Arte Garaikidea Euskadin: Kartel handietan agertzen ez denaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Urkiri SALABERRIA
Traducción al español

Arteaz mintzatzea ez da erraza. Baina tira, ausartuko gara eta artikulu honetan egungo eta bertako arteaz eztabaidatzeko grina sortzea espero dugu.

Museo eta Arte Areto "handietako" ekoizpenak, alegia, Guggenheim, Artium, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Kursaaleko "Kubo-Kutxaespazio Arterako" ... guztion buruan eta eskura ditugu, horiek marketing eta kanpaina handia egiteko aukera dute-eta. Horregatik, artikulu honetan "beste" Artearen ikuspegia landuko dugu: kartel handietan agertzen ez dena.

Artistaren jaiotza

- Nere ustez, artista jaioa denak bere burua prestatu egin behar du gure garaiko gizartean zerbait esan nahi badu.

  Iñaki Gracenea
Iñaki Gracenea Zapirainen oleoa, 1995.
Euskadin zorionekoak gara gure Unibertsitate Publikoan Arte Ederretako Fakultatea dugulako. Askotan entzuten dugu ea zertarako balio duen Arteak (ez dakigu ongi), baina garai eta kultura guztietan izan dugu Artea. Horregatik, gure lurraldetan halako ikasketak egin ahal izatea erakunde publikoen aldetik oso ondo dago, baita "karrera hori" egiten ausartzen direnen alde ere (Batez ere matrikula ordaintzen duten gurasoen aldetik... enpin!).

Pil-pilean eta lehenengo eskutik jakiteko zertan ari diren gure egungo eta biharko artistak, Leioara, E.H.U ko Arte Ederretako fakultatera hurbildu gara eta bertan, Jose M.ª Herrera Jimenez jaunarekin solastu gara. Herrera jn. Unibertsitate Hedapenarako Dekanordea dugu.

Belaunaldi berriez hitz egin dugu, eta argi utzi "egin beharreko zerbaitekin" hasiko garela. Alegia, "Arte Ederrak ikasten dituzten guztiak ez dira artista izango, baina artista izango diren gehienek ikasten dituzte Arte Ederrak". Azken boladako artistak Fakultatetik pasa dira: Juan Luis Moraza, Elena Mendizabal, Dora Salazar, Ibon Aranbarri, Iñaki Gracenea, Ingrid Buchwald, Blanca Oráa edo Judas Arrieta adibideak ditugu... "Artista konsagratuak batzuk, edo berriak besteak" aipatzen digu Jose Mª Herrerak.

"Fakultatean aritzen direnean bere burua eta bere barneko mundua aztertzen ari dira. Behin aterata hasten dira munduaren berriak lantzen eta berezko duten mundua ikusteko eran, gure gizartearekiko salaketak, aldarrikazioak edo testigantzak eskeintzen dizkigute guztioi".

Joan den urtean, 2005ean, Arte Ederretako Fakultatetik kudeatuta zeintzuk izan diren aipatzeko ekintzen artean hauxe duzue zenbait: GetxoArte 2005*; Araba Aretoa, Barakaldo eta Portalearekin (Eibar) hitzarmenak; Ordiziako Delikatuz 2005 Bordeaux-eko Arte Ederretako Fakultatearekin batera, Bordeaux-eko Musée C.A.P.C-ean erakusketa Leioa eta bertako Arte Ederretako Ikasleek sortuta, non "Janaria eta Artea" gaia bezala lantzen zuten. Hitzaldien artean, Jose Luis Brea, Fernando Castro, Nagel eta Barcelo Leioatik pasa ziren. Honi gehitu egin behar diogu, iaz, enpresa praktiketan aritu zirela ehun ikasle baino gehiago.... ( Ekoiztetxeak, ETB, Diseinua, Zaharberritzea....)

*Karrera bukatu baino lehen edo bukatu berria duten Arte Ederretako ikasleei aukera paregabekoa eskeintzen zaie: GetxoArte.

Getxoarte, Euskal Herrian sormen artistikoa (plastiko eta bisuala) bultzatzeko eta sustatzeko ekimenak bost urte bete ditu. 2005ean, Getxoartek oso lan ezberdinak (margoetatik performanceetara, eskulturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak, ikusentzunezkoak edo lan estetikoak) aurkeztu zituen. Jatorri ezberdineko 51 artista gaztek euren lanak erakusgai jarri zituzten. "Site-project" izenekoaren antzera, Getxoarte ezagupenerako espazioa da, behatoki bikaina gure egungo Artea nondik nora jotzen duen jakin dezagun. E.H.U.ko Arte Ederren fakultatea, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Eder Museoa, Bilbao Arte eta Gasteizko Artium-Zentroa Museoa babesle nagusiak dira, eta beraien laguntza barik ezinezkoa izango zen ekimen hau izatea.

- Galeriak, Arte Aretoak edo Museotara joaten garenean aukera eta tendentzia anitza dugu ikusteko, harritzeko eta gozatzeko. Artelan baten atzean ordu eta ahalegin handiak dira, baita pertsona baten ausardia ere, ez al da errezago "betiko" ogibidea bilatu eta bizitza lasaia izan? Artista izatea erabakitzen denean bide okertuak eta arantza asko izango direla jakiten da, baina arrosen lurrina eta petaloak egoten dira ere bai, ametsak gauzatzen direlako eta barneko sentimenduak munduarekin konpartitzeko aukera dagoelako.

Lehenengo pausoak: Administrazioaren babespean

- Karrera bukatzen dutenean nora jotzen dute gure artistek? Artista profesionala izatea ez da lan makala eta bakarrik gutxi batzuek lortzen dute, horregatik bide-erdian Artista bekadunak ditugu.

Argazkia  
Gudaris, Blanca Oraa Moyaren artelana.
Egoera honetan paradoja handia sor daiteke: Artistek -hala askatasunaren perfumea erabiltzen dutenak nola "sistemarekin" hain kritikoak direnak- ezin izango zituzten beraien salaketak egin "sistemaren" babesik gabe. Koska egin janaria ematen dien eskuari?

Artisten bideari ekin nahi dionarentzat, erakunde publikoen babespean beti ere, bi aukera nagusi eskeintzen dira Euskadin: Bilboarte eta Arteleku. Agian, beste batzuek, zori handiko beste batzuek, "mecenas" pribatua lortzen dute, baina kontu hori ez dugu landuko gure gaurko idatzian.

BILBOARTE: Javier Riañok, zuzendariak berak, atenditu gaitu. Laburki azaldu digu zer den Bilboarte: "Duela hamar urte, 1996an, Bilboko Udelean Arte Garaikideko Une bat planteatu zen, bi urte beranduago Bilboko Urazurrutia kalean, aintzineko eskoletako eraikinean, Bilboarte inauguratu zen. Bere bi helburu nagusiak hauexek dira: alde batetik artistei espazioak eta baldintza egokiak eskaini bere artelanak gauzatzeko, eta bestetik gune horren biziberritzea". Komentatzen dugunean zeintzuk diren Artelekuz ezberdintzen dituen ezaugarriak, "nere ustez, guk alde praktikoagoa lantzen ditugu, nahiz eta seminarioak eta hitzaldiak antolatu, Artelekun Artearen alde konzeptualagoa garatzen dute" aipatzen digu Riaño jaunak. Azpiegiturak halakoak dira: Erabiltzeko 3.000 m2 lau solairutan banatuak. Erakustaretoa, liburutegia, kafetegia.

Lagapen-guneak (12), hitzaldi aretoak, argazki, eskultura, grabatua eta teknologi berrien tallerrak (makinak eta materialekin hornituak), ikusentzunezko filmaziorako plato bat eta proiektu ekoizteko aretoak.

Programazioari buruz galdetu diogunean Javier Riañok honako hauen mintegi eta hitzaldiak azpimarratu dizkigu Manolo Valdés, Barbara Eichorn, Peter Jones, Guillermo Pérez Villalta, Miquel Navarro, edo Markus Lupertz-en seminarioak eta baita Alberto Corazón, Luis Gordillo, Juan Genovés, Juan Manual Bonet, Miguel Zugaza, Charles Simonds edo Kosme de Barañanok emandakoak.

Gaur egun, Bilbao Arte Fundazioak 22 artista bekadun ditu. Artista hauek 50m2 espazioa, azpiegituraren edozein sail eta behar duten material guztia eskura izaten dituzte. Urtero, bertan edozeinentzako ateak zabalik jardunaldia izaten da eta egindako proiektuen erakusketa kolektiboa ekoizten dute. Bilboko Udal Kultur sailak %70 jartzen du, gainontzekoa beste erakundeen esku datorrelarik, babesleak etab.

2005ean, 25000 pertsona baino gehiago pasa ziren Fundaziotik. Datu horrekin badugu esatea Bilbo Arte finkatzen ari dela Arte erreferente gisa Euskadin.

- Gutxienez, "proto-artista" hauek urtebete izaten dute ikusteko ea bere bizitzaren bokazioa hauxe den jakiteko.

Sormen artistikoa: zenbakiak

- Bilbotik Donostiara, itxaso ertza gainean, jarraitzen dugu gure ibilbidea.

Donostian Arteleku aurkitzen dugu. Arteleku arte garaikideko zentroa da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Ikerketa, hausnarketa, esperimentazioa, sormena eta Artearen hedapena elkartzen dira gune berezi honetan. 2005eko txostena ikusia, konturatzen gara zein ugari diren bere ekoizpena eta kolaborazioak: Maider Lopez-en "Ataskoa", "Copyleft jardunaldiak", "MID_E", "Amasté festa", ... besteak beste.

- Baina honeraino iritsita, galdera bat datorkigu burura: Zeintzuk dira Arte Plastikoek "mugitzen" dituzen kopuruak? Edo gure kasu konkretuan: Zenbat diru publikoa gastatu zen 2005ean, arlo honetan?

Adibide bezala hona hemen zifra batzuk:

  Argazkia
El parque, Javier Riaño Urietaren marrazkia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2005ean, alde batetik, 900.000€ gastatu zituen Arteleku gunean (mantenimendua, pertsonala, etab.), bestalde Koldo Mitxelena Kulturunearen bi beka izan ziren, 15.000€ eta 3.000 € (bat , 9.000 eurokoa bertan bera geratu zen), Artelekuko 3.000 euroko lau beka, Nobel sariak (Gipuzkoako Kutxarekin batera): bi sari 7.000 eurokoak, eta Koldo Mitxelenako bi erakustaretotan 400.000 €, 10 erakusketa antolatzen.

Eusko Jaurlaritzatik ere, Kultur Sailean, badira dirulaguntzak sormen artistikoa (Arte Plastikoak) lantzeko. Iaz, esaterako, 264.821 € eman ziren 41 proiektutan banatuta.

Esandakoari gehitu egin behar diogu, beste Erakunde Publikoen dirulaguntzak...

Artea, betikoz

- Gure artikuluari amaiera eman diezaiogun, gomendio bat gure irakurleei: bisitatxo bat egin dezatela edozein "Arte-gunetara" -Arte Aretoak, Galeriak, Museoak, Arteleku, Bilboarte, Getxoarte, Arte Ederretako Fakultatea-.

Ez ahaztu, gainera, aurten (2006an) Eusko Jaurlaritzak, Kultur Sailak antolatuta "Gure Artea" sariak izango direla eta, noizbehinka, zergatik ez, Artelan polit bat oparitu. Diamateak bezala, Artea, betirako da-eta.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/05-26/06-02