Javier RETEGUI AYASTUI, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria
Itzultzailea: Luis MANTEROLA
Versión original en español
Original en français
«Herritarrak “Zer gertatu behar du?” eta ez “Zer egin dezaket nik?” galdetzen duenean hasten da gizarte baten gainbehera». Duela ia hogeita hamar urte Denis de Rougemont suitzar saiakera idazle eta europeista ospetsuak, era adierazgarrian Etorkizuna gure kontua da izenburuko liburuan esaten zuen horrek giarra ukitzen zuen gure gaurko arazo batzuez den bezainbatean.
Gizarte eroso eta bizimaila oneko baten partaide gara, baina gizarte hori agian ez da guztiz kontziente gertatzen ari denaz, ez eta horrek etorkizunean izango dituen ondorioez ere. Iraganean inoiz ezagutu ez den oparotasun batez gozatzen ari garelarik garaiotan, halako arintasun batez hitz egiten dugu mamitzen ari diren arazoez, zeinek gure seme-alaben eta iloben geroa hipotekatuko duten, horien aurrean gehiegitan ezgai agertu nahiago dugularik horiei zuzenki buru egitea baino. De Rougemontek hizpide zuen herritar haren antzera, gure solasetan zer gertatu behar du? gaia agertu ohi da, baina kontu hori gutxitan planteatzen dugu aktiboan eta ez dugu galdetzen zer egin dezakegu guk? Gizartea beretuz joan den halabeharrera moldatze hori gainbeheraren sintoma da, gozoa agian, baina gainbehera azken finean.
Hala eta guztiz, oraingo unea guztiz egokiagoa da, historikoki giltzarria baita gure arduragabekeria gainetik kendu eta lerradura negatibo hori geldiaraziko duen erreakzioa pizteko. Ezin «egonean egon» aldaketa sakonen garaietara hurbiltzen ari garenean, eta horrek erantzun berrituak premiatzen ditu. Denbora laburrean hainbat belaunaldik buruturiko ahaleginen ondorioz erdietsi dugun posizioa galtzeko arriskuan gaude, baldin eta ongizatearen ideia –belaxka eta krepuskularra bihurtuz joan den ideia–beste zenbait balioz betetzen ez badakigu: dinamismoa, egunez eguneko talde konkista, ekintza lehiakorra.
Oroitzen naiz Jose Mª Arizmendiarrieta, Arrasateko mugimendu kooperatibistaren sortzaileak esan ohi zuela giza ekintza orok, edozein delarik horien izaera eta anbizioa, bere «iraungitze data» dakarrela inprimaturik. Azken bi mendeotan indarrean izan den garapen ereduari, gure hazkunde ekonomikoaren eta aurrerapen sozialaren iturri izan den eredu horri, era berean, iraungitze data hurbiltzen ari zaio (adierazle guztiek hala agertzen dute: ereduaren iraunkortasun globalik eza, garapenaren banaketa geo-espazial berria, beste herrialde batzuk agertzen direla eragile produktibo gisa, etab.). Kanpoko paradigmaren krisi horri barne alorreko beste bat erantsi zaio. XX. mendearen azken erditik aldaketa kultural sakona gertatu da euskal ekosisteman, eta horrek mendeetan zehar gizarte biltzaile gisa funtzionatu duten balioak eta erakundeak ukitu ditu. Horren ondorioz, komunitatea ahuldu da balioei dagokienez, eta horiekin batera sakrifizioa eta talde esfortzua aldarrikatzen zituzten idealak ere, gure lorpen asko eta asko horien gainean oinarriturik zeudelarik.
Laurogei eta laurogeita hamarreko urteen lehen erdialdean larri agertzen zen birmoldaketa industriala gainditu eta, berebiziko emaitzak zirela medio, beheraldi ekonomikoari buelta ematea lortu genuen bezalaxe, gaur ere beste birmoldaketa baten beharrean gaude, soziala oraingoan eta dimentsio bikoitzekoa: birmoldaketa ekonomikoa, lehiakortasun globala eta jakintzaren gizartean erabat sartzea bilatzen ditugula; eta printzipio eta balio solidarioen birmoldaketa. Nire ustez, bulkada hori planteatzeko ezin egokiagoa dugu bizi garen unea, hots, euskal gizarteak gogoz hartu duenean elkarrekin bakean bizitzeko ilusioa, modu horretara kezkak eta energiak beste erronka sozial garrantzitsuetara bidera bailitezke.
Hizpide dudan birmoldaketa sozial honek, zalantzarik gabe, ezintasun sentsazioa dakarren jarrera erreaktiboa aldatu beharra du. Kanpokoaren esklaboak izateari uztea, eta etorkizuneko aukera berriak sortzen dituzten izaki kontzienteak, aktiboak, askeak eta erabakiak izatea, horra zer den proaktibitatea. Jarrera proaktibo hori, beraz, premisa da, ez dakit nahikoa baina bai beharrezkoa, planteatzen zaizkigun egiturazko aldaketa sakonei ekiteko.
Eta nola gauzatuko dugu gizartean partekatua eta nork bere egina izan behar duen birmoldaketa hori? Euskal gizartea aberatsa da hausnarketa, ikerketa, berrikuntza eta azterketa helburu duten erakunde aurreratutan, eta hori ezinbestekoa da premiazkoak ditugun aldaketa sakonei ekin ahal izateko. Gure defizita, agian, horien atomizazioan, horien lotura gabezian datza, historian zehar jo gaituen «indibidualismo instituzional» horretan. Hori gainditzeko zeharkako erakundeetara jo beharra dago, hainbat foro sozialen ikuspegi proaktibotik sorturiko orientabide eta printzipioak bereganatu eta transmititzeko gai baitira horiek. Mezuen “polinizazio” zeregin horien ondoan, elkarri sarean areago konektaturiko komunitate baten premia dugu, eta horrek, ekintza indibidualaren bizkortasun eta indar guztia mantendurik, era globalean erantzun beharko die estimulu orientatzaileei.
Ez da txikia planteatzen ari garen ahalegina, eta indar guztien premia izango du. Niri dagokidanez, Eusko Ikaskuntzaren ekarpena nabaria izan daitekeela uste dut, zeharkako erakundea delako, lurralde anitzekoa eta gure herriaren maitasunak elkarturiko pertsonek osatua delako, bai eta haren kide askoren bikaintasun intelektualagatik ere. «Zer gertatu behar du?» horren gogogabeziaren aurre eginik, Eusko Ikaskuntzatik «Zer egin dezakegu guk?» galdetzen hasi gara jadanik, eta horenbestez Diziplina askotariko Proiektu Bereziak abiarazi ditugu, hala nola Garapen Iraunkorrari dagokiona, eta horiek pertsona eta eragile sozial ugari inplikatzen ari dira. Hona lorturiko ondorioetariko bat: jarrera zaharkituak aldatzeko, lehenik eta behin gure pentsamoldea aldatu beharra. Hori da egin dezakegun lehenengo gauza eta horretan konprometiturik gaude.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |