Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasguneak irakasle laguntzaile baten postua betetzeko aukera ematen duEscuchar artículo - Artikulua entzun

TOTORICAGÜENA, Gloria PilarGloria Pilar TOTORICAGÜENA
Itzultzailea: Estibalitz EZKERRO
Original in English

Gloria Totoricagüena Egurrola (Boise, Idaho, 1961) Euskal Ikasguneko zuzendari andereak animatu nahi zaituzte irakasle laguntzaile baten postua betetzeko zein Nevadako Unibertsitatean, Renon, Doktorego tesia garatu nahi duten graduondoko ikasleentzako beka deialdira aurkeztera.

Nevadako Unibertsitateko (UNR) Euskal Ikasguneak jakitera ematen du irakasle laguntzaile baten postua betetzeko eskariak aurkezteko epea zabalik dela dagoeneko. Irakasle laguntzaile kategoriak lanaldi osoko ikerketak egitea ahalbidetzen du, eta, era berean, posible da haren bitartez titulartasuna eskuratzea. Postuak berez dakar seihilabeteko klase bat ematea, baita norberak aukeraturiko ikerketa esparruan sakontzea, hitzaldietan parte hartzea eta artikuluak zein liburuak argitaratzea.

Unibertsitate barruan, Euskal Ikasguneko lagunek egoera pribilegiatua dugu, geure betebeharren %60a guk geuk aukeraturiko diziplinen ikerketara bideraturik baitago. Esate baterako, Xabier Irujo jauna Erbesteko Euskal Gobernuaren gainean ari da ikertzen, eta, aldi berean, interes handia du euskal filosofia politikoan. Bere ikerketak, ikasturtearen ebaluazioaren barruan, %60a balio du. Berak hautatzen ditu Nevadako Unibertsitatean, Renon, eskaini nahi dituen klaseak, eta, behin haiek onartuta, seihilabeteko bakoitzean bat irakasten du. Irakaskuntzak gure lanaldiaren %20a baino ez du hartzen. Gure jarduera profesionalaren beste %20a komunitate akademikoari lotuta dago, eta horrek dakar komiteetan parte hartzea, hitzaldiak antolatzea, argitalpen akademikoetan inplikatzea baita euskal komunitate osoaren zerbitzura egotea hari informazioa eskainiz eta harentzat lan eginez.

Xabier Irujo doktorea 2006 urtean sartu zen Euskal Ikasgunera
Xabier Irujo doktorea 2006 urtean sartu zen Euskal Ikasgunera.

Eskaria aurkezteko interesa duen orok ondoko baldintzak bete beharko ditu:

Ezinbestekoa da gaztelera eta euskara menperatzea, eta frantsesa jakitea mesedegarria izan daiteke.

Reno bizitzeko toki ezin hobea da, eta AEBetako unibertsitatean lan egiteko aukera izatea zer eta Euskal Ikasketak sustatzen, bi mundu horiek duten onena bateratzea ahalbidetzen du. Euskal Ikasgunetik gure esku dagoen guztia egiten dugu arlo akademikoan euskaldunen inguruko ikerketak bultzatzeko baita munduan zehar eratu den euskal sarean parte hartzeko. Ni neu, adibidez, Armeniatik iritsi berria naiz. Hara gonbidatu ninduten Euskal eta Armeniar diasporak konparatuz hitzaldi bat eskaini nezan. Lau mila lagunek parte hartu zuten ekitaldian! Hurrengo astean New Yorkeko Columbia Unibertsitatean izango naiz gatazka politikoaren konponbideari buruzko eztabaida batean parte hartzen.

Bestalde, malgutasun handiz jokatzen dugu ikerlanak bideratzeko orduan. Joseba Zulaika jauna Renora heldu berria da, bederatzi hilabetez Bilbon ikerlanean ibili ostean. Sandra Ott andereak hilabeteak pasa ditu alemaniarren okupazioak Zuberoan izan zuen eragina aztertzen, eta hainbat pertsona elkarrizketatzeaz gain Ipar Euskal Herriko zein Frantziako fitxategi ugari arakatu ditu. Arlo akademikoak eskaintzen duen askatasunari eta ordutegien malgutasunari esker posible da seihilabete bakarrean bi klase ematea, eta bigarren seihilabetekoa ikerlanerako baliatzea.

Horrez gain, Euskal Ikasguneak nazioarteko kongresuak antolatzeko ohitura du. Goi mailako hizlariak gonbidatu izan ditugu Renora gai jakin baten inguruko hitzaldi teoriko-praktikoetan parte hartzeko. Irakasle laguntzaile batentzat abantaila handia da kongresu garrantzitsuen antolaketan esperientzia izatea, baita mundu akademikoarekin zein intelektualekin harremana eduki izana ere.

Postura aurkezteko interesa duenak UNR-eko giza baliabideen atarira jo dezala zuzenean.

Edo Kate Camino gure bulego arduradunarekin harremanetan jarri hurrengo helbidearen bitartez: basque@unr.edu

Bestetik, 2007-2008 ikasturte akademikoari begira, Doktorego ikasleei begira hiru urteko beka bi antolatu ditu Euskal Ikasguneak. UNR-en eskariak entregatzeko epea 2007ko otsailaren 1ean amaituko da. Haietara aurkezteko interesa duenak eskariak bete eta ingeles jakintza maila frogatu beharko du. Informazio gehiagorako ikus Euskal Ikasgunearen web orria.

Gregorio Monreal irakaslea, William A. Douglass Distinguished Scholar izendatu zuten
Gregorio Monreal irakaslea, William A. Douglass Distinguished Scholar izendatu zuten 2005-2006 ikasturtean.

Euskal Ikasgunea haziz doa, baina ikasle bakoitzari behar duen arreta eskaintzen zaio bere ikasketa esparrua osatzeko aukera izan dezan. Ikasleek Euskal Ikasketetan Doktore gradua lortzen dute beraiek aukeraturiko arloan. Esate baterako, gure ikasleetako bat, Argitxu Camus Etxecopare, Euskal Ikasketen inguruko Doktore tesia garatzen ari da historiaren ildotik; horrek esan nahi du bere tesia baloratuko duen komitean UNR-eko Historiako Departamenduko espezialistak egongo direla. Juan Araba Euskal Ikasketak filosofiaren arlotik ari da ikertzen, eta horren ondorioz bere komitean UNR-eko Filosofia Departamenduko bi irakasle daude. Ikasle bakoitzaren esku dago bere ikasketa ildoa zein bere ikerlana eta tesia egituratuko duen gaia hautatzea. Horrek gainerako unibertsitateetan den baino askatasun handiagoa ematen dio. Hurrengo urtean ikasle gehiagoren eskaria jasotzea espero dugu, eta galderaren bat edo beste dutenei gurekin harremanetan jartzera animatzen ditut hurrengo helbidearen bitartez: basque@unr.edu

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/10/06-13