Giza gorputza lanean

Ezaugarriak: Imajina ezazu ingeniaria zarela, eta makina bitxi bat diseinatzeko eskatu dizutela: eboluzioak dagoeneko asmatua duen eta gizakia deritzon horren berdina, hain zuzen. Zer material erabiliko zenuke atal bakoitzerako, kasuan kasuko eginkizuna eta eraginkortasuna kontuan harturik? Nola antolatuko zenituzke behar diren sistemak? Izan ere, ibiltzeko (jauzi, laster,dantza... egiteko), elikatzeko, mundua hautemateko eta are pentsatzeko gai izan behar du makinak,besteak beste. Bai eta bere matxurak arian-arian bere kasa konpontzeko ere.

Oso aurreraturik dago gizakiaren teknologia,baina, hura guztia erabilita ere,urrunetik ere ez zenuke lortuko berdintzerik hautespen naturalak urteen poderioz ondutako makina arrigarri hori. Saioak, hala ere, merezi du: besterik ez bada,makina naturalaren lorpenak (eta hobekizunak) balioesteko eta apailatu beharreko gizagailu horren nondik-norakoez jabetzeko. Gure gaurko jakintzaren eta (bio) teknologiaren mugak non diren ikusteko ere ez da bide txarra.

Ideia horretatik tiraka atondu du Lenihanek liburu hau. Atalka ekin dio makina horren antolaera ikuskatzeari,aurrez aurre jarriz bere ingeniari-ezaguera eta biologian adituagoengandik jasoa. Ikuspuntu bereziak ematen dio originaltasuna saiakera xume bezain jakingarri honi.

Zenbakirik gabe bizi
Matematika-ezjakintasuna eta haren ondorioak

Egileak: John Allen Paulos
Argitaratzailea: Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzua
Orrialde kopurua: 200
ISBN: 84-8373-869-4

Ezaugarriak: Bizi ote liteke inor letrarik gabe? Bai, jakina,baina bere izena du horrek: analfabetismoa. Zenbakirik gabe bizitzea, ongi begiratuz gero,are gogorragoa da, nahiz ez duen gure artean, eta sintomatikoa da hori, izen jakinik: bat behar eta, “matematika-ezjakintasuna” esaten zaio liburu honetan. Gabezia horren kalteak eta komeriak jorratzen ditu Paulosek saiakera zorrotz bezain jostagarri honetan.

Izan ere, letra-ezjakintasunak ez du uzten gizakia hizkuntzaren tresnarik gabe, haren alderdi idatziari baino ez baitagokio, baina zenbaki-ezjakintasunak kalkulu-ahalmena bera oztopatzen du, eta hala uzten gaitu etorkizuna aurreikusteko eta begien aurrean duguna bera ongi ulertzeko baliabiderik gabe. Halako hutsen iturririk behinenak aurkezten dizkigu Paulosek,adibide hurbilez eta azalpen bixi-bixiz: portzentajeak, probabilitateak, joko-apostuak, zenbaki handiak, estatistikak, sineskeriak, inkestak, hauteskundeak...

Gutxieneko matematika-jakintzarik gabe, bada, egunkariko izenburuak taxuz irakurtzeko ere ez gara gauza. Eta eskolatzen ote gaitu eskolak alderdi horretatik ere? Ala, Paulosek aipatzen duen moduan, “matematika-larri” uzkur bat baino ez dio uzten askori, gehienoi, eta horrenbestez areagotzen —defentsa-erreakzioz edo— matematika bizitzarekin zerikusirik gabeko abstrakzio bihozgabe bat delako aurreiritzi arrunta?

Liburu txinpartatsu hau irakurtze hutsak ez dio inori sendatuko bertan salatzen den gaitza, baina bai begiak irekiko,irribarre kezkatiz, haren aurrean.

Andolin gogoan
Essays in honour of Professor Eguzkitza

Egilea: Andolin Eguzkitza
Argitaratzailea: Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzua
Orrialde kopurua: 932
ISBN: 84-8373-890-2

Ezaugarriak: Liburu hau, lankide eta lagun genuen Andolin Eguzkitza irakaslearen omenez argitaratu dugu, hori baita, izan ere, mundu akademikoan eskerrona agertzeko modua. Eguzkitzak Hizkuntza-laritzan eta Euskal Filologian egin zituen lanei esker, arlo bi hauetako lan eta ideiak aberastu egin dira. Horren erakusgarri, liburu honetan
biltzen diren 42 artikuluok, Hizkuntzalaritza eta Euskalaritzako hainbat gai jorratzen dituztenak, herrialde eta unibertsitate askotatik bidaliak. Badira, besteren artean, Estatu Batuetako, Alemania, Frantzia, Espainia eta Euskal Herriko ikertzaileen lanak, den-denak Andolin Eguzkitzari eskerronez eskainiak.

Telebista produkzioa

Egilea: Gerald Millerson
Argitaratzailea: Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzua
Orrialde kopurua: 910
ISBN: 84-8373-880-5

Ezaugarriak: Liburu hau TB/Bideo ekoizpen-tekniken bide-erakusle erabilgarri bat duzu,bizitza oso bateko eskarmentuaren emaitza baita. Beharrezko ekipamenduari buruzko azalpen argiak ez ezik, hura erabiltzeko erarik egokiena zein den aurkituko duzu,ohiko arazorik arruntenak zein diren ikusiz aldi berean.

Erabilera-teknika ugari dituzu eskura; besteak beste: goi-mailako kamera lanak, argiztapen modu eraginkorrak, soinuaren erabilera egokia eta edizio-prozesu burutsuak; ekoizpen-lanari loturiko zenbait oinarri ere eskaintzen dizkizugu: dekoratu-diseinua, makillajea, grafismoa, eta abar.

Telebista-saio bat (kamera bakarrez edo zenbait kameraz) antolatzeko behar diren prozesuetan barna murgilduko gara, eta zuzendariak zein taldeko kideek egin beharreko lana urratsez urrats aztertuko dugu. Gauzak nola egin behar ditugun galdetzeaz gainera, ekoizpen-estilo bakoitza noiz eta zergatik erabili ere ikusiko dugu, esku artean ditugun tresnak modu sortzaile batean erabili ahal izateko; hala, ikusleen arreta nola erakarri, interesa eta emozioak nola piztu eta bideratu ikasiko dugu.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
¡Participa!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
¿Quiere colaborar con Euskonews? Envíe sus propuestas de artículos

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

EUSKOBOOKS
 Aurreko Aleetan
Caja Laboral - Euskadiko Kutxa
Bilatu Euskonewsen
2007 / 01 / 19-26