SODEPAZ ONG-KO SALBADORREKO BRIGADISTAK
Argazkiak: Isabel RAMOS
Traducción al español
Gure
abentura talde bezala Mangironen (Buitrago de Lozoia) hasi bazen ere, ONG
batekin bidaia egiteko proiektua hilabete batzuk lehenago hasi zen; Salvadorrera
joateko erabakia hartu genuenean. Posta elektroniko ugari, informazio elkartrukea,
aholkuak, dudak eta azken orduko kirioak, motxilak egin eta hegazkinera igo
baino lehen.
Zer dela eta Salvador? Taldeko gehiengoa irakaslea da eta proiektuaren helburua alor horren inguruan zebilen, hots, baserri giroan bizi diren herrialde desberdinetako hezitzaileekin esperientziak konpartitu eta bien bitartean bertako eguneroko bizitzan murgildu.
Lehenengo egunak bileraz-bilera eman genituen. Erakunde eta instituzio desberdinak ezagutzeko aukera izan genuen, herrialdeko egoerara gerturatuz. Tarteka egin genituen txangoei esker, leku zoragarriak aurkitu genituen eta ahaztu ezineko gerrate zibilari buruzkoak bizi genituen Salvadorreko biztanleen ahotik irtetzen ziren kontakizunen bitartez.
Orduan, taldea banatzeko unea iritsi zen. Bakoitzak berari zegokion komunitatean moldatzeko garaia iritsi zen. Estitxu (portugaletekoa), Maider (elgoibartarra) eta Isabel (madrildarra) La Vega komunitatera, San Miguelgo departamentuan. Hondurasekin muga egiten duen herrixka isolatua. Amaia (elgoibartarra), Nere (elgoibartarra) eta Susana (bilbotarra) Asuchiora, Zaragozako munizipioan, San Salvadorretik gertu dagoen zonalde zentrala, eta Marta (madrildarra), Frank (madrildarra), Mireia (valentziakoa) eta Ainoa (santurtzikoa) Chalatenangoko San Antonio de los Ranchos-era, hegoaldean kokatua eta gerratearen ondorioak gogor pairatu zituenak.
Talde bakoitzak bere esperientziak izan ditu, komunitate bakoitzak bere berezitasuna du. La Vega komunitatea definitzeko hitza isolamendua da. Nekez irits daiteke bertara. Bertakoak esaten duten bezala “munduaren amaieran” bizi dira. Gu hara iritsi izana ere harrigarria iruditzen zitzaien. Lanean ihardun genuen eskolan 101 ume zeuden, 2 gelatan eta ahur-eskolan banatuta. Komunitateak berak kontratatutako 2 irakaslek ematen dituzte klaseak, 2 txandatan.
Eskolatik etxeetara dagoen distantziak (2 ordu ibiltzen), komunitatea nekazaritzan eta abelzaintzan lan egiteak (umeak lagundu egin behar dute) eta heziketari ematen dioten garantzia eskasak heziketan gabezia nabarmenak ekartzen ditu. Lankidetza-egunetan, taldeak material didaktikoa egin eta irakasleekin duda eta kezkak konpartitu ditu. Hartu-eman honetan garatu den konfiantzari esker, irakasleek gure laguntza eskatu dute, daukaten gabezien jakitun. Aurrerantzean beraiekin harremanetan jarraitzeko asmoa dago.
Asuchio komunitatea hiriburutik gertu dagoen arren, baserri giroan bizi da. Azpimarratzekoa da udalerri honek duen inseguritatea El Salvadorrek orokorrean pairatzen duen arazo garrantzitsu bat dela eta; marak. Marak gazte delinkuentez osatutako taldeak dira. EEBB-etatik erbesteratutako salvadortarrek hasi zuten mugimendu hau; EEBB-etako kaleko lagun-taldeen eskema errepikatu dute Salvadorren. Asuchiora joan den taldea, bertan egon den egunetan komunitateko pertsona baten konpainian mugitu dira uneoro. CDI-ko hezitzaileari lagundu diote, material didaktikoa egin dute eta heziketa aldetik behar bereziak dituzten umeekin aritu dira. Bestalde, komunitatearen garapenerako oinarrizkoa den proiektua ezagutzeko aukera izan dute;edateko uraren distribuzioa komunitateko 350 etxeetara.
San Antonio de Los Ranchos komunitatea abandonatua izan zen gerra garaian. Biztanlegoaren gehiengoa Mesa Grande-n (Honduras) errefuxiatu zen eta 1988an repoblatu zen. Gerra garaian irakasle-lanak (mendian klaseak ematen zituzten) egin zituzten pertsonak dira batez ere gaur egun eskolan diharduten irakasleak. Bake akordioekin formakuntzarako eta irakasle titulua lortzeko aukera izan zuten.
Gaur egun, beraien heziketa-lana burutzeko behar duten baliabide eta material gehiena badute ere, oraindik egiteko asko dago lan-metodologiaren hobekuntzan. Lortu duten guztia zenbait pertsonen ekimenari esker eta komunitatearen ahaleginei esker izan da.
Bertako irakasleek gure laguntza eskertu dute, batez ere heziketa-metodologian eta geletan aplikatzeko ideia berriak erakusten.
Talde barruan egindako erreflexioen ondoren gobernuko politikak heziketari ez diola bat ere onik egiten uste dugu. Herrialdeak dituen heziketa beharrekin bat ez dagoen aurrekontua eskaintzen baitu. Gainera, gobernuak “bidalketen” alde azaltzen da. Bidalketak EEBBetan lan egiten duten salvadortarrak beraien familiei bidaltzen dieten diruari deritzo. Diru-sarrera honek herrialdeko maila ekonomikoa mantendu eta pobrezia-maila gutxitzen duen arren, ez du heziketa-maila hobetzen. Heziketa ez da errentagarria eta erosoagoa da emigratzea.
Aste hauetan izandako esperientziak komunitate hauetako eguneroko bizitzaren parte izateko aukera eman digu. Beraien zailtasunak, kezkak, pozak eta proiektuak bizi izan ditugu. Gerrari buruzko istorioak hunkitu gaituzte. Beraien bizitza humilak, herrialde eta gizarte oso desberdin baten garatzen den gure errealitate eta bizitza propioa planteatzera eraman gaitu.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |