Terrorismo-delituak eragiten dituen 7/2003 Lege Organikoaren gaineko hausnarketa kritikoaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Jon-Mirena LANDA GOROSTIZA, Giza Eskubideen Zuzendaria (Eusko Jaurlaritza)
Traducción al español

1.Terrorismo-delituekin harremanetan, 7/2003 Lege Organikoaren bitartez, aldaketa sakonak gertatu ziren, zigorrak betearazteko modua “eragingarria” eta “oso-osokoa” izan zedin. Terrorismo-delituetan espetxealdia betearazteko eredu berria bultzatzen da eta eredu berri hura ez da zerutik erortzen, zigor zuzenbidearen eta, areago, gizarte kontrolaren kultur-sistema formal zein ez-formal osoaren funtsezko iraultza baten barruan kokatu behar da-eta. Eta iraultzaz ari gara, izan ere azkeneko bi mendeetan izan diren zuzenbide penaleko printzipio nagusi asko lehenengo aldiz zeharo eta oso azkar aldatzen –eta alboratzen- ari baitira. Oraindik esatekoa balioztatu gabe, hona hemen GARLAND soziologoaren azterketa deskribatzaileari helduta1, aldaketa-gako batzuk, kontrolaren pentsamolde goitik beherako bilakaera estrukturalaren berri eman diezaguketenak.

GARLANDen esanetan, aldaketa ikustekoa da lehenik eta behin birgisarteratzeko paradigma baztertu delako, tratamenduaren ideologiaren ordez -edota horren gainetik- helburu ordaintzaileak, inokuizazioa eta arriskuaren kudeaketa hutsa nagusitu direlarik. Jendeak orain eskatzen duena babesa da, delitugilea gizartean birsartzeko ahaleginari uko egin behar bazaio ere. Horren argitan ulertzekoa da justiziaren alderdi sinboliko eta komunikatiboa inoiz baino gehiago present egotea, delituak jendearengan pizten duen haserrea beren beregi eta konplexurik gabe adierazten delarik. Herriaren justizi egarria bideratzeko tresna nagusietako bat politika kriminala dugu, dagoeneko adituak eta teknikoak politika hura egiteko orduan kanporatuak izan direlarik. Zuzenbide penal berria herriak berak biktimaren izenean egiten du, biktimaren interesa eta herri-interesa nahasturik, haserre-sentimendua eta mendeku-griña nagusi direla. Delitugilearen nagusitasunaren ordez, biktimak du orain lehentasuna, <<gehiketa zero>> ematen duen joko baten arauen arabera: alegia, biktimaren alde egiten dena, delitugilearen aurkakotzat jotzen da eta alderantziz.

Argazkia: Jim
Argazkia: Jim

Delitua eta delitugilea ikusteko modu berriak baditu, nola ez, bere ondorioak espetxealdia betearazteko fasean ere. Lehenik eta behin aldaketa antropologikoa gauzatu da, delitugilea birgaitzeko aukeratan gehiago fio ez delako. Delitugilea ez da familia-arazo, gizarte-arazo edota arazo patologikoen ondorioz delitua egiten duen pertsona, baizik eta guztion kaltetan jarduera deliktiboa aukeratu duen gizabanako arrunta, berekoia, onura jakin bat atera nahian. Delitugileak gu guztioi aldea modu ez zilegian atera nahi digu. Delitugile arrisku-iturri bilakatzen da, gu mehatxatzen gaituena, eta ñabardurarik gabe (zero tolerantzia) kontrolpean jarri beharra dago: kosta ala kosta.

Aldi berean berme-kultura modernoaren oinarrian zegoen Estatuarekiko –Leviathan- mesfidantza desagertu egiten da eta ez da lehenik eta behin irudikatzen herri-botereen gehiegikerien arriskua. Aitzitik, Estatuari galdatzen zaio gure beldurrak uxatu eta segurtasuna bermatu behar dituela, lehengo bermeen eta mugen gainetik pasatu behar bada ere. Lehengo bermeak, orain astun eta malgutasunik gabekotzat jota, dagoeneko ez dira ulertzen. Estatua ez da mugatu beharrekoa, botere gero eta handiago behar duen erakundea baizik, izugarri bilakatu zaizkigun beldur berriei aurre egin ahal izateko. Delitugile izugarrien irudiak (delitugile basati, bihotz gabekoa, piztia...) gure gizartearen imaginarioan nonnahi ditugu, baita adingabeen delituetan ere (gazte oldarkorrak...); beraz ez gaitezen harritu, hori guztia erabili bada, modu naturalean, irtenbide errepresiboak indartzeko. Hemendik ulertzen da, beldur berri eta handiagoen aurrean, espetxea gogortu, luzatu eta zabaldu behar omen dela. Espetxearen mundu iluna, orain arte guztion begietatik izkutatua, ultima ratio izatetik prima ratio izatera pasatu da, gizartearen lasaitasuna eta arriskuen kudeaketa ziurra bermatzeko. Gartzelaren helburu nagusia ez da delitugilea gizartearentzat berreskuratzea, baizik eta hura zigortzea, kontrolatzea, disziplinatzea eta, hala denean, hura inokuizatzea.

2. 7/2003 Lege Organikoak ekarritako aldaketen edukia aipatu testuinguru orokorrean inongo arazorik gabe txertatzen da. Lege-aldaketa berriek ez dute, edukiz, delitugilea berriro ere gizartean sartzea helburu. Bestelako logika zigortzailearen esanetara daude. Eta hori hobeto ikustarazteko azpimarra ditzagun lege-aldaketen bi ezaugarri nagusi: bata, espetxealdia betetzeko modua –graduetan aurrera egitea, sailkapena...- denbora pasatzearen menpe argi eta garbi egotea; eta bestea, arriskutsutasun ideologiko berri baten protagonismoa.

Argazkia: Kevin Connors
Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com).

2.1. Teoriaz Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren eredua indibidualizazio zientifikoaren sistema dugu, preso bakoitzaren azterketa egin ondoren (gizartean birsartzeko) tratamendurik egokiena sustatzen duena. Denborak ez luke zertan halabeharrez eragin beharrik tratamenduaren gradu batean edo bestean sailkatzea, kondenatuaren inguruko diagnostiko eta iragarpena baizik. 7/2003 Lege Organikoak, ordea, badu helburu argia: gradu onuragarrien atea ixtea, presoa eraentza erabat itxian zigorra betetzera derrigortuz. Hori inon baino argiago islatu da terrorismo-delituetan. Gogora dezagun, esaterako, segurtasun-epea (zigorraren erdia halabeharrez eraentza itxian bete beharra) terrorismo-delituetan, atzera bueltarik ez duela; edo baldintzapeko askatasuna modu ez ohikoan aurreratzeko aukerak terrorismo-delituetan ex legem erabiltzerik ez dagoela; edo delitu-pilaketen kasurik gogorrenetan 40 urte benetan –eraentza itxian- betetzeko erregimen berezia ezarri dela. Kasu hauetan, guztietan, denborak –ez presoaren gaineko azterketa bakoiztua ezta horren iragarpen kriminalak- ezartzen du espetxealdia betetzeko modua.

2.2. Baina horren ondoan, eta funtzio osagarria betez, bestelako betekizunak era berean terrorismo-delitugilea espetxe barruan edukitzera bideratzen dira, beste behin batean birgizarteratze logika eta ereduaren aurka joz. Adibiderik argiena, presoari jarduera deliktiboa bertan behera uzteko eta autoritateekin elkarlan aktiboan jarduteko eskatzen duen betekizun berria dugu. Taldekidea salatu beharrak eta talde terroristaren inguruan dauden talde orotatik desbinkulatu beharrak ez du zerikusirik presoaren gainean egin behar den gizartean birsartzeko iragarpenarekin. Baina lege berriak hori eskatzen dio presoari askatasuneko eraentzatan zigorra bete nahi izanez gero.

Betekizunaren oinarria ez da delitugileak egin dituen delituen gaineko jarrera, baizik eta jarrera ideologiko hutsa eta etorkizunean eraman nahi duen bizimodua, inguru sozial jakin batzuekiko jarrera eta iritzia zuzenean kriminalizatuz. Betekizun berri honen atzeko abiapuntua ideologia jakin baten arriskutsutasun aurreiritzia da, neurri handi batean Alderdien Legean (6/2002 LOan) zegoen diagnostikoa esparru honetara ekarriz. Badirudi talde terroristaren muina eta horren inguruan dagoen azpiegitura kriminala, inguruan dagoen ideologia, talde politiko eta gizarte esparru osoekin –zentzu zabalean- identifikatzen dela. Logika horri helduta, presoak horrekin guztiarekin lokarria apurtu behar du, beren beregi gainera, horri loturik egotea per se krimengilea bailitzan.

Argazkia: Kevin Connors
Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com).

Baina ideologiak, aspalditik dakigu, besterik gabe ez du delitu egiten. Ideologia-iragazki bat ezarri nahi izan da, hortaz, gure aburuz, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna legez baztertuta ez dauden kasuetan ere de facto indargabetzeko. Izan ere elkarlaneko betekizuna delitu guztietan –eta ez soilik astunenetan- ezarri behar denez, horrek bermatzen baitu terrorismo kasu guztietan askatasuneko erregimenak indargabeturik gertatuko direla. Arestian aipatzen genituen ildo politiko kriminal berrietatik abiaturik, ideologia jakin bateko presoak espetxe barruan eraentza itxian egotea bilatzen da, ideologia horri –ez soilik jarduera deliktiboak egiteari- uko egiten ez zaion bitartean, egindako delituarengatik ordain dezaten merezi duten bezala eta berriro ere kalterik egiteko aukera inoiz eduki ez dezaten.

3. Eredu aldaketa (birgizarteratzetik inokuizazioarentzako ziaboga) gauzatu dela argi dago eta delitu guztietan ez ezik, terrorismo-delituetan ere modu nabarmenagoan ad hoc lege-arauketa zorrotzago bati esker. Aipatu ziaboga gauzatzeko ildo nagusiak (denbora pasatzearen irizpidearen nagusitasuna eta arriskutsutasun ideologiko berria) ere agerian gertatu dira. Baina oraindik falta da azkeneko ñabardura, eredu berriaren benetako irudia antzemateko eta etorkizuna iragartzeko are zailtasun gehiago ekarriko dizkiguna. Alegia, eredu-ziaboga egitez gauzatu arren, ikuspegi formal, terminologiko eta sistematikotik hori aitortu gabe egin da. Legegileak aztertutako aldaketak egin ditu baina ez du espetxeetako antolamenduaren beste artikulutan aldaketarik sartu ezta eredu-aldaketa egiten ari zela inoiz adierazi ere. Horren azalpena hurrengoa izan liteke: kontrolaren kultur osoan gertatzen ari den aldaketa estrukturalaz ez da legegilea kontziente izaten ari. Ez da oraindik eredu jakin bat, iparra markatzen duena, baizik eta mugimendu oso bat, indartsua, baina oraindik ere egituratu gabekoa. Etorkizunak esango du zein tankera, behin betikoa, hartzen duen eredu berriak. Bitartean, Espainiako legegileak aldaketa nabarmenak bultzatu ditu, baina ez du eredu-aldaketaren kontzientziarik.

Areago, aldaketok birgizarteratzearen ideologiarekin bat egitera behartu nahi ditu, aldaketa gehienen giltzarria gizartean birsatzearen aldeko iragarpen bakoiztua izateak argi asko erakusten duen moduan. Izan ere, erantzukizun zibilaren inguruko betekizun berria edota elkarlan aktiboaren ingurukoa formalki aipatu birsartzeko iragarpenaren osagai berriak baitira, horiek egon ezean birsartzeko iragarpen positiboa izango ez delarik. Beraz betekizunak formalki eta terminologikoki presoaren birgizarteratzeko baldintzak dira, horien benetako edukia bestelako logika prebentibo eta ordaintzaileari egokitzekoak baldin badira ere. Eduki berriak eduki zaharren moldetan sartu nahiak interpretazio arazo gehiago eragingo ditu ezbairik gabe, gauza guztiek bezala erakunde juridikoek ere zentzua galtzen dutelako esana eta izana bat ez datozenean.

Baina aipatutakoak bete dezakeen estalki ideologikoaren funtzioa gorabehera, horrez gain nahasketa honek gizartearen eta esparru juridikoaren arteko aldea areagotu besterik ez du egingo, legearen ezarpena, jendeak dagoeneko onartzen ez duen birgizarteratzearen izenean aurrera eramango delako, birgizarteratzearen deskredito handiagoa ekarriko duena.

1 GARLAND, David, La cultura del control (Máximo Sozzo Itzultzailea), Gedisa, Bartzelona, 2005, passim.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/12/16-23