Antonio Maria Labaien Toledo.
«Ibalan», «Matxingorri», «Aspaldiko», «L. Ayanbe», «Etxekorena». Gipuzkoar antzerkigilea eta itzultzailea (Tolosa, 1898). Merkataritza ikasketak egin zituen Zaragozan. Argia, Kaiku, Yakintza, Gernika, Eusko Gogoa, Egan, Olerti eta Karmel aldizkarietan eman ditu argitara lan garrantzitsuenak. Antzerti aldizkaria sortu eta bertako zuzendari izan zen 1932. urtetik aurrera. 1933. urtean Tolosako alkate hautatua izan zen. Errepublika garaian eragin berezia izan zuen orduko euskaltzaleen artean, Lizardiren, Orixeren eta Aitzolen laguna zelako. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Saran (Lapurdin) hartu zuen bizilekua eta 8 urte eman zituen han. 1951. urtean euskaltzain oso izendatu zuten. Antzerkilan nagusiak: Txinparta buruzagi (1920), Ostegun gizona (1930), Iparragirre (1933), Berezi edo Irritzaldia (1934), Irunxeme (1936), Jostuna eta Petrikillo (1956), Jokua ez da errenta (1960), Galtzaundi (1961), Malentxo alargun (1962), Domejon de Andia Gipuzkoako Erregea (1965), eta Kalifornia ku-ku (1967). Lan biografikoak ere argitaratu zituen: Elizamburu (1955), Muñagorri Eskribau, pakegille ta fuerozale (1967) eta Nikolas Ormaetxearen biografia (gazteleraz, 1990). Europako zenbait antzerkigileren lanak itzuli ditu: Dürrenmat, Bertolt Brecht, Max Frisch, Ionesco eta Castelaorenak. Harenak dira orobat gazteleraz idatziriko Compendio de Euskaldunak de Orixe (1950) eta Teatro eúskaro (bi liburuki, 1965-1966).