressate, a que Nos ponemos nombre Montdragon» (Crespo & Cruz & Gómez, 1995, 1, 1. or.).

Egungo Arrasate izenaren jatorri den Arresate-ren osagaiak harri-ren elkarketako ar- aldaera eta esate ‘mendiko atea’, ‘mendietan izaten den lepo modukoa’ dira. Bistan denez, esate bera ere elkartua da eta ate ‘atea, borta’ (euskara arruntean), ‘mendiko pasabidea’ (toponimian) du bigarren osagarritzat; beraz, ezagunak eta aski hedatuak diren Arrate, Arrarte, Arratarte eta abarren antzekoa da. Izagirrek (1994:104) Andartoko esatea (Andártoko esátie, «Andartoren eta Gazteluko haitzaren [Ugastegi] bitarteko igarobidea») toponimoan dagoen esáte ‘igarobidea’ izena jasotzen du Arantzazu-Oñatin. OEH-k ere Zegamako esate «mendiko portua edo esatea» biltzen du (Andraizko esatea), eta, denboraren poderioz izen arrunt honen hedadura asko murriztu den arren, garbi esan dezakegu oraindik bizirik dagoela antzinako Arressate-n bide zuen adiera berarekin.

Esatea izena Zarrakaztelu eta Uxueraino iristen zen, Euskal Herriko hego-ekialdean; lehen herrian Essatea ageri da 1692an, eta Uxuen Esatea herritik hurbil dagoen mendi-igarobide txiki baten izena da oraindik ere (Salaberri, 1994: 804). Esate izen arruntak –arte-dun aldaera zukeen (cf. Arrate eta Arrarte), Munetako Esartea eta Aranaratxeko Belaunesartea (belaun < belar + un ‘belardia’, ‘belar soroa’ + esartea) toponimoek adierazten duten bezala. Postposizioak ere izan zitzakeen lagun, izendatu nahi ziren aurkintzak hobeki kokatzeko (cf. Zudairiko Esateria < esate + iria “mendiko igarobidearen ondoko aldea” beharbada, Zubiri < zubi + iri "zubiaren aldamena" edo atari < ate + iri “atearen ondoko eremua” bezala), baita atzizkiak ere (cf. Esteribarko herri hustua bide zen Zaiko 1290eko Esateaga toponimoa).

Arrasate/Mondragón (Gipuzkoa).

Arrasate/Mondragón (Gipuzkoa).

Bestalde, 1260ko Arressate-nageri den <ss> bikoitzak s igurzkari ahoskabe hutsa irudika dezake, baina badaiteke, orobat, egun <ts> idatziko genukeen afrikari baten ordez egotea (Arretsate), nahiz eta hau ez den inola ere segurua.

Diogun, adibide gutxi batzuk paratu behar eta, Arrasatea Biurrun-Olkozko (Itzarbeibar) aurkintza baten izena dela eta Argiñaon ere azaltzen dela, 1517an. Arrasate, bestalde, Intzako (Araitz) eta Ameskoako limitazioetako (Arrasatea, 1697an) eremu banaren izena ere bada, XIX. mendearen bigarren erdialdean eraikitako Etxalarko etxe batena ez ezik (Apezetxea & Salaberri, 2009: 43). Bestalde, Arrasate Iruñeko deitura eta okindegi-gozotegi ezagun baten izena ere bada. Pentsatzekoa da bokalen asimilazioa izan dela (a - e - a > a - a - a, Arresate > Arrasate bilakaera gertatu dela alegia), Gipuzkoako herriaren kasuan izena jatorrizko formaren irakurketa txar baten ondorioa ez bada behintzat.

Montdragon erdal izena, egun gaztelaniaz Mondragón bihurtu dena, argia da: Europako beste leku batzuetan ere —Frantzian esaterako— ezaguna den mons draconis ‘dragoiaren mendia’ dugu, bete-betean Erdi Aroan modan egon ziren izen arranditsuen taldean sartzen dena, Gipuzkoako bereko Miranda de Iraurguy (Azkoitia), Montreal de Deva (Deba), Villamayor de Marquina (Elgoibar) eta beste bezala. Mondragón izenak, aski goiz, Arressate-ren galera ekarri zuen, eta, toponimoa euskaraz ibiltzen baitzen, XV. menderako bokal arteko –n- sudurkari bigunaren galtzea erakusten duen Mondragoe aldaera sortua zen (cf. Arrona > Arroa, Galdakano > Galdakao, Lazkano > Lazkao, Lemoniz > Lemoiz, Oikina > Oikia eta beste anitz), leku kasuetako –e itsatsia zukeen *Mondragone-tik abiatuta.

Euskarazko aldaeraren erabilerari dagokionez, lehen bi lekukotasunak hauek dira: Milia Lasturkoaren erostako Mondr<a>goeri datiboa («Bata leen, gero bestea / Bidaldu dogu zeruetara kartea / Arren diguela gure andrea») eta Arrasateren erreketaren kantuko (1448) Mondragoe absolutiboa «Erre dezagun Mondragoe / Lasterreon sar gaiteza[n] / Kantoeko sar[t]zaikeran / Aen bizarrak ikara zirean / Armakaz ezin egien legez ezer» (ikus Mitxelena, 1964: 76 eta 80).

Bibliografia

Apezetxea Zubiri, P. & Salaberri Zaratiegi, P., 2009, Etxalarko etxeen izenak, Etxalar.

Crespo, M. A. & Cruz, J. R. & Gómez, J. M., 1995, Colección Documental del Archivo Municipal de Mondragón. Tomo I. (1260-1400), Fuentes documentales medievales del País Vasco, 41, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

Izagirre, C., 1994, El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate y zonas colindantes, aita Villasanteren edizioa, «Julio Urkixo» Euskal Filologia Mintegiko Urtekaria-ren gehigarriak VII, Gipuzkoako Foru Aldundia - Oñatiko Udala, Donostia - Oñati.

Mitxelena, K., 1964, Textos arcaicos vascos, Minotauro, Madril.

         , 1987-2005, Diccionario General Vasco / Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), Desclée De Browner – Euskaltzaindia – Mensajero, Bilbo.

Salaberri Zaratiegi, P., 1994, Eslaba aldeko euskararen azterketa toponimiaren bidez, Onomasticon Vasconiae 11, Euskaltzaindia, Bilbo.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media