Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Jean-Louis DAVANT, Zuberoako euskaltzaina
1. Antzerki horren izenak
2. Lehen aipamenak
3. Etorkia: nontik horra den
4. Idazleak eta errejentak
5. Pastoral xaharra
6. Apezak eta pastorala
Pastoral izena Italiarik horra zaigü. Hamaseigerren mentean Tassio (edo Le Tasse) idazleak antzerki mota berri bat asmatu züan izen horrekin batean. Hoiek gero hedatü ziren Espainiala eta Frantziala. Espainian Cervantesek «Galatea» izenekoa izkiribatü züan. Frantzian «pastorale» delakoak arrakasta handia bildü züan hamazazpigerren mentean, bereziki Honoré d’Urfé batekin.
Komedia lilitsü bat zen, osoki sükrata. Gure pastoralarekin ikusteko güti züan, izena salbü.
Hor aipü ziren artzain eta artzaintsa elibaten amorioak, bena jente horik egiaz errege korteetako jaun eta andere handiak ziren maskatürik.
Hanitxez gogorrago da Züberoako pastorala. Hor bada borroka, güdüka, gerla eta hiltze. Antzerki epikoa da nausiki, nahiz artetarik komediatik ere badüan. Ez da greko zaharren eta frantses klasikoen tragedia bezala, bürütik bürü bortitz eta beltz, bena tragediatik badü hein bat azkar, ez da sükrategi, piper eta gatzez aberats da.
Trajeria pastoralaren izen zaharra dügü, eta zerbaitengatik hola deitü da. Builtaka nigarra begiala ekarten badü, marka hona da, egiazko pastorala delako seinalea. Haatik üsüan ontsa ürrentzen da, zelüari esker. Baikorra da azkenean, «fila bait», greko eta frantses tragedia haboroxeak ez bezala. Hanitx kosta ondoan, heroia ontsa elkitzen da, eta berak ez badü irabazi, ondokoek eginen düelako esperantxan hiltzen da. Bakoitxak egün batez hil beharko düala badakigü, eta gisa hortan pastorala ezin izan da osoki alagera, sükrat eta lilitsü, salbü prefosta domesantorelili edo krisantemekin.
Bizia, pastoralaren beste izen bat da. Eta egiaz, jente baten bizitzea kontatzen dü, edo bekanago jente saldo batena, hala nola Santa Grazi/Urdatxeko herritarrena Junes Casenaveren lümatik (Santa Grazi, 1976).
Istoria, pastoralaren laugerren izena, beste gisaz erran berri düdan bezala, norbaiten edo zonbaiten istoria txipia kontatzen beitü, Historia handiari lotürik. (AURKIBIDEA)
Pastoral baten irudikapenaren detailea Jean Paul Tillac Deriaud-en arabera.
Hamazazpigerren mente erditsütan, Oihenart mauletar abokatü poetak esküizkiribü batetan dio mente bat lehenago «Artzain gorria» deitüriko pastoral bat emanik izan zela behin beno haborotan Donibane Garazin, zübereraz Donajuane deitzen dügün Nafarroa Behereko hiribürü hortan. Idazlea Jean Etxegarai apeza. Haatik ez dakigü pastoral hori zer motakoa izan zen: italiar eta frantsesen gisako antzerki sükrata, ala eüskaldün gisako trajeria pipertsüa.
Hamazortzigerren mentean pastoralaren aipamena eginen dü Jüsef Egiategi xiberotar irakasle, filosofo euskaldünak.
Hemeretzügerren mentean agertüren dira Xiberoko teatrea ordü hartan zen bezala aipatüko düen idazle / izkiribainoak:
Agosti Xahok Voyage en Navarre libürüan aipamen llabür bat egiten deio 333-335 ostoaldeetan, eta hastapena hanitx hürrün ezarten deio erranaldi honez: «Le théâtre souletin compte dejà dix siècles d’existence; il n’a point subi de changements, et n’a fait aucun progrès depuis son origine; (...)». Haatik probaren hastapenik ez dü ekarten.
Junes Casenavek ere uste dü pastorala Erdi Aroa beno lehen hasirik zela. Bere ideiaren aldeko arrazu elibat ekarten dütü, bena egiazko probak ote dira? Bakoitxak nahi düana pentsa dezake düdazko püntüetan, bena historiako jakintza segürik ezin izan da probarik ez deno.
Georges Hérellek dio Xiberoko pastorala europar teatre kiristi zaharretik horra dela, eta bereziki Erdi Aroko frantses «misterioetarik». Kasik Europa osoala hedatü zen gisa hortako antzerkia, bena emeki emeki galdü zen, salbü Xiberoan. Heben hamabosgerren mente ondarrean sartü zatekeala dio Hérellek.
Hérellerekin akort daude jakintsü haboroxeak, bereziki Beñat Oihartzabal Uztaritzeko euskaltzaina. Bena erraiten dü xiberotarrak ez direla kopiatzean baratü: europar modela zinez berenganatü düe, beharren eta ahalen arabera moldatu, zinez hebenkotü eta xiberotartü. Gisa horrez «zuberotarrek beti bizirik atxeki dute, denborak eskatzen zituen aldakuntza beharrezkoak eginaraziz.» (Zuberoako herri teatroa, 55-56).
Haatik antzerki mota hori Xiberoan noiz sartü zen erraitean ez dira beren artean akort Herelleren jarraikizaleak. Pierre Lafittek pentsü dü, Hérellek bezala, hamabosgerren mente ürrentzean hasi zela, Francisque Michelek eta Julien Vinsonek hamahirugerrenean edo berantxeago, Websterrek hamalaugerrenean, Albert Léonek hamaseigerrenean.
Pastoral testü zaharrenak, esküizkiribuz, hamazortzigerren mentekoak dütügu: lehena oraiko ustez Sainte Elisabeth de Portugal, 1750ean Eskiulan. Oihartzabalek dio halere pastorala hor ontsa finkatürik ageri denaz geroz, pentsa daiteala aitzineko mentean hasirik zela, hots hamazazpigerrenean.
Ber abiseko da Txomin Peillen Lapurdiko xiberotar euskaltzaina. Hamazortzigerren menteko testü elibatetan hamazazpigerren menteko eüskara zaharraren herexak borogatzen beitira. Haatik pastorala frantses «miracles» (miraküllü) antzerkien ondoko bezala ikusten dü, haiek ere saintüen biziak aipatzen beitzütüen, «misterioek» aldiz Jesüsen pasionea. Eta hona haren esplikazionea: Paueko jaun epaile / jüje kalbinistek, Jeanne d’Albreten ondotik, Xiberoa tinkatzen züen, hau orokorki katoliko egonik beitzen: xiberotarrek beren izate berezia zaintü züen, pastoralaren arartez saintüak ohoratzez. Kalbinisteen bürüzagiak zinez intelektüalak ziren, izkiribü saintüa baizik ez züen kontütan hartzen, hotz-hotzik. Popülüak aldiz zeremonia ederrak maite zütüan, prosesioneak, saintüen irüdi edo imajeak, eta abar...Ber denboran xiberotarrek beren mintzajea eta Xiberoko Üsantxa (La coutume de la Soule) zaintzen zütüen Paueko jüjeen eretzean. Horra, ontsa entelegatü badüt, Txomin Peillen adiskidearen ikuspegia.
Azken ikuspegi bat, bena hau osoki okerra, eta baztertzeko aipatzen düt. Manuel Lekuona euskaltzainburu zenak idatzi züan pastorala koblakatik horra zela. Geroztik hegoaldeko jakintsü elibatek «ahozko literatüran» ezarten gütüe. Xiberotarrek badakigü aktürrak ez girela koblakan ari, bena izkiribütik bertseten gogoz ikastea, gogoan edükitzea eta hiru mila jenteri bürüz haien kantatzea ere badela zerbait. Lehenago zonbaitek ez beitzakien irakurtzen, pastoral errejentak horier bertsetak arrapikatzez irakasten zeitzoen, bardin laneko denboran ere, algarrekin lan egiten züelarik. (AURKIBIDEA)
Lehen pastoral idazle / izkiribainoak, Georges Hérelleren arabera, elizagizonak izan ziren, eta hona irakasle jakintsüak emaniko arrazuak:
Haatik Xiberoko pastoral idazle zaharren izenik ez dakigü, ihon ere ez beita holakorik agertzen, salbü Oihenarten lümapean Jean Etxegarai apezarena, eta horrek berak pentsaraz dezake beste pastoral motako idazlea zaitekeala.
Lüzaz eta lüzaz agertü den jente bakoitxa, pastoral errejenta da. Errejent dinastia bat phürü izan da, famatüa, Sohütako Héguiaphaltarrena: azkena franko ontsa ezagütü dugü, Marcelin Héguiaphal. Testüa errejentak ekarten züan esküizkiribüz, berak arrahunkirik, emendatürik edo llabürtürik beharren arabera. Hori zen berriki arte pastoral antolazaleek saristatzen züen jente bakoitxa. Hemeretzügerren menteko hamabi errejent aipü dütü Hérellek: eskoletako bi errejent, bi oskigile, bi arotz, zurgin edo maiastürü bat, espartiñegile bat, plastrür bat, oihanzain bat, bidekari edo kantonier bürüzagi bat, eta laborari bat. Bena kantonier bürü hori laboraria zen ber denboran, J. Aguer Atharratze Bürgübürüko etxeko jauna.
Idazlea berant agertü da, eta ezagützen dütügün lehenak errejentak ziren: J.P. Saffores atharraztarra 1839 altean Napoléon trajeriarekin, eta aipatü berri düdan beste atharraztarra, J. Aguer, hiru antzerkirekin: François 1er (1900), Louis XI (1903) eta Henri IV (1903).
Lehen idazle hütsak 1906an agertzen dira Üskaldünak Ibañetan piezarekin: Justin de Menditte apeza eta Clément d’Andurain mauletar jaun gaztea. Hau hamalaueko gerla handian hilen da. Builta batez salbüespenak dirate, errejent izkiribainorik beitate orano, bereziki Léon Salaber ozaztarra eta Pierre Appeceix Salahanka barkoxtarra, Marcel Eihartxet Uthurry beste barkoxtarra ere, nahiz ez den ofizialki agertü. Etxahun-Irurik de Menditte eta d’Andurainen segida hartüren dü 1953an Barkoxen Etxahun Koblakari piezarekin. Pierre Bordaçarre hori dügü pastoral idazlearen etsenplüa. Mente laurden batez bakoitxa egonen da. Horrek izkiribatü pastoraletako libret axaletan idazlearen izena zabal-zabala ikusten düt, oraiko pastoral haboroxeetan ez bezala. (AURKIBIDEA)
Pastoral baten irudikapena Jean Paul J.P. Tillac-en arabera.
Arren 1750koa da ezagützen dügün testü xaharrena, urte hortan Eskiulan antzeztüa: Sainte Elisabeth de Portugal. Ondokoa 1859an Jean de Paris Larrainen, eta ber urtean Œdipe Gameren. 1760an berriz Jean de Paris Larrainen; 1769an Richard Cœur de Lion Zalgizen, eta Histoire de Saint Eustache Altzabehetin; 1770ean Clovis Sarrikotapean...
Ikusten dügü pastoralik ez zela urte oroz emaiten, eta berriki arte hori zen üsantxa. Bena ber urtean bizpahiru pastoral izaten ahal ziren, zonbait aldiz algarri hüllan dauden herrietan ere: orai ahal oroz baztertzen dügun desafioa, arriskü sobera beitü, bereziki sosaren aldetik.
Bestalde ber antzerkia arrapika zaitean urte güti artean ütziz, eta bardin ondoko urtean berean, herri hortan edo beste zonbaitetan. Adibidez Œdipe 1792an eman zen Garindainen eta Gameren, 1793an Arüen eta berriz Garindainen; Godefroy de Bouillon Ainharben 1790ean, 1793an Urdiñarben eta berriz Ainharben, 1798an arrapika bi herri horietan, 1816an Lanbaran.
Frantziako Iraültza edo Errebozlüzione denboran, pastoral elibat debetatürik izan ziren, hala nola 1796an Charlemagne / Roland Zunharretan. Bena hori ber urtean Alozen eman züen, eta Ürrüstoin Prodiga, kürioski eüskal izen horrekin, beste herrietan beste urte zonbaitez L’enfant prodigue zelarik. Artetik erran dezadan berriki arte frantses izenbürüa züela pastoralek. Egia da frantses libüruxka batzüetarik egokitzen zütüela, horiek merkatüz merkatü hedatzen beitzütüen saltzale ibilkari elibatek.
Pastoral xaharren beste berezitarzün bat zen lüzegoa. Leheneko denboretan egün pare batez iraüten omen züan. Gero egün bakoitxeala jaitsi zen. Zazpi-zortzi orenetarik seietara jin zen hogeigerren mente hastean, eta bi gerla handien artean lauetara Sallaber eta Heguiaphal errejentekin, antzerkiaren arrastiritan kokatzeko gisan.
Antzokia edo teatrea oraikoa bena zabalago zen, bizpahiru parte beitzütüan. Gaineala aitzinea hütsik üzten züen, zaldizko güdüken egiteko gisan. Püblika bi aldeetarik jarten zen.
Güdüka gabeko pastoralik izan da, artzainik gabeko zonbait ere bai. Orai nekez asma daite holakorik, süstut artzainik gabekorik: istoriak horien beharrik ez düalarik ere agerarazten dütügü, jenteari plazer egiteko. Hola gertatü zen bereziki Gamere-Zihigakoan: mariñel baten bizia zen, artzainekiko harreman güti üken zükean, haatik azken püntan agertü ziren ustegabean bezala, hala behar zelakoan. Leheneko pastoral antolazaleak gogorrago ziren, eta beharrik ez bazen, ez zütüen erakarten. Egia da geroztik artzain zionea gütitü dela, eta eskasten dena kariotzen da.
Dena dela, pastoralaren zürkaitzak ez dira kanbiatü, bereziki hiru bortak: gorria ifernüko süiaren kolore, blü / urdina zelü kolore, erdiko xuria elür kolore, argi kolore, xahütarzünaren adierazle. Arropetan ere margoek erakusten düe bakoitxaren alderdia: gorria türkena da, blü / urdina kiristiena. Eta hori da beti pastoralaren zola.
Bertseten ahaireak eta moldea ere xaharretarik dütügü. Moldeaz bi hitz. Bertseta üsüenik lau herrokatan agertzen da, bena egiaz bi neurtzitz dütü, bakoitxa erditik moztürik: bi letra larri hastapenetan, bi errima ürrentzetan, eta bi erranaldi arte horietan.
Le quatrain de la pastorale est un faux quatrain et un vrai distique: il comporte deux vers, attestés par deux majuscules au départ et deux rimes ou assonances à l’arrivée, avec entre les deux autant de phrases. Chaque vers est coupé en deux hémistiches. On pourrait l’écrire sur une ligne, ce qui nous dispenserait d’explications foireuses telles que celle-ci : «quatre vers avec une majuscule au début du premier et du troisième vers, et la rime à la fin du deuxième et du quatrième vers.» Mais pourquoi faire simple quand on peut faire compliqué?
Pastoral xaharretako eüskara zinez jüdikatzen düe ikerzale zonbaitek bai eziz eta handiosa dela, pretentziosa, ürgüllütsüa eta gogorra, gaineala frantses hitzez infisi. Irakurri dütüdan zatietarik üdüri zait hein hortako kritikak bortitzegi direla: gure aitzinekoek erranaldi ederrik bazüen, aditza nahi bezala erabilten züen, bena gero, egia da, hitz arrotzak behar gabe sartzen zütüela, eüskarazkoak bazütüelarik. Bena hori xiberotar hanitxen hütsa da orai ere, bürüko auherkeriaz: zoin nahi frantses hitz har, ürrentzean a bat sar, eta jo aintzina, hori beita gisala xiberotar «pür-pürra»...
Pastoral xaharraren beste seinale bat: gizonen afera zen, gizonek emazteen leküa ere betatzen züelarik. Gero artetarik bazen pastoral ustez apalago bat, txipiago bat, neskatilek eta emazte gazteek emanik. (AURKIBIDEA)
Hérellek beitzion lehen pastoral idazle / izkiribainoak elizagizonetarik zirela segür ere, gero airea kanbiatü zen, haatik ez dakit noiz. Dena dela, berriki arte pastoralak oso fama txarra züan apezen artean. Hemeretzügerren mente ürrentzealat Emmanuel Inchauspé idazle handiak hitz gogorrak izkiribatü zütüan pastoral errejenten aitzi, baieziz eta iñorant pretentzios elibat zirela, ezjakinak eta beren bürüaz hantürik. Eta ez dezagün ahatz ordü hartan errejent horik pastoral idazle zirela ber denboran, hala nola Saffores eta Aguer atharraztarrak...
Hogeigerren mentean, bi gerla handien artean, Pierre Lanouguère apezak, alias Pette Xibero, mustraka bat kontatzen beitü artikülü batetan, hor aktürrez trüfatzen da ahal oroz.
Bertseten artean zonbait frantsesez beitzütüen, hona biga mustrakan aktürrek ahoskatü bezala ekarriak:
Senechal türk erregeak:
Halhon compagnons,
Trabertzon la montagné.
H’il n’y a point dé pardon,
Ravachons la campagné.
Octavius türk erregeak:
Halhon, mes camarades,
Etsaiak heben dütügu!
Har etzatzüe ezpatak,
Eta gardez vos positions!
Hürrüntxeago hona Lanouguèreren beste trüfa bat:
«Üdüri zait ikusten düdala bidearen erdian Aita Saintüa xuri-xuria bezti, koroa paregabeko bat bürüan, ürrezko kürütxe handi bat esküetan! Kantüan igaraitearekin egin deiot:
- Agur Aita Saintüa, ohore handia egiten düzü egün gure herriari!
- Bai, otoi! Egün Aita Saintü eta bihar... ote epaiten!»
Pastoralaren etsaia zen halaber Espil apeza, Garindaineko erretora. Herrian bat emaiten züelarik, arrastiria otoitzean igaraiten züan elizan, eginen ziren bekatüez parkamentü galtatzeko. Behin ja bere xantreari bazkoak errefüsatü zeitzon, pastoralean aktür zelakoz. Hau deitzen züzün Battitta Urruty, gero süjet ere izanen zena, bai eta hanitxek ezagütü dügün errejent handi eta maitagarria. Ordüan Battitta Maulera joan zen bazkoen egitera, eta gogo honez eman zeitzon Mgr Etcheber Xiberoko arxipretrak, Garindaineko seme zenak. Hau ez zen apez eta gizon arrunta. Hamalaueko gerla handia eginik züan arroiletan omonier bezala, komandant gradoa bazüan, alemana bazakian, eta hiru kalitate horiez baliatü zen berrogeita laueko agorrila bero hartan alemanekin elestatzeko, amoreagatik eta Mauleko parte hon bat ez lezen erre. Hots ezpiritüa Espil gaixoak beno zabaltxeago züan. Eta pastoral bat hüllantzen ari beitzen, uste düt 1951akoa zela Garindainen, Robert le diable, bigerren gerla handi ondoko lehena, Pierre Lafitte apez jakintsüna telefonaz deitü züan: «Errazü jaun apez lagüna, zü eüskaltzale handia beitzütügü, pastorala ikertü behar zünüke, zeren eta Xiberoan dügün teatre kürios eta miragarria beita. Jüstoki bat badizügü daigün igantean holako leküan. Atsolütüki jin behar zünüke ikustera, ez zünüke dolützerik!» Lafittek berehala hitzeman zeion, baietz falta gabe jinen zela. Eta ordüan gure axeri zaharrak zer egin züan? Telefona hartü, eta tresna berri hori bazüen xiberotar apezer dei egin: «Errazü adiskidea, Lafitte pastoralzale horra zikuzü. Arren gü ere joaiten ahal gütüzü. Apez aüzoer jakinaraz izezü!» Eüskal telefonak bestea lüzatu zizün, eta ondoko igantean xiberotar apezak, beste zonbait ere laxüki, burrustan pastoralzale joan. Gero 1976an Urdatx / Santa Grazin eman zen herriko istoria kontatzen züan trajeria, horko seme den Junes Casenave apezak hontürik. Ondotik, joan berri den Pierre Moleres Baionako apezküpüak ere üsatzen zuan pastoraletara jitea. (AURKIBIDEA)
Allande d'Oihenart pastoralaren irudikapenaren detailea Muskildin (Zuberoa). 1985ko uztaila.
Bibliografia
Hau ez da bibliografia jakintsü bat: aipatzen dütüdan obrak aisa edireitekoak dira. Izkiribaino / idazleak sailkatzen dütüt, ez ordena alfabetikoan, bena kronologiaren arabera, züberotar trajeriaz hontü dütüen izkiribü / idazki zaharrenen arabera.
Michel, Francisque: Le Pays Basque, 1857. Elkar, 1994.
Webster, Wentworth: Les loisirs d’un étranger au Pays Basque, 1901. Elkarlanean, 1999.
Hérelle, Georges:
- La représentation des Pastorales basques à sujets tragiques, 1923, Paris.
- Les Pastorales à sujets tragiques. Techniques des pièces. Histoire des répertoires. 1926, Paris.
- Le répertoire du Théâtre tragique. Catalogue analytique. 1926, Paris.
Urkizu, Patri: Eusko teatroaren historia, 1975, Donostia.
Casenave, Junes:
- Vers l’origine du théâtre souletin, revue Ekaina n° 6, 1983.
- Zuberotar antzerkiaren sortzeaz eta iturriez, Antzerti aldizkarian, 1983.
- Artikülü franko aldizkari eta kazeta ezberdinetan.
- Gaineala bi libürügei, orano agertü gabeak:
1- Xiberoko antzertia edo pastorala.
2- La pastorale, théâtre populaire souletin. Argitaratü behar güntüke.
Haritschelhar, Jean: Etre basque. La pastorale, PP. 276-286. Privat, 1983.
Oyharçabal, Bernard:
- Zuberoako Herri Teatroa, Donostia, 1985.
- La pastorale souletine. Edition critique de Charlemagne. Donostia, 1991.
- Place de Sainte Elisabeth de Portugal (1750) dans l’histoire des tragédies traditionnelles en langue basque, revue Lapurdum IX, décembre 2004, Bayonne (PP. 205-214).
Aguergaray, Arnaud:
- A.d’Oihenart trajeriako libretean, Muskildi, 1985.
- Les pastorales modernes en Barétous, revue Ekaina n°40, 1991, PP. 283-294.
- Cent ans de pastorales en Soule et dans les Pyrénées, Jakintza, Ciboure, 2008.
- Artikülü franko kazeta eta aldizkari ezberdinetan.
Lauburu: La pastorale, Théâtre populaire basque en Soule (1951-1980), Bayonne, 1987.
Orpustan, Jean-Baptiste: Précis d’histoire littéraire basque, 1545-1950, Izpegi, 1996.
Davant, Jean-Louis:
- Pastoralaren aldaketaz, Euskera, separata: Tolosan 1998/XI/13-14, Antonio Maria Labaienen mendeurrena, V. Herri-Literatura Jardunaldiak: Herri antzerkiaz (301-313 or.).
- Artikulu franko aldizkari eta kazeta ezberdinetan.
- Igaraneko trajeria zonbait: Xiberoko Jauna trajeriako libret ürrentzean, Ezpeize, 2008.
Marliave, Oilivier de: Fêtes et traditions du Pays Basque, éditions Sud-Ouest, 1998.
Kortazar, Jon: Pastoralak, Egan 1998 –1/2ko gehigarria.
Etchécopar Etchart, Hélène:
- Théâtres basques, une histoire du théâtre populaire en marche... Gatuzain, Baiona, 1998.
- Ambivalence du théâtre populaire basque: Théâtre populaire européen, Eusko Ikaskuntza, Bayonne, 1998 (PP. 63-85).
Fernandez de Larrinoa, Kepa: Pastoralaren azkenaren zentzazioak, Eusko Ikaskuntzaren libüru hortan, 181-188 ostoaldeetan. (AURKIBIDEA)
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus